Juan Luis Zabala:
«Obsesioak hiltzeko erabili izan diat literatura»
Iñigo Aranbarri
Beti harritu izan nau Juan Luisek eguneroko detailerik ttikiena ere bere buruan, eta bere koadernoetan geroxeago gordetzeko duen ahalmenak. Beti harritu izan nauen bezala sei urtetan lau liburu atera izanak, hainbeste gauza hain era ezberdinetan kontatzeko beharrak. Beharra baita Juan Luisena. Egunero gertaerarik niminoenaren beste foto bat erakutsi nahia. Idazteko harra. Telefonoz deitu eta kafea elkarrekin hartzeko geratu gara. Biok ordua baino lehen azaldu, lasai eseri eta orain arteko lanaz hitzegin dugu, narratzailearen funtzioaz, kondagintzaren nondik norakoaz.
Xabier Noloton duk sarrien erabili izan dukan heteronimoa.
Bueno, oso esplikazio erraza zeukak horrek. Nik joera diferenteak sentitzen dizkiat neure barruan, eta joera desberdin bakoitzari pertsonaia bat eman nahi izan zioat. Eta honekin lotuta esango nikek azkenengo liburuan gertatzen den gauza bat eta neuri ere gertatu izan zaidana, Xabier Noloton berari ere gertatzen zaiona, eta duk eritzi garbi bat ez eukitzea, egun batean gauza bat pentsatu eta beste batean kontrakoa, egun batean baten alde egotea eta bestean bestearen alde, multiplizidade hori isladatzeko egun batean pertsonaia bat erabili izan diat eta beste batean beste bat. Erdi apaiz diren pertsonaietatik anarkistetara, edota atso-agureetatik gazteenetara. Dibersidade hori isladatzeko modu bat izango hukek. Azken finean segurtasun falta duk, izaera tinko baten falta, eritzi tinko baten falta. Nik ez diat munduaren aurrean ideologia konkretu bat, postura konkretu bat, baizik eta definitu gabeko mila sentimendu eta ideia diferente.
Errealitatea leku desberdinetatik ikus beharra.
Ikusi beharra edo ikustea. Hor ez diat nik agintzen. Ez zekiat, nik lagunak ere era askotakoak zeuzkeat, ez nauk zirkulu konkreto bateko tipo bat. Pixka bat konturatu nauk denen ikuspuntua ulertzeko gauza naizela eta horrek badik bere alde ona eta bere alde txarra, noski. Ona duk konprentsiboa naizela eta gauza asko ulertzen ditudala baina alde txarra duk norberak ez badu halako posizionamendu bat munduaren aurrean bere iritziak oso ahulak gertatzen direla, ez delako oso seguru senditzen.
Has gaitezen hire liburuen errepasoarekin. Zigarrokin baten azken keak eta Marc Outreyeri gutunak idazten dizkion pertsonaia anonimoa.
Ni garai hartan EUTGn ikasten ari ninduan, han irakasle batek, Juan Manuel Diaz de Gereñuk Juan Larrea poeta azaldu zigukean, eta bidea zabaltzeko futurismoa, kubismoa, dadaismoa, surrealismoa eta mugimendu guzti horiek esplikatu zizkigukean. Horretan oinarrituta egin nian liburu hau, literaturaren munduan sartzeko bide bat izan huen. Uda bat hartu nian eta pentsatu nian, beno, ondo edo gaizki, ikasteko besterik ez bada ere, nobela bat egingo diat, eta beno, nobela horretan hori isladatu nian, ez, ba, gaur egungo munduak bizi duen inkomunikazio hori, batez ere idea bat hartu nian oinarri bezala, eta duk, Bretonek esaten zuena, mundu gerra bat bizi izan duen gizarte baten baloreak ezin direla onartu eta orduan balio horiek ukatu eta berriak bilatu behar direla. Baina bilaketa horretan hasita surrealistak ez hituen inora iritsi. Puskatu bai, egin ziaten, baina eraiki oso gutxi. Nobelan hori agertzen duk, ezintasunezko sentimendu hori. Alde batetik neure inkomunikazioa adierazteko eta bestetik ba idazten ikasteko. Horrela sortu huen lehenengo liburu hau.
Hire Macondo, Yoknapatapha edo Obaba pertsonal hori Iverst-en zegok, pertsonaiek izen eskandinaboak, sajoiak dizkitek. Bazegok hurbilketa bat.
