Gizonak eguzkitan
Gassan Kanafani
euskaratzailea:
Iñigo Aranbarri
Akkah-n jaioa 1936an, oso gazterik egin zuen familia guztiak Jafa-ra. Baina berrogeita zortzian Israeleko estatua sortzen da eta erbesterako bidea urratu beharko du, Libano hegoaldean hasieran, Damaskon geroago.
Eskola maisu eta arte irakasle izango da Nazio Batuek iheslarientzat antolatutako babes eremuetan. Damaskoko unibertsitatean sartzea lortu eta literatura adarrean ikasiko du hiru urtez. Hogei urte zituela, eta unibertsitatetik bidalia, Kuwaitera joko du. Dibujoa irakasten ibiliko da eta kazetari hasiko. Garai honetakoak ditu bere lehen literatur lanak.
Beirutera aldatua 1960an, Al-Horrila (Askatasuna) astekarian arituko da erredaktore. Prentsa idatzian egingo du lan hemendik aurrera. Al-Muharrir (Askatzailea), Al-Anuar (Argiak) eta Al-Hauadiz (Gertaerak) egunkari eta aldizkarietan idazten du, 1969an Al-Hadaf (Helburua) sortzen duen arte, PAEko atal den Palestinaren Askatasunerako Herri Frontea-ren ahotsa. Bertako erredaktore buru zen 1972ko uztailaren 8an dinamitaz betetako auto batek bera eta bere alabetako bat hil zituenean. Mossad-ek Gassan Kanafani hil du, narratiba arabiar modernoko lumarik etorriko eta ederrenetakoa.
Hogeita hamasei urtekin hilda, kazetetan emandako hamasei urte baino ez zituen izan utzi duen sormen lan izugarria burutzeko. Hots, 57 narrazio labur, lau nobela burutu eta beste hiru amaitu gabeak, hiru antzerki obra eta han eta hemen argitara emandako saiakerak, bai literaturaren gainekoak, bai historikoak edota politikoak. 1966an Libanoko Liburuaren Lagunak-en saria jaso zuen «Geratzen zaizuena» obragatik eta hil ostean Idazle Afroasiatikoen Elkarteak 'Lotoa' saria eman zion bere obra guztiaren esker onez.
«Gizonak eguzkitan» 1963an eman zuen argitara Beiruten. Aurreko urtean izan zen idatzia, 26 urte zituela. Lan honen bidez lehen bider ekartzen zen literatura palestinarrera erbesteratzea eta garaitua izana galdera historiko legez. Ihesa da hiru belaunaldi desberdinetako palestinar hauen bidea, Basoratik aurrera-nahia desertuaren bestaldean hartuko dituen Kuwait gerturantz.
«Geratzen zaizuena» (1966) nobelarekin bezala, zinerako bertsiorik ere bada honekin. Nobela honetan oinarriturik. Siriako Zinema Zuzendaritza Nagusiak «Al-Majduun» («Engainatuak») ekoiztu zuen 1972an, Taufik Salih egiptiarra izan zen zuzendaria.
«Gizonak eguzkitan» alemaniera, txekiera, hungariera, holandera, daniera, norvegiera, suediera, ingelera, frantses eta espainolera itzulia izan da. Hona ekarri dugun zatia azken aurreko kapituluaren («Eguzkia eta itzalak») atal nagusia da.
Hau da hainbestetan entzun dugun infernua.
Jainkoaren infernua?
Bai.
Abuljaizaran-ek eskua luzatu eta motorra itzali zuen. Kamioitik jaitsi zen, Maruan eta Abu Kais zituela orpotik. Asad-ek goian jarraitu zuen, etzanda. Abuljaizaran kamioiaren itzalean eseri eta zigarroa biztu zuen. Ahopeka esan zuen:
Atseden apur bat hartuko dugu funtzioari berriz ekin aurretik.
