L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-29 / Polizia (1992-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Nestor Burma

 

Bego Montorio

 

        Pariseko 13. kartierrean ezagutu nuen. Belarri handiak zeuzkan, begiak lerro bat besterik ez gehienetan, eta pipa erretzen zuen, zezen buruaren itxurako pipa. Deitura, Burma. Nestor Burma, detektibe pribatua.

        Horretaz aparte ezer gutxi nekien orduan berataz. Belita izeneko ijitana batekin enamoratzen ari zela, eta bularrean «EZ JAINKO EZ JAUNIK» tatuaturik zuen agure baten heriotzaren inguruko zerbaitetan zebilela. Salpetrièreko ospitalean hila zen agurea eta, antza denez, Burmarekin hitzegin nahi izan zuen azken orduan. Detektibea, ordea, beranduegi abisatu zuten eta aintzinako ezagun anarkistekin zerikusirik zuen ixtorio nahasiarekin egin zuen topo. Horrela jakin nuen Burma anarkista izana zela, auzo hartan bertan, 13.ean, Tolbiac kalean bizi zen garaian.

        Gorabehera askoren ondoren Burmak Tolbiac-eko zubiaren kontua argitu zuen iraganeko hariei tiratuz, baina poz gutxi eman zion horrek. Azkenekoz ikusi nuenean gaizki zegoen, besoetan zuen Belita, hilik, besarkatzen zuen bitartean lehengusu urrun batek labankadaz hila. Ijitoen ohorea.

        Hori baino lehen Burma gertuagotik ezagutzeko aukera izan nuen. Tolbiac-eko ixtorioko anarkistak Burmaren ezagun zaharrak ziren, hamasei urte zituenean ezagutuak «Egoitza Bejetalianoa»n (bejetaliano, ez bejetarianoa, baina luzeegia litzateke hori kontatzea). Kontua da lo egiteko Parisen zegoen tokirik merkeena omen zela, eta horrexegatik, anarkista askoren biltokia. Burmak orduko kontu eta ezagunak agertarazi zizkidan, izaten zituzten eztabaidak, bizitzeko nola moldatzen ziren..., berak egunkariak oihuka saltzeko baimena zuen. Eta hogei urte baino gehiago pasata berriro ikustean, kuriosoa zen konturatzea nola mantentzen zen batzuengan etika anarkista, besteengan arrastorik ere ez zegoen bitartean.

        Place d'Italieko kafetegian, izkina egiten duen horretan, biltzen zen Faroux komisariarekin (polizien artean lagunik ez duen detektibeak ez du zereginik, anarkista izan ala ez), eta bertatik deitzen zion Covet kazetariari, informazio eske. A ze hirukotea! Arabiarrez ere hitzegiten zuen Aljeriako gerraren hastapen haietan, poliziak gertutik segitzen bait zuen haiekin zerikusirik zuen oro. Eta Burmari noizean behin Belitarengana alde egiten zion buruak. Udazken hotza zen, tristea.

        Esan dut hasiera batean Burmaren izena eta lanbidea baino ez nituela ezagutzen, baina ez da guztiz egia, aita bat gutxienik ezagutzen bait nion. Tardi komikigilea. Célinerekin batera gauaren azkenerainoko bidaian eraman ninduen tipo berbera zen orain 13. kartierrean barrena ibiltzen ninduena. Ohitura ere banuen horretarako eta, egia esan, beti gustatu zait Tardiren eskutik Parisetik paseatzea. Oraindik ere gogoan dut nola Austerlitzeko geltokitik gertu dagoen Museo Naturalera fisikoki sartu nintzen lehendabizikorako, ezaguna nuen. Tardiren Adèle Blac-Secek erakutsia zidan lehenago. Orain ostera, lagunekin ezagututako auzoaren beste ikuspegi batzuk dekubritzen nituen Tardiren zuri beltzean.

        Burmaren guraso bat beraz ezagutzen nuen, baina familia gehiago ere izango zuelakoan bila hasi nintzen eta familia argazki batek eman zidan datua, hantxe zeuden guraso biak, M. Tardi, M. Malet. Bigarrena ia larogei urteko gizona zen, ile zuriduna, betaurrekoduna, eta zezen-buru itxurako pipa zuen ezpainetan. M. Léo Malet, mende honetako lehen hamarkadan Montpellierren jaioa, hamasei urterekin fede anarkista bizitzera Parisera jo zuena eta Tolbiac kaleko «Egoitz bejetalianoan» bizi izan zena. Aitarekin parekotasun ugari zituen semeak, eta honek bezala «Commission paritaire de Vente des Journuax du soir à la criée»k emandako agiria izan zuen 1938an Léon Jean Malet-ek, geroago Léo Malet izango zenak.

        Sudurraren forma, belarri irtenak, gorpuzkera osoa Tardiri sor zion Burmak, baina izena (eta izana?) Maletek eman zion. Frantses petoa zenez izen frantsesa behar zuen, Nestor esaterako. Deiturarako urrunagora jo zuen, itzulpen akats batez baliatuz. Misteriozko nobela batetako bertsio frantsesean, Birmaniako izen ingelesa, Burma, itzuli ordez abizen bilakatu zuen itzultzaileak eta Maletek oso egoki eritzi zion semearen deiturarako.

