L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Errebantxa

 

Ibon Iribarren

 

Arrapaladan dabiltza azken aldian Johannesburg-eko bizikletak, urduri dabiltza, kale paduratsuen artetik, likitsaren eraikuntza azpitik, borrokan dabiltza.

        Aspaldi galdu ziren, lastoz igotako etxeetatik harantzagoko begiradak, ortzemugan edo nonbait, eta bizikletek gurago dute begi bat gosean tinkotzea, bestea kale itxietako liskarrei so egitera igortzen dutelarik, bueltaka.

        Esferek soilik idoro ditzakete hemen desira guriak, ukabil gotorrak, beraiek soilik aizto zatarrak, ez dute ostera mintzatzeko plazerrik omen. Naharoki, ez eta itzultzeko ere. Ez da betzulo urrik sumatzen txirringa andana artean, begirik falta dutenak. Baina zakarrontzi kremaren arestian ez zaie esperantzaz jantziriko borroka katu zuririk falta, errealitatearen soineko astuna daramaten gizarajo beltzen eskasiarik ez daukaten bezalaxe. Batak zisnearen erregetasuna aurkezten duenean, sua eta berotasunaren indarra aurkezten ditu besteak. Eta jainkoa eta Deabrua direla aurrez aurre otutzen zaio begi bati.

        Espaloietan jezarririk diren erro idorren tankeran, esferak dira hemendik hurrungo mendietaraino protagonistak eta matraka da beraiengana datorrena, beraiek beste matraka batera zihoazen arren. Eta beraiek «bai, datorrela. Ez da ezer guda saririk gabe».

        «Txuria txapeldun» abesten dute begi hezeek, begi lanturuek, beltza baita beren kolorea. Abesten dute, beltzaren saihets eztanda lagunduz, ezin baina odol jarioaren hotsa isilarazi. Eta jasangaitzeko zaratak kontzentratzen lagatzen ez dienez ez dute antzematen hain dela borrokalari ona Deabrua, non guztiei aukerarik ez duela sinetsarazi dien.

        Alabaina, aizto batek aurki du aldatua esfera makalen, esfera fatalen aburua. Aizto batek eta odol iturri batek Jainkoaren kolkotik isurika. Deabruaren begirakune aihertsuak, artean, bere tresna gorriska miazkatzen du.

        «Beltza txapeldun» entzun daiteke orain malenkoniak gidatu mortu iharretan. Deabrua baita hemengo errege eta imajinazioa, bere erregina.

        Agi denez, errebantxa nahi du jainkoak; ez hemen ostera, zeruan baizik. Eta begi bati, behin ere gehiago, otutzen zaio ez dela esfera larregi izanen berau gozatzeko.

        Eta behin ere gehiago, arrazoia dauka.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.