Daniel Boukman
Mam lafwans blues
Itxaro Borda
lurraren gainera hedatzen den
eguzki ilunaren beltzemea
harremanik gabeko harremanaren
eguki iluna
esku bakarrean munduaren inperioa
lantegiak
Jeanne HYVRARD
Noiztenka, Kokok bere etxera gomitatzen nau, arats bakartietan, auhaltzera, eta akra gurrintsuak irensten ditugu, punch sukratuek lagundurik. Punchak lerrokatzen ditugu, Afrikako mortuetako eremu mitikoen oroitzapen kolektiboetan barna gabiltzalarik, elkarren bila, hotzegiak diren gauetan. Zer aurkitzen dugu? Ondarre usaina, haize sapaduna, eta Ralph Tamar-en zinta bat, edo Kokoren amak Guadelupetik eskuratzen duen France-Antilles astekaria, hango Moule nahiz Abymes ezeinetako eguneroko berriekin. Jakiten dugu halatan, Pointe Noireko Cesar Augustus hil izan dela, hirurogeita hamalau urterekin. Alabaina, iragan mendeko metropoliako esklabo jabeek, inperadore erromanoen izenez bataiatzen zituzten beren plantazioneetan sortzen ziren esklabo seme-alaba legalki bastartak.
Dlo larivyé ka viré an lanmé
Zwezo ka volé ka volé zel anlé
Soley ka bat tanbou joau-a ka wouvé
Manmay annoa sanblé pou wé sa nou ka fé
(ibai ororen ura itsasgora itzultzen da
txoria airez doa hegalak zabalik
eguzki attabalariak eguna irekitzen du
ekintza komunereko bil gaitezen anaiok)
Koko berenaz, Pariseko klinaka batean sortua da, Banlieuen bizi baldin ere. 1950 urteetan zehar, ama zitzaion etorri, lanbila, burgesen etxeak garbitzeko sehi haseran, gure ama askoren gisara, eta gero perfume magasin batean saltzale artzeko gaurarte. Agian, Guadalupe ugartera joango da erretiratuko denean, han Mahaut-en lur puska bat bait dauka, txabola baten eraikitzeko (xahartasunari esker) bere azken urteak Karaibetako itsasoari begira hurrentzeko. Ordea, Koko hemen jaioa denez, eta Antilak opor hurrietarako baizik ezagutzen ez dituenez, burua itzul ametsez betea du lagunak, urtean zehar postetan auxilliaire ari den bitartean, irail bukaeretan, Pointe a Pitrerainoko hegazkinezko bidaiako dirua irabazteko heinean.
Nou ké soué nou ké plére ké ni goumin ni moun ké mo
Min an jou mi bel jou! ti-moun fanm vié-ko
Ké wélé adan an sél vidé MATINIK OU LEVE
(Izango dira negarrak, izerdiak, borrokak
Baina egunen batean haurrek gizonek emazteek zaharrek
Talde handitan altxaturik Martinik esnatua
Kantatuko dute)
Hain izpiritu irekia duen Frantzia (mediokre) honetan, lanean, Kokok, jendeen eta kolega zurien partetik, frangotan, agrezione arrunt razistak jasaiten ditu. Beltz kolorea (ederra, gozoa, eztia) ez da beti gehiengoaren gostukoa, ile kixkurregiak ez diren era berdinean. Atzoko esklaboak, oraino esklabo nahiko lituzketela iduri du. Demokrata erraldoi famatu horiek ahanzten dute, Antilak konkistatu, kolonizatu zituztenetik, nazionalitatez frantsesak direla, eskubidez, Koko eta bere parekoak.
Antilesak, gure adineko gazteak eta pixkat zaharragoak, trumilka sartu dira postetan, batez ere fatur gradoan; kuadroetan arras guti dira, batez dela erratekoa denean. Guadelupen, Martinikan edoRéunionen omen dena organizatua da deportazio masibo hortarako, postako administrazioak hango bulegoetan jartzen duen publizitate atirantearekin, bertan ukan ez ditekeen promozio zozial pertsonala goraipatuz. Hiru arrazoin aintzina atera ditzakegu, deportazioaren esplikatzeko, hiruak Euskal Herrian ere aski hedatuak direnak:
ugarteetan, baccalauréat pasatu dutenentzat, ez dago goi mailako ikastetxerik, salbu, Baionan nola, Fort de Francen, deretxoko capacité delakoko bi urteak. Bestelako estudietarako metropoliara jiten dira antilesak, eta menturaz, diplomak ardietsirik tokian gelditzen.
langabeziak erretzen ditu bazterrak, jende frango justu RMIarekin bizi da, eta neskak (familiak ondorioz) allocation parent isolé apalarekin, hoteletan lana aurkitzen duten bitartean.
ugarteak soilik turismorako pentsatuak dira, metropoliakoen edo amerikanoendako; antilesak zerbitzuan, noski gordeko garbiketa lanetan, zuriak bronzatzen diren ondartzetan agertzeko baimenik gabe.