        Horrela, apurka apurka, eta beti komikiaren eskutik, Maleten bizitza eta lana gehiago ezagutuz joan naiz, dela Tardiren irudietan dela komiki aldizkariek argitaraturiko elkarrizketetan. Horri esker jakin dut esaterako, anarkistaz gain surrealista ere izana dela Léo Malet, eta Magritte, Eluard, Breton etabarrekin biltzen zela Flore edo Cyrano tabernetan. Poema surrealistak eta panfleto libertarioak idazten zituen garai haietan, eta zenbait surrealistekin batera IV. Internazionaleko partaide zen «Parti ouvrier internationaliste»ra afiliatu zen. Gauza asko geratu zaizkio Maleti sasoi haietatik, Rudolf Klemet asasinaturiko dirigente troskistaren UNDERWOOD idazmakina eta horren azpiko Dalíren mahaiaz gain. Eta egun, mende osoaren ikuspegiarekin, XX. mendeko iraultza intelektual nagusiena egin zuen gizona André Breton izan zela baieztatzen du, segurantzia osoaz.

        Baina idazketa automatikoa eta poesiak utzi behar izan zituen Maletek... Alemaniatik bueltan.

        Gerra garaian ezagutu zuen Léo Maletek Alemania, Nestor Burmak «120, Geltoki kalea» abenturan bezalaxe. Biek ezagutu zuten konzentrazio eremu berbera, «Stalag-XB», eta biek izan zuten bertan preso berriak errejistratzeko lana. Baina stalagetik bueltan bide desberdinak hartzen dituzte Malet eta Burmanen bizitzek. Burma detektibe lanetara bueltatzen da, gerrak ezarritako black-out-aren ilunpeetara, soldadu alemanen artetik Frantzia okupatutik Frantzia «libre»rako bideetara.

        Maletek ostera, benetako gerraren erdian, ez zuen lehenagoko lanera itzultzerik, eta gainera laster semea izatekotan zegoen. Bizimodua nola edo hala atera egin behar zuen. Egoera horretan, aitaren beharrak eraginik, ikusi zuen argia Burmaren sasi-anaia zaharrenak, Johnny Metal detektibeak, Maletek ezizenez sinatu zituen nobeletako protagonistak. J. Metal, Ameriketan bizi zen, fantasiazko toki ezezagunetan, eta laster sortu zitzaion idazleari, Frantzian, benetako eszenario eta egoeratan, biziko zen pertsonaia sortzeko gogoa. Jateko dirua lortzeko idatzi behar zituen nobelak, jeneroko baldintzak kunplitu behar zituen, baina inork ezin zuen ukatu New Yorkeko bazter auzoak bezain ilun, hits eta krudelak izan zitezkeela naziek okupaturiko Pariseko kaleak. Johnny Metal bizitza luze eta oparoa izango zuen Nestor Burma detektibe frantsesa azaldu zen.

        Une eta inguru horretan kokatzen da «120, Geltoki kalea», zentsura arazoengatik (1943a zen!) «Stalag-ean hil zen gizona» izenburua eraman ezin izan zuena, Nestor Burma jaioberriaren lehen abentura. Ixtorio korapilatua da, detektibe on bati dagokion bezala, baina ez hori bakarrik. Burma paristarra alemanen okupaziopean dago, gerra Europa osoan, nazismoa... Dekoratu hautsa baino zerbait gehiago da hori dena «120, Geltoki kalea»n, soldaduek eta lapurrek, konzentrazio eremuek eta hilketek, poliziek eta estraperlistek, denek hartzen bait dute parte traman. Denak dira beharrezko.

        Eta zer esan Malet-Tardi bikotearen bertsioaz? Orriz orri agertzen zaigu nazi eta kolaborazionista frantsesen propaganda, Petain-en proklamak,... argien potentzia ere erraz imajinatzen da Tardiren marrazkietan. Uniformedunez betetako metroak, denda itxietako kartelak... dena jasotzen du Tardiren begiak. Bai eta kale pareta batetan itsasita dagoen kartel hau: Jacques Tardi deiturikoa heriotzera kondenatzen duen epaia. Alemanieraz eta frantsesez idatzia. Une batez ere filmean agertu nahi duen zinema zuzendariaren keinua.

        Urte asko pasa dira harrez gero, eta Burmak ere abentura ugari bizi izan ditu urte hauetan. Faroux komisaria eta Covet kazetaria lagun zituelarik, ia Pariseko auzo guztiak korritu ditu izkutuko zerbaiten bila, pipa ezpainetan, kopetilun. Badakit hortik ibili dena, baina orain oso gutxirarte ez dut berriro inon aurkitu. Pare bat urte izango dira, Parisen. Bixamuna izugarria zuen Burmak, iragan gauean gertatutakoa ezin gogoratuz zebilen eta txarrena zen hildakorik bazela tartean. Agian horregatik ez zion Malet aitari kontatu. Tardik ostera, bazekien, eta kontatu egin zuen Burmaren bixamuna, «Une geule de bois en plomb». Nik ezagutzen dudan Nestor Burmaren azken ibilera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.