L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-30 / Mugapean (1993-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez dago itzultzerik

 

Mikel Elorza

 

Maitatzerik ez, / ez dago itzultzerik. /

Eguna atean dago, / haize hotza dakar: /

ez da izango beste goizik.

Bertold Brecht.

 

Klaus, esna hadi, aldegiteko ordua duk. Hemen zegok 00.05eko trena».

        Tabernaria poliki hurbildu da beregana. Sorbaldan kolpetxoa jo eta gorpua zerraldo erori da lurra jotzean hots lehorra eginez. Aspaldi hoztutako kafeak ere mahaian ibilbide motela egin eta tantoka isuri da lurreko hilotzaren eskutik labaindutako pasaporte zimurtuaren gainera.

        Tabernaren bazterreko gitarrajole zaharra isildu egin da, leun, azken notak airean utziz. Bonbilaren argi mehean itzalak nagusitu dira. Nagiak ateratzen, iluntasunaren babesean gordetako zakurra ere hurbildu zaio, kafez bustitako eskua miazkatu eta bere txokora erretiratu da, tabernariak botatako ostikadatik ihesi.

        Eroritako katilua hartu, zapiaz lurra garbitu eta barrara itzuli da tabernaria. Bidean, mekanikoki, beste mahai batean utzitako zerbeza botila eta edalontzia jaso ditu. Dena harraskan utzita, zuritasuna aspaldi galdutako mantalean lehortu ditu eskuak. Gida zaharra atera eta telefonorantz abiatu da.

        «Banekien hementxe bukatuko zuela gizarajoak».

 

Istanbuleko Polizietxea

1992ko irailak 4

024/92

        GERTAKARIAK: Duela hiru egun, irailaren 1ean, deia jaso genuen Edirneko mugako tabernatik, bertan gizon bat hila zela, atzerritarra, eta haren ikertzera joan gintezen. Ozal eta Benieki agenteok bete genuen zerbitzua eta hauxe da, bertaratu eta dagozkion gestioak egin ondoren, gure jardunaren informea:

        Gaueko 12ak aldera deitu zigun tabernariak bertan istripu bat gertatu zela eta azal gintezen. Hara iritsita, taberna erdian lurrean zetzan pertsona bat ikusi genuen: hilda zegoen. Hildakoa atzerritarra da eta arazoa geure gain hartu genuen. Jarraian doaz momentuan lortu genituen informazioak:

        Hildakoa: Klaus Geibbels, alemaniarra, 48 urtekoa. Gizon bikaina, baina oso ihar eta itxura zaharrekoa, beltzarana. Galtza eta jakak alemanak, grisak, alkandora txuria. Gainean zeramatzanak: urrezko Rolex ordularia, gutun sorta bat, Winston zigarro paketea, 800 lira, J.D. inizialak dituen zilarrezko txiskeroa eta Judith Debinzkyren izenean dagoen pasaportea, dena zimurtuta eta zikina (esku eskuinean estututa zeukan; Benieki agenteak kentzeko hatz bat hautsi behar izan zion).

        Mediku forentsearen behin-betiko informerik ez badago ere, estreineko gainetikako azterketa baten ondoren —gorpuaren posizioak eta istripuaren bat-batekotasunak hala adierazten dute—, pentsa liteke heriotzaren zioa pozoiketa izan dela. Zein motatako pozoia izan den ezin da oraingoz zehaztu.

        Mugako ostatuko tabernariak, gertakaria gaztigatu ziguna eta lekuko bakarrak adierazi digunez, azken sei hilabeteetan egunero azaltzen omen zen tabernara, goizean goiz, eta gaueko trenera arte tabernan itxaron zetozen trenei leihotik begira. Zigarroak erre eta kafea hartzea zen egunean zehar egiten zuen bakarra. Tabernariak uste du norbait edo zerbaiten zain zegoela. Ez digu xehetasun gehiagorik eman (bere datuak behar izanez gero, informearen eranskinarekin batera doaz; baita han egoten den agure batenak ere. Honen adierazpenik ez dugu jaso; ez zuen ezer ikusterik izan, itsua baita).

 

Istanbul, 1992ko maiatza.

        Judith maitea:

        Egunero itzultzen naiz maitatu zintudan geltoki honetara, mugara. Arratsaldero edaten dut kafea eta burua galdu gitarraren doinu lausotuen besoetan. Hementxe ikusi zintudan aurreneko aldiz, soineko urdinez jantzia, tea eskatzen hitz egiten zenuen aleman kaxkar horretan. Zure begietan bizitasuna nabaritu nuen, premia, bizitza instant bat besterik izangoez balitz bezala. Halaxemaitatugenuen elkar. Fugazki. Ez dakit ni maitatzera ere iritsi ote zinen. Momentua maitatu zenuen, unea. Unea eta ezkutuko jardun isilaren misterioa. Hitzik gabe. Zertarako hitz egin dena esanda dagoenean? Zein hizkuntza hobea begirada eta laztanena baino?