Abu Kaisek galdetu zuen:
Zergatik ez ginen bart abiatu? Gauez egiten duen hotzarekin nekamen hau alderatzeko moduan ginatekeen.
Begiak lurretik jaso gabe erantzun zuen Abuljaizaranek:
Safuan eta Mutlaaren arteko bidea gau-patruilez josia egoten da. Egun argiz aldiz, sapa honekin ez dago irtetera ausartuko denik.
Maruanek esan zuen:
Kamioia ez baditek errekistatzen, zergatik ez gara gartzela beldurgarri horren kanpoan geratzen?
Ez hadi lapikoa izan. Hortarainoko beldurra al diok barruan bost edo sei minutu egoteari? Bide erdia pasa diagu egina, errazena gelditzen zaiguk.
Jaiki eta kabina atean esegita zuen kantinploraren bila joan zen.
Heldu orduko egundoko bazkarira konbidatuko zaituztet. Oilasko pare bat hilko diat.
Kantinplora goratu eta ezpain mintzetatik gainezka egin arte isuri zuen ura, okotza eta alkandora busti zizkion. Egarria asetu zuenean, burutik behera bota zuen geratzen zitzaiona, lepoa eta bularraldean behera egin zion urak. Xelebrea zen horrela zuen itxura. Kantinplora berriro atean esegi eta deiadar batean ekin zion eskuak astinduz:
Tira, goazen! Ikasi duzue egin beharrekoa. Zer ordu da? Egin kontu, zazpi minutu askora jota eta gainekoa irekiko dizuet. Gogoan eduki. Hamaika t'erdiak.
Maruanek erlojuari begiratu eta baietz eginzuenburuaz.Zerbait esannahiizanzuen baina ezgauza izan zen. Burdinazko eskaileratxora hurreratu eta goraka ekin zion. Asadek alkandora bildu eta zuloan behera barneratu zen. Maruanek ezbaiko zeinu bat egin zuen, atzetik jarraitu zion gero, sabela ertzean jarrita arin egin zuen behera, ikara keinu bat begietatik kendu ezinik. Abu Kais izan zen jaisten azkena. Abuljaizaranen aurrean eta burua harat honat zuela galdetu zion:
Zazpi minutu?
Askora jota.
Begietara begiratuz bizkarrekoa eman zion Abuljaizaranek. Aurrez aurre zeuden biak, izerditan blai, hitz bakar bat egiteko gauza ez zirela.
Burubidez igo zituen mailak, zuloan sartu zituen hankak. Maruanek eta Asadek, barrutik, jaisten lagundu zioten. Abuljaizaranek atetila itxi eta bi buelta eman osteanbehearen gainera egin zuen jauzi, ziztu bizian eseri zen bere aulkian. Minutu t'erdi geroago, Mutlaako postuko esparru txarrantxaztatuan sartu zen kamioia. Solairu bakarreko eraikinera zeraman eskailera zabalaren aurrean geratu zuen. Leihoak itxita zeuzkaten bulegoak zeuden bi hegaletara. Atarian, jatekoa saltzen zuten zenbait ibilgailu. Bentiladoreen zaratak betetzen zuen patioa.
Ez zegoen arimarik ere, plaza handiaren mutur batean zain zeuden auto bat edo beste ezik. Erabatekoa eta astuna litzateke isiltasuna kanpokalderako leiho guztien gainean zeuden bentiladoreen marrumagatik ez balitz. Eskailera ondoko egurrezko garitan soldadu bat zegoen, zutik.
Korrika batean igo zituen Abuljaizaranek eskailerak, eskuinean zuen hirugarren gelan sartu zen. Atea zabaldu eta bertan sartu orduko aduanetakoek egin zioten begiratuan somatu zuen zerbait gertatuko zena. Ikaratu gabe, bulego erdi-erdian zegoen funtzionari guriaren aurrean jarri zituen paperak.
A! Abuljaizaran!
Ikasitako aihergatasunez, aurrean zituen paperak baztertu eta metalezko mahai gainean antxumatu zituen besoak.