Bai. Gogoko idazleen artean beti izan diat Kafka. Beti konturatu izan nauk Kafkaren ipuinek ez dutela tokirik, unibertsalak direla, batez ere gizarte osoari dagozkionak direla. Nik, lehen behintzat, garrantzia handia ematen nion horri. Toki konkretu bateko egoera isladatu beharrean ba, pixkat orokorrean humanidade osoa hartu nahi izaten nian. Orduan, gero eta gehiago ikusten nian neure burua, gainera, kultura eskandinaboa edo Europa erdialdeko kulturatik hurbilago Mediterraneotik baino. Beharbada neu nahikoa hotza naizelako, kontua duk, beti identifikatuagoa sentitzen naizela inguru horrekin inguru, nolabait esateko, beroekin baino. Leku izen bat aukeratzerakoan, aspaldi, hau izan huen erderaz idazten nituen lehenengo ipuinetan, Iverst izen hori montatu nian, eta beno, nik hasieratik pentsatu izan diat kutsu holandesa duela izen horrek. Hura hartu nian. Ez nian nire ipuinetan izen euskaldunik erabili nahi, neutro bat erabiltze aldera edo hori erabili izan diat. Eta lekua bera ere, guztiz neutroa duk, edo hala egin izan diat neuk behintzat. Ez dik Macondok edo Obabak duten nortasun berezia. Herri edo hiri aseptikoa duk.
Bigarren liburuan, Ahanzturaren Artxipelagoaz ari gaituk, pertsonaia pilo bat agertzen duk: Anastasio Barraskilo, David Katilu...
Izen espresiboak bilatu nahi nizkian. Izen hauek aurretik prestatuta nizkian, hor ja sartzen dituk izen euskaldunak, denetatik. Baina izenetan bakarrik ikusten duk euskalduntasun hori. Forma aldetik eta, liburu honek suposatu zian aldaketa bat, baina aurrekoaren bide beretik zihoak, lehenengo nobela kartek osatzen badute, bigarren honetan karta asko zegok, eta karta ez dena foiletoa duk, pastixe bat duk, eta zati bakoitza testu bat duk.
Zerk lotzen ditu pertsonaia hauek?
Dudarik gabe neuk. Denak neuk sentitutako gauzak direlako eta pertsonaiek neuk esan nahi izan ditudan gauzak esaten dituztelako. Hori duk lotura bakarra. Heteronimoen jokua edo antzeko zerbait.
Pertsonaien gogoetetan, elkarrizketetan abstrakzioarako joera nabaria azaltzen duk.
Bai, niri hori asko gustatzen zaidak. Gertaera txikiak erabili abstrakziorako, gogoeta egiteko, mundua laburtzen duen aforismo txiki bat osatzeko oinarri bezala. Horregatik diat hain gustokoa egunerokoaren edo diarioen jeneroa. Existenzialismoa berez etortzen duk, ezinbestekoa duk. Bizitzaz eta geure bizimoduaz gogoeta egiten hasita, ea zein ondorio positibo atera eta pozik eta kantari geratzen den sinpatikoa.
Gero Gertaerei Begira argitaratu huen.
Hau duk nere liburuen arteko apartekoena. Zeharo diferentea duk, hirugarren pertsonan idatzia, zinematografikoa, ez zegok testu kutsurik, liburu honetan ez diat beste batek esandakoa neuk libururatzen, gauzak zuzenean kontatzen dizkiat. Zinearekiko lilura bat bizi izan nuen garai batean izan huen, eraginen artean bi aipatuko nizkikek batez ere, igoal hiru ere bai: batez ere Kafkaren narrazioen mundua, alegia gauzak gertatu egiten dira, baina ez dago oso argi zergatik. Azkenenan ipuin guztiak zirrara bat sentierazten dik, honen antzekoa huen txikitan ikusi nuen «La cabina» izenekoa, ez diat inoiz ahaztu pelikula hau, Orson Wellesen «Prozesoa», Kafkaren nobelan oinarritua, horien antzera egindako lanak, amets girokoak nolabait, onirikoak edo. Gero baita ere bazeudek Wim Wendersen eraginak, zenbait ipuinetan William Bourroghsenak ere bai. Ordurarte neure gauzak kontatzen jardun banuen beste batzuen izenean, heteronimoen azpian bazen ere, hau izan huen pixkat kanpora begirada, baina begirada hori oso hotza duk eta distantzia handiarekin egindakoa.
