Ezontsa
Mikel Reparaz
The motor cyanide. Cyanide suicide. He finally found the brickwall. In his life. Shining up his engine he dressed right up for it.
The Clash («Atom Tan»)
Esku eskeletiko batek volume mandua punturik altuenera eraman du, toperaino. Dunbotsaren toperaino erresonantzia kaxan. Gela estuan, lehertzear, aspaldi dago saturatua sabaiko tinpanoa. Erresonantzia gela den kaxaren itogarritasunaz jabetzeko, sekula eginda egon ez den ohatze lorrinduak esparru erdia estaltzen duela esatea baino ez. Eta maindire zurrunbiloekin bat, diskoak eta diskoak, konpaktoak, tabako kartoi azal ohiak, zerbeza lata zapal bat edo beste lur eta aire kutsatuetan. Zabor bilduma. Ke toxiko sarriak bigarren sabaia eratzen du, laino iluna. Eta posterrek, lau paretak estaliz, Sid dakarte infernutik bueltan.
Lurrean, erdi etzanda, esku eskeletikoaren jabea. Gorputz hezur-hutsa. Bota militarrez jantzi oinetatik leporaino beltz, mehar. Hilotz aurpegi betazpitsuaren begirada ez dago inon, galduta dabil; paretaren bestaldean edo horietako poster baten barrualdean agian. Ordea, haren garuna itzaliegi bide dago horretarako. Ezker beso biluzia lurrean luzatzen da, eta muturrean, eskuzabalean, plastikozko xiringa hutsa, gertatu berri denaren lekuko. «OH YOU'VE GOT AN EVEN ATOM TAN...»
Pasa berri denaren lekuko eta arma, Izarrok. Iraganak ehun arte luzez osatu epealdi luze ahantzi anitz, iraganak segundu eskas... Leihorik gabeko koartoan, tipo sorrak heriotza sententzia sinatu duela irudi du. Berorrena! Baina, tira, kontaidazue gehiago, Izarrok. Kontaidazue gehiago, Perseo...
Ba ez, tipotxoak ez du sententziarik izenpetu, izan ere, bere izen propioa idazteaz oroitzen den dakienik ez dut nik imajiliatzen. Ez dut neuk imajinatzen. Ez dut... Zorigabe haren garra piztuta mantentzen duen nordenak aukera berri bat eman dio antza. Musika hura bere kaska barrenean durundan hasi da berriro. Gorpu bizigabearen begiak erreal den zerbaitetan finkaturik daude oraingoan, haietako lata zabal batean akaso. Aurpegi betazpitsuak biziago ematen du orain, hilotz keinua iraunkor bada ere. Baina mugitu da, burukomin bortitzak ez du bakean uzteko asmorik, eta bera mugitu egin da, esku eskeletikoaz volume mandua beherantz korritzeko, tormentatzen duen soinu hura baretzeko. Eta bai, baretu da. «OH YOU'VE GOT AN EVEN ATOM TAN...» Ordea, ezin du berak ahantzi plastikozko birziklatuzko xiringa hark eduki zuena bere odoletan dabilela, iparra eragiten. Ez du horretan pentsatzeko asti luzerik izan, supituki, burua aurrerantz bortizki jauziz, ahotik tripakoak egin baititu. Erreakzio fisiologiko nahigabea. Gelako zoru gainean. Ez zaio garbitu dezakeenik otu, ez. Larru txupa beltza bizkarrean eseki eta kordoka aterantz hurbildu da, kaleko aterantz.
Auza izkinako tabernan sartu da, kolokan oraindik, ATOMIC tabernan. Karrikara ematen duten neon morezko letra gotiko perfektuak zahartuak daude hain dagoeneko, ilargitearen ordezko dira, ilargirik gabeko ilargitea. Izan ere, «o» letrarik ez da jada, behin gizon baten magalera erori ei zen eta, eta gizonak besapean eraman zuela dioenik ere bada. Yonki artega AT MIC tabernan barneratu eta konturatu da zein ordu den, dagoeneko gauerdia pasa dela. Eta xiringak berzeukana zainetan gora eta behera dabilkiola. Hala ere, zerbeza bat eskatu dio barrako mutilari, ez dauka xoxik, baina berdin dio, pagatzeko alde eginen baitu. Kaña jaso eta ezpainetara hurbildu duenean hasi zaio xiringa kontuak eske. Ezontsa nazkante hura hasi zaio berriz, sabeletik eztarriraino porlanez bete bailute, ezin du hatsik hartu baina hatsa da gutxien inporta diona oraintxe. Hala, jendetza erotsaren aldetik bultzaka, karrikara irten da, ilea atzapar hertsietan, etsita, speediko. Eta kontua gehiago behar duela da. Gehiago.
Karrikan, bota militarrak edozein gauzaren aurka astintzen hasi da, airera batipat. Azkenik, ahitu eta irristada batek lagunduta lurrean amaitu duen arte. Dardarka hasi da, dardarkada bortitzez, lurrean behin eta berriro bihurrituz. Kexu zorrotzek erakarrita, neskamutil kuadrila bat gerturatu zaio suge baten moduan bihurritzen den kale zakur beltzari. Bere inguruan korru bat eratu da, eta atzetik neskixa gazteen irriño izukorrak aditu ahal dira, bestearen orroekin aurkaritzan. Haietako mutiko batek, bere marka zapatila zuri garbiez, lurreko gorpu dardarti beltzari buelta eman dio eta higuin keinuz korrua desegin du, hurrengo tabernara euren kalimotxoen bila abiatu direlarik. Berriro ere bakarrik, yonki koipeztuak ahaleginak egin ondoren zutitzea lortu du, eta karrikaren alde batetik bestera kordoka noraezean hasi da, ahopats bakar bat ezpainetan: gehiago.
