L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-30 / Mugapean (1993-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Ekitoltzearen mügetan

 

Itxaro Borda

 

zeri konpara gure

lür hontako bizitzea?

arrastorik ützi gabe

argi-ürrakoan abiatzen

den üntziñiari...

Manzei

(VIII. mendeko japonesa)

 

Banakian heltü beharra nintzala. Errekaren hegietarat. Martxoko lehen egün ekitsüetan bortüñien mazelak oro ote-lili hoiliz estaliak ziren, lili bederak eki maitekorra ütxüratzen züalarik. Negü joanaren hotzak katiastatzen nündüan orano, bena ekitoltze ahülaren tentazionea katiastatzea beno indartsüago zen. Erreka hegiak amoltsüki —amodioa zer zen jakin gabe...— bortüetarik horra ziren hur berdeek balakatzen zütüela ikusten nüan. Hel-müga debetüan nintzan engoitik. Ba nakian ba nintzala... ber zonüan senditzen nüan ez nintzala: ahazteak bere bidea zilatürik zükean.

        Eki-leinürü inganakorrek oritzapenaren mina —orimina nonebeita?— arrapizten zeitaen.

 

                EKITOLTZEAN LO-HASNAN DAGON AMODIO-IZERDIAK

                HITZ AHATZEEN ARANIK EZ DÜ HABORO HONAT EKARTEN

                HIRI ÜTZIEN MISERIAZKO ERDOIL ÜRRINAK ORDEA

                BIHOTZ MÜTÜEN ZOLAN ZORION ÜRRATSAK TÜRBÜSTEN DÜTÜ

                EKAITZ HANDIEN ATZOKO LOTSA BEHIN BERRIZ ARRAPIZTEZ

                BENA EBILTEN GIRA BIDEAK EROAITEN GÜTÜENO

                AMORE-BEHAR EZTIA BERA DESAGERTZEN ZAIKÜLARIK

 

        Lehentze galtzen dira denboraren izartzeko asmatürik diren hitzak. Noiz? Noiz? Noiz? Keerrautsetan aideratzen dira hilabeteen eta egünen izenak... Denbora eskasa dela nabaritzen düt errekaren gurguria baizik ez entelegatzez.

        Egünak egünen ondotik ba doazala erraiten zeikün kantore zahar batek, eta egünak izen-gabe —amodiorik gabe ote?...— higatzen dira.

        Errekaren huretan ez dezaket jadanik deüs irakur... huretan irakur... huretan edan... huretan ito... ito... ito... eüskaraz eta ito... hur debetüetan, denbora, izen-ments lerratzen delakoz...

        Gero, lilien, txorien, gaüzen eta leküen izenak memorietarik ezabatzen dütü miseriaren ürrina düan ahazmenak... eta azkenik koloreak: mündüa mündü-ez alatxatzen zaikü errekaren hegietarik. Ez-izaitearen mügetan girela üdüri dü.

        Atzoaren oritzapenetan hurtzen niz eta ez naüe ikusten.

        Non dütüt aditzak: zentako balio düe aditzek —analitikoek bezainbat trinkoek— eragilerik ez baldin ba da?

 

                EKITOLTZEKO PENTSAMENTÜEK HAUR-ÜME GINENEKO

                ETXE-KANTÜKO MAHASTIETAN HATZAMAITEN GÜTÜE

                ARRATS-APALEZ BILTZEN GÜNÜAN ORDÜAN ZELÜEN MÜGA

                EGÜNDAINOKO OIHÜEN JABE BILAKATZEN GINELARIK

                BIZI OSOA BIHARKO PLANTAN BELAR ARTEAN ETZATEN

                GÜNÜAN ERRIZ AMODIOAK GORDAGIAK ERAKUSTEZ

                ETA EBILTEN GINEN BIDEAK EROAITEN GÜNTÜENO

 

        Ordütik hastiratzen günükean mündü-ixilaren ixiltarzünaren mündüan geniraün...

        Debetü zeiküen ja errekaren gurgurien entzün-günealaino paseiatzea. Beit zakien errekaren hegietan ahatzarazi zeizküen hitzetaz arra-jabetzen ginela.

        Ungürüa alanbrez hersi züen ondoramenez: ixiltarzün pezüa bihotzetan... mihiak karruntatürik... mihiak karruak errerik... züntzürrak tapatürik... hitzik ezin erran... erran... erran... erran... errak/erran hik ene ahizpa... ertzotü arte erran gei... ezpainak idorregi mentüraz —amodiorik ba zena?—.

        Nork ahal gütü lagüntzen herriko plaza desolatüetan desbideratzen girenean?

        Nork gütüke ikusirenko hain zeihargi —odolez hüstürik eta aragia tximaltürik...— ebilten girelarik?

        Bedatseko süge-larrü abandonatüaren gisa gira oritzapenaren eremü izoztüan.

 

                EKITOLTZEAN AMETS HORDIAN GALDÜRIK BEZALA GIRA

                ARRASTIRIAN BIHOTZ BARNEAN PIZTEN DELARIK SÜTEA

                JOAN AITZINEKO APIRILAREN NOSTALGIAREN EPELAZ

                HIRI ÜTZIEN MISERIAZKO ERDOIL ÜRRINAK AUDELA

                ERAITXI DIRA BÜRÜ KASKOTIK BULAR ETENETAN BARNA

                AMORE-BEHAR DESAGERTÜEN EZPAIN ARGIAREN JÜNTAN

                BEHIN BETIKOA HASPEREN ÜTSÜ BATEAN NEKEZ HILTZEKO

 

        Müga-zainak ginen. Herenegüneko mügarresi sendoen zaindariak. Herenegün ote-lili xixtadünak papoan txilintxau eramaiten güntüan, aditzak eta hitzak azkar ziren denbora huraketan. Atzo, larrazkenetan, arto xurikinez moldatü panpiñak güntüan esküetan, goiz oroz, buxkekilan pizten günüalarik bihotzeko sü-bazterra. Egün, nahar artean meza-bide ohiko ddauzteiak —nola ahozka dezaket bestala?— txerkatzen dütügu... naharretan astamüka... güntüan... gintien... günüan... ginien... nintzan... nintzan... eta ni heben debetürik zaitan erreka hegian ikus-ezina hitz-ezaz zeihargitürik... nintzan... nintzan... nintzan... nin

                AMODIOAZ DESJABETÜRIK...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.