Nik ez nuen nahi
Mikel Elorza
Gela bat. Antzeztokiaren eskuinean kanporantz irekitzen den atea eta haren parean mahaia eta aulkia. Mahai gainean paper, boligrafo... atzealdea ilun. Mahai gainean, horman, Lehendakariaren argazkia. (Zein lehendakari den ez du gehiago axola, argazki hauen zeregin eta autoritatea, gaur egun, eskegitzen diren gurutzeena bezalakoxea da: tarteka hautsa kendu, printzipio hausgaitzak dituztenek gurtu edo momentuz kendu, diana lana egin... Kaso, benetan, ez die inork egiten). Itzaletan dagoen aldetik pertsona baten arnas lasaia entzuten da, lo dagoenarena.
1.547 AGENTEA: (Ametsetan egindako oihua). Nik ez nuen nahi! (Ilunpean zigarroa piztu eta argitara aterako da, trajez jantzita, dotore baina urduri. Zapiaz kopetako izerdia lehortuko du. Korbata lasaitu, zigarroaz bestea piztu, eta alde batetik bestera oinez hasiko da). Hiru gau igoal, amets bera, ez da posible hau neri gertatzea; nik daukadan indar eta prestaketa fisikoa duen bati. Ea, nola esan zidan Saileko medikuak. (Pausa. Hamar bat aldiz arnasa sakon hartuko du). Ni ez naiz erruduna, berak ni akabatu nahi ninduen, nere burua defendatzea besterik ez nuen egin. Legea eta arrazoia nere alde zeuden. Bera hiltzaile kupidagabea zen eta txikitu nahi ninduen. Merezia zeukan, haurrak ere hil ditu. Lasai nago, ez dut arazorik, lasai nago. (Oinez hasiko da berriro). Lasaitu naiz apur bat, eskerrak, bai gustora edango nukeena trago eder bat, zera, egun hauetan ez edateko mediku aluak, kontrola galduko banu bezala. Ez ote da konturatzen horretara prestatuta gaudela hain zuzen, kontrola ez galtzera, gure nerbioak menperatzera? (Zailtasun nabarmenak beste zigarro bat pizteko; haserretu eta bota). Kakazaharra, gela madarikatu honetan zain egon behar hau. (Esku eta kopetako izerdia lehortuko du). Berodago gainera. Ez gau hartan bezala, orduan ez zen berorik, ez medikurik, ez inor; Xabier eta biok besterik ez. Xabier, beno, terrorista esan beharko nuke, hala dio medikuak... baina gela honetan bakarrik egonik. Xabier kotxetik irteten eta ihesean. Tiro hotsak. Bapatean isiltasuna, Xabierren gorpu hila. (Eskuei begiratu, igurtzi eta galtzetan lehortuko ditu). Eta eskuetako izerdia ordundik ezin kendu, kulata hotzaren beroa, kixkali egiten zuen pistolak.
Kakazaharra! Kontrolatu egin behar naiz, ezingo naiz horrela aurkeztu. (Ate aldamenean eskuak horman jarri eta burumakur paretaren aurka ostikoka hasiko da. Gero eta ostikada handiagoak). Nola kendu baina burutik? Medikuarentzat erraza da, berak ez du Xabier txikitandik ezagutzen, ez da bera mendian harekin ibilitakoa, ez ditu hark festetan pasadizuak bizi izan, neskatan egindako estreineko saiakerek ez zuten bera lagun. (Ozenago). Ni bai ordea. (Hormatik aldendu kolpetik eta itxura txukundu). Ez, ez naiz horretan jausi behar, iraganak ez nau itsustu behar, «harri erabiliak ez du goroldiorik biltzen» esaten zuen Xabierren amak berak, eta egia da. Berak hartu zuen okerreko bidea, berazegoen erratua; eznionnikdeus ere komentatu saltsa horietan sartzen hasi zenean, baina banekien ez zuela atarramendu onik aterako. Orduan oraindik elkarri kaso egiten genion. Gero gerokoak. Izan ere, Marianek badaki zein arazo izan nituen Gorpuan sartzean, ederki asko daki zein gaizki pasatu nuen zeren eta hau ez bait zen nik amestutako bidea, hona zirkunstantziek ekarri nindutela bistakoa da, eta, gainera, inork ez zidan esan honela buka nezakeenik. Jakina