L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Berdin dio

 

Manex Mujika

 

Oso ilun lago. Baina berdin dio, izan ere, aspaldi galdu bainion beldurra iluntasunari; bai, izan ere, aspaldiko insomnioetako gauetan etortzen nintzelarik.

        Zubi apartatu honetan beti jende bera topatzen dut, beti begi berberek begiratzen naute herabe, eta beti begi berberei erantzuten diet begirada iheskor batez. Gogoan dut lehenengo egunetan nola harriduraz eta errezeloz begiratzen ninduzuen, eta orain pentsatzen dut, nik ere berdin begiratzen niela Parisko metroan harat honat zebiltzan beltzei.

        Baina gaurko begiradak ez dira beti bezalakoak izan; ez, gaurko begiradek mezprezu bala bat zeramaten kargaturik, bihotzera zihoazen zuzendurik, eta nire bizkarrezur okerrak zirgit egin zuen.

        Bai, badakit ez nuela egin behar izan egin nueva —baina beltz hark, labana bat zeraman gerrialdean, eta nik ere bai—. Orain, beranduegi baina, ohartzen naiz handiegia dela egindakoaren ordaina; gainera hemen ez da Parisen bezala, hemen sinetsi egiten da beltzek esaten dutena.

        Zuk ez nauzu begiratu ere egin. Zuk, Frantziatik hona etorri nintzenean guztia eman zenidan horrek, zuk zuri honengan sinetsi eta bizilagunen esames guztiak estal zenituen horrek. Zuri, benetan esaten dizut ez dela erraza herri honetan zuria izatea, gazte hark gorrotoz begiratzen ninduen, hil egin nahi ninduen, benetan... badakit ez didazula sinetsiko, berdin dio, hemen amaitzen da.

        Zigarro bat eskatu dit, beti ohi duen lez, hortzik ez daukan Osaba Jack-ek. Baina gaur ahaztu egin zait tabako paketea erostea Nick zaharraren dendan; ez berak ez Jack-ek ez didate sekula barkatuko.

        Panpina beti eskuetan izaten duen neskatila ez dago gaur bere ezkutalekuan —ez dut bere izena sekula jakingo, galdetzen diodanean ez du irribarre besterik egiten—. Agian, itzulerarik gabeko trenean joan da estazio galdu batera, edo agian, gaur birjinitatea galduko du burges tripontzi baten besoetan, eta bihar hemen egongo da, baina ni ez naiz ikusteko egongo.

        Zubiaren barandara igo naiz, betiko ohiturari jarraikiz, baina gaur inoiz baino zalantzakorrago sentitu dut zubia nire oin zaharkituen azpian. Han urrunean, ez da basamortua ikusten; han urrunean ez da fabriketako ke eta zarata besterik entzuten. Baina berdin dio, neure buruaz beste egiteko ez dut txori kanta eta krabelin usainik behar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.