L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Alejo Carpentier

 

Koldo Izagirre

 

        Alejo Carpentier-en kronikak irakurri edo hitzaldiak entzundakoan (lau dokumental zoragarri surrealismoaz, Cubako musikaz, Habanaz, bere nobelagintzaz, erraza du batek uste izatea halako erudiziotik ezin litekeela ondorio nobelatiko onik atera (Lezama Limaren saio kursiaz izan ezik). Baina Carpentier salbuespena da: turista bat bezala paseatzen badu Habanan (Zutabeen Hiria), zer esanik ez Amerika osoan. Begiak zabal eta edozer bitxikeriaz harritzeko prest, ingenuitate sortzailez, gauza guztiak jaioberriak balitu bezala. Eta hala bizi izan zen Errealitate Miresgarrian. Hain ongi eta adiskide izan zituen surrealistek (Uzelai pintorea tarteko) jukutriaz sorturiko gauza elkartezinen alderatzerik ez, begipean, eskumenean zeuzkan errealitateetan aurkitu zuen Carpentier-ek miresgarritasuna. Izan ere, errealitatea hankaz goratu beharrez, katramila literario hutsetan antzutu ziren surrealistak. Kodigoa sortu zuten alegia (gaur egun publizitateak baliatzen duena).

        Carpentier-ek abantaila handiak zeuzkan surrealisten ondoan: mulatoa, musikoa eta arkitektoa izatea, amerikanoa, arbaso rusoak zituena eta heziketa frantsesa, bidaiari kupidagabea... Hala, uniberso desberdinak alderatu ahal izan zituen, eta margolari post-expresionista haiek bezala, saloietako ariketei utzita errealitatea bera ukatu gabe gainditu ahal izan zuen errealismo hutsa, bersortze magiko zoragarrian. Errealismoaren antitesia surrealismoa izan bazen, Errealismo Miragarria izan zen bien sintasia, miresgarritasuna ez baitzuen errealitatetik ate bilatzen.

        Asturiasek ere Errealismo Miresgarrian idatzi zuen Breton-ek Paris utzi eta Amerikara aldegiteko aginduz geroztik, baina naturaren mitifikazioz, indigenismoaren hildotik. García Marquez-ek azken mugetaraino aztertzendu errealitatea, bainaabsurdoanedomirarian erori gabetanik. Borges-ek alanbikazio formaletan hautsiko ditu ipuinaren moldeak eta errealitatearen ikuspegi motza... Errealismo Magikoa ez da noski Carpentier-ek sortua, baina bai haren teoriko (eta praktiko) nagusietariko bat. Anderson Imbert-ek eta (Harvard University hain zuzen) aitortu nahi ez dioten berezitasun batekin: barrokotasuna.

        Carpentier-en esanetan, badago, modez eta aroz gain, izpiritu barroko bat, denboran eta lekuan urrundutako artistei egozgarria. Barrokotasunak artearen betetasuna esan nahi du, eta literaturan, aro eta hizkuntza baten emaitza umotuena: Rabelais, Cervantes, Dante, Shakespeare. Eugenio d Ors-en teorietan oinarriturik, giza konstante bat bezala iksuten du Carpentier-ek barrokotasuna, ez bakarrik XVII mendeko sorketa. Beraz, izpiritu bat denez, eta ez estilo historiko bat, barrokotasuna edozein unetan jaio liteke berriz: Goethe, Proust, Maiakovski...

        Behin bertsolari batekin egin zuen topo CarpentierekVenezuelan. Ezzekien irakurtzen ezidazten, etabere konposizio bat kantatzeko eskatu ziolarik, Ladislao Manterolak Rolandoren Kantua bota zion dezimetan, Karlomagno eta Frantziako Paren historia... Baina hori bezalakoak literaturkeriak ditu Carpentier-ek. Latinamerika baldin bada barrokotasunaren herria mestizatu egin delako da, sinbiosian bizi delako, matxinatua jaiki delako berez: «Hemen harrigarria eguneroko gauza da. Zaldunen liburuak Europan idatzi ziren, baina Amerikan bizi ziren...»

        Eta Carpentier-ek amestutako etorkizun miresgarri bat bailitzan («Fedea eskatzen du Errealismo Miresgarriak»), bere herriak Iraultza egin zuen. Baldintza objetiborik gabe, monstruogandik hurbilegi, gertakari miresgarria da noski iraultza sozialista bat burutzea. Udaberriaren Sakratzea nobela sor eraziko zion iraultzak, Stravinski, balleta, Espainiako gerra eta idaztea bera maisuki nahasten dituen ni aunitz eta boteretsu batean. Hori izan zen zuzenean Iraultzari eskeinitako nobela. Lanak, bestelako lanak, gaztetatik eskaini zaizkion Iraultza Miresgarri bat eraikitzeari, Machadoren diktadurapean alderdi komunistan jardun zuenetik.

        Egunotan hasia da Habanan filmatzen Argien Mendea Humberto Solás-en zuzendaritzapean. Duela urtebete gure artean ibilia zen, Carpentier-en heroiak ezaguturiko Marat-sur-Nive, Termopilak eta Arbona ezagutu nahirik. Eraman genuen bada Ustaritzera, Baigorrira, Arbonara. Ez zuen aurkitu nahi zuena, ez zitzaizkion balio XVIII mendeko dekoratuak bezala. Saiatu ginen gure errealitatea miresgarritzen, baina alferrik izan zen. Errealitatea bera ez zen batere epikoa, eta gu, zer esanik ez, ez ginen Carpentier.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.