L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-26 (1990-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Egungo narratibaren inguruan zenbait arazo

 

Edorta Jimenez

 

(Iruñeko IPESek antolaturiko hitzaldien barnean martxoaren 17an emandako hitzaldi ezpalak.)

 

        Bernardo Atxagak Susa 5.ean txiste bat kontatzen du.

        Galdetu dio Fritzek Ottori: —Zer galdu zaik hemen, Otto? —Hemen ezer ez, han urruti galdu zaidak txanpon bat. —Eta zer dela-ta ari haiz hemen bilaka? —Hemen argia dagoelako. Orain arteko literatur egile gehienak Ottorena egin dute. Arlo ezagun batera mugatu, han «argia» (zeruko argia, somete!) zegoelako. Baserrira jo dute (baserri, diot, eta ez «mendi»; baserriaren literatura ez da mendiaren literatura, edo mendiarena da baina galbahe ideologiko-folklorikotik pasea: Niri ez zait «Garoa» interesatzen. EHko mendian ezagutu dudan jendea Joanes eta abarren antipodetan dago) ba hori, baserrira jo dutela, txanpona

(idem literatura) aurkitu gabe. Oraingo krisia (hau 82an dago eginda) beste gauzaren artean, argitik urruntzea zor zaio. Hori da SUSAkoen problema, POTTekoena. Eta motellak! Hau duk ilun puska.

        Beraz, nik neuk ere zera dinot, baserria edo mendia, eta argi dago euskal literaturan neorruralismoa sortu dela, Garoa ruralismoa izan zen eta orain «neorruralismoa» sortu dena. Ohar bat egin nahi dut mundakarra naizenez gero: Etxeitaren nobeletan beste giro batzu agertzen dira, ez da dena horrela. Kontua da mendia orain krimenez eta izugarrikeriaz bete dela, eta itxuraz aurreko ruralismoaren kontrakoa da. Hortaz, nire iritzian sakonagoko unitate baten alde biak dira, lehengoa eta oraingoa. Lehen «Garoa» egon da eta orain «Kontragaroak» egiten dira. «Hamaseigarrenean aidanez», mendigiroan. Pako Aristiren nobela biak. Nire ustez liburu liluragarria den «Azukrea Belazeetan». «Obabakoak» bera. Mendikoak dira, monstruak dagoz, basurde zuriak, edo Jose Franciscoak edo krimenak edo putak, edo galdaketak, poliziak, sexua, ardiei atzetik eta emakumeei aurretik. Pako Aristiren azken nobelan adibidez. «Irene». Izugarrikeriz bete da. Ez nago ez alde ez kontra. Lurralde sinesgarriak behar ditu idazleak. Aurretik esan behar da, idazlearentzat garrantzizkoena berak egiten duenaren sinesgarritasuna da. Idazten den bitartean idazten dena belarrian izatea. Atxagak esaten zuen bezala, berak Obaban daukana.

 

        Sinesgarritasuna

        Nik Mundakan izaten dut belarria. Belarri hori idaztean mantentzea zailagoa da guretzat, zeren bizkaieraz aditzak diferenteak dira, «dabe» nire barruko fabulazioan eta «dute» idazten dut. Beraz, sinesgarritasuna ezinbestekoa da. Noski, hemen euskara urbano eta euskara ez urbanoaren arteko roiloa agertzen da nere iritzian.

        Gu gehienok euskaldun hutsak izan gara txikitan; beraz gure arlo sinesgarria umetaro hori da. Gero, eskolatu ahala, erdaldundu egin gara, eta mundu hori ez da hain sinesgarria. Beraz, sinesgarritasunaren lurraldea atzerago dago txikitako munduan eta barne bakarrizketa munduan. Eta nik, psikologoentzat eta, tesi hau eskeintzen dut, euskal poesigintza eta narratibagintza aztertzea, alde honetatik ere. Sinestu egin behar da mundu hori. Mundu horretako hizkuntza ere sinestu egin behar da, hizkuntza bera. Eta hizkuntzaren barruan hizkerak ere sinestu egin behar dira. Zein da Gotzon Garateren arazoa esate baterako? Iruñean komisarioak euskaraz egiten bestearekin nik neuk ez dudala sinesten. Ezin dut sinestu. Beste soluzio bat urruntasuna da.

