L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-27 / Amerika (1991-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Izua

 

Edorta Jimenez

 

Umeen psikologiaren arloan badago halako fenomeno berezia, zeinak gizartean bertan ere nagusien jarreren nondik norakoa argitzeko balio bait du. Labur esanda, hurrengoa da fenomenoa: sarrien errepikatzen den ipuineko edukia da umeak sakonen sustraituta dituen prolemak hobeto isladatzen dituena. Ipuinaren bidez, dioskue adituek, barruko gorapiloentzako soluziobide sinbolikoak idoro eta gizarteak gura dituen askabideak aurkitzen ditu umeak, beronen problemeekikoan.

        Ez dute izen onik sikologo eta soziosikologoek. Mekanikokeriazko errua egotzi izan zaie sarritan. Hala bada, ez dut halakoen defentsarik egingo. Dena dela, zelan ukatu teori horrek, oinarrian baino ez bada ere, nagusientzako artebideetan egiten direnekin zerikusi estua duenik?

        Sarrien edesten dizkiguten ipuinak ditugu atsegin. Eurotan dautza gure azpikontzienteak behar dituen erantzunak. Eta ipuinak gure aroan jantzi duen kanpokaldekoa filmea da, ezer izatekotan. Hollywood-i amets fabrika ezizena ezarri ziona, ez zen oker ibili, bada.

        AMETS FABRIKAk berak eta gizarteak feed-back etengabean lan egin izan dutenik, nik baino lehenago argitu digute jakintsuagoek. Itxuraz fikzio hutsa diren heroiak eta egoerak unean uneko pertsonaia eta gizarte-atekei atxikirik sortu izan dira Fabrikan. Areago, eta umeentzako ipuinek eskaintzen diguten adibideari jarraiki, heroi-ereduak eta gizarteko gorabeherekiko jokabideak proposatu ohi zaizkio ikuslegoari filmeen bidez. Ikuslegoak zeintzu arazo dituen kakotuago bere baitan, horiexek beharko dira errepikatuen. Etikaren aldetik zer korapilatzen zaion ikusleari, horrexeri buruz zuzenduko dira ipuinak, hots, filmeak.

        ESTATUBATUEK, Ameriketakoek, hiru ipuin nagusi fabrikatu ohi dute, ahoskatu ere ezin egin diren hiru taburen gainean. Jakina denez, tabuak zeharka aipatzeko bidea ere badira ipuinak.

        Lehen tabua, injustizia edo zuzengabekeriarekikoa da. Estatu Batuetako gizartea dagoenik eta zuzenbakoena da, ze bera izanik baliabide eta ondasunetan aberatsena, bataz bestekoan behartsu gehien dituena bait da, gordin eta errazegi esanik. Tabua aipatu beharrean, zeharka deskribatu eta etika-korapiloari irtenbidea emango dion ipuina asmatu da. Pobreak aberats eta aberatsak pobre, norbera zer den hori, norberak bihurtarazia da. Gizarte jerarkian gorantz zein beherantz egin daitekeenez gero, ez dago ezeren errudunik, zeinek bere lekua du, berak landua, berak gauzatua, zuzena eta egokia. Horren frogatzat, makina bat aldiz filmatuko da Printzea eta behartsua ipuina, gizartearen gaurko ezaugarriei egokituta. Self made man delakoa da eredua. Estatu Batuetan, America esaten dute eurek, umetan egunkari saltzaile ibilitakoa ere lehendakari bihur daiteke. Jakina, gutxi batzuekikoan egia den arren, hutsaren hurrengorako balio die horrek pobrezia ofizialki mugarritzen duen diru-kopurua baino urriagoaz bizi direnei. Ipuinak, hala ere, indarrean dirua. Pretty woman dateke azken adibide arrakastatsua.

        ZUZENGABEKERIA nagusi den gizartean indarrez iraunarazten da ordenua. Axioma argia da. Hala da ze, telebista piztu eta ikusiko ditugun telesailetan birik behin polizi-sailak izango dira. Euskaraz, mugi-mugiak izena eman diegu guk, «Mugi mugi, azkar mutilok» eta tiro-hotsa izaten bait dira sarrien aditzen direnak.

        Telebistan bezala zinean ere egiten den fenomeno honen aurrean, bietarik bat, gizakiok historiko dugun barru barruko premiaren bat betetzen dute ipuinok, edo, bestela, gizarteak duen sakon sakoneko prolemaren bat sinbolizatu gura dute, prolemari eskaintzen zaion irtenbidea —errepresioaren halabeharra— behin eta berriro errepikatu behar delarik, hain da gogorra ze, tabu bilakatu da.

