|  
              
               
 
 
Garikoitz Berasaluze
 
 
 
Lerro herdoilduak
 
 
 
Guk bakarrik maite har diezazkiokegu elkarri musuen apunteak
 
nik zuhaitz guztiak fusilatuko ditut zure izena ez badute loratzen
 
urtaro honetan ez da taxirik beharko amodioa mudatzeko
 
eta nigarra zintzilikatuko nuke bakardadearen haga garratzean
 
zu gabe
 
hemezortzi urterekin mundua itzali ostean
 
errepika genezake beste behin zuk nahi izanez gero
 
zumardi baten desirazko habiei begira
 
bihotzak deribatu eta maite haunat isiltasunaren koordenatuetan
 
nikebai
 
heriotzak banatzen gaituen arte baina hau ez da Bosnia
 
ezta Camelot ere maite
 
gaztelu itxuraldatuegia da egunerokotasuna ametsentzat
 
beltza delako jipoitzen dute gaua mozkorrek
 
opari diezazkiegun trenbideetako kokaina lerro herdoilduak
 
baina guk ez dugu ohore aski zaldun izateko
 
eta maitale izan gintezke etorkizunaren zirriborroetan idatzirik
 
ikasiz ilargia moja zurbil bat dela gauaren abitua jantzita
 
lainoak Ayatown ebakitzen duenean azaroaren aizkoraz
 
jadanik ez dut behar elur gehiagorik nire poementzat
 
eta guk bakarrik dakigu orain maite
 
que os rios xa non orren pra ningures
 
aspaldian galdu baitzituzten malkoak
 
inork jakin gabe zergatik nos ollos teus
 
guk bakarrik maite.
 
 
 
 
 
Sagardoaren plusbalia
 
 
 
Jantzi dezala denborak pago biluztuen kapusaia
 
eta udazkenaren kardiologian nabigatuko dugu
 
itsaso eroriari hilotz, orbel hainbat bihotz.
 
euriak gordeko du sumariopean gure aitormena
 
sua ohi zen lekuan itsatsirik indriska,
 
biok bildu eta besarkaden zenbakiz
 
kalkulatuz gauaren estadistika.
 
 
 
malkoen ilaunaz grafïtiak egiten harrapatu du amodioa
 
portu zaharkituaren faroak rap desenfokatuan,
 
gauak soineko berria lotu, zazpi ilargi zazpi botoi
 
enkatuen arrabitek bemolean josia
 
eta nabari dezaket aspaldian ez ote den zure begiena...
 
 
 
botiletan sartu dizkigute
 
kaio galduen lumaz margoturiko ametsak,
 
olatuetan ur eman eta saldu
 
zenbatzeko sagardo hustuaren plusbalia.
 
eros dezagun lehenbaileben blai utziko gaituen askatasuna
 
iristen bazaigu libra erdiren bat zaparradaren kanbioekin,
 
zorionak ez baitu inoiz beste masaila eskaintzen.
 
 
 
haizeak saratzen du izar odolgabeen ausentzia.
 
gaur ez baitu irauliko katuen poema erromantikorik
 
teilatuen odoletan igeri.
 
 
 
              
              |