Xabier Ganzarain
Desiderium
Taberna ilun bat Desiderium argi baxua mahai asko
musika xuabea kolore leunak leihorik ez kamarera
bat beltzarana bezerorik ez kafea egiteko makina
dorre musikala sony zigarro baten kea atmosferan
hedatzen winston sabairaino gutxienez hiru koadro
van gogh beste bat munch argi amatatuen argitasun
biluzia hormetan ausaz aurki daitekeen jack
daniels botila erraldoia txokoan mutu ixilik
arbuiatutako idazle baten liburu zahar bat
mostradore gainean dena geldi hilik haizeak
konkistatu gabeko paraje hauetan atea ireki
da bi pertsona bata zaharra gizonezkoa buru
soila dotore exekutibo itxurarekin euritan
ere eguzkitako betaurrekoak darabiltzana
inozoa dirudi inozoa da ura eskatu du
taburete altu batean eseri da eta neskari
begira dago izterretara so bestea gaztea
da hogei bat gutxigorabebera ile luzea
darama blai eginda dago baina gustora
dagoela dirudi irribarrea du ezpainetan
winston bat izeki du kea zuzen doa gora
argipean laino hori baten itxura hartuz
gau beltzean betikoa eskatu du jack
daniels munchen oihuari so geratu da
geldi mutu zaharrak erdeinatu
egiten du muuuuuuuuuuuunch
kamarerak musika aldatu jane's addiction gazteak
tragoxka bat egin dio pizgarriari zaharrak maletina
ireki eta egunkaria atera du el correo de Desiderium
eta titularrak irakurtzen hasi da ura edan du gero
bigarren orrian gelditu da kultura hutsik
zuriz daude orriak kulturostean kirolak
eta telebista gazteak liburu bat atera
du eta irakurtzen hasi da beste trago bat
Duke, asked Lala, you want me to call you Duke or
Daddy? either way, sweetie, just what you want
Why is there hair on a coconut? oh, Christ, I dunno,
Why is there hair on my balls? azken zati hau
ozenki irakurri zuen musika baino ozenago winston
berri bat piztu zuen
Bukowski gustatzen al zaik?
bai, baina hobea duk van gogh
van gogh margolaria huen eta bukowski idazlea
horregatik esan diat bada, ez zaidalako gustatzen
patatak zuritzea
Baina zertara zetozek patatak kulturaren esparrura?
kultura patata bat delako, ernemuinak hazi baino lehen
erre eta irensten dugun patata
ez haiz ariko niri adarra jotzen, ezta?
barka jauna, zerbait esan didazu? gorra naiz
zaharrak tiro bota zion musika ixildu egin zen
argiak amatatu
(orain publikoak txalo egin beharko luke)
zaharra zeharo erotu zen gaztearekin, horregatik
eraman zuten Desideriumeko eroetxe gotorrenera. Han,
bere eskutitz batean irakurri nuenez, asko irakurtzen zuen,
adikto bihurtu arte, izan ere, belarria moztu ziotenetik ez
zuen ondo entzuten eta beraz ez zitzaion irakurtzea beste
erremediorik geratzen. Horrela kausitu omen zuen
orain bemen doakizuen poema ezdeus hau. On egin!
«Desiderium».
inoiz kausituko ez
duzuen paradisua da
desiderium
inork emango ez
dizuen muxua da
desiderium
inon pausatuko ez
den bihotza da
desiderium
galduak zarete
desiderium
|