        Polizia berdin ona, berau da, inongo zalantzarik gabe, zinean sarrien iragarri zaigun mezua, berau delarik bigarren tabuaz zeharka mintzatzeko asmatu den ipuina.

        Polizia ona, eskaini beharreko ereduaren aldetik, bilakatu egin da, gizarteko barne arazoak aldatu ahala. Noizean behin beltza izaten da polizia, beste batzutan bikotea da protagonista, emakumezkoak ere ageri izaten dira zereginean eta, oro har, legezko-ezlegezko binomioko osagarrien artean dagoen muga labankor eta zehazkaitzeko gaiak proposatuko zaizkigu. Hemen ere Frontera delako mitoa, Western-etan bezala. Zer dela eta fronteran beti, ez baldin bada Estatu Batuetako ugazaberiak behar izan dituen legeek eta lege-hausteek gero eta zailago egin egin dutelako unean uneko fronterak —hala lege barrukoak, nola lurraldeetakoak ere— bereizterik (Western-a honekiko harremanetan azter daiteke).

        Egia da, polizi onaren aurkako islada den detektiberik, argazki beraren negatiboa, halakorik ere proposatu izan zaigu. Proposamena ezkerretatik eta literaturaren aldetik etorri zaigu, gainera. Hammet eta Chandler maisuak halako salbuespen-kateako begiak dira. Justizia ofiziala ez da zuzenbidezko. Gaizkileak batetik eta legearen defendatzaileak eta beterazleak bestetik, elkarren artean ez dago alderik. Areago, alderik egotekotan, gaizkilearen aldekoa da. Muinean zuzengabekeriazkoa den gizartean sakon murgiltzen dira idazleok kakari eragiteko. Literaturaren autonomia erakusten duten adibideak dira, axaleko azterketa erraxegien gainetik erakutsi ere.

        Zuzenbidea ez-han-ez-hemen-ez-inon dagoela dakien detektibea faxistatu egin digute laster. Hortxe duzue Harry Zikina, adibidez. Hurrunago joanik, polizigoaren barne-araudiak hautsi eta legez kanpo ihardutera behartuta dagoen polizi eredua eskaintzen zaigu aspaldion. Lekutan dago Marlowe. Komunisten etengabeko erasopean bizi garela erakutsi zigun El coche fantastico haretako Michelek. Libiarrak etorri dira gero, Noriega eta narkoak deabru ofizial bilakarazi aurretik. Azkenik, arabeak dira mehatxua.

        DESAPARECIDO EN COMBATE eta RAMBO dira legez kanpo jokatu beharraren erakusgarriak, nazioartekora etorrita. Amerikar semeak dagoz atxilotuta Vietnamgo gartzela-zelai krudeletan, gobernuak euren aldeko ezer egin barik, horregatio. Beraz, zelan handik ekarri etxera —denon eskubidea den etxeratzea betetzeko— bertara joan eta bertako legeak hautsi barik? Inolaz ere ez. Kausa zuzenek bide ez-zuzenak ere zilegi bilakarazten dituzte. Beraz, haraxe joango dira Chuck Norris eta Silvester Stallone, nazioarteko itun guztiak pikutara eta presoak etxera.

        Filma hauek hasieran bertan halako jukutria berezia eta zuhurra egiten dute, alabaina. Ez dute argitzen Vietnamen aurkako gerra ez zutela ofizialki aldarrikatu USAk. Hortaz, gerrako presorik ere ez dago, ez bait da gerrarik izan han. Dena dela, demagogiak funtzionatu egin du. Grenada —ikus ezazue Clint Eastwood Burdinezko Sargentoa filmean, Grenadan bonbazoka—, Libia —Gadafi beste inor nor dateke James Bond-en aurka—, Panama —berriro ere 007 latinoen aurka—, erreskadan etorri diren ekintzak eta eurok ilustratzeko sortu diren ipuinak dira. Nazioarteko TERRORISMOA izan da hasiera hasieratik USAtar gobernu guztien ekinbidea, Monroe doktrina aldarrikatu zenerik aurrera.

        TERROREA aipatu eta beste inguraketa bat egingo dut, zinearen alorrera itzulita. Zine-aretoak fenomeno berezia dira. Eliza edo opaleku sakratuen tankera eta ezaugarriak dituzte.