        Urruntasuna mota bitakoa izan daiteke:

        Bat, Western-a.

        Western pelikuletan hizkera berezia sortu da, mundu horren barrukoa, mundu horren barruan sistematizatua, bere lege, klabe, hizkera, azpi hizkera eta zera guztiekin. Sinesgarria egiten da, barruan sartuz gero. Kanpoan sinestezina da. Eta hori berdin hartzen dugu inglesez zein kastellanoz. Euskaraz apurka apurka. Ohitura kontua da. Ez dauka gure errealitaterekin zerikusirik. Urruntasun fisikoa berez urruntasun psikologikoa da. Nobelak edo lurraldeak aurkitzeko beste leku bat, eta horretara Jimu Iturralderen azkena, «Izua hemen», bidaia da; edo «Jesus,Marie eta Jose» bidaiak dira. Urruntasun horretan sinesgarria egiten da ez dakit nongo trenean —eta hor dago Atxagaren Siberiako ipuinetan euskaraz egitea— ...Guk ez dugu planteatzen Jonh Le Carré-ren nobelak irakurtzean espia alemanak eta frantsesek elkar nola ulertzen duten, sinestu egiten dugu, «espiena delako». Urruntasun horretan egon liteke prosaren soluzioetako bat.

        Sinesgarritasuna urrunkera da, urruntzea. Ezin duzu esan: «Arbizura joan eta han tiroka hasi nintzen ez dakit nongo batekin». Esaten badugu Arbizu eta bestea sinestu egin behar da hori! Umetako belarria. Sinesgarritasuna. Puntu gorena umetaroan dago. Gero barne bakarrizketan. Edo bestela abstrazioan. Esan nahi dut posible dela latinez abstrakzioak egitea eta sinestea. Azkena kalea da, egunerokoa. Beraz, zer egin da gehien euskal literaturan? Abstrazioa. Poesia. Poesian dena da sinesgarria. Poesian sinesgarria da, Parmenidesek dio non bat eta bera ez diren bat. Ikusten dela diskurtsoa abstraktoa dela eta nolabaiteko barnegogoeta idatzi egiten da, eta liburua ez da apurtzen. Gero umetaroa; honi kontrajarria, kalea. Ez-lekua ez-denbora, hau da legenda. Hemen sinesgarria da dena. Hor nonbait, non zerenek hitz egiten duten. Hor imajina dezakegu Ulises zerenekin hitz egiten, euskaraz zein latinez, lapurteraz zein bizkaieraz.

 

        Espazio egokiaren bila

        Ikus dezagun zein den narratzailearen bidea. Sarrionandia, ez-lekuan ez-denboran beti, bere Durango mitiko horretan, Etxaburuko dorrean. Etxaburuko jaunak nola hitzegiten zuen? Sarrioanandiak nahi duen moduan. Txinako Enperadoreak nola hitzegiten zuen? Sarrionandiak nahi duen moduan. Lehen territorioa hau da, umetaroa, ez-lekua ez-denbora, legenda. Kalea. Hizkuntza eta literatura zera batekoak dira. Ni taoista naiz nolabait. Ez dago dikotomiarik bien artean. Elkarren eraginpean bizi dira. Elkarrekin. Ez dakit «Gosaria Tiffanisen» irakurri duzuen. Hor momentu batean pertsonaietako batek ohar hau irakurtzen du: «Detektibearen emaztea ez dakit nork hiltzen du». Guk nola egiten ditugu titularrak euskaraz, krimen notiziak? Itzultzaileak asmatu egin behar du. Ingelesak, Truman Capotek ez zuen ezer asmatu. Gauza bat narratzailearen prosa da eta beste bat kaleko prosa. Egunkariarena, esate baterako. Guk hori ez daukagu. Eta ez dugun bitartean sinesgaitzak izango ditugu Gotzon Garateren lanak. Xabier Gereñoren nobelak ezin dira sinestu. Horrela gertatu da euskal literaturan. Sarrionandiak ez-leku ez-denbora hortarako euskara sortu du, denok sinesten duguna. Sekula ere entzun gabe. Ez dugu euskara hori sekulan entzun, baina denok identifikatzen gara euskara horren barruan. Nolabait denok ikusten dugu euskara posible hori. Atxagak egiten duen euskara ere denok identifikatzen dugu euskara bezala. Sistema gordetzen du. Biak dira sinesgarriak. Eta bien belarria dago ez-denbora eta ez-lekuan Ez mitoan. Legendan.