Ez dugu ahantzi behar 1989an, Guadelupea, Hego ziklonak zehatu zuela, eta ugarteak, Europako Ekonomi Elkartearen ardatzean, Europako agintari ahozabalentzat, Ameriketan dituzten guneestrategikoak direla, segurki. Halatan errez uler ditezke, Pariseko estado zentralistak, ARCaren eta buru zuen Guy Reinette aurka eraman zituen erasoak, nahiz antiletako abertzaleak gero, amnistiatuak izan. Halere, erreparazioneak jarraitzen du, baina mass mediek ez dute aipatzen, turistak gibelatuko dituztelako beldurrez.
Tyok an blok:
on bon-kou chomaj
bon-ti bwin poch a tou
on paket mizé
on-lo vant plin van
on-ti-tak véglaj pou dousi
dé-twa diskou kyololo
on zong mépri
é évé tou-sa
on éksétéra zorèy a fizi
paré a pran-nou pou kankagnan
Travayè
kanmarad
jis'a ki tan ou kay makayé migan lasa?
(ukamilkadak milaka
langabezia ausarki
sakela zilatuak
miseria paketak
sabelez beteak haizez beteak
ilusio piskat
bizpahiru mintzaldi sukratu
mesprexu amini bat
eta horrekin batera
frantses gendarme armatu meta bat
gu ziblatzat hartzeko prest
langile
kamarada
noiz arte ixtikatuko zara lokatz hortan?)
Goizean goizik, Kokorekin lantegira goazelarik, Maurice Thorez abenidan, besoak gutunez kargaturik, ardura kurutzatzen dugu, Jocelyn auzoko faturra, irri handi bat ezpainetan daukala ikusten gaituelarik. Goizean goizik, beno, erran nahi dut, bederatziak aldera. Neguan gordesur gaitzeko bat du lepo inguruan, eta maizenean, hiri hauetako aro nazkagarriak aipatzen ditugu. Badakigu, solasak segida izan dezakeela, eguerditan laneko kantinan, kafe-ron beroegien errondan, kreoldarrez. Ez dugu zorigaitzez kreoldarretik hitz bakar bat ulertzen, baina bale!
Lanmizè
soukouè
Lanmizè
pilé-y
Lanmizè
lévè-y
epi
BLO!
fésé-y
Zo-y fann
Zlé-y fonn
Figi-y griji
Lanmin grajé
An sèl bagay
Lanmizè
lanmizè sé koumandé milat zoréy épi bétché
...pa janmin rivé krazé
(miseriak eraman du
miseriak zangopilatu du
miseriak altxatu du eta gero aurdiki blo!
hezurrak apurtu
begiak urtu
arpegia zirimarkatu
eskuak zimeldu
gauza bakarra
miseria...
miseria frantsesen, burges beltzen, bekeen,
kolonizatzaleen manupean dago
...sekulan suntsitu ezin.)
Antilesen isolamendua, metropoliara etortzen direlarik, garratza bezain sintomatikoa da. Faturretan asko dira eritzen, edo arrunt ematen alkoholaren zerbitzuan, egunak, deusetaz konturatu gabe iragan ditezen. Esklabo seme-alaba horiek, larrua beltza dutelako, oraindik esklaboak bezala jujatzen dira: ixkanbilak ugariak dira karriketan, eta menturaz subfontzionario klase bat moldatzen dute, xefeen edo jendeen buruetan. Nehoiz ez die inork mileskerrik entzun arazten. Funtsean, kolonizatu guzien destinua da esker ezaren lurraldea.
Gaurkoan dirudienez, isolamendu sentimentua, sistemak piskat arindu nahi bailuen, onhartzen ditu zenbait elementu, onhartzen eta agian sustengatzen ere: kreoldar hizkuntza, musika, antiles bizimoduak, janariak, baina batez musika antilesa. Kassav', Malavoi, Zouck Machine, eta Ralph Tamar, zergatik ez berdinki, Joelle Ursule aditzen dira irrati berezietan (Tropique F.M.) edo irrati-telebista nazionaletan.