        Zine aretoa itxia eta mugatua izaten da, gehienetan. Filma pantailan agertu baino lehen argiak moteldu egiten dira. Hasitakoan, pantailatik datorren isiltasuna baino ez. Han, bataz bestekoan berdintsua izaten den denbora batez, isiltasuna da nagusi. Umeak eurak ere, eliza katolikoetan bezain zaratatsu ibiltzen direlarik, isildu egin ohi dira klimax-uneetan. Halakoetan, hats bakar batean arnasa hartu izaten dugu aretoko guztiok. Komunioa gertatu da. Hala bada, ba ote da, eta izan ote da inoiz, halakoak baino leku hoberik, ipuinak konta eta entzun ditzagun? Ezezkoan nago,

        Zinea sortu zenerik hona, denetariko pertsonaiak izan dira deituak leku sakratu horretara (ezin ahaztu; azpikontzientziaren irrikez elizan nahi genituzke jaiak, paganoak bezala; beraz, Charlot eta barreak ere liturgikoak dira). Egon direnak ere sekula ere egon ez direnak, giza adimenak sorturiko guztiak ekarri ditugu pantailara. Umeentzako ipuinekikoan esandakora itzulita, gure barne-korapiloentzako askabide grafikoa eraiki dugu. Eta gure azpikontzienteak dituen terroreak konjuratu gura izan ditugu, monstruoz betez pantaila.

        Terrorezko zenbat eta zenbat filme ez ote den errodatu gogoan hartuz gero, irudi luke halako beste premia sakon bat dugula gizakiok, hots, terroreari izena, itxura eta hitza ematearena.

        ETXEKO TERROREAK izan dira aretoetara deituak, hau da, status quoari minik ekarten ez diotenak. Dirudienez, beharrezko zaigu lantzean astinaldi bat, ikaralditxoa, bildur dosia, ustebakoa, odol arintzea, bihotz asaldadura kontrolatua, aldarria eta oihua. Dena neurtuta eta bere lekuan. Psikoanalistarik ergelenak ere laster argituko liguke, terrore dosi horiek beste terrore batzuri irtenbide sinbolikoa emateko balio dute. Aretora deituriko monstruak eta errealak, ez datoz bat, aitzitik.

        KING KONGek alegi zuzena ekarri zigun, Frankistein-i jarraiki; gizarte honek ezin du itxuraz monstruoa dena onartu eta bereganatu, nahiz eta munstroa bere baitan gu guztiak baino sentiberagoa izan. Normalak baino ez du lekurik hemen. Hura katarsia, itsuak Frankisteini edaten ematen dionean. Baina ez, ezinezkoa da, gizartean ezin da halakorik, ezinbesteko egiten da tragedia. Halabeharrez hilko da monstruoa. Normaltasunak eragiten dituen krimenentzako alegiazko irtenbide honen ostean epigono piloa etorri da. Batzu, amets gaiztoetako munstruak izan dira, eragin katartiko onuragarria duketenak. Beste asko berriz, ordeko hutsak izan dira.

        Lurpetik bizirik jaikitzen diren hilak, zonbiak, laborategietan ernaltzen diren zer itxuragabekotuak, aramutzarrak, marrajo diganteak, martzianoak, posesioak, exortzismoak, mamu ikusteziank, etxe sorginduak eta, batez ere, gizakion gorputz atalak, aurpegikerak, erraiak, esteak eta beste muga enpagugarri eta gaixotietaraino ekarri dutenak, olinpo berriko jainkoak dira,a retoetan sekulako betekadak eragiten dituztelarik. Zein da benetako terrorea, ordea? Zeren ordeko dira droga-dosi gero eta gogorragook? Badakigu, hortxe dago merkatua ere, beronen legeen menpeko, produktu berriak eskatzen eta eskatzen. Galdera da, bada, zer dela eta objetibotasunez begiratuta nazkagarriak eta artegarriak diren produktuak, atseginak direnak eskaini beharrean. Bada, nazka eta artegatasun dosiak atsegin zaizkigulako, beste zerbaiten ordeko funtziona dezaten. Beste hori, tabua da.

        AULKI ELEKTRIKOA Cuban erabiliko balute, esate baterako eta barkatuko ahalko didate kubatarrek alderatzea, sekulakoak eta bost entzun behar izango genizkioke lehen Uncle Tom izan eta orain Big Brother dugunari. Tom Osabari. Hala ere, hortxe segitzen dute, gartzelan akatzen gizakumeak, injezio erikorrez zein kalanbrazoz. Terrore hutsa legea betearazteko eta kriminalitateari bidea ixteko.

        Langabezia, drogomenpekotasuna, gosea, gartzela, ghettoa, gaisotasuna (ez dut aipatu zenbat filme egiten den gai horretaz), benetako terroreak dira gaurko gizartean. Estatu Batuetan areagoturik dituzte guztiak, nonbait. Terrore modernoak dira, gaurko izurazleak, bildur iturriak. Guztiak ez industri-gizarteko gaitzak baina, lehenago ere izandakoak beste neurri batzutan izanak.