guztioi etorri zaigula irudia burura, ezagun da egoera zailak denoi tokatuko zaizkigula noizbait lan honetan hasiz gero; baina ez al da egia, halaber, zerbitzua eskaintzen dugula, gure bizia askotan arriskatzen dugula? Zenbat istriputansalbatudugu jendea heriotzatik? Horiezzaigu aitortzen. Gogoratuko al da horretaz Marian? Ez, ziur ezetz, Xabierrekin ibiltzen hasi eta honi ere ideia horiek sartu dizkiote buruan, alegia, geu garela gaiztoak, geure erruz gertatu dela guztia, nik hil nuela Xabier... (Oso asaldatuta esan ditu azken hitzak. Hormaren kontra eseriko da burua eskuen artean ezkutatuz. Pausa baten ondoren baju). Ez nekien bera zenik, bizkarra baino ez nion ikusi, nik etsaia nuen mutiko hura, hil nahi ninduen. Nola jakin nezake ez zeramala armarik? Zergatik ez zen geratu altoa eman nionean? (Pausa. Erdi negarrez). Oso ilun zegoen, eta nahasia... (Zutitu eta aurreko hitz eta keinuak imintzioka gaitzetsiz, berriro bueltaka hasi eta zigarroa piztuko du). Ez, ez, ez. Lasai nadin eta gizalegez jokatu, laster etorriko da eta. Ezin diot horrelakorik esan, ezin dezaket bere salaketarik onartu, horrek ahultasuna erakutsiko luke, bereamarruetan eroriko nintzateke. Ez, ez, horixe da nahi dutena, ederki gogoratzen ditut Akademiako irakaspenak: «Bazter ezazue sentimendu oro zuen lanean. Zeuek Legea zarete, zuek duzue arrazoia. Terrorismoak bide guztiak erabiltzen ditu bere garroak hedatzeko, eta denetan tinko eutsi behar diozue. Ezin zarete ahul azaldu bestela etsaiak suntsituko zaituzte». Haren esanei jarraitzea baino ez dut egin, Legea bete, beste era batera esanda. Hor tronpatu nahi naute akaso? Hiltzailea naizela esango dit baina berak ere badaki eurak direla hiltzaileak, ezin du ahaztu ni Legeari atxikitzen natzaiola; eta Legea da demokrazian errespetatu beharrekoa, zeren eta demokrazian bait gaude, «hau Estatu demokratikoa da eta zuek, beraz, polizia demokratikoa» garbi esan ziguten Akademian zin egin genuenean. Bide zuzena erabili dut, ez apartekorik. «Terroristek ezein bide erabiliko dute gizarteari eraso egiteko, eta zuek berau demokraziaz defendatu behar duzue, gogorrena dela ere, egingo duzuen hori Demokrazia salbatzeagatik egingo bait duzue». Halaxe adierazi zigun talde berezietarako ikastaroan aleman hark, baita terroristek egiten dituztenak garbi erakutsi ere Marian, zuk ikusiko bazenitu... (Gero eta urduriago). Hala ere ez nintzen horraino iritsi, altoa eman nion eta berak ihesean segitu zuen atzera begiratu ere egin gabe, ezin nuen ikusi ilun hartan eskuetan zer zeraman. (Deseperatuta, ia oihukatzen). Ezin nuen jakin armarik ez zeramala, ez nekien Xabier zenik!
(Mahai atzeko aulkian eseriko da. Eseri baino erori. Isilunea zapiaz aurpegia lehortzen duen bitartean. Mahai gainera zuzenduko du begirada eta han dauden gauzekin eskuartean jolasten hasi baina konturatu gabe. Ordua begiratuko du). Berandutzen hasi da baina ez du lortuko, arratsalde osoa zain edukiagatik ere ez naiz urduri jarriko. Kontrol osoa dut. (Egiaztatzeko edo, eskuak eta bertan dabilkien boligrafoa luzatuko ditu. Dardara nabarmena da. Boligrafoa erortzen utzi eta paper mordoari erreparatuko dio). Ah, informea, hauxe erakutsiko diot, hemen garbi azaltzen dut gertatu zena; dena kontatzen dut, nik ez daukat ezkutatzekorik. Horrelako salaketek ez dute nere aurka balio, ongi egin ohi ditut gauzak, legez, ez beraiek legez. (Irribarrea atera zaio hitz jokoagatik).
Ikustagun, (Papera irakurtzen hasiko da, baina aurretik kirika egingo du egingo du aterantz inor ez dagoela ziurtatzearren) informea... autoa... espedientea... (Pausa. Harritu eta zutituko da). Eh, nola, hau ez da nik idatzitakoa. Zer demontre gertatu da hemen? Nork idatzi duhau? (Toki berean baina zutik irakurtzen hasiko da). «...hilabeteko ikerketek auto haren zelatan jarri gintuzten. Gau horretan, 11.30etan, autoa inguratu zuten zortzi agentek... bapatean eta 1.547 agentea kotxera hurbildu zelarik, barruan lehergailua maneiatzen zebilen Xabier Ibarguren izeneko gazteak atea ireki eta autotik irten zuen korrika bizian Kale Nagusirantz abiatuz. 1.547 agenteak altoa eman zion hiru aldiz eta atzetik joan, baina terroristak kasorik egin ez eta, jiratuz, tiro egin zion agenteari. Honek, bere bizia arriskuan ikusita eta iheslariaren jarrera errepikakorraren aurrean, bere arauzko arma erabiliz tiroketari erantzun egin zion. Tiroetako batek terrorista jo zuen...». (Pausa. Irakurketatik burua mantso goratuko du). Ez dut ulertzen, nik ez dut hala gogoratzen, Xabier kotxetik atera eta berehala... eta lehergailuarena... armarik ez nion aurkitu... ez dakit. (Irakurtzen jarraituko du harrituta. Eseri eta aurpegia alaituko zaio bapatean). Hara, «beraz, eta besteena defendatzeko bere bizia jokoan jartzeko zalantza izpirik izan ez eta erakutsi zuen adorea kontuan hartuz, 1.547 agentea proposatu nahi dut sarjento kargurako». (Papera utzi eta, lasai, gorputza aulkian 'hedatzen' utzi eta jarraituko du, pozik). Beno, ongi pentsatuta, hango iluna eta anabasa handia zen, ez dago zehatz jakiterik jazotakoa. Gainera asko ginen eta komisarioak denona batuta osatuko zuen informea eta, batek daki... ez dago batere gaizki, sarjento, 26 urterekin. 35 baino lehen komisario nagusi izan naiteke honela segituz gero.
(Jaiki eta oinez hasiko da, zigarroa piztu eta kea lasai botaz). Lasaiago nago orain, egoera kontrolpean daukat. Oraintxe etorriko da, informean dagoena azalduko diot, denbora pixkat beharko du baina ulertuko du, denborak zauri guztiak sendatzen ditu. Froga guztiek horixe erakusten dute, ikusiko du arrunt engainatua dagoela. (Pausa). Egia da ez duela gorpua ikusteko aukerarik izan baina hori, nolanahi ere, burokrazia kontua da, forense eta peritoen gauzak. Ez du hori nere aurka erabiliko, badaki ni izatea kasualitatea baino ez dela izan, zeren eta, azken batean, nik ez neukan lan honetan hasteko asmorik, gainera aspaldidanik nabil uztekotan, beste zerbaiten bila, langabezian nengoela... nahiz eta sarjento izateak abantail handiak dituen, hori ere egia da. Oraindik ez naute izendatu, baina informean komisarioak aipatzen badu. Haatik... (Korrika papera ikustera joango da) bai, nere zenbakia da, neu naiz 1.547 agentea. (Pausa. Ordua begiratuko du. Urduriago hasiko da hizketan). Bai, neu naiz... Xabier hil zuena, eta orain azalpenak, alferrik sarjentoak eta sarjento ondoak. (Oihuka). Noiz ostia etorriko da? Zer nahi ote du nigandik? (Isilunea. Gero eta bajuago, psikikoki amilduta eta mahaian bizkarra etzanik). Denak aurka dauzkat, jendeari laguntzeko sartu nintzen hemen, eurak bultzatu naute honaino iristera, ni Xabierren laguna nintzen, nik ez nuen nahi... (Atea joko dute kanpotik. Kolpeek infernuko oihartzunen eragina izango dute agentearengan. Zutitu eta oso artega, bere burua atontzen saiatuko da: zapiaz lehortu, jantzia konpondu, eskuak igurtzi, urruma egin. Atea irekiko du poliki). Arratsaldeon Marian, zera, Xabierrena istripua izan da, badakizu...
|