        Legenda da Patakon, «daukanari kendu, ez daukanari emon». Hori bandidu bat zen , bizkaitarra, XIX.mendekoa. Patakon hiru-lau lekutan hil zen, hiru lau era desberdinetan. Eta denbora igaro ahala pertsonaia bakar bati bilatzen zaizkio pertsonaia askorenak. Laino artean, guk sinistu egiten dugu. Baina gu ez gara honaino heldu. Gainerakoa ez da sinesgarria euskarak ez bait dauka kalerik.

        Presioak eta maiztasunak egiten du sinesgarri euskara.

        Ekialdeak hiru ezaugarri betetzen ditu gure imajinario kolektiboan. Betetzen du metaliteratura, hau da, ekialdea literaturaren bidez ezagutzen dugu, Helbideen bidez ezagutzen dugu, ez bait gara sekula santan ekialdean izan. Gero urrun egotea, legendakoa. Ekialdea legendaz beteta dago, beraz taldean joera hori nabaria da. Nabaria da Atxagarengan, Sarrionandiarengan. Arrazoi filosofikoak ere badaude. «Ez gara gure baitakoak»en adibideak baditugu. Sarrionandiak Li Po poeta itzuli zuen.

        Nik etikagatik beste lurralde batean sinesten dut. Lurralde hori Bilbo da. Mende honen hasieran. Hor meategietan eta euskaldunak izan ziren. Posible da hor fabulazioa egitea. Eta horko hizkuntza imajinatzea. Baina hizkuntza nahastea ere imajinatu behar da. Alde horretatik, sortu gabe dago nobela urbanoa sortu gabe dagoelako espazioa. Mende honen hasieran sortu behar dugu. Espazio urbanoa sinesgarri izateko behintzat.

        Nire iritzian Euskal Herria herri lineal bakarra da. Somorrostrotik hasita Baionaraino ez dago metro bakar bat etxerik gabe. Gero bada beste gune bat, Gipuzkoa eta Bizkaia artean, Ermu, Eibar, Elgoibar, kostalderantz zabaltzen dena, beste «Lohitzune» bat.

        Baina historiak hemen kokatu dira, mendialdean, edo bestela legendako mapa honetan. Territorio hau guztiau baserria edo mendia izan zeneko garaia. Beraz, urruntasuna. Zein da kontua? alde honetan euskaraz hitzegiten dela. Baina portzentaia ez da haundia. Hemen Donostialdealdean, egiten da. Lurraldeak badagoz nolabait. Espazio urbanoetan. Mapa bat egin beharko litzateke, koloretan. Parametroak ipini eta distantziak markatu. Eta lurralde elebakarrak markatu. Baina ez Markinan. Markinatik Bilbora ordubete dago. Edo ordu t'erdi Ondarrutik. Baina hobe da Bilbotik Baionara joatea Ondarrutik Bilbora baino. Hala ere, hau kostaldea, urbanoa da. Mundaka urbanoagoa da beste edozein herri baino. Etxeak pilatuta dagoz, merkatal tradizioa, itsasoa. Urbanoa da. Erdiaroan are gehiago. Erdiaroan Iruñea urbanoa izan da. Euskalduna. Kontua da beraz lurralde hau inaguratu gabe dagoela. Eta lehenbait lehen inaguratu behar dela.