Azken liburuan, Kaka esplikatzen-en alegia, berriz bide zaharera itzultzen haiz.
Oso liburu pertsonala duk. Ideia izan huen, Peter Handkeren Munduaren Pisua, Pessoaren Libro do desasosego, eta Paveseren diarioak... horrelako liburuak irakurrita konturatu ninduan oso jenero ederra izan zitekeela, batez ere sintzeridade handiko jeneroa zelako. Nik hasia neukan eguneroko batetik, dietario batean idatzia, horrekin zerbait konpletoagoa, handiagoa egin zitekeela pentsatu nian, nobela bat, esate baterako, ez?. Ideia honekin abiatu ninduan. Hasera batean Ahanzturaren artxipelagoa eta Gertaerei begira, bi liburuen arteko ezaugarriak nahastea obra batean, baina gero deskaradamente gehiago jo nian Ahanzturaren Artxipelagoaren aldera. Orduan nik aurretik espero nuena baina pertsonalagoa, pertsonalegia atera huen.
Baina lauretatik hemen biluzten haiz nabarmenen.
Igoal gertuago ikusten dena. Nahiz eta hau ere Euskalerrian kokatua ez egon, ba ia-ia, nahiz ta Iverst eta aipatu, uste diat errazago antzematen dela Iverst Azkoitia dela, Sendler Donostia dela; liburu honetan beharbada egokiago izango zitekeela Iverst jarri beharrean Azkoitia jartzea, gauzak zuzenean esatea, ze gertuago zegok inguratzen gaituen errealitatetik. Liburu honekin, bukatu nuenean oso gustora gelditu ninduan, nahiz eta ikusi ez zela haseran egin nahi nuena, elementu diferenteen konbinazio hori. Baina gustora gelditu ninduan konturatu nintzelako liburu hori orduantxe idatzi behar nuela, orduantxe zela aukera bakarra liburu hori idazteko, gero ezingo nukeela horrela idatzi, eta gero, aurkeztu nuenean eta argitaletxera eraman, argitaratu etabar, konturatu ninduan ez zela oso gustokoa izan liburua, baina hala ere irakurlegoaren aldetik eta harrera ona izan zian, lagunen aldetik etabar. Gertatzen dena duk neurri handi batean gustatu baldin bada ba ordurarte euskal literaturan azaldu ez diren kontu batzuk azaltzen direlako duk, ba irrati libreak... pixka bat kaleko giro hori azaldu delako bakarrik gustatu da liburua jende horren artean. Kuriosoa duk nola kritika aldetik izan duen frakaso hori eta bestetik ba neure inguruko jendeari liburua interesgarri iruditu zaiola behintzat.
Hire pertsonaiak agertu eta desagertu egiten direnetakoak dituk, lehenaldirik eta geroaldirik gabekoak, foto batean harrapatuta baleude bezala.
Bai, nik literatura egin izan dudanean obsesioak hiltzeko egin izan diat. Gauza bat pentsatu, ideia bat espresatzeko gogoa izan... Neretzat ezinezkoa duk saga bat edo historia kolektibo bat kontatzea. Ni beti izan nauk pertsonaia bakarreko idazlea. Oso zaila delako niretzat neuk, behar bat, premia bat bada, espresatzea. Neuk ikusten, sentitzen ez badiat zerbait, ezin diat bizi-bizi espresatu. Normalagoa duk neretzat pertsonaia baten kontu txiki bat, pasarte bat kontatzea, pertsanai horren historia osoa kontatzea baino. Bidea zabaldu egiten duk horrela, bestela ni galdu egiten nauk. Esate baterako, orain dela hilabete batzutatik, badiat nobela bat idazteko ideia, baina ez zaidak ateratzen. Inkapaza nauk aurrera eramateko, eta horregatik duk, beste era batera egin nahi dudalako.
Idazkera, ez fartsa bezala.
Niretzat hala izan duk beti. Neurri handi batean literatura terapia bezala. Heuk gizartea edo munduaren aurrean sentitzen ditukan diferentziak eta kolpeak espresatzeko bide bat. Bizitzen hasten haiz, eta batez ere gaztetan lehen inpresioak hartzen dituk, absurdoa ikusten duk. Eta nonbaitetik atera behar duk hori. Eguneroko bizimoduan askotan ezin duk atera, eta ateratzen baduk ez duk lortzen benetan sakoneraino espresatzea. Esate baterako panfletoetan. Panfletoetan sartzen haiz batarekin eta bestearekin baina betiko klitxe batzuetan erortzen haiz. Orduan duk hik absurdo ikusten dukan hortan sakonera jo, azkenerarte eraman hire ideiak. Orainarte beti horrela funtzionatu izan diat.