Non sartu haiz azkenaldi honetan?
Basoran.
Sei aldiz barrena bai galdetu dik Hach Ridak higatik.
Izorratuta izan dut kamioia.
Algaretan lehertu ziren bulegoan zeuden hiru funtzionariak. Bere ingurura begira zebilen Abuljaizaran, ezin ulertuta. Gizenari esan zion azkenean:
Zeri egiten diozue barre gaur goizean?
Elkarri so bihurriz begiratu eta lehertu beharrean ziren berriro. Artega mintzatu zen, oina tokiz aldatuz:
Abu Bakir, orain ez, arren. Ez dut txantxetako betarik.
Paperak eskuan zituela luzatu zizkion, baina mahai ertzera baztertu zituen berriro Abu Bakirrek, besoak berriz ere antxumatuta. Irri zuria egin zuen:
Izorratuta huen kamioia beraz.
Bai, baina mesedez, presaka naiz orain.
Irrikaitzez begiratu zioten elkarri hiru gizonek. Baten mahai gainean ez zegoen te baso bat baino, lana utzia zuen besteak zer gertatzen zenari adi egoteko. Gizenak, Abu Bakirrek, korroskada bat bota zuen:
Buru piskat eduki ezak, Abuljaizaran. Zer presa duk joateko dagoen bero nazkagarriarekin? Alde ederreko freskuran gaudek hemen, te bat ekar diezaiaten esango zieat. Jar hadi eroso.
Paperak hartu eta Abu Bakirrek aurrean zuen luma harturik, mahai guztia inguratu zuen bere ondora heldu zen arte. Luma eskuan jarri eta sorbalda atzetik bultza egin zion besoa luza zezan.
Hurrengoan ordubete geratuko naiz. Benetan. Baina orain, utzidazu joaten, Jainkoaren eta zure amaren izenean! To, sinazazu!
Baina Abu Bakirrek ez zuen eskurik luzatzen eta mozolo aurpegiz segitzen zion begira.
A zer arraina hagoen, Abuljaizaran! Presaz ez hintzen askorik gogoratu Basoran hintzela, e?
Esan dizut garajean nuela kamioia.
Luma eskaini zion berriro, baina Abu Bakirrek ez zuen keinurik egin.
Gezurrik ez, Abuljaizaran... ez hadi asta parolekin etorri. Hach Ridak hasi eta buka kontatu ziguk istorio guztia!
Zer istorio?
Elkarri begiratu zioten. Beldurrez zurbildu zen Abuljaizaranen aurpegia. Dardaraz zuen luma eskuan.
Dantzari horrena. Nola du izena, Ali?
Mahai hutsaren bestaldetik esan zuen Alik:
Kaukab.
Ukabilez jo zuen mahaia Abu Bakirrek, zabalagoa egin zen bere irribarrea.
Kaukab! Hori da, Kaukab! Abuljaizaran, kabroi hori, zergatik ez dizkiguk Basorako hire abenturak kontatzen? Gure aurrean itxura fineko gizontzat agertu eta gero Basorara joaten haiz pekatuaren gozora... Kaukab, hori da, Kaukab!
Txantxaren mugak igaro nahi gabe, ezin izan zuen ahotsa ez goratu:
Kaukab? Zer Kaukab eta Kaukabondo! Utz nazazu joaten Hach Ridak bota nazan baino lehen.
Ezta pentsatu ere! Kontaiguk kantari horren zeozer. Hach Rida jakinaren gainean zegok eta berak kontatu ziguk, tira.
Hach Ridak kontatu badizue, zergatik nahi duzue berriro kontatzea?
Zutitu eta zezenaren pare pafaka Abu Bakir:
Egia duk orduan... Kontu hori egia duk!
