L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Pablo de la Torriente Brau

 

Jose Luis Otamendi

 

        Barcelonan datza bere gorputza. Pablo de la Torriente Brau idazle eta kazetaria ez zen hiltzeko etorri Kubatik Espainiako Gerrate Zibilera, baina hil egin zuten Majadahondako elurretan.

        1901ean jaio zen Puerto Ricon eta Estatu Batuen morrontzapeko Kuban bizi. Irakurzale ageri da oso gaztetatik, Martí, Cervantes, Dumas, Salgari, Poe ditu kuttunen. XX. mendeko lehen hamarkadetan Kubak bizi duen prozesu historikoarekin orpoz-orpo lotuta dator Pablo de la Torriente Brauren bilakabide pertsonala. Urteotan antolatzen dira lehenbiziko erakunde iraultzaileak, obrero, ikasle eta profesionalez osatuak. 1930a urte mugarria da Kuban ezkerreko mugimenduarentzat: 1930ean langileek greba orokorra deitzen dute, ikasleek manifestaldi gogorretan hartuko dute parte, Machado generalaren kontrako borrokak eta Inperialismoaren kontrako borrokak erradikaltze politikoa dakarte. Ordurako El Nuevo Mundo egunkarian eta El Veterano aldizkariarentzat lana egina zen Pablo, 1923an La Habanako giro politiko antimachadistan sartua dabil. Lehen ipuinak garai hartakoak omen ditu, futbolista da Club Atletico de Cuban eta zinezale amorratua.

        1930ean Mazas Garbayo doktorearekin elkar lanean idatziriko Cuentos de Batey liburua ematen da argitara La Habanan. Pablo de la Torriente Brau buru belarri sartzen da Machadoren kontrako borrokan 1930eko udan, eta borroka horren kronista bilakatzen da, kronista eta ekintzaile.

        «Manifestazioa abiatu da. Pepelin Leyva eta Pablo de la Torriente Brau-ren altzairuzko ukabilak beste armarik ez daramagu. Polizia azaltzen da. Muturrekoak. Tiroak. Larri zaurituta erori da Pablo de la Torriente Brau. Zerraldo abailtzen da, bizkarra tirokatua, Rafael Trejo. Tiro gehiago. Obreroen odola, sinbolikoki, ikasleen odolarekin nahasten da. Manifestazioa, oihuekin hiria sutu ondoren, euri handitan sakabanatzen da...»

(Raul Roa, La revolución del 30)

        1931ko urtarrilean preso hartzen dute estrainekoz eta kartzelaldiaren kronika argitaratzen du 105 días preso. Diktaduraren kontrako arma bilakatu zen artikulu sorta hori. Ohi duenez, idazten duena bizi egiten du Pablok. Areagotu egiten da tiranoaren kontrako ekina.

        «Horregatik soberan daude hitza eta luma. Iraulketa askatzailerako gertu dago herri-konzientzia. Orain premiazkoa da tiroka predikatzea. Konsigna, bakarra eta erabatekoa da: Mauser kamaradak du hitza!»

(Raul Roa, Linea)

        Pablo, beste kubano asko bezala, politikari emana aurkitzen dugu libre dagoenean, bestela preso edo herbestean.

        Kartzelan sartuko dute berriz 1931ko erdialdean, baina oraingoan ez da 1933ko maiatza arte aterako. BarruanBujarin itzuliko du, gimnasia eta astronomia ikasi eta irakasten du, eta preso eta zaindarien portaerak aztertzen ditu besteak beste.

        Atera eta exilioa New Yorken. 1933ean Kubara buelta, Machado bota dute. Krisi politikoak diktadurari egingo dio leku beste behin, Fulgencio Batista da oligarkiak eta Estatu Batuek aupatutako gizona.

        Habanaratu orduko jo eta ke hasiko da politika eta kazetari lanetan berriro. «Pablo kazetari militantea zen, hau da, bere jarrera intelektualetik borrokan ari zen klase batekin konprometitua zegoen gizona zen...»

(Jose Antonio Portuondo,

Pablo de la Torriente, Comisario Político)

        Kuban, azkena suertatuko zaion egonaldi honetan asko idazten du, prentsan batez ere.

        Greba orokorra pizten da 1935ean baina gogor zapuzten du Batistak. Pablok, hilko ez badute, exiliora jo beharra du. New York-en Presidio Modelo liburua amaitzen du, bertan Kubako kartzeletako egoera salatuz. Horretaz gain artikuluak idazten ditu, eta bukatzeke utzi zuen Aventuras del soldado desconocido izeneko nobela. Frente Populareko mitin baten ostean Espainiako iraultzara etortzea erabaki zuelako. Aurki gerraren lehenbiziko hilabeteen berri emango digu bere kronika eta gutunetan.

