abenduak 19
Trenek ez dituzte haien estazioak aukeratzen. Horretarako eraikitzen dira trenbideak. Eta gu ere trenak bezala nahigabeko kaleetan galduz goaz, noren zain gauden ohartu gabe. Gau luze baten amaiera igurikitzen dugu, baina bihar lorea eta lilia iharturik egonen dira, maitasuna kale estuetan galduren da, behatzak izozturen zaizkigu baionetak erabiltzea galeraziz. Bihar hegaberak artazi erraldoiak izanen dira eta banatzen gaituzten sokak ebakiren dituzte. Baldin baite, bihar.
Trenek ez dute garraiatzen duten hura aukeratzen. Horregatik dakarte edo daramate beti ikatza. Ba omen dira zerraldoak garraiatzen dituzten trenak ere. Biharko trenak. Ordea bihar agian beranduegi izanen da, eta beti guretzat uste izan genuen kalean zure zain egon arren, ez da trenik egongo ixiltasuna ebakitzeko eta itzalirik egonen dira xaguxahar guztiak, kandela izekien artean.
Ez gara aurkitu
GAURKO ilargi beteak
zure gorputza isladatzen du, karrika osoan
haize zorrotzaren oihu hotza nagusitzen da
nahi duzu hark baino garrasi hotzagoa bota
baina zure gorputza oraindik beroa da.
Zure hitzak oraindik luzeak
zure muxuak oraindik bustiak
zure begiak oraindik galduak.
Xutik zara, karrikaren iluntasunean
zakuz kargaturik, denbora pizua senditzen duzu
ordularia begiratu, ezkilak entzun
baina ez naiz oraindik ageri
Gau beltza iluntzen da, oihu hotza gogortzen
zakuak utzi dituzu, baina halaere denbora jasanezina da
karrika hartan, jendea ziloetan sartzen ari da, biharamuna arte
autoak geldituak dira goizarte
eta zuk itxoiten duzu, ni etorri arte
alde batetik begira, bestetik doi-doia
ez zara mugitzen, ez duzu pentsatzen
zure hitzak itzali dira,
zure ahoa idortu,
zure begiak hetsi.
Gau luze hartan, ez gara aurkitu.
Zeren ni, balearen bestaldean nintzen,
zure zain.
Lorea eta lilia
LOREA eta lilia
Haizea eta hazia
Lur sakonean, erroak bultzatuz
Zurtoina luzaturik, laino xuri baten gaineraino
Beti handituz, beti zabalduz.
Zure goratasunetik ikus dezakezu
Borrokatzeagatik izerditan den lurralde bat.
Zure ondotik pasatu den xoriaren oihua entzun.
Azpiko gizakiaren mina senditu, askatasun haizea hunki.
Emazte baten zoriona zara,
maitasunaren esperantza,
bizi baten irudi.
Zeren zure baitan eihartuko den lore lilia,
ama baten sabelean sortuko den hazia da.
Loratuko dira larre eta soro
Sortuko dira haurrak egunero.
Lorea eta lilia
Haizea eta hazia.
|