Inguru egin eta gela erdiraino joan zen. Sexu istorio hark berotu egin zuen. Gau eta egun zerabilen gogoan, haragiari luzaro mehe egin ostean barrenari alatzen zaion mami-irritsa biztuta. Bere lagun bat puta batekin oheratu izanak berotu egiten zuen eta kilikatu bere gogoetak.
Kamioia izorratuta daukaken aitzakian Basorara joan eta Kaukabekin pasatzen dituk beraz heure bizitzako gaurik zoragarrienak. Ai, Abuljaizaran! Erraminta ederra haiz gero! Kontaiguk nola egiten duen. Hach Ridak esaten dik hain daukakala txoraturik hirekin xahutzen dituela dituenak, eta txekeak ere sinatu zizkiala. Ai, Abuljaizaran! Hi haiz hi!
Aupegia gorrituta hurbildu zitzaion. Ezagun zuen gozatu egin zuela istorioa Hach Ridak telefonoz kontatu zionetik. Mixmixean hitzegin zion, ahots erlatsez:
Aizak, hi al haiz buztangogorra haizena ala han ez dago gizonik?
Zainak airean egin zuen barre Abuljaizaranek Abu Bakirri paperak ematen zizkion bitartean, honek, preso hau ere barre itoarena, zertan ari zen erreparatzeke firmatu zituen. Hala ere, bizkar atzean ezkutatu zituen Abuljaizaranek hartzeko asmoz eskua luzatu zuenean.
Hurrengoan hirekin joango nauk Basorara, ados? Kaukab hori aurkeztu behar didak. Polit hutsa dela ziok Hach Ridak.
Dardarez, besoa luzatu zuen berriro paperei eutsi nahian.
Konforme.
Zin egiten al duk?
Nere ohorea seinale.
Barre algara urduritan lehertu zen berriz ere Abu Bakir, burua batera eta bestera zerabilelarik eseri zen bitartean. Arrapalaka jo zuen Abuljaizaranek bulegotik kanpora paperak eskuan zituela. Abu Bakirren ahotsa zuen gibelean:
Hori duk pieza Abuljaizaran hori! Ederra sartu diguk bi urte pasa hauetan. Nabarmen geratu haiz bada gaur. Baina zer arrain den!
Beste bulegoan sartu zen. Erlojuari eman zion begia: hamabiak laurden gutxi ziren. Minutua baino gutxiagoan sinatuta zeuden ostantzeko paperak. Atea kolpez itxiz irten zuen. Bero galdatan zegoen berriro ere. Ez zion axolarik. Launaka jaitsi zituen mailak. Kamioi aurrera iritsita zisternari begira geratu zen, eguzki kiskalgarriaren pean burdina urtzear zegoela iruditu zitzaion. Lehenengoan arrankatu zuen motorrak. Zaindariari agurrik egin gabe zeharkatu zuen atea. Laua zuen orain pista eta minutu edo minutu t'erdi baino ez zituen bere aurrean lehenengo bihurguneapasa eta Mutlaakomuga postutik gordean egoteko. Makaldu egin behar izan zuen zama kamioi batekin gurutzatu zenean; gero, hondoraino sakatu zion. Bihurgunera helduta, auhena balitz bezala egin zuten gurpilek. Hondarrezko ertza jo zuen kasik bihurgunean zabaletik sartu zenean. Hutsik zeukan burua. Ikara baino ez. Ondoezak eman eta bolante gainera erortzeko zorian zegoela iruditu zitzaion. Bero zegoen eta esku latzak erre egiten zizkiola sentitzen zuen, baina heldu-heldu eginda segitu zuen. Larruzko eserlekua sutan zegoen bere gorputzaren azpian. Hautsez betetako aurreko kristala islatu egiten zen eguzkiaren distirapean. Galipota larrutzen ari balira bezalako hotsa etorri zitzaion gurpiletatik.
Zergatik ekin behar hioan jardunari, Abu Bakir? Zergatik bota behar izan dizkiguk muturrera hire zerrikeria guztiak? Jainko Ahalguztidunaren madarikazioa, inon ere ez dagoen Jainkoaren madarikazioa eror bekik gainera, Abu Bakir, eta hiri ere bai, Hach Rida sabel-zuri hori! Dantzari bat? Kaukab? Joan zaitezte txakurraren salara!
Bortxaz geldiarazi zuen kamioia eta oina gurpil gainean jarrita igo zen zisternara. Eskuak burdina gainean jarri zituenean erre egiten ziotela sentitu zuen. Ezinezkoa labe hura ukitzea. Jaso egin behar izan zituen. Ukondo gainetan egin zuen arrastaka goiko atetilerainokoa. Alkandoraren maukez heldu zion morroiloari. Biraerazi egin zuen. Kirrinkatekoz altxatu zuen burdina herdoilduzko gaina. Erlojuari begiratu zion. Hamabiak bederatzi minutu gutxi ziren.
Hutsa. Isiltasuna zen zuloa. Dardarizotan zegoen Abuljaizaran, beheko ezpaina legez, ikaraz. Bekokitik depositoko txapa gainera erortzen zitzaizkion tantak berehalaxe lurrintzen ziren. Makurtuta, eskuak belaunetan, burua zulo beltzean sartu eta ahots hautsiz egin zuen deiadar:
Asad!
Belarriak zulatzeko moduko oihartzuna egin zuen ahotsak. Galdu aurretik, berriro egin zuen:
E!
Eskuak atetil barrenetan jarri, eta ukondoen laguntzaz irristatu zen hondoraino. Barruan iluntasuna erabatekoa zen. Ez zuen ezer ikusten. Zulo paretik piska bat baztertu zenean baino ez zen sartu argi biribil bat, estainuzko txafla batek bezalako izpiak ateratzen zituen ile urdin zarratuz estalitako bular bat argitu zuena. Makurtu eta ile busti haien kontra jarri zuen belarria. Hotz eta gogor zegoen gorputza. Eskuak luzatu eta itsu itsuka jo zuen beste zisterna muturrera. Han, beste gorpu batek burdinazko zeharreko habeari oratuta jarraitzen zuen. Aztamuka bilatu zuen burua, baina ez zizkion sorbalda bustiak baino ukitu, azkenean eskuek bular gainera eroria aurkitu zuten arte. Aurpegia ukitu zionean, zabalik zegoen ahoa idoro zuten. Ito beharrean zegoela sentitu zuen. Izerdia zerien zilo guztiei. Blai egina zuen gorputza, likea, olio astunez igurtzita bailegoen. Ez zekien izerdiagatik ala beldurragatik zegoen horrela. Makurtuta aurkitu zuen zulorako bidea. Burua kanpoan zuelarik, ez daki zergatik, Maruanen aurpegia etorri zitzaion gogora. Horma batean proiektatutako irudi binbilikatua balitz bezala betetzen zuen bere barrua. Bortxaz astindu zuen burua, bota nahian. Eguzki errukigaitza berriro. Arnasa apur bat hartzeko geratu zen. Ezinezkoa irudi hura bere burutik egoztea. Gainezka egindako erreka bailitzan zuen atzetik Maruanen aurpegia. Bere eserlekura itzuli zen. Abu Kais... han zegoen bere alkandora, aldameneko aulkian. Hartu eta leihotik bota zuen.
Beste behin burrunbada egin zuen motorra biztu zuen. Astiro egin zuen kamioiak maldan behera. Atzera jiratuta, leihatila saretutik begiratu eta metalezko diskoa ikusi zuen zabalik, bisagraren gainean bertikalean, ugerrak jana barnekaldea. Bapatean, bere begiak bete zituzten malko gazien ostean ezkutatu zen. Hazkura ematen zion burukominak eta ordurarte inoiz sentitu ezzuen zorabioa sentitu zuen. Malkoak al ziren tanta gazi horiek edo izerdia zuenbekoki kiskalian behera?
|