Idazle asko antzezten ari duk beraz.
Ez, ez, ni horretan ez nauk sartzen. Gertatzen dena duk literatura zabala dela, eta bakoitzak bere erara ikusten duela. Nik orain arte era hau erabili izan badiat hau izan dela egokiena esan nahi dik. Horrek ez dik esan nahi beste idazle asko fartsa bat antzezten ari direnik. Nik denak edo ia denak onartzen dizkiat.
Mundua heure arragotik ikusia beti.
Bai, askotan esageratu egiten diat ordea. Esate baterako bakardade sentimendua adierazteko pertsonaia bat asmatzen diat, isla batetan dagoena eta urtetan inor ikusi ez duena. Esageratu. Azken muturreraino eraman sentimendua eta berari dagokion egoera.
Absurdorako joera.
Bai, noski, hori ere ezinbestekoa duk. Gogoeta egiten hastea nahikoa duk absurdoarekin topo egiteko. Eta nire kasuan hori lehen gehiago orain baino. Urteekin ohitu egiten haiz gauzak ikusten, gizartearen funtzionamendua ikusiaren ikusiaz, biziaren biziaz eta jasatearen jasanaz ez zaik azkenerako hain arraro eta arrotz egiten. Niretzat behintzat hasieran gogorrago huen guztia, absurdoago alegia.
Narratiba. Badik zer kontaturik oraindik?
Zer kontaturik, bai. Baina beti izan dizkiat nere zalantzak literaturaren funtzioez hitzegiterakoan. Gaur egun behintzat literaturak gizartean oso eragin txikia duela ikusten diat. Eta orduan, uste diat gaur egun idazterakoan, ez duela igoal zentzu handirik literatura eragin bat izateko erabiltzea. Idazterakoan, nik behintzat ez diat gizartea aldatzeko esperantzarik. Beste garai baten beharbada gehiago, baina gaur egun idazleak ez dik esperantza hori, galduta zegok maremagnum handi batean. Ez duk iristen gizartean eragin bat izatera. Nahiko tristea izan liteke idazle batek bestea pentsatzea, dezepzio handia izan lezakeelako.
Baina funtzio bat betetzen dik, ez?. Ez derrigorrez aldaketarena.
Bai, bai. Baina kontu sozialak eta ez dizkiat batere garbi ikusten. Ez nauk iristen benetan funtzio hori zenbaterainokoa den ikustera. Momentu batzutan gauza bat pentsatzen diat eta beste batzutan bestea. Ez diat garbi ikusten zein izan daitekeen narratibaren funtzioa. Ez diat pentsatzen zer moetatako narratiba behar den hemen edo munduan. Neuk zer espresatu nahi dudan begiratzen diat.
Nobelagilea bere garaiko kritikoa?
Ez duk derrigorrezkoa, baina normalean nobelagile batek nola edo hala bere gizartea, bere garaia, edo behintzat bere inguruko zerbaiti erasotzen ez badio, soso samarra gertatuko duk seguru asko. Baina, bestalde kritika zuzenegia izateak ere nobela ahuldu egiten dik gehienbat. Kontua duk narrazioak berak agindu behar duela eta idazleak barruan gatazka bizi badu, bere mamuak eta bere zikinkeriak baditu, barrutik memelo bat ez bada, ia-ia ezinbesteko izango dik hartara edo hontara, zerbaiten kontra jardutea.
Idazlea eta testua. Hortik kanporako lotura aparte geratzen zaik agian.
Lotura horiek positiboak dituk. Poz ematen dik gizartean txoko bat ere baduela ikusteak. Funtzio bat, oihartzun bat izan lezakeela gizartean. Baina horri begira idaztea...ezin nauk motibatu horrekin. Bizi dudan lagun artean eta inguruan behintzat ez duk asko irakurtzen, ez, eta askotan bai politiko profesionala, artista, idazlea... intelektual hitza zentzu peioratiboan erabiltzen duk. Nik hori bizi diat. Eta pentsatzea. Hortik zetorrek nire azken liburuaren izenburua ere. Gure lagunartean kontu guzti horiek «kaka-esplikatzea» besterik ez dituk. Inportanteagoa dela edo eragin handiagoa duela... ez zekiat. Askotan ematen dik koartada dela eguneroko militantziari ihes egiteko. Gero eta garbiago zeukat literaturari begira egoteak zailago egiten duela neretzat beste gauza batzutan aritzea.