Denek, noski, kreoldarrez abesten dute. Pentsatzekoa da ordea, ugarteetako irrati libreetan, zinez libreetan, ez Aimé Césaire Fort de Franceko auzapezak kudeatzen duenean, beste kanturik entzuten dela, bortitzagoak, frantses kolonizazioaren eta turistifikazioaren aurkakoagoak. Behin, eskuetan genuen K7a bat, reagge diaboliko batekin, ziona bi hitzez: beltza naiz, paperrezko frantsesa, dom-tom reagge...
JOU JOU TALA
Man Lafwans insibot!
Sé bwabwa fout ou kè tounin bwabwa!
JOU JOU TALA
Gran mouvman gran kout balè
Ba milat noué baln évè bétché!
(eguneko egun horretan
andere Frantzia perdiu
ikuretan urkatuko zaitugu
eguneko egun horretan
garbiketa operazionea
burges beltzentzat burges zurientzat
kolonizatzaleentzat!)
Koko bezalako bigarren belaunaldiko antilesen, afrikaren bihotz erretik etorri gaineratiko imigratu haurrekin batera, ametsa itzultzea da, arbasoen lurrera. Amets zabala, hunkigarria, munduko oprimitu orok partekatzen duena. Bizi propiorik gabeko banlieuetan, gazte hauek, krixton mobida sortzen dute, horma anonimoak taggatuz, look arras determinatuez, blaster animaleak bizkarrean, musika irentsiz, musika: zouck, bigine modernizatua, funk, reagge, afro-beat, eta oraingoan, rap delakoa. Azken hilabeteetan rap musika modan dela erratean ez dugu ezer erraten, eta bistan dago, rap moldeak, imigratu umeen kezken ahozkatzeko bideak direla: eskolako hutsegiteak, egunerokotasun astunak, sida mehatxuak, zozietate hertsiak, zapalduekilako eklartasunak, sexu kontuak, eta ideia nagusi bat partikularzki, europako, afrikako edo ameriketako beltzak denak anai-arrebak direla, eta batera borrokatu behar dela, nehoiz osoki ardietsi ez diren eskubideen lortzeko.
Asteburuetan batzutan Koko nere etxean gelditzen denean, bere gaztaroko bilekua den Hallestara joaten gara, denbora pasa, banlieutako rapper kaletarren mirestera, zuzenean inprobisatzen baitute taldeetan, CRSen begirada mesprexagarrien menpean. Eta laneko prolemak aipatzen ditugu, aratsaldean zehar, Du Bellay plazako iturriaren maldan jarririk gero. Edo Bob Marleyren obrak...
Kodinn
karé karé karé
Nèg lévé
Jou doubout.
Kodinn
wondi wondi wondi
(hegazterrena
hantu hantu hantu da.
negroak oldartzen dira.
eguna altxatzen da.
hegazterrena
ihes ihes ihes dabila)
Eta eguna bukatzen da.
Gauez, herrien arteko elkartasunaren izenean, beltzaren kolore urruna bilatzen dugu, bilatzen segitzen dugu behintzat, edo Jocelyn-ek Guadelupera itzultzeko gelditzen zaizkion urteak kontatzen ditu, eta badaki ezduela, Aimé Cesairek nola, astirik ukanen Cahier d'un retour au pays natal bezalako liburu bat idazteko, frantsesez osoki, kolon delakoen hizkuntzan, kreoldarrezko erran-moldeak sartuz, obra erabat lokalizatzeko, kolonizatzaileari gustatzen zaion eran. Jocelyn eta Kokok menturaz ez dakite oraino, kreoldarra hizkuntza idatzia ere izan ditekeela, oralitatearen munduan mugatua delako mintzaira hori momentuan, Daniel Boukman, gure gidearen eta Raphael Confiant-en gisako salbuespenetaz aparte.
Ordea jakina da, euskaldunen kasuan bezala, eta Boukmanek dio nahiko argiki, kreoldarrez idazteko erabakia hartzean, hartzen dela ere halako bide politiko bat, zapalketaren ohituren aurkakoa. Hor dago, esperantzaren gune maitatuena, bi bularren erdi beltzean.
Eta eguna bukatzen da.
Punch bat?
Osasuna, eta Oldarra...
|