L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,1 (1984-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

Tenpluetan zimelduko dira lotoloreak

 

Joxerromo

 

                                «Txinako Harresia bukatu zen iluntzean:
                                nora jo ote zuten harginek?»
                                                                          B. Brecht

 

Txinako Murraila eraikitzen hasi zen egunean lotolore sorta ederrak ikus zitezkeen tenplu eta edifizio ofizialetako atalondoetan apaingarri. Enperadoretzaren aginduaz faroltxo eta kandelak piztu egin ziren etxe aitzinetan.

        Txina osoan barrena jai eguna izan zen, kaleetan zintzilik milaka bandera nabar haizearen jostailu zirelarik. Enperadoreak berak, keinu harro bat aurpegian, urrez eta zilarrez jantzia, morroi batek kapa gorriari apalki eusten ziolarik, lehendabiziko harria jarri zuen. Ez zuen azkena jarriko baina.

        Harresia eraikiko zuten esklabuentzat, ordea, ez zen hura bozkario eguna izan, dolu eta sufrimenduzkoa baizik. Hura egun mingotsa harri erraldoi haien arrailetan beren bizitza utziko zutenentzat, hain zen latza gatibu izate hura, hain zen ikaragarria aurre eman behar zioten lan hura!

        Enperadoreak lehenengo harria ipini zuenetik, murraila aldera abiatzen ziren egunero esklabuak eguzkia zerua urratzen hasia ez zelarik oraindino, gerlari zaldunek inguraturik. Amaigabeko erreskada fantasmagorikoak osatzen zituzten zaindariek eraman lastargien gibelean. Ilundu arte jarduten zuten lanean zaindarien latigopean, euritan blai zein eguzki galdatan.

        Milaka ziren eta ehundaka hiltzen ziren, hotzez neguan, egarriz udaran; gose, ahulezi eta nekeaz edozein urtarotan: borreroen eskuetan askotan. Buruhiltze eta elkarren arteko borrokak ere eguneroko zera ziren.

        Esklabuen begiak gelarien zaldienak bezain hotz eta adierazgabeak ziren. Heuren begiradetan ez zen itxaropen izpi ñiminoena ere antzematen, heuren buruak aldaezinezko patuaren morroi behin betikoz utzi izan beilituzten, jipoia besterik espero ez duten zakur deslaien gisa, heriotzaren aiduru datzan hilurren antzo.

        Inperioaren lurralde guztietatik eramaten zituzten esklabuak, baita eremu urrinetatik ere. Gehienak herrialde menperatu berrien armada garaituen soldaduak edota hedatze gerraldiak finanziatzeko Inperioak ordainerazitako gehiegizko zergei erantzuteko sosik ez zeukaten nekazari pobreak ziren. Ba ziren han basamortu antzuetatik eramaniko gizonak, ba ziren ere mendi kate urrinetako artzainak, tundrako nekazariak eta itsasoaz bestaldeko jendeak. Txinatar inperio zabalaren gatibu oro.

        Batetan, Ural mendietako artzain bat iritsi zen esklabuen kanpamendura. Orduan, besteak oro bezalatsu, griloz eta katez lotua, izerditan eta odoletan... Ordurarte Uraletako bakardadean artzaintzan ibilia, urtetan gizakirik begietsi gabe bertan bizi izana. Asmagaitza bere adina, begirada sakona, mongoliar aurpegiera, argala, gihartsua eta ixila, batez ere ixila. Ez zen sekula mintzatzen: betiere irriñoa aho ezpainetan, ordea. Alditan barre algaratan lehertu egiten zen borreroen muturgorritan, horren ondorioz egundoko jipoiak jaso ere jaso eginaz. Halabaina, lurrean jota zetzala ere burlosoki so zegokien gerlariei. Hauek zorotzat jotzen zuten, gisa horretako gertakariak zirela medio. Gainerako esklabuak ere uste horretakoak ziren.