Topiko bat. Hire testuetako hoztasuna.
Gauzak irakurtzen hasten haiz, eta hasiera batean beharbada harritu egiten haiz, baina gaurregun etzekiat. Les onze mil verges aspaldi idatzi huen, irakurlea eskandalizatzeko edo harritzeko gauzak aspaldi idatzi hituen. Harrituta idazten duen narradorea oso infantila, oso injenuoa ikusten diat. Ezerk ez gaitik eskandalizatzen. Ohitu egiten haiz. Horregatik uste diat jotzen dudala narratzaile hotzak erabiltzera, ezerekin harritzen ez direnak eta gauzak diren bezala kontatzen dituztenak.
Badik kulturarekin zer ikusirik.
Kultura mediterraneoekin eta beroekin ez nauk oso identifikaturik sentitzen. Hobeto ikusten diat neure burua kultura hotzetan, gehiago identifikatzen nauk giro horiekin, idazkera horiekin besteekin baino.
Topatu duk inor euskal literaturan heure antzeko jokaeradunik?
Antzekoa igoal izango dik Joxan Agirrek, koinziditu egiten diagu gauza batzuetan, baina ez duk gauza bera ere.
Eta tradizioan?
Tradizioan ez. Beti esaten diat eraginik izatekotan ez dudala euskal idazleen eraginik, eta ez dudala idazten euskal literaturan egiten denari begira. Oso neure kasa jokatzen diat, nere eraginak normalean erdaraz irakurritako testuetatik zetozek. Etzekiat, Peter Handke, Bernhard, Juan José Millás, Javier Tomeo... Oso gutxitan euskaldunak. Beharbada Sarriren zerbait, Perurenaren kanturen bat edo beste, handik eta hemendik puska txikiak...
Agertu dituk: Handke, Bernhard. Beti aitortu ditukanak dituk.
Bernhardengan gehien estimatzen dudana zeharo lotsagabea dela da. Askotan jendeak halako haserrealdietan esaten dituen gauzak bukaeraraino eramaten dituela, oso estilo indartsuan. Gauzak bota egiten dituela besteena inporta gabe. Hori duk gehien estimatzen dudana. Zer esango duten begiratu gabe. Ni zuhurragoa nauk, ezingo nikek horrela jokatu.
Bernhard eta bere gizartea. Dena onartzen duk azkenean.
Bai, dena onartzen diagu. Literaturarik onenak norberak barruan dituen gauzarik ilunenak, zatarrenak arte obra bihurtuz egindakoak dituk. Normalean barruan garbi eta zuri dagoenak dotore idatziko dik, baina benetako literatura egiteko mamuak eta gauza ilunak euki behar dituk. Pertsona gatazkadun bat izango duk normalean. Gehien gustatzen zaizkidanak barrutik zikinkeria ateratzen dutenak dituk. Zikinkeria guztiak atera eta liburu batean txukun ateratzen ditukenean gizarteak erraza dik kapsula horren barruan gordetzea, liburua askotan barruko desordena gorde eta ezkutatzen duen kapsula duk. Gizarteak orduan onartu egiten dik desordena hori, ja liburuan dagoenean, dendan salgai. Bernharden kasuan gertatzen duk bizirik zegoela zailagoa zela, baina orain, hilda dagoela errezago izango zaiok Austriako gobernuari Bernhard idazleen artean handienetakotzat jotzea eta bereganatzea. Oztopo bat izan zitekek Bernhardek herentzia hori uztea, esatea bere libururik Austrian ez argitaratzeko, ikusiko diagu. Handkekin ez zegok hainbesteko problemarik. Ez zegok hain gaizki ikusia. Handke eta Bernharden artean loturarik topatzekotan biak barrura begiratzen dutela duk. Fantasma guztiak ateratzen dituztela. Zintzotasun osoarekin jokatzen dutela, bakoitzak bere aldetik. Bernhard beroagoa duk, amorratuagoa, jenio biziagoa dik. Handke hotza eta lasaia duk, beldurra sentiarazteraino batzutan.
|