Mikel Belardi
Heriotza
Giltzapean bizitzeaz at
Heriotzarekin ere bizitzera
Ohitzen ari gara
Posible izanen ote den
Pakean egon baita heriotzarekin?
«Muerte natural»
«Muerte natural»a dela diote
Zertifikatu medikuek
Ez al dira konturatuko
Zortzi urte hemen barruan
Jada, herio mota bat denik?
Eskaratzea
Herrera kartzela izatetik
Eskaratzea izatera pasa da.
Denok itxoiten
Ea zein den hurrengoa.
Urruntasunean
Urruntasunean galdurik zu
Bakartasunean ni
Egun ta gauak
Bukaezinezko ibaiak.
Luzeegiak,
Luzeegia urruntasuna
Gogorregia bakartasuna
Itxurakeriazko mundu honetan
Zabortegiatik zehar
Zirrikatzen
Zure irudiaren oroitzapena
Lili bat
Argi distiratsua
Iluntasun nardagarri honetan.
Arras berdina
Goizean begiak ireki
Esnatu
Ta jakin ezbairik gabe
Gaurko eguna atzo bezalakoa izanen dela
Atzo herenegun bezalakoxea izan zen gisan.
Oheratu gauean, aldez aurretik jakinda
Biharko eguna ere arras berdina izanen dela
Hau al da bizitza?
Bizitza, non ez dudan edukiko ezta
Kasualidadez ere
Enkontru ustegaberik
Non ez naizen topatuko begi ilun horiekin
Non irudi susmagaitzik
Ez duten lekurik.
Bizitza ala bizi hotza ote den hau?
Eztakit, eta ez dut jakin nahi
Dakidana bakarrik hauxe da:
Hau dela ene bizitza
Ez gehiago, ez guttiago.
Malkoak datozkit
Malkoak datozkit
Zure gorputz ezezaguna
Muxukatu ez dudalakotz
Ez dut muxukatu zure gorputz ezezagunik
Eta horrexegatik diot:
Malkoak datozkit.
Eta ene malkoek zure ezpainak bustitzen dituzte
Nereak lehorrak daudelako
Bai, lehorrak zuretzat.
Hainbeste maite zintudan bezala
Ez dut gehiago maitatuko
Utz nazazu pakean
Ene bakartasunean
Gure amodioak, ibai baten antzera
Adio esan digulako.
Eta ene malkoek zure ezpainak bustitzen zituzten
Nereak lehorrak zeudelako
Bai, lehorrak zuretzat.
|