L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

John Reed

 

Gorka Arrese

 

        Ez naiz sekula Mexikon izan. Ez dakit zenbat jende bizi den han. Gutxi gorabehera bakarrik dakit nork gobernatzen duen gaur. Eta norbaitek Mexiko aipatzen duenean, gizon gutxi batzuren izenak besterik ez ditut gogoratzen: erbesteraturen bat edo beste; Emiliano Zapata eta Francisco Villa; Mariano Azuela, Diego Rivera, John Reed eta Sergei Eisenstein.

 

        1

        «Mendebaldeko mendiak balusa urdinekoak ziren, eta zapi gorrimin dirdiratsua ortzea. Rancho-ko ate handi aurrera iritsi ginenean, izar euria ari zuen. (...) Tamaina polita zeukan gelak, lurrezko zorua, sapaiko habe astunen artetik buztina agerian. Paretak kare urez zurituak, orbangabe garbi. Izkina batean burdinezko ohe galanta, eta beste batean Singer josteko makina, Mexikon ikusi nituen etxe guztietan bezala».

        Ez naiz sekula Mexikon izan. Eta hauxe izan zen Mexiko eta hango jendearen gainean idatzita irakurri nuen lehenenego pasartea. John Reed kazetari gringoarena da. Mexiko iraultzailea liburuko lehen ataleko lehen kapitulukoa. 1914ean argitaratua.

 

        2

        «Juanito Reed kazetari gringoa 1914ean ezagutu nuen Chihuahua-n» kontatzen du Renato Leduc-ek liburuaren hitzaurrean. «Nik lan egiten nuen telegrafo bulegoan ikusi nuen lehen aldiz. Bost edo sei alditan etorri zen. Garaia zen, argala, horaila, sudur xorroxduna. Dario Silva-rekin etortzen zen beti, Chihuahuan iraultza pizteko Pancho Villarekin muga igaro zuten zortzi gizon haietako batekin.

        »Dario Silvak kazetari gazteari eskuetatik kentzen zizkion telegramak eta guri luzatzen zizkigun esanez: Orain, lagunok, Juanitoren telegramek izan behar dute lehenak!, aditu? Eta kazetariari ondoren: Goazen txo! Telegrama haiek —gogoratzen ez dudan egunkari bati igorriak— John Reeden sinadura zeukaten. Ezezaguna neretzat. Hogei urte gero, 1932an, Hollywood-eko zinegile batek, Jack Conway-k, MGMrentzat errodatutako filmea eman zuten Mexikon. Gora Villa zuen izena. Pancho Villarena Wallace Beery-k egiten zuen, eta gerrako korrespontsal iparramerikarrarena Stuart Erwin txiki eta sendoak. Honek izan behar du Chihuahuako Juanito esan nuen neure artean».

        Mexikoko iraultza bertatik segitzeko Metropolitan egunkariak John Reed bidali zuen 1913an. Hogeitasei urte zituen orduan. Estatu Batuetara itzuli zenean, Mexiko iraultzailea liburua idatzi zuen kronika nobelatu moduan. Jarraian Petrogrado-ra: 1917ko Urriko Iraultzako korrespontsal: Mundua asaldatu zuten hamar egunak. Moskun hil zen 1920an, hogeitamabi urte zituela. Lenin-en aldamenean ehortzi zuten Kremlin-en.

 

        3

        Francisco Villaren División del Norte-ko tropekin ibili zen Jack Reed Ojinaga, Jimenez, Las Nieves, Chihuahua, La Zarca, Gómez Palacio eta Yermo-tik barrena.

        Mexiko iraultzailea liburuko beste pasarte bat:

        Soldadu eta ofizialak mozkortu egiten dira, eta Reed yankiaren kontrako amorrua azaleratzen zaie orduan: «Gringo madarikatua! Fusilatu egingo diagu», dio Julian Reyesek. Baina Longinos Guereca kapitain gazteak aurre egiten dio: «Nahikoa! Amerikanoa nere laguna duk, nere anaia. Gure adiskide honek milaka milia egin dizkik lurrez eta itsasoz, bere herrikideei gure askatasunerako borrokaren egia ezagutarazteko. Gu borrokan ari garenean bera gurekin zegok, eta armarik gabe. Hik baino adore handiagoa dik. Hik behintzat rifle bat daukak eskuartean. Hoa hemendik eta pakean utzi ezak betiko!».