        EDWAR HOPPER pintatzaileak aldiz, gaurregungo gizarte horrek duen gaitzik terrorifikoena pintatu du: ISOLAMENDUA, atomizazioa, harea-ale bihurtzea gizakiok; eta guzti honen ondorioa den NEUROSIA. Zein beraren gotorlekuan sarturiko autista piloa pintatu zuen Hopperrek. Eta autisten gotorlekuko ormak, isiltasunezkoak dira. Isiltasun emankorretik urrun, hitz-hilik ageri dira Hopperren pertsonaiak, nahiz eta besterekin batera egon, bikoteak osatzen gehienetan. Agerian ez dagoen zeozer antzematen da haren lanetan, hots, atmosfera. Eta atmosfera hori, nik neuk, mehatxukor antzematen dut, nondik ez dakigula baina gaitzen bat bailetorkien pertsonaiei.

        ZEMAIKORKERIA hori berori antzeman bide zion Alfred Hitchcock ere Hopperren lanari, Psikosi filmako etxea pintorearen harako mihisetik hartu bait zuen, Trenbideaz harunzko etxea izenekotik, hain zuzen. Zinearen suspentse-dosiak inork baino hobeto sarrarazten jakin zuen maisuak beste zerbait ere ikasi zuen Hopperrengandik. Bulegoa gauez izeneko mihisea dago, Psikosi nola hasten den gogorarazten didana. Jefeak dirua bankuan sartzeko esan dio neskari. Zertan agindua bete, ordea, diru horrekin zoriontsua izateko bidea dagoenean? Hara berton hamaikatxo ipuinetako gakoa. Zerk eragozten digu gu ere aberats bihurtzea? Terroreak. Aberatsa eta pobrea ipuinari aurrejarri zaion ipuina da Psikosi filmekoa eta beste hainbestekoa. Diruak erre egiten du hatzetan. Eta zeharkako bidez baino ezbada ere, gaizkileak Herioaren eskua ezagutuko du lepoa odoletan uzten dioneko. Ez da maisuak Hopperrengandik ikasi zuen bakarra.

        LEIHO INDISKRETUA filma Hopperren mihisetan dago. Areago, Lynchen Velvet Blue filmea blaitzen duen atmosfera aditu uste izan dut New Yorkeko Zinemaretoa izenekoan ere. Egunerokotasunean sortzen eta hazten den terrorea maisuki gauzatu zuen Lynchek filmean, gero, tamalez, amaieraren bidez dena hondatu bazuen ere. Baina Hopperren izpiritukiderik trebeena Raymond Carver dugu.

        RAYMON CARVERen narrazioetako pertsonaiak arraza zurikoak dira, behe klasekoak, statusari ozta ozta eusten diotenak edota gainbehera etorritakoak. Ez du ezer berezirik kontatzen eta sarritan narrazioak amaiera barik utzi dituela ematen digu. Ez da hala, horregatio. Gure egunerokoan egiten direnak eurak dira ez hasiera ez amaiera zehatzik ez dutenak. Atmosferak du garrantzia Carverrenean.

        ATMOSFERA hori dela eta, zerbait itzela egingo dela usaintzen moduan irakurtzen dira haren narrazioak. Hurrengo lerroan gertatuko ote den gertatu beharrekoa, oteka goaz aurrera. Azkenean, ez da ezer egin, ez da ezer berezirik jazo. Eta hala ere artega gaude. Gure biziaren islada hotzak erakutsi digutelako ote gaude artega? Halaxe uste dut nik. Noizean behin, hala ere, gertaera garratzen bat ageri izaten da narrazioetan, krimenen bat edo. Baina krimenak berak ere ez du zio eragilerik.

        Gogaituaren kume da hona ekarri dudan Carverren hurrengo zatian ageri den krimena. Terrorearen goi gradua da Carverrek erakusten duena. Hiritar arrunta kriminal bihurtuta, alde aurreko planteamendurik batere gabe, biktima hautatu gabe, lekua hautatu gabe, halaxe dela eta, uneko ez dakigu zerk eraginda akatzaile. Ipuin guztiek porrot egin dutelako, tabuak aipaezinak direlako, estatua bera terrorista delako —sensu estrictu— Carverren pertsonaiek akatu egiten dute. Beraien herkideek ondo dakite akagaiak direna. Eta borreroa ez da beste inor izango auzokidea baino. Amerikar ametsaren porrota.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.