        Nora joan zara? Ez naiz ausartzen zuregana joatera, ez zenidan zure arimaren atea zabaldu, gorputzarena baizik. Baina hura ere joan zitzaidan eta gero aterberik gabe geratu naiz, neurera sartu ezinik. Zure gorputza behar dut.

        Egunero ikusten ditut bidaiariak Salonikatik muga honetara iritsi eta Istanbulerako trenaren zain, teak hartuz edo geratzen den bagoi bakarrean esperoan. Ikusten ditut gero, trena etorri eta bagoia hartzean trenean sakabanatzen, bakoitza bere tokira itzultzen, gugeu itzuli ginen bezala. Tramitea dirudi bidaiarientzat mugako egonaldiak, baina nik badakit ez dela tramite soila. Muga une zoragarria ere bada. Edo, orain bezala, hutsune sakona.

        Istanbuleko hotel eta etxe guztiak pasatu nituen zure bila. Galdutako instantearen xerka. Ez zinen, ordea, inon. Izan al zara noizbait? Izan al zara nonbait? Zurekin igaro nuen bizitzako mugarik inportanteena. Bi mundu bereizi baino elkartu egiten dituen bakarra. Muga bera espazio bihurtzen dena. Plazerrarena.

        Hemen bakarrik errekuperatu ahal zaitut. Hemen bakarrik errekuperatu ahal naiz. Behar zaitut.

Klaus G.

 

Istanbuleko Polizietxea

1992ko irailak 8

345/92

        023/92 zenbakidun informea (Ozal eta Benieki agenteek egina) abiapuntu hartuta, hona hemen hurrengo hiru egunetan egin diren ikerketen emaitzak. Hau eta forentsearen txostena beste informeari gehitu zaizkio, 345/92 expediente bezala artxibatua izan dadin.

        GERTAKARIAK: Klaus Geibbels, alemaniarra, 1943ko azaroaren 12an jaioa, ezkondua, duela sei hilabete etorri zen Turkiara negozio bidaia batean. Arropa industria bateko erosketa saileko arduraduna zen, Schlein enpresa, eta hemen erosten zituen oihalak. Sarritan etorria. Azkeneko bidaian, Salonikanastebete egin etagero, martxoaren lehenean iritsi zen Turkiara, trenez, Edirneko mugatik (ik. pasaportea, sarrera zigilua). Istanbuleko Maçka hotelean logela hartuta zeukan astebeterako —erreserba otsailaren 22an egina—, eta abioi txartela martxoaren 8ko Frankfurterako hegaldirako. Hoteleko gelan beste jantzi bat, 100 dolar amerikar, aipatu hegaldirako txartela eta agenda bat topatu ditugu. Astebete egin eta bere egonaldia beste sei hilabetez luzatu du hotel berean (gela desberdina erabili du lehenengo astearen ondoren, merkeago bat, telebista eta bainurik gabea). Turkmert enpresara, oihalak erosi ohi zituen tokira ez da azaldu denbora guzti honetan. Astero ehun dolar aldatzen zituen hotel aurreko banketxean. Frankfurten bere familiak ez daki ezer. Telefonoz deitu zuen oraingoz ez zela itzuliko eta ez kezkatzeko esanez. Bere alargunak adierazi duenez, aspaldian ez zuten elkar ondo aditzen, banantzekotan zebiltzan. Alargunak uste du amoranteren bat bazuela; elkarren arteko harremanak oso gaiztotuta zeuden.

        Egun guztia geltokian ematen zuen, agi danez Judith Debinzky izeneko emakume baten zain. Bere pasaportea zeukan zendu zenean, eta haren Gdanskeko helbidera bidali eta itzulitako hogeita bost gutun. Gutunek ez dute ezer argitzen, amodiozko gutun arruntak dira (zabaldu eta irakurri egin ditugu ikerketetarako erabakiorrak izan zitezkeelakoan). Pasaporteko argazkia erakutsiz hiriko hotel gehienak pasatu zituen emakumeaz galdezka. Ezin izan dugu ezer jakin berataz, emakumearen pasaportea faltsua baita.

        Forentsearen behin-betiko txostenak, honi erantsi diogunak, hasieran pentsatu zenaren kontra, argitzen du ez dela pozoiketarik izan. Autopsiaren arabera, heriotza 00.00 orduak inguruan gertatu zen, eta bihotzeko batek eragina. Gelditu egin zitzaion bihotza.

        Ikerketek aurrera egiteko aukerarik gabe, eta heriotza argituta, kasua honelaxe artxibatuko da.

        Oharra: Klaus Geibbelsen familiak eta Alemaniako enbaxadak ez dute gorpua herriratu nahi, operazioaren garestitasuna dela eta. Hildakoa atzerritarra deneko ohizko prozedurari jarraiki, Medikuntzako Fakultatearekin akordio batera iritsi gara gorpuaren salmentarako. Egun batzuk igaro direnez, ez dago baldintza onetan eta ohi baino prezio merkeagoa hitzartu dugu.

W.F.A.

Instruktorea



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.