        Nik azpimarratuko nituzke hemen lan batzuk, esate baterako «Mugetan» nobela, Hasier Etxeberriak idatzi duen nobela labur hori, nire iritzian oso ondo, sinesten da-eta horko euskara hemen dela, ez zaio jendeari galdetu behar non da Mugetan nobelako territorioa? «Txakur zaunkak atean», Elexpururen nobela dela eta batek esaten zidan berak usten duela Eibar-Elgoibar alde hortan hogeitamar berrogei urteko gizonezkoen artean, ba, sinesgarria dela horko istoria bat, nola gizon batek idazten duen ohar bat erantzunez aldizkarietako beste contactos zera bati eta beno, horko istoria erdi parregarri erdi sexual bat. Sinestu egiten dela. «Mendekuak» Koldo Izagirrerena sinestu egiten da «Ke arteko egunak» sinesten den era berean. Momentu batzuk sinesgarriak dira, beste batzu sinestezinak. Gero hiri linealeko multzoetan euskalki berriak sortu dira. Euskalki berriak dinot gaur egunean Bilbon ezinezkoa delako esatea nork egiten duen ondo bizkaieraz eta nork batueraz, nork euskaltegieraz. Nahaste borraste itzela dago. Ni saiatu naiz kaka nahaste horretan idazten.

        Aldaketa estilistikoak. Egon da prosa hori, kalekoa aberatsa izan dela, modismoak, lokuzioak eta abar oso aberatsak eta biziak izan direla, eta kontua da esku ona izan badu eta lehen euskaraz egin izan badu (eskua hizkuntzarekin batera sortu da), euskara gai izan da zibilizazio oso bat euskaraz egiteko. Hizkuntza horretan bizi izan dira gizakiak milaka eta milaka urtez. Eta orain deskubritzen dugu hizkuntza hori ez dela gai, Gil Berak esaten zuen moduan lehengo batean Diario Vascon, nola esaten didate neri ez dagoela erregistrorik, ezjakintasuna. Euskarak baditu erregistroak, posibilitateak eta guzti hori. Kontua da erabilten jakitea. Edo sortzea, presio sozial hori. Ni hemen banago da nire aititak eta nire amamak larrutan egin zutelako. Eta euskaldun hutsak ziren. Eta lan egiten zuten. Eta mundu bat eraiki zuten. Baina gaur egungo idazle gehienek ez dituzte ezagutzen.

 

        Nobela versus ipuin?

        Esaten da nobela gaindituta dagoela, beharbada. Nik ez dut uste nobela gaindituta dagoenik. Dakidana da nobela egin egiten dela eta parra parra gainera. Gurean edo izan ezik. Guk nobelarekiko bete izan dugu patologia bat. Patologia hau honetan laburtzen da eta esanguratsua da gure herri moduan dugun psikologian. Euskal nobelarik ez zegoenean esaten zen «Peru Abarka» nobela zela, edo «Ateka gaitzeko oihartzunak» nobela dela. Horrela esaten zen, ze nobela beharrezkoa zen edozein literaturetan. Gero, gogoratzen naiz, «Pertsonaia euskal nobelagintzan» liburuan euskal nobelen zerrenda egiten da. Aleluia! 50 ba argitaratuta. Hemendik aurrera planteatu beharko da «Peru Abarka» nobela ote den. Edo «Ateka gaitzeko oihartzunak» ez ote den itzulia. Corpus hori egin dugunez gero....gero planteatzen zen nobela urbanoa-ez urbanoa...Barojaren bidea hartu behar den, ez ote den hartu behar... 100 nobela argitaratu dugunean orain esaten dugu nobela gaindituta dagoela. Eta bitartean egin diren nobelak izan dira nouvel roman, barne bakarrizketa, realismo majikoa... Hau da, munduan egin diren estilo guztietarik adibide bana badugu euskaraz. Bi ez, baina bat bai.

