L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Subitoan atera jo zuten

 

Joseba Sarrionandia

 

        ESTATU POLIZIAKOA

        Polizia furgoi bat kausitu genuen kalean trabes jarrita, kontrolerako lez. Gelditu gabe espaloian aurrera, kale kantoian bi polizia zeuden uniformez jantzirik, metrailetak besoetan. Beren aintzinetik pasatu ginen. Kalea zeharkatzean paisanozko bi erreparatu genituen auto gorriaren barruan. Beste espaloira iristean haietako bat autotik irten eta, esku bat gerriaren atzekaldean, identitate karneta eskatu zigun. Goitik behera arakatu ginduen, erakutsi genizkion dokumenduak xeheki errebisatu eta hitzik ahozkatu gabe, dena ondo, segi, agindu zigun keinu motzez.

        Auto gehienen bi aldeetara polizia irakur zitekeen letra beltz handitan. Eta letrerorik gabeko kotxeak ere ezagun zen poliziarenak zirela, autoak kamuflatu arren polizien begiratu ilunak nabarmenak zirelako. Horrela ezin zen han bizi, ihes egin beharko genuen.

        Auto bat aldamenean gelditu zitzaigun, adats luzeko errubia bat bolantean. Igon ginen eta geure etxerantz inguratzeko erregutu genion, hiriaren parte setiatu haretatik irten beharra genuela. Irribarre egin zuen, «setiatu» hitza amatiar errepikatuz, kale kantoi batzu aurrerago autoa frenatu arte. Poliziaren gomendioa da, esan zuen, «polizia» hitza lehenxeago «setiatu» bezala ahozkatuz, ezezagunen batek autora igotzeko edo berarekin joateko esaten badizu poliziaren gomendioa ukatzea da, esan zuen, bere ezkerreko bular oparoak hestutzen zuen boltsilotik polizia karneta atera, erakutsi eta jeisteko agindu orduko.

        Oinez abiatu ginen etxea errefusiatu guran. Publizitate afitxeetan POLIZIA irakur zitekeen, denda eskaparateetan poliziaren telefono zenbaki desberdinen zerrendak zeuden, lurrean abandonaturiko kazeta orrialdeetan han hemenka polizia aipatzen zen. Berandu ailegatu ginen etxera.

        Salan telebista biztu genuenean filme poliziako bat ematen ari ziren. Beste kateetan ere beste filme poliziako batzu. Izutzen hasi ginen.

        Subitoan atera jo zuten. Ireki genuelarik, polizia zen. Arrestatuko ginduztela uste genuen, besoak altxaerazi eta hormari begira jarrerazi ginduzten, baina apartamendu guzia errekistatu ondoren, gomendio bat besterik ez ziguten eman.

        «Ezer oker edo susmagarria antzemanez gero» esan zigun polizia harek «deitu poliziari».

 

        EUSKAL AMEN AIENAK

        1975 urtean euskal presoen amek kalera, independentzia oihukatzen zuten gazteekin, beren semealaben askatasuna erregutzera irten eta, begiak ubeldurik, ai ene! esaten zuten. 1939 urtean euskal amek, atxilotuen alde otoitz egiten zuten, aieneka, edozein estaziotan Espainiako mapari begira. 1918 urtean Champagne, Artois, Aisne, Vosgues eta Verdungo trintxeretan presoner eroritako euskal soldadoen amak, ai ene! errepikatuz, beren semeen biziaz galdezka zebiltzan harat honat. 1835 urtean euskal amak baserriak utzi eta gerla karlistetan galduriko mutilen bila ibili ziren, begiak ur eginda, jauregi zurietan atea joz, jauregi beltzetan atea joz. 1794 urtean Sara, Azkain, Itxasu, Ezpeleta, Ainhoa eta Zuraideko amek, euskal herrien zorigaitzeko fatua Landetako paduretaraino kargatu zuten. 1661 urtean Frantziako Louis XIV sari-soldadoek bentzuturiko xiberotarren amek beren semealaba hilen haragia bilatzen zuten bidegurutzetan, beren semealabentzako barkamena otoizten zuten Lextarreko gazteluaren bortapean aieneka. 1512 urtean Tuteran eta Iruñan Espainiako Fernando Katolikoak menderaturiko nafarren amek, beren ahaideentzako bizia eskatzen zuten. 1444urteanDurangoko enparantzan erreketarako egur pilatuei begira, euskal herese kondenatuen amek, ai ene!, beren semealaba egur piloen gainean estekatuei begira, ai ene! xuxurlatu zuten ikara batean. 824 urtean, beren haurrak bata besteari loturik musulmanek hegoalderuntz eraman zituztelarik, euskaldun amak ai ene! kexatzen ziren hegoalderunzko bidegurutzetan. 672 urtean euskal amek Wamba erregeak uztarpeturiko semealabak gogoanezkutatzen zituzten, semealabak gazteagoak galtzeko beldurrez. 384 urtean, Honorius enperadorearen menpean, Lapurdum portuan kateaztaturiko euskal neska mutilen amek beren umeen libertateagatik bildu ziren nasetan, itsasoa elikatzeko lain negarrez, haizea bultzatzeko lain hasperenez.

        Eta orain, historiaurrean, euskal presoen amek, polizia antidisturbioek tiroka eta kolpeka beren semealaben erretratuak bularretik erauzten dizkietelarik, ai ene! esaten dute atsekabean.

 

        BILTZARRA

        Biltzarrean bildu ginen. Mundua geroago eta okerrago dihoala, gizartea justiziarik eta askatasunik gabe antolaturik dagoela, inguru naturala geroago eta hondatzenago, eta inoiz denok hobeto bizitzeko esperantzak ahitzen ari direla, eta biltzarrean bildu ginen, konponbideen bilaketan guk ere munduko biztanle lez derrigorrez parte hartu behar genuelakoan.

        Biltzarrean azterketa zuhurrak, eztabaida sakonak etaproposamen egokiak egin ziren. Akordio pila bat hartu genuen eta, nork zer egin beharko zuen erabakitzen ari ginela, ustekabean, erozaina heldu zen, jolas denbora bukatua zela, eta banan bana bakoitza bere gelara sartu ginduen.

 

        TORTURA LEKUA

        Kuartelaren aurreko kaletik pasatzen zen bidaztiak ez zituen, edozein bihotz martxika humoa lez erdibituko luketen oihuak aditu?

        Auzokoak ez ziren goizaldeko zaratarekin esnatu, putaetxeko musika eta azantza zela uste zutelako, edo ohiturik zeudelako, edo auskalo?

        Kazetariak ez zuen biharamuneko artikulua idazterakoan, Le Monde diplomatique hartu eta kopiatuko zuena, lehen zirriborroko orriak hautsita, gaiz aldatu?

        Turistak ez zuen deus latzik susmatu bere subenir esplorazio dorpean?

        Apezak ez zuen ezer entzun, sakratuaz gainera, aitagureen eta organoaren soinu artean?

        Futbolzaleek ez zuten goooolagatik salto egin eta kuxkurtzen zelarik oihurik entzun?

        Alderdikideak ez zuen bere alderdi aldizkaria besterik irakurri egun oharkabe horretan eta hurrengoetan?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.