        Espainiara El Machete, Mexicoko Partidu Komunistaren egunkaria eta New Masses Estatu Batuetako komunisten aldizkariko gerra-korrespontsal karguarekin abiatu zen. 1936ko iraila-abendua bitartekoak hamalauna gutun eta kroniketan emango dizkigu ezagutzera. Haseran gerra hartako erreportaiak egitekoa bazen ere, gerra hartako draman eta traman murgiltzenago ikusiko dugu. Kazetari lanak betetzeko frentera joango da milizianoekin, baina luma eta fusila eskueran dituela. Kazetari miliziano gisa mintzo da gerrak erasan ahala. Berez, azaroaren erditik aurrera Pablo de la Torriente Brauk izenpetutako kronika eta gutunak, Madrileko frontetik komisario politiko batek egindako gerraren kontakizuna da.

        Hala ere, Pablo de la Torriente Brau komisario politikoak poeta bat izendatzen du konpainiako komisario eta kultura departamentuko buru Alcala deHenaresen: Miguel Hernandez zeritzan. Hilabete parebatlehenago egin zuten elkarren ezagupidea Madrilen, eta ezagutu orduko lagun. Miguel Hernandez-ek Pablori eskeiniko zion bere Bigarren Eresia.

                «Espainian geratuko nauk burkide»

                esan hidan keinu maiteminduz.

                Eta azkenean heure gerlari eraikin burrunbatsua gabe

                Espainiako belarretan geratu haiz.»

(Miguel Hernandez Bigarren eresia)

        Pablo de la Torriente Brau 1936ko abenduaren 19an hil zuten. Miguel Hernandezek gero kontatuko zuenez:

        «...elkarrekin Majadahondako frentera pasa ginen. Handik aldegiten ikusi nuen egun batez Candón komandantearen gudosteekin, beste kubano bat, eta ez nuen berriz topatuko. Edo hobe esan, ikusi nuen bai, baina hilda zegoen. Bi egun zituen hilotzak, bizarra hazita, mendi-bizkar batean eroria, bularra berunezko rafaga batek josia. Pablo ikusi dudan hildako lasaienetakoa da: eman behar ezer ez zitzaiola jazo.»

                «Pablo de la Torriente

                Espainian geratu haiz

                eta nire ariman eroria...»

(Miguel Hernandez Bigarren eresia)

        Espainiako gerraren inguruan Pablo de la Torriente Brauk idatzitakoak Milizianoekin borrokan izenburupean eman ziren argitara. Hortik moldatuak dira ondorengo pasarteak:

        «Burutapen zoragarria izan dut; Espainiara noa, espainiar iraultzara [...] Burutapena garunetan lehertu zitzaidan, eta nire irudimenaren oihana handia sutan dauka geroztik. [...] Nolatan ez ote zitzaidan lehenago bururatu? Honezkero Espainian egongo nintzateke. New York-ena da errua. Hemen, herbesteratu politiko bezala daramadan urte t'erdian erretiluak eraman eta platerak garbitu besterik ezdut egin. Ergel jarri nintzen. Torloju bihurtu nintzen. Hamar milioi bihurrikoetarik bat izan naiz. Egunen batean mendeku hartuko diot New York-i. Nahiz eta, ezagutzen dutenek, ederra dela esaten duten. Lankide batzuek diote beste batzu diotela ikusgarria, aparta, paregabea dela. Ni, batzutan, Brodway-ko ibai gautiarraz eramana izan naiz, bengala-su infinitoz sututako mendiz inguratua ertzetan. Burlesque bakoitzaren, zine bakoitzaren atarian ibaiak zurrunbiloak egiten ditu...eta lurpeko eskaileretatik gizonak hondoratzen dira, ordurako nekatuak. Zeren hemen, denak bizkor diren honetan, denak beti nekatuta daude. Eta eguzkia lurpeko trenean bakarrik ikusi dut. Subway suna...

        Baina orain ni Espainiara noa, iraultzaren ibai handiaz eramana izatera. Herri bat borrokan ikustera. Heroiak ezagutzera. Kanoiaren ostotsa eta metrailaren haizea aditzera. Suteak eta afusilaketak begiratzera. Herioren zurrunbilo handi isilaren ondoan egotera...»

        «Manifestaldiez hitzegin behar nian. Egunen batean hori gogoratuz hunkituko gaituk. Lanak bukatu eta iluntzea luze, eder hastean hartzen diate indarra [...] Orduan emakume eta gizonezkoak bildu ohi dituk, iladak trinkotuz, euren kantak kantatuz, eta gauaren itzalean, farolak urdin ilunez estaliak direla, manifestariak auzoetan sakabanatzera joaten dituk, zutoihal gorriak beztu direnean, zaharkitutako odola bezala».