Kontaidazu Perseo, konta... (Urrutiegi ikusten al da mundua han goitik?)
Kantoi estutik oinez, aurrez aurre, gizon gazte bat datorkiola sumatu du, espaloi berdinetik zuzenean. Dirua behar du. Tira, beste askotan ere egin izan du, eta onik atera. Gainera, gizon gazte horrek badu diru zorroan bere bileteak eramateko itxura. «Benga, momentu bat duk, erabakia behar duk». Txuparen patrikeratik laban toleskor bat atera eta zabaldu egin du, dorpeki. Oraindik kordoka, gero eta gertuago zaion morroiarengana doa, labana eskuin dardartian. Gero eta hurbilago dauka. Hogei metro, hamabost, hamar, bost... Euren besoak elkarren igurztera doaz. Topo egin behar dute. Gizon hark aurpegira begiratzen dio eta baita berark ere, begietara zuzenean ondotik ikusia ez dirudi hain gazte. Topo egin behar dute, nahitaez. Gizonak begirada bota militarretarantz desbideratu du, yonkiarena saihestuz. Metro bat eskas. «Orain duk unea!». Labana txupa azpitik atera eta biktima mehatxatuz sosak eskatu dizkio. Gizon dotorea gelditu eta, lehenengo erreakzio batez, atzerantz egin du. Ordea, labanari hebainaren segurtasun eza eta dardarraz jabetuz, ukabila estutu eta bere indar guztiz kolpatu du yonki ahularen aurpegia. Bigarren aldiz lurrean etzanda geratu da.
Begiak ireki ditu. Jadanik ez da gizon gazte dotorerik, kantoia ilun dago, bakarti. Gizonarekin topo egiteko bost bat metro falta zirenekoan galdu da mutila, handik aurrerakoa ez du ulertzen, segundu eskasetan gertatu den hura. Ez du konprenitzen sikiera aurpegi erdian sentitzen duen minaren zioa. Esku eskeletikoaz leku mindua ukituz bat konturatu da sudurra odoletan daukala. Zabor edukinontzi horietako batean eutsirik zutik jartzea lortu eta galdu duen laban toleskorraren bila hasi da orduan. Ez du aurkitu. Aldiz, barretik datorkion negar eta kosto lurrinarekin konformatzea dauka.
Bere pausoek sendoak ematen dute orain, baina ezontsa berbera nozituz. Porlana hestegorrian gogortu zaio honezkero eta xiringakoek gero eta apar gehiago ari zaizkio eragiten zainetan. AT MIC neon letra perfektuak atzean utzi ditu, bere zotolgelarako bidean.
Zabalik utzi zuen pisuko atea zeharkatzean ezontsa krudela bilakatu da, benetan krudela. Koartoan sartu eta orroa itzela askatu du barrenetik, zainetako apargilea harekin egotzi nahian. Baina ez du lortu.
Lurrean xiringa madarikatua kausitu du eta beherantz begiratzean, ordu batzu lehenago eratu duen putzu likitsaren gain gainean dagoenaz ohartu. Higuin irri ezabaezina ahoan. Eta higuina ahoan darabilela Hi-Fi ekipo txarraren bozgorailuak ahal duten volume guztian lanean jarri ditu. «OH YOU'VE GOT AN EVEN ATOM TAN...» Eta honela, garuna urtu berri zaiolako edo, berark noizbait paretan itsatsi zituen poster eta egunkari ebakinak atzazalez urratu eta horma eranzteari ekin dio, besterik gabe. Erritmo artegaz. Eta pareta guztiz biluztu duenean, zerbeza lata zapal eta tabako kaxa ohiak haren aurka jaurtitzen hasi da. Etsita.
Ez, Perseo ez. Ez dira zerbeza lata zapalak yonkiak jaurtitzen dituenak. Bere ilusio urri propioak dira, errefusatzen dituenak. Atzena gertu ikusten baitu, eta ez baitu motxila harekin jarraitzeko biderik ikusten. Ez al dizkiozu negar malkoak mutur eta letagin lerdetsuetatik behera ikusten? Ez al diozu zeruko goitikak estali duen bizia nabaritzen? Dena den, ez du horretan adi egoteak merezi, inori ez baitzaizkio tipo horrenak inporta, ezta berari ere, antza.
Kagoen zotz...
Lata edo amets, direnak direla, bere amorruaren objektu bihurtuak, behin eta berriro kontra doaz, pelota partidu makro batean lez. Eta artean zainetako aparra hortz tartetatik ateratzen zaio, luzatzen ari zaizkion letaginak estaliz, apurka otso beltz amorratu baten itxura hartuz. Eta otso beltzaren azken uluan, koartoa argiztatzen duen bonbilla lehertu da, zerbeza lata baten kolpe kelonaz. Iluntasuna erabatekoa da orain leihorik gabeko gela estuan, ostabeltzaren habia itogarrian. Ilunbea nagusi izanik, otsabeltzaren betseinek, haren begi osoak bete dituzte, betirako hustuz. Hain dagoeneko ez da lata hotsik entzuten, baina amaitzear bide dagoen kanta gogaikarria volume guztian aditzen da oraindik, bere erritmo betiberaz.
YOU'VE
CAUGHT
AN
EVEN
ATOM TAN...
Eta hurrengo goizean bertan lurperatu ei zuten yonkiaren gorpua.
|