        Gauez, otso hezurrez egindako txirula antzeko musika tresna bitxi bat jotzeari ekin ohi zion, esklabuen gorputz unatuetan gaindi doinu malenkoniatsua eta, era berean, alegera hedatzen zelarik.

 

Aurrera zihoazen egunak, bata besteari atxekiz, sapaiko itokinetik behera monotonoki abaildu edota denboraren poderioz estalaktita bat osatuko duten ur tanten antzeratsu, ez hasiera ez jarraipenik zeukan bizitza mailukatuz. Oso luzea da egunargia esklabuentzat, oso laburra gaua. Hala ere, ez dauka denborak esangura berezirik esklabu dagoenarentzat egutegi bat baleuka ere ez bait leukake data garrantziatsuak markatzerik.

        Gaua zen Txinako Harresiaren eraikile etsituek biziki desiratzen zuten gauza bakarra, berau bait zen, izan ere, zeukaten atsenaldi bakarra. Gainera, Uraletako artzaia kalbariokide zeukatenetik atseginago suertatzen zitzaien gaua. Inortxok definitu ezin zezakeen zera bat zerion begietatik eta bizkarrezurretan hotzikara iheskorra sorreraziz txirularen bitartez beraienganatzen zen. Astiro astiro ordurate ez zezaguten sentimendu berri bat haietaz jabetzen hasia zen. Ia konturatzeke dirdira piztu zitzaien betseinetan eta noizean noiz irribarrea ere antzematen zuen artzaiak aurpegietan. Horrekin batera borrero eta gerlarienganako gorroto eta erdeinua areagotu egin zen esklabuen gogoan.

        Hasieran harriturik, gero haserre eta geroago etsipenaren morroi zeuden txinatar zaindariak jarrera aldatze hori zela kausa. Kantari ibiltzen ziren sarritan esklabuak lanean. Kantiko ulertezinek kate hotsa eta latigoen zartak estaltzen zituzten goizaldean murraila aldera abiatzen zirenean. Ohizko bihurtu ziren parre, algara eta kantuak. Honek sutan jartzen zituen zaindariak eta esklabuen bizkar-lepoetan jaurtikitzen zuten beren amorrua, indar osoaz eta inpotentziaz. Hala eta guztiz zigorra gogortzea besterik ezin zezaketen egin esklabuek jo eta ke bait jarduten zuten lanean.

        Elurra urtu, egunak luzatu, zuhaitzak berdetu eta negua amaitu egin zen. Negua amaitutakoan, bideetan lokatzik ez zegoelarik ibiltzeko modukoak zirenean murraila alderdira txinatar inperioaren ordezko, murrailaren babesle eta esklabuen jagole bidalitako tropen errelebua egiten zen. Zenbait berriemale ere joan ohi zen handik Inperioko hiriburura eta Inperioko hiriburutik hara, bai hango bai hemengo gertakizunen berriak elkartrukatzeko. Mezulari joan etortze horren bidez Harresia eraiki lekuan gertatzen ari zenaren berri jaso zuen Enperadoreak. Mandatarien hitzetan esklabuen jarrera ez zen batere lasaigarri eta errebelamendua prestatzen ote zirenaren beldur ageri ziren bere aurrera. Koleratsu paratu zen Enperadorea eta esklabuak zigortzeko asmotan armada expedizionari bat prestatzeko agindua eman zuen berehala. Biharamunean Harresirako bidea hartu zuen.

        Hura zen armadaren durrunba eta lanza hotsa! Huraxe zen eskudo, kasko eta ezpata uholdea mendi tartetik agertzen zena! Hura zaldi, gerra makinak eta guzti alderdi urrinenetan ere txinatar inperioaren legea halabeharrez inposatzera zihoan gudalostea!

 

Muino gorri batetan zegoen Enperadorea, gerlaz jantzita, luma beltzak kaskoan, kapa gorria sorbