L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

E. Lopez Adan 'Beltza'

«Ezinaren konstatazio izan zen 'Euskadi 1984' hura»

 

Iñigo Aranbarri

 

        Analista politiko bezala ezagunagoa baldin bada ere, argitaratu eta urteetara oraindik hizpidera ateratzen den «Euskadi 1984» haren egile dugu Emilio Lopez Adan 'Beltza'. Bertan agertzen ziren zenbait pasarte gerora beteta ikusteak gehiago gizendu dio begizorrotz izena. Tesi nobelatua zen berea. Errealitatea, fikzioa eta analisi politikoaren artean, zenbaitetan literaturaren muga-mugan dagoen genero honek ez du ordea titulu askorik gurean. Garaiak agian. Arriskua eta saria. Argitaratu zenetik hamahiru urtera, liburu hark zabaldu zion bidea solasaldiari. Uztarri bereko izan dira politika ikuspegia eta literatura hortik aurrera.

 

        — Hamahiru urte badira «Euskadi 1984» idatzi zenuela.

        — Liburu hau idatzi nuenean nere ideia zen iraultza egiteko eredua agortua zela, eta hala eta guztiz ere iraultza egiteko beharra bazela eta izango zela. Kontradizioa hori zen. Eta, hain zuzen, iraultza egiteko modeloaren oinarrian bi eredu ziren, libertarioa eta marxista-leninista, eta gero gure eredu prezisoa, Euskal Herrian ETAren inguruan lotzen dena. Hiruren aurkezpena egin nahi nuen, ezinaren konstatazioan bukatzeko. Liburua Walter Benjaminen aipamen batekin bukatzen da: «Ezinaren ezinean gauzatzen dela, hain zuzen, aurrera jotzeko posibilitate bakarra». Bainan bide berrietan urratu baino lehen ezinaren kontzientzia hartu behar da. Neretzat hor zen problema: ezinaren erakustea eta bide berrietan jarraitzeko etika iraultzailearen beharra azpimarratzea, injustiziak eta bestek iraunen duteno erantzuna etika zorrotz eta sakon batetan finkatua egon beharko zela. Liburu hura politika-fikzioa zen, nahi bada, baina sobera ideologikoa zen.

        — 1978an idatzia, 79an argitaratua... Nola lotzen du garai hartan euskaraz egiten zen narratibarekin?

        — Lotura, izatekotan, ez soilki euskarazko narratibarekin bainan genero narratibo osoarekin luke. Lehen gauza da ea zergatik hautatu nuen forma narratiboa. Iruditu zitzaidan esan nahi nuena azaltzeko txapa teorikoa botatzea ez zela egokia izango, ez eta ulertua ere. Batez ere guregan diren bi elementu bereziengatik. Bat da daramagun erritmo politiko propioa, hau da, Hego Euskal Herriak ez daukala Europak daukan erritmo berbera. Liburua idatzi nuenean desfaseak arrazoin zehatzak zituen: Frankismoaren krisia, horrek zekarren esperantza, besteak beste... 70tik 82ra arte irauten du itxaropen iraultzailearen mugimendu handiak Euskal Herrian... Horrek nolabait optimismo historiko eta ideologikoa ematen zigun. Baina, neretzat, ikusirik Europan eta munduan gertatzen ari zena, garaitzeko itxaropenaren denborak joaten ari ziren eta erresistentzia ilun eta latzaren denboretan sartuko ginen laster: hori erakutsi behar zen.

        Bigarren elementua da gurean askotan konfunditzen direla ereduaren kritika eta pertsonaren kritika. Hau da, esaten dudanean eredua agortua dela, ETAren inguruan ari den ereduaz ari naiz bereziki. Honek ez du esan nahi ETAko militanteak kondenatzen, arbuiatzen edo mespretxatzen ari naizenik. Inondik ere, alderantziz baino. Bainan kritika estrategikoa eta kondena pertsonala konfunditzen dira, eta testu teoriko batetan ereduaren kritika ez dela pertsonen arbuiatzea esatea, oso hotza gelditzen da. Fikzio batetan, berriz, erakus dezakezu jende honekin daukazun sinpatia, ahaidetasuna. Mezu bikoitza zen: ezkorra eta baikorra. Eredua agortu da baina hemen borroka egiteko gogo eta beharra biziak dira. Honahemen zergaitik hautatu nuen forma narratiboa.

        Beste alde batetik garai hartako literaturan liburu batzuek hunkitu ninduten. Adibidez Saizarbitoriaren «Ehun Metro»k: segur aski distantzia batekin idatzia zelako. Distantzia honek sinesgarritasuna ematen zion pertsonaiari. Distantziak ez du desaxolamendua esan nahi; begira Koldo Izagirre: konprometitua den idazlea da, bainan haren lanetan holako distantzia ikusten da, gauza inportantea da. Ez dut bat ere dudatzen Koldo non den, eta, adibidez, bere filmean, «Off-eko Maitasuna»n, den mezua egiatia, hunkigarria, iruditu zait, eta egin dizkioten kritika «militanteak» itsusiak dira, ez daukate sinesgarritasunik. Holako gauzak beharrezkoak dira guregan. Ondo idatziak daudenean plazer iturria dira eta, gainera, mezua pasarazteko gaitasuna daukate. Neri ere «Euskadi 1984» idatzi nuenean iruditu zitzaidan Euskal Herriaren egoeraz fikzioan mintzatu zitekeela.

        — Oso garaiko produktua da estiloan ere, pastixa, genero nahasketa... Hiru zati ditu eta hiruren erritmoa, arnasa, baliabideak oso ezberdinak dira.

        — Horrek zerikusi handia du garai hartan izaten (edo nozitzen) nituen eragin literarioekin. Orain zerbait idatziko banu askoz linealagoa egingo nuke, funtzionalagoa. Nouveau roman-a hurbila nuen, eta bereziki Hegoameriketako eta Espainiako idazle «konplikatuek» liluratzen ninduten: Lezama Lima, Benet, Carlos Fuentes, Sabato...; Cortazaren «Rayuela»k inpresionatu ninduen, bainan «El libro de Manuel» bezalako eredua hartzea hobeki izango zela pentsatu dut askotan.

        — Mezua oso humanista zen baina ironia gutxirekin.

        — Beharbada ironiak distantzia handiagoa eskatzen duelako. Euskal literatura «engagée» deitzen den horretan oso ironia gutxi dago, garaiko liburuetan eta orain ere. Baina ikusi egin behar da ea guhaurrek, esan nahi dut gure burua jarrera iraultzaileekin identifikatzen dugunok, ironia erabiltzeko gai garen. Zeren ironia errazago bait zaio kanpotik idazten duenari. Beste esfera batetan sartzen da, irri egiten du askoz errazago. Behar bada errezago gureganatuko genuke zinismoa ironia baino.

        — Orwell nahitaez aipatu beharko dugu.

        — 84 eman banuen horregatik zen, 84a hurbil zelako. Erreferentzia zen Orwellekiko. Honela erakutsi nahi nuen narrazio edo fikzio gisa mintzatuko nintzela politikaz. Baina Orwellena oso diferentea da. Orwellek eredu totalitarioen kritika egiten du, oso modu zuzenean. Asko erakutsi digu. Baina ez dut uste jarrera iraultzaile alternatibo batek aurrera jo zezan idatzi zuenik. Nere liburuak, berriz, bazuen gogoa ereduaren kritika eginez ateak zabalik uzteko eta zanpatzen gaituen sistema kapitalista ere kritikatzen zuen, etsai nagusia hori zelako, eta delako. Orwellen gertatzen ez dena.

        — Orwellek gainera gerora begira idazten du, ez?

        — Horrek badu zer ikusirik Orwellen ikuspegiarekin, sistema totalitarioek asko iraungo dutenaren sinestearekin alegia, sistema totalitarioak indar handia eta irauteko logika zituelako. Errealitateak hori deuseztatu du. Bainan nere aldetik ez nuen idatzi biharko egunekoentzat, oraingo irakurleentzat baizik. Halere, ikuspegi politiko zehatz bati loturiko mezu politiko astuna pasa nahi baldin bada, mezua ez da pasako. Hain zuzen balore iraultzaile tradizionalak kalean ez direlako. Irakurle batek buruan dituen baloreekin irakurtzen du, eta mezua ulertzeko klabeen jabea ez bada, ez du ulertuko. Nobela ez da demostrazio bat.

        — Sujetoa ere aldatu egiten da. Zurean ez dago, ez bada kolektibitate oso bat.

        — Hori da, ez da benetan sujetorik eta jendea izendatzen da letrekin, inizialekin... Hain zuzen sujeto kolektiboez ari nintzela erakutsi nahi nuen. Horrek noski, indar dramatikoa galarazten dio. Horregatik ez dakit ze generotan sar daitekeen: indar dramatiko pertsonala galdurik ez daiteke nobelaz mintzatu.

        — Politika-literaturaz ari garenez, non ikusten dizkiozu hariak? Ze ez da mende honetan sortutako generoa.

        — Politikaz hitz egiteko fikzioa hasiera hasieratik erabilia izan da. Platonengan, Atenas eta Atlantida kontrajartzen ditunenean, holako zerbait aurki daiteke. Gizartea nola izan behar den zehazteko ez dagoen erresuma batez mintzatzen bada, fikzioa egiten ari da. Fikzioa, gainera, mezu politiko bat pasa arazteko. Era filosofiko edo sistematiko batez egin daiteke... Hor dugu Utopiaren tradizioa eta bereziki Berpizkundeko Utopiak. Utopiaz hitz egin duten gehienek fikzioa erabili dute, eta askotan xehetasun handiarekin deskribatu dituzte gizartea eta politika idealak: Rabelais, More, Campanella, izen ezagunak dira. Narrazioak direla ez dut esango. Narrazioaren gostua, kritika sozial eta politikoari lotua, satiran bereziki aurki daiteke. Espainiako Urrezko Gizaldia eta Frantziako tradizioa hurbilak zaizkigu: askotan nobela gisa idatzi dira. Nik uste denok disfrutatu egin dugula «Candide» irakurtzen eta nere garapen literario eta politikoan «Charlie-Hebdo»k izandako eragina aitortu behar dut.

        Gero bada beste hari bat. Totalitarioa den sistema baten azpian fikzioak eskaintzen duen zentsura inguratzeko posibilitatea. Soviet Batasunean, eman dezagun, bada literatura politiko handia, fikzio gisa idatzia eta oso sakona, genero honentzat Errusiak duen tradizio berezian finkatua.

        — Kafkaren bidea «Prozesua»n bestelakoa da.

        — Kafka diferentea iruditzen zait. Ez dakit noraino «Prozesua»n, adibidez, dagoen kritika politiko bat. Errealitate politiko bat ispilatzen du: burokraziarena, burokrazia ulertezin eta kontrolagaitzarena... Ez dakit noraino egiten duen sistema judizial eta politikoaren kritika edo ikusi egin dituen gauza horietaz baliatzen den beste problema askoz pertsonalagoa, harentzant latzagoa, aterazteko. Hau da, bere jarrera bizitzaren absurdoari buruz. Kafkan zeozer enigmatikoa dago; bainan «1984»ko nere pertsonaia J.Z. deitzen da; «Prozesua»rena Josef K. Eraginak bere bideak ditu, nonbait.

        Bestalde Austria-Hungarian badira nobela politikoak, ironia oso ongi maneiatzen dutenak, Musil adibidez, «Kualitaterik gabeko gizona». Hor ez dago dudarik, fikziozko Kakaniaren kritika ikaragarria dago, eta Kakania hori Austria-Hungaria da. Europako erdian dabilen hari satiriko sakon hori oso gustokoa dut: Dürenmatt, Thomas Bernhard, adibidez. Berriz, demostrazioari oso modu hurbil eta konbentzionalez lotzen diren idazleek indarra galtzen dute: Mendearen hasieran jarraitzeko, hor daukazue Döblin. «Berlin Alexanderplatz» liburu miresgarria da, bainan espartakisten sarraskiaz eta, oro har, 1918ko Alemaniaz idatzi zuen serie osoa kasik fresko historiko konbentzionala da. Sistemaren krueldadea erakusteko hiperrealismo satirikoa efikazago da: George Groszen marrazkiek, nere ustez, Brechten antzerkiak baino hobeki iraunen dute.

        — Nobela beltz amerikarretik ia dokumentu historikoraino doan generoa da beraz.

        — Fikzioa eta politika ez dira beti modu zuzenean lotzen. Soviet

Batasunean, adibidez, liburu politikoak idatzi izan dira fikzio gisa, eta liburu politikoak dira, handitasun berezia dutenak. Bere denboretan

Soljenitsin aurkikuntza handia izan zen neretzat. Bere baloreak ez dira inondik ere nereak, baina sistema kartzelario eta errepresioari buruz egiten duen deskribapena benetan ikaragarria da. Halere, Soviet Batasunean gehien mirestu ditudan idazleak erromatizismo iraultzailaren ondorengoak izan dira: esan nahi dut, sistema estalinista kritikatzen zutela, bainan Soviet Batasuna oratu zuen iraultzaz sinestuta, estalinismoaren azpian ere iraultzaren baloreak aintzinarazteko borondatearekin. Adibidez hor da lisenkismoari buruz Dudintsev-ek idatzi duen «Maindire xuriak». Oso liburu polita da, handia, balore iraultzaileen eta estalinismoaren arteko kontradizioa garbi erakusten duena. Beste molde batean «Arbathen haurrak», Rivakov-ena, guztiz argigarria da ere. Ez dut uste oso iraultzailea denik, baina barneko sistema nolakoa zen deskribatzeko balio zuzena du.

        Ameriketan ez zait iruditzen gauza bera denik. Bada kritika soziala, depresio inguruan hor da Steinbeck, «Haserrezko mahatsak»en bada kritika sozial zorrotza. Dos Passos ere sistemaren kritiko gisa irakur daiteke...: iraultzailea? Nik dakita: «Manhattan Transfer» irakurriz gero gelditzen zaizun sumindura iraultzaren kontzeptua baino zabalagoa da. Baina, genero bezala, Ameriketan nobela beltza preziatu dut bereziki. Eta ez garai haietakoa bakarrik, oraingoa ere bai. Sistemaren gordintasuna ematen digulako izango da. Aurten Los Angeleseko gertaerak izan direla eta, «Dalia beltza» irakurri dugunontzat inongo sorpresarik ez da izan: Jamen Elrroyren liburuetan Los Angeleseko polizia agertzen da den bezala, bortitza, arrazista, ustela. Ez dut uste horrelako idazleetan mezu iraultzaile zuzenik dagoenik, baina gizartea salatzeko balio dute.

        Hammett, Chester Himes... ez zait iruditzen ustelkeria salatu nahi zutenik mezu iraultzailea pasarazteko. Errealitatea ikusten dute, hortik egiten dute fikzioa eta badakite egia esateak baduela garrantzia handia ekintzaren dramatizaziorako, sinesgarritasunerako. Oso prozedura literario baliagarria da. Egia iraultzailea omen da, beti. Baina hemen asmoa ez da politikoa. Aldiz idazle sovietarrengan intentzio politikoa nabarmena da. Badute hortarako tradizioa: Dostoievskin ere ideologiak leku guztiz handia dauka, giristinoa eta erreakzionarioa azken denboretan, baina eztabaida aberatsen bidez agertarazia, karga dramatiko sarkorra duten liburuetan: Jainkoa den ala ez den, demokrazia, Errusiaren lekua... Amerikanoetan ez da holakorik, edo gutxiago. Badute beste freskotasun bat, sakontasunaren kaltetan. Sovietikoen nobela poliziakoak, nik irakurri ditudanak behintzat, ahulagoak dira.

        — Frantzian Euskal Herriko egoeraz ere idatzi izan da.

        — Fikzioan badira bi liburu aski berriak, «Etxamendi» Florence Delay-rena eta 1982an Roger Faligot-ek idatzi zuen «Euskadi, la spirale». Faligot hau kontrainsurgentziaren teknika berriak salatu zituen lehendabizitakoen bat da. Faligoten «Euskadi,la spirale» horretan ETAko militanteak agertzen dira hemen Ipar Euskal Herrian: gudariak guztiz miresgarriak dira, eta etsaiak arrunt gaiztoak. Gure barne kontradizioak, edo borroka armatua hautatu dutenen dudamudak eta arazoak, ez dira esistitzen... Nik uste, Faligotek eta Florence Delayk ez dute kausitu. Bietan agertzen da oso sinpatia handia, eskertzekoa; baina Faligoten liburuak maoismoaren garaian agertzen ziren posterrak gogoratzen ditu, laborari txinetar sano eta barretsuak, esku batean atxurra, bestean fusila: gezurrezkoak. Eta Delayrena gida liburu bat bezala irakurtzen da, historia ahul batek garamatza euskal erresistentziaren leku esankorretan gaindi, bidaian. Eskertzekoak, baina ez irakurtzekoak.

        — Montalbanen saioa ere hor da.

        — Montalbanen irakurle fidela naiz. Carvalho neretzako oso heroi maitatua da. Montalbanek badu bere aintzinako balore politiko eta etikoekin fideltasuna. Eta ondo idazten du. «Galindez» liburua oso anizduna da. Euskal gizarteari buruz egiten duen deskrizioa klitxez beteta dago. Amurrioko baserria deskribatzen duenean, adibidez, bizimodua, etxekoandrea eta hizkuntza guztiz faltsuak dira: inposibleak. Montalbanek ez du euskal jende normala ezagutzen.

        — Distantziaren hutsak, historia berregitearena?

        — Urrundik begiratzen gaituzte askotan. Baina gero bada CIA eta PNVren arteko harremanen kritika historikoa egiten duenean, oso egiatia da: ez du gauza handirik deskubritzen eta esaten duen gehiena euskaldunek esana, idatzia eta publikatua genuen. Jakina, horrelako kalitate literarioarekin esanda ez, hori beste gauza bat da.

        — Politika-literaturari, ez iraganaz, datorrenaz baizik, ikusten diozu etorkizunik?

        — Mezu politikoa sartu nahi bada, urte beltzak ikusten dizkiot hortarako propio eginen den politika-fikzioari. Esate baterako, klasikoen artean, Sciacia dugu. Sciaciak sakontasun handia dauka. Baditu balore etikoak oso barnean sartuta eta bere obran beti azaltzen direnak. Balore horiek aktualitatean diren bitartean irakurketaren bi aldeak hartzen dira: dagoenaren kritika eta pasa arazi nahi duen esperantzazko mezua. Mezu etiko iraultzailea.

        Iraultzaren posibilitatea oso urrun gertatzen denean, bada arrisku handia irakurleak irakurketa unilaterala egin dezan. Nola mezu positiboaren gaiak ez diren airean, jendeak ez ditu bereganatzen: bakarrik ebidentea dena hartuko du. Gauden puntuan iruditzen zait askoz errazagoa dela mezurik gabeko nobela beltza egitea, hau da kritikaz bete, errealitatea den bezala esaten duena, baina inongo mezu positiboak gozatzen duen zinismoz betea. Eta errealitatea den bezala esatea nahikoa kritika da, zeren espektakuloaren politikan bizi bait gara denbora guzian. Errealitatea ezkutatzeko egiten den espektakulo hori hankaz gora botatzen du nobela beltzaren biolentziak.

        — Etikaz ari zara.

        — Dena den bada libertatea eta duintasuna lotzen dituen diskurtso ideologiko posiblea, iraunkorrak diren balore etikoekin lotuta, eta ez jarrera politiko prezisoekin estekatua. Kropotkinek berak bere azken urteak etika bat idazten pasa zuen, ez estrategia iraultzaileari buruz, etikaz baizik. Esan nahi dut balore etiko iraunkorrak sistema diferenteen gainetik pasatzen direla. Ematen du kantianoak bilakatzen ari garela. Eta garai batean kantiano izatea oso itsusia zen gure artean.

        — Beharbada orain da iragan hamarkadan kokatutako nobelak egiteko garaia.

        — Ez dakit. Nik aurten idatzia dut nobelatxo bat. Hain zuzen, protagonista ertzain da. Ertzaina beste edozein polizia bezalakoa, bere ustelkeriarekin, boteretsuen zerbitzutan... Hori guztia agertu nahi izan dut, ironia eta zinismoarekin, baina orain aipatu ditugun baloreen defentsetan. Nere lantxo honetan ETAko militanteek huts egiten dute, baina badute dignitate bat. Eta holako dignitatea ez datorkie estrategia politiko jakin batetik, baizik eta sistemaren aurrean daramaten erresistentziatik. Tesi politikoetatik aparte idatzi behar da sineskorra izateko. Honek ez du esan nahi ezin daitekeela tesi politiko bati lotuta idaztea, baina konbentzituengandik apartez sinesgarria izateko idazlea oso trebea izan beharko da.

        Iragan hamarkadan kokatutako nobelak aipatzeko hor da Txillardegiren «Exkixu», mezu bati lotuta oso. Horregatik, hain lotuta dago non iruditzen zaidan nobela hori lagungarri gertatzen zaiola hori irakurri nahi duenari, eta morala altxatzeko mesedea egiten diola; baina mugimenduan ez dagoenarentzatez ez da sineskorra. Ez da sineskorra ez tesi politiko gisa ez lan literario gisa. Sobera militante delako, nere ustez. Hainbeste markatu gaituen borroka armatuaren borrokari buruz apologia eta saldukeriaren artean balantzaka dabil idazlea: ez dut uste kausitu dugunik oraindik.

        Beharbada ez daukagu nahikoa distantzia. Beldur gara. Nik uste askotan galdetzen diogula gure buruari hau idatzi eta publikatuko banu zer sentituko lukete euren baitan gartzelan direnek, edo beren familiek?; gaur egun Euskal Herrian oso egoera larri eta gogorrean diren gure jendeek, zer sentituko dute? Ez dakit noraino mugatzen gaituen beldur honek. Espiritualki —gero teknikoki beste gauza bat da— erraza da Bitoriako funtzionariak eta ertzainak kritikatzea, sofritzen ari bait gara jende horien jukutrien azpian, eta zinizmoz bideratzen den mespretxuak okasione literarioak sortzen dituelako. Baina oso gogorra da gure narrazioetan ETAko militantea alferrik hil dela azaltzea, alferrik azpimarratua. Hainbeste jende ezagutzen dugu horrelako egoeran bizi dena. Eta bat batean zer sentituko du, tak, alferrik irakurtzean? Distantziaz hitz egiteko, egoera dramatiko honetatik atera egin beharko genuke. Idazle batzuek ateratzen dira, ni idazlea naiz esaten dute, nere etxean bizi naiz eta gizartea ikusi eta erreflejatzen dut nere jenioaren araueraz. Holako idazle mota Flaubert-en denboretan sortu zen, eta hortik hona idazlearen independentzia orokorra errespetatzea onartua izan da. Gurean ez dakit noraino onartua dugun —euskaraz idazten dutenez ari naiz—: ez dakit ez ote garen denok oso konprometituak sentitzen, kolektiboaren partea, lotuta oso jende konkretuarekin, izen eta abizendun jendearekin, haragizko jendearekin, besotik heldu dugun eta besarkatu dugun jendearekin.

        — Politika-literaturak ez du fikzio bera zanpatzen, ez al du errealitate berak mugatzen?

        — Idazleak jenioa badauka izanen du gaitasuna hori gainditzeko, edukin literario bat emateko. Gainera, fikzioaren mugak zabalkorrak dira eta fantasia oso baliagarria da mezua pasa arazteko. Fantasiaren erabiltzeak mezua beste sozietate edo beste garai batetan ezar dezake, bainan honek ez du mezu hori ez dela beharrezkoa edo egiatia esan nahi. Zerbaitetan pentsatzen ari naiz, hau da, komikian eta zientzia fikzioan.

        Politika-fikzioan Frantzian, Estatu Batuetan eta Bretaina Handian banda desinatuak dauka literaturak ez duen indarra: publiko handiak irakurtzen du eta grafismoak ikaragarri laguntzen du mezua argitzeko. Frantzian Santi, Tito & Bucquoy, Tardi, Varenne, Enki Bilal ditut gogoan. Bretaina Handian «V» adibidez, Alan Moore eta David Lloydena: Ingalaterran gertatzen da, errekurtso piktorikoak oso handiak dira... Faszismoaren eragina sozietatean, nola dominatzen duen kalea, mass medien errola Orwellen tradizioan bainan honetan eskuinaren totalismoari begira... Iduriak, imajinak... badu indar berezi bat. Enki Bilal-en kaleak, jende triste eta hitsak, polizia harroak bezala. Guzti hau agertarazteko komikia asmatu du. Hor bada politika fikzioarako eremu zabala. Ez da genero txiki bat askok nahi duten bezala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.