        «Eta Pepe Diaz-ek bere izena daraman bataloiari botatako diskurtsoan kontatu zuenaz oroitu ninduan: fazistek, sartu diren herrietan, umeek ukabila jasotzeko ohitura hartu dutenez, zigortzeko, besotxoak moztu dizkietela».

        «Orain manifestaldiek kutsu berezia diate. Zeru garbi eta fin honen gainean, neskatxa azul baten aurpegiko azala zirudiena, ia La Habanako badiako dirudien ilargi batek distiratzen dik, non hainbesteko argiak ez dien lo egiten uzten tiburoiei. Ilargi horren azpian ibiltzen dituk kalez kale manifestaldiak...»

        «Hemengo hau zenbat hildako kostatuko den pentsatzen diat, eta harridura aritmetikoa bakarrik geratzen zaidalako harritzen nauk. Heriok bere itzala galtzendik gerran. Putamerkea bihurtzen delako. Benetan hil beharra dagoela gerrarekin amaitzearren».

        «Gerra hain da gogorra ezen mina kentzen duela».

        «Poz handiz pentsatzen diat, aurrez asmatzeagatik zoriontsu nire irudimena, herri hau gero izango denari buruz. Zoragarria izango duk Espainia. Zenbat eta gogorrago eta krudelago izan gerra, orduan eta handiago eta bizkorrago etorriko da guztiori».

        «Zer falta zaidak oraindik ikusteko, ukitzeko eta sentitzeko gerran? Tira, sentitu ez. Gerran ez duk ezer sentitzen. Berarekin amaitu zuan gizasentiberatasuna. Bart potean nentorrean bueltan Campesinorekin eta exekutatu berria zen desertore baten egunerokoa nekarkian eskuan. Eta trufan ari gintuan, naturaltasun osoz, lantzurda xehe eta atergabeko gau giro zakarrarenpean haren hilotza pasatzen ariko zen hotzaren kontura. Egunerokoa eskuan, lokuluska eginnian harik eta Madrila iritsi arte. Frantsesez hasten zuan; gero espainolez jarraitzen zian. Afaldu bitartean irakurtzen ari ninduan eta, halako batean, beste batek eskatu zidaan bueltatuko zidala promes eginda. Seguruenera galdu egindo duk. Hala ere, gizon sentibera ninduan ni eta berriz ere akaso izango nauk».

        «Baina halakoxe ankerra eta gogorra duk gerra. Horregatik ezingo dik inork ongi margotu sekulan. Idazten hasten bahaiz, une batez bederen, berriz oroimena hunkitzeko ahalmena etorri zaian seinale duk. Eta dena faltsua duk dagoeneko».

        «Marujak hamazortzi urte ditu. Guztietan zaharrena da, baina gazteena dirudi. Txikia da, ia horaila, ume begi handiekin. Senargaia hil zioten eta neba metrailaztatua erori zen Guadarramako mendietan. Mendian hilko da bere hildakoengatik mendeku hartzen. Gogoratzeko modu bakarra dela dio. Eta ez du heriotzaren beldurrik. Azkar ikusi zuen eta hain sarri ikusi ere misterioaren itzala galdua duela beretzat. Frenteko neskatoa da. Bere fusila baino txikiagoa. Mendian hilko da bere hildakoengatik mendeku hartzen. Eta, hala ere, lurraren gainean, hila, hain arin, hain polita, jausitako usoa iduriko du».

        «Ikusia nago gizon bat, sukartasun iraultzailearen mende, errebolberraz gerrauntzi yankeen kontra tiro egiten, La Habanako badian. Ikusia nago gizon bat, izuaren mende, arrazoiz sumindutako jendetzak lintxatzetik ihesi. Ikusia nago kukildutako polizia baten aurpegia, neure aurrean. Eta ikusia nago burkidea hilzorian irrifar egiten. Nire memoria oroimen ezabaezinen hiztegia da. Baina nik ez nekien zein neurritaraino irits zitekeen jendetza iraultzaile baten zirrara».

        «Oihal urdinetan lotaratu nintzen, ez bait zegoen lekurik ordura arte egin ziren txabola bakanetan. Ilargi txuri urruna zegoen, ilbeheran. Eta izarrak, presondegikozeruko nire aspaldiko lagunak. Hainbeste denbora ikusteke. Kasiopea ote zen buru gainean distiratzen zuen izar-taldea? Gorputza dardar batean neukan hotzagatik, budina bailitzan. Beldurra ote daukat —pentsatu nuen— dakidanaz ongi gogoratzen ez naizen honek? Kubaz gogoratu nintzen, Teté Casusoz, nire txakurrez eta nire zuhaitzez, Punta Bravan. Neure buruari esan nion: agian, gerran, oroitzapen bat daukazunean beldurra daukazulako da».

        Pablo de la Torriente Brau elurretan hil zuten gizon handi bat da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.