L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-33 / Afrika, suzko gezia (1994-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Albert Lubaki eta Tshyela Ntendu

 

Susan Vogel

 

«Africa Explores, 20th Century African Art» liburutik hartua,

Susan Vogel, The Center for African Art, New York 1991.

 

        Paperean eta lientzoan burutu estreinako pintura zairetarrak —Albert Lubaki eta Tshyela Ntendurenak mendebaldeko kolonialistari eginiko begirada intelektual eta artistikotzat har genitzake. Margolari hauek kolonialismo garaikidearen zentzua ikertu zuten, kolonialistak, haien objetuak eta haien jendea egitura esanguratsu baten baitan kokatuz. Beren ahalegin sutsuak mendebaldea ulergarriago egite aldera bideratu zituzten, onargarriago bihurtzera berauen adeitasunaren begietara beren buruaz eta unibertso osoaren perzepzioaz zuten idea.

        Baina jakituria boterea da, eta behin mendebaldekoek artista hauekiko zuten kuriositatea asebeterik, ahanzturaren zulo beltzean hondoratzen utzi zituzten, Brussela, Paris, Geneva eta Erroman barrena erakusketarik egin bazuten ere. Mendebaldeko merkatuak arte «tradizional» eta «primitiboan» baino ez du arreta jartzen, (arte mota honetan egin inbertsioak gorakada handia izan duelarik) sozialki garrantzizko izan nahiaren ondorioz «ukigabe» mantendu den arte mota horretan.

        Belgiar kolonialismoko 1950.az geroztiko panoraman hain ohizko diren artista hauen bizitzak ulertzeko beharrezkoa zaigu pintatzea idaztearekin parekatzea, inprimatutako idatziekin parekatzea zehazkiago, beti ere kristautasunaren elementua bistatik galdu gabe. Modernitate kolonialeko gaiak eta motiboak islatzen dituen Lubakiren marrazkia darabilen kodea ezagutu eta obra berreraiki dezakeen norbaiti legoke zuzendua, honi esanahi politiko eta soziala emanez.

        Egia da Lubakik bizikletan doan gizon beltza marrazten duenean —bizikleta zen garai hartako Zairen aberastasunaren ikur—, irudi hori nolabait bizikleta bat edota josteko makina bat duen ongi jantzitako familia baten argazkiaren multzoan sar genezakeela: arrakastaren baieztapena da. Baina artistok mendebaldeko komunikatzeko moldeak erabiltzen hasi zirenetik, beren lana jakintza behar batez gainezka zegoen, bertakoei bizitza kolonialaren mundu bereziaren (lehen begi kolpera ero eta zentzugabe zirudien munduaren) nondik norakoak zeintzuk ziren adieraziz.

        Irudigintzaren zoraldi batean, Albert Lubaki eta Tshyela Ntenduk gizarte kolonialaren inbentarioa burutu zuten, berau menperatzen saiatzearekin batera, beren inguruko mundua ulertzen saiatuz; hizkuntza bisuala erabiliz beren lanetan —potoen tapak esaera zaharretako eszenak zizelkaturik zituztenak, eta antzekoak—, marrazki eta ikonoek zerrendara bilduz iruditeriaren narrazio printzipioen logika.

        Sinbiosi bat egin zuten hala, zurien berritasunen eta beren jakinduria tradizionalen artean. Bi dimentsiotako hizkuntza honekin egin zituzten saiakerek antz handia dute misiolarien egunkarietan inprimatu istorioen egiturarekin. Bestalde, margolari urbanoentzat, buruzagi helburu sinkretistentzat bezala, garrantzitsua izanen da genealogia izpiritual eta profesional bat ezartzea.

        1950. urte inguruan, administrazio kolonialak barne dekorazioa aktiboki bultzatzeari ekin zion. Lubakiren 1920. urteko etxean eta beste zenbaitetan, hormak pertsona eta objetuen irudiekin marraz zitezkeen, baina praktikan marrazkiotako iruditeria guztia zuriek bidali aldizkari eta katalogoetatik ebakitako irudien kopia zen. Honen ondoren, garai ilunak etorri ziren zairetar artearentzat. 1970eko hamarkadatik aurrera baino ez da zairetar gizartea berriro ere autonomia sozial eta bizitza kulturalaz gozatzen hasiko.

        Georges Thiry, Zaireko pintura urbanoaren 'aurkitzailea' izan zenak honela deskribatzen du 1920ko giroa: «Konfuratu nintzen, beltz garaikideek —injenuitate handiarekin sarri— beren hormetan trenak eta haien ziztu misteriotsuak, ibaiko baporeak eta haien ikurrina nazionalak, aireplanoak, lurra utzi eta soka batetik lotuta hegan abiatzen ziren bizikletak, telefonoak eta beren Hello Hello-ak, tabakoa erretzen zuten misiolariak, madame-en eguzkitakoak etab. marraztu zituztela. Eta idoro nituen baita ere, hormetan marrazturik elefanteak eta eskumuturrerako erlojuak, gepardoak eta artaziak, kanilla iturriak eta etxe urtarrak. Hiriak ornatzen dituzten mila eta bat asmaketa zairetar pintore urbanoen begiez eraldaturik».

        Lubakik eta Ntenduk urratu bideek garapen nabarmena jasan zuten 1940-50eko hamarkadatan, itxuraz, garai honetako artelanek ez dutelarik igeltso gainean edota hormetan marrazturiko lehen garaietako marrazkiekin, ez eta barne dekoraziorako erabiltzen ziren aldizkarietako ereduekin zerikusirik. Badirudi, gizon zuriaren Afrikari buruzko ikuspegia asetzeko eginak direla hauek beren «benazko» Afrika berria sor dezaten. Hona zer dioen Scohyk (1940ko hamarkada) honi buruz: «Gure koloniako hainbat hiritan pintoreak kafetxeetako terrazaz terraza ibili ohi dira beren lanak salduz. Hauen artean Leopoldvillen (Kinshasa, gaur egun), Albert Mongita kontutan hartzekoa, bere eszena animatuen, merkatuen eta festa jendetsuen irudiengatik bereziki. Bere lientzoek berrogei frankotik gora balio ditzakete».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.