        Susak egin zuen hiztegi batetan esaten zen, Nobela: Euskal literaturan ez daukaguna. Nobela luze: Irigoienek egin du bat, «Poliedroaren hostoak». Eta orduan sintomatikoa da Irigoien aipatu egiten zen egin izan zuen ahaleginagatik.

        Gero, sasoi batean, nobelagile bila ibili ginen, lortu genuen izatea Irigoien izatea lau nobelakin, Andu Lertxundi hiru nobelakin, Gereño hainbatekin, Mario Onaindia lau bost nobelakin... Gotzon Garate beste hainbatekin... Apurka apurka tradizioa egiten eta hara non desagertu egiten den nobela egiteko premina. Esate baterako, Jon Juaristik idatzi zuen El Paisen duela hiru urte edo: «La literatura vasca, otro año más viviendo del cuento». Hau da, otro año más viviendo de la narración corta. Baina ez, berak nahiago izan du kasu honetan itzuli ipuin, cuento. Nire ustez... ulertezina... Jaungoikoa... ulertezina... fisikan dagoen lege hori dago: huts bik ezin dute aldi berean espazio bera bete leku berean. Beraz, jainkoa, liburua jainkoa da, zeren liburuan irakurtzen ari garela egin dezakegun bakarra musika entzutea da. Zuek erosten duzue ipuina, kaseta eta erregaliza, eta ipuina kaskoekin entzuten duzuen bitartean irakurri egiten duzue eta regaliza ahoan. Hiru produktoak batera kontsumitzen. Eta trinkoek ez dute lekurik. hortik dator nobela luzerik ez egitea. Nobela laburrak egiteko joera.

        Cortos ultracortos americanos. Hemen-en egiten dugun bezala. Medioak agintzen du. Liburuak desabantailan konpetitu behar du. Honek liburuaren krisia dakar.

 

        Ironia

        Edo bestela ironikoa. Jakinik guztiok garela hizkera honen jabe. Edo jakinda ezin dela beste istoriarik kontatu, ba, beste western ironikoa egiten dugu. Superman askoz ere adibide hobeagoa da. Superman hiru katxondeo hutsa da. Superman I eta II ikusi ezazue orain superman maiteminduta. Ta nola superman txar bihurtzen den eta nola nahi duen neska zera horrekin narrutan egin. Eta aurreko pelikuletan ez. Hori da, remake. Begirada hori ironikoa da, eta ironia horrek produktu berri bat sortzen du. Literaturan sarritan ironia hori da. Dagozen materialak hartu eta material horiei beste begirada bat eman. Eta begirada hori ironikoa da, ezinbestez.

        Hiru ironia moeta egon daitezke:

        1) Ironia kritika gisa. Odolaren usaina. Hau da EEBBetako hanburgeserietako krimenak, tryllerretan ikasiak, ironiaz tratatu. Bestela, eginda dagoenez ez luke lekurik izango. Ironia hori kritikoa da gizarte harekiko.

        2) Bategitea kritiko gisa. Koldo Izagirre. Euzkadi merezi zuten. Planteamendua litzateke: Gorrotogarria den hau aldi berean maitagarri da. Ni ere hor bait nago. Nire aitaren istoria, gerra galdu zutenena nere istoria da. Mingarritasun ironikoa. Mingarritasunaren aurkako ukendua. Urruntasun bat ematen du.

        3) Iraganari buruzko ironia. Trata daiteke: Babilonian tratatu izan duten moduan, edo «Sasiak begiak» edo «Zugarramurdiko kontesa»n bezala. Istoria gotikoak —asko ditugu horrelakoak euskal tradizioan, Betirako Sua balada xuberotarra—. Bernaolak keinu egiten digu. Ez sinestu horrelakorik. Edo trukoan ados gaudenez bat idatziko dizut. Gaur egunean inork ez du nobela gotikorik egiten ironiaz ez bada.

        Sintoma gisa. Ironiak ezintasuna adierazten du. Gaiari ekiteko ezintasuna.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.