 

        4

        «Hugh L. Scott generalak, Fort Bliss-eko tropa iparramerikarren buruak, liburuki bat bidali zion Pancho Villari, La Haya-ko Biltzarrean ezarritako gerrako legeekin» kontatzen du kazetari gringoak. «Arreta handiz aztertu zituen Villak. Interesgarriak iruditu zitzaizkion. Grazia handia egin zioten bederen.

        »— Ze arraio duk La Hayako Biltzarra? Mexikoko ordezkaririk izan al zen bertan? Barregarria iruditzen zaidak gerra egiteko legeak ezartzea. Gerra ez duk joku bat. Ze ezberdintasun dago gerra zibilizatuaren eta beste edozein motatako gerraren artean? Begira, hi eta biok taberna batean borrokan ari bagara, ez diagu liburuki bat patrikatik aterako lege batzuk irakurtzeko. Berunezko balarik ez dela erabili behar esaten dik hemen.Ez diat ulertzen zergatik. Beren helburua betetzen diate eta! (...)

        »Pancho Villak gerrako legeak ezagutzen ezbazituen ere, ezein ejerzito mexikarrek sekula eduki duen ospitalerik efektiboena eramaten zuen bere tropekin: berrogei bagoi barrutik esmaltatuak, ebakuntza mahaiekin eta kirurgia tresnarik modernoenekin; hirurogeitik gora mediku eta erizain. (...) Eta atzetik jakiz betetako beste tren bat: bi mila zaku irin, kafe, arto, azukre eta zigarro. Bai bere soldaduentzat bai Durango eta Torreón hiri inguruetako herritar gosetuentzat».

 

        5

        Mariano Azuela (1873-1952) Francisco Villaren ejerzitoko medikua zen. Besteren artean, hogei nobela idatzi zituen Mexikoko Iraultzaren ingurukoak. Azuela, iraultzaren kontalari nagusia Mexikoko literaturan. Andrés Perez, maderista hogei liburu horietatik lehena (1911), eta Behekoak ospetsuena (1916).

        Behekoak nobelaren hasierako pasarte bat: Luis Cervantes federalengandik ihesi dabil; Demetrio Macías matxinatuaren gizonek harrapatu dute; Demetrio zaurituta dago:

        «— Ze kabroiren seme haiz? —galdetu zion Demetriok.

        »— Luis Cervantes da nire izena, medikuntza ikasle eta kazetaria. Iraultzaileen alde zerbait eginagatik persekutatu ninduten, atxeman eta kuartelera gero. Ihes egitea lortu nuen... Benetako burkidea naizela esan diet zure gizonei baina...

        »— Bur... zer? —harritu zen Demetrio.

        »— Burkidea, jauna... alegia, zuek defendatzen dituzuen ideia eta helburu berberak defendatzen ditudala neronek ere.

        »Demetriok irribarre egin zuen:

        »— Eta ze helburu defendatzen diagu ba?

        »Luis Cervantes nahastuta geratu zen, zer erantzun jakin gabe.

        »— Harazemuturra jarri duen señoritoak! Zertarako hainbeste tontakeria? Jo ta garbituko al diagu, Demetrio? —galdetu zion Pancraciok antsiaz.

        »— Alde hemendik... gero eta minberago diat zauri hau... Anastasio, itzali kandela. Ikuiluan sartzazue hori eta Pancracio eta Mantecak zain dezatela. Bihar ikusiko diagu».

        Cervantes medikuak sendatu egiten du Macias matxinatua. Hortik aurrera Demetrio Maciasen gizonek ez dute medikurik faltako. Harik eta Obregón-ek Villa garaitu eta iraultzaileak sakabanatu egiten diren arte.

        Nobelaren azken aldera:

        «—Villa?, Obregón?, Carranza? Bost axola! —esan zuen Valderrama-k—. Iraultza maite diat, burrunbaka dagoen sumendia maite dudan beste! Sumendia, sumendi delako! Iraultza, Iraultza delako! Eta kataklismoaren ondoren goian eta behean geratzen diren harriak, bost axola!».

 

        6

        Reed berriro. Orain Pancho Villarekin solasean. «Hitz hauekin esan zidan behin batean:

        »— Errepublika berria ezartzen denean, Mexikon ez duk gehiago ejerzitorik izango. Ejerzitoak izaten dituk tiraniaren laguntzarik handiena. Ezzegok diktadorerik ejerzitorik gabe. Errepublikan barrena kolonia militarrak antolatuko dizkiagu iraultzako beteranoen zuzendaritzapean. Estatuak lurrak emango zizkiek, eta enpresa industrial handiak sortuko dizkik lanik falta ez dadin. Astean hiru egunetan egingo diate lan, gogor, lana borroka egitea baino garrantzitsuagoa bait da. Beste hiru egunetan, istruzio militarra, ondoren herritarrei borrokan egiten irakasteko. Gisa honetan, gure aberria erasotzen baldin badute, nahikoa izango duk telefono dei bat Mexiko Hiriko jauregitik, egun erdi batean mexikar guztiak soro eta fabriketatik jarkitzeko. Ongi armatuak, ongi antolatuak, haurrak eta etxeak defendatzeko.

        »Nere asmoa kolonia militar horietako batean bizitzea duk, maite ditudan lagunen artean, nerekin batera hainbeste sufritu duten lagunen artean. Nere ikuilu txikian lan egitea gustatuko litzaidake, abereak hazten eta artoa ereiten. Mundiala izango huke Mexiko leku zoriontsu bat izaten laguntzea».

        Gringo madarikatuak bost edo sei aldiz galdetu zion Villari, ea Mexikoko lehendakari izan ote nahi zuen.

        »— Behin baino gehiagotan esan diat: borrokalaria nauk, ez estadista. Ez nagok aski ongi hezituta lehendakari izateko. Orain dela bi urte besterik ez nian ikasi irakurtzen eta idazten. Mexikorentzat kaltegarria izango huke honelako lehendakari bat. Carranza-ren agindu bakar bati besterik ez nioke uko egingo: lehendakari edo gobernadore izateko aginduari. Eta berriro galdera berbera egiten baldin badidak, jipoitu eta mugaren bestaldera eraman hazaten aginduko diat».

 

        7

        Sekula existitu ez den filmerik ederrena egin zuen Sergei Mikhailovitx Eisenstein-ek: Gora Mexiko!. Charles Chaplin-en bitartez, Upton Sinclair idazleari filme bat errodatzeko proposamena egin zion 1930ean. Eta errodatu, errodatu zuten. Baina produktorak ez zion Eisensteini pelikula muntatzen utzi. Beraz, ez dago filmerik. Nahiz eta Eiseinsteinen material hori hiru filme ezberdin egiteko erabili zuten gero. Georges Sadoul-ek dioenez, Sergeik 35.000 metro zeluloide errodatu zuen. Mousinac-en ustez, 60.000; Yurenev-ek 70.000tik gora aipatzen du; eta García Riera-k 80.000.

        «Gidoi honetan [Gora Mexiko!] kontu orokorrak besterik ez nituen idatzi» dio Eisensteinek (Mosku, 1947). «Kontu orokorrak, filmazioa ordaindu zuen taldea edukin erradikalaren beldur bait zen. Eta bestela ere, gobernu mexikarrak argumentua goitik behera aztertu behar zuen.

        »Porfirio Díaz-en aurkako 1910eko iraultza erakusteko ez zegoen beste erremediorik, giza mailen arteko borroka agertzea. Baina gure gidoiak agertzen zituen arazo sozialak ez ziren zentsoreen gustokoak izan.

        »Honela erantzun ziguten: Hala aziendadunak nola langileak, denak mexikarrak dira, eta ez dago zertan nabarmendu behar nazioko talde ezberdinen arteko antagonismoa».

        Eta hala ere, sekula existitu ez den filmerik ederrena egin zuen Sergei Mikhailovitx Eisensteinek.

 

        8

        John Reeden Mexiko iraultzailea irakurri gabe, Eisenstein Gora Mexiko! errodatzen ezin hasi zitekeela aipatu genuen geure artean. Non edo non aurkitu behar genuen halako aipamenik. Liburutegia miatu genuen. Eisensteini buruzko liburuak. Zinemari buruzko liburuak. Alferrik. Ezta arrastorik ere.

        Aipamen bakarra: Idols Behind Altars Anita Brennerek idatzitakoa irakurri omen zuela Eisensteinek, eta horrela otu zitzaiola Mexikoren inguruko filme bat egitea: Gora Mexiko!

        Nik ordea, Eisensteinek Reedena irakurrita eduki behar zuela ezin burutik kendu. Bi testuak hartu, eta orrialdeak pasa eta pasa. Alferrik.

        Alferrik, baldin eta kasualitate puta batengatik ez balitz behintzat.

 

        9

        Kasualitatea (1):

        Reeden Mexiko Iraultzailea, lehen kapituluaren aurreko sarreratik:

        «Ehundaka errefuxiatuk gurutzatzen dute mugako erreka; batzuk zaldiz, ganaduari tiraka; bestetzuk karroz; eta gainerakoek oinez. Zaindariak ez ziren oso goxoak.

        »Emakume bat erreka pasatzen ari zen, gonak axolakabe gerriraino igota. Zapi handi batekin jantzita zegoen, aurreraka zintzilik zuela, eta egundoko tripa egiten zion, barruan zerbait eramango balu bezala.

        »— Aizu! —oihu egin zion zaindari batek—. Zer daukazu zapi horren azpian?

        »Emakumeak zapia altzatu zuen astiro, eta lasai erantzun:

        »— Ez dakit, jauna! Akaso alaba bat, edo seme bat bestela».

 

        10

        Kasualitatea (2):

        Eisensteinen Gora Mexiko!, gidoiko laugarren ataletik:

        «Panchalokomotora bateko plataformara igotzen da. Zaindariaren ahots zakarrak zera galdegiten dio:

        »— Zer dakarzu soinekoaren azpian?

        »Eta Panchak, gonak altzatu eta lasai erantzun:

        »— Nork daki, jauna! Alaba bat izan liteke, edo seme bat bestela».

 

        11

        Gora Mexiko! gidoiaren bostgarren (azkenengo) ataletik:

        «Santu Guztien Eguna! Egun horretan, azaroak 2, heriotzaren sinboloaren forma hartzen dute gauza guztiek: kalaberak.

        »Dendetan, kalaberak era guztietako kapelez jantzita erakusten dituzte; goxokiak ere kalabera formakoak dira; txokolatezko zerraldo eta kalaberak; apaingarri guztietan kalaberak; egunkarietako karikaturetan, politikoak hilda baleude bezala agertzen dituzte».

        Filmeko azken eszenak:

        «Herri guztiak, hala zapalduak nola zapaltzaileak, denak kartoizko kalabera maskarez jantzita daude. Maskarak kentzeko tenorea heltzen da. Bata bestearen atzetik erortzen dira langile eta toreroen maskarak. Brontzezko aurpegiak irribarrez ageri dira.

        »Generalak eta bere emazteak, obispoak, poliziek eta aziendadunek ere kendu egiten dituzte euren maskarak. Baina azpitik azaldu direnak ez dira aurpegiak... kalaberak baizik.

        »Lehen planoa: beste kartoizko kalabera bat. Erori egiten da. Pantaila osoan: heriotzaren itzalei aurre egiten dien gaztetxo baten irribarrea.

        »Mexikoren benetako askatasuna ikusiko duena izango ahal da!».

 

        12

        Kalaberak aipatu ditudanean, Malcom Lowry-ren Sumendipean nobelarekin gogoratu naiz. Eta John Huston-en filmeekin gero. Baina Emiliano Zapata iraultzailearen eta Diego Rivera muralistaren inguruko aipamenik egin ez dudala ohartu naiz, biok artikuluaren hasieran aipatu ditudan arren.

        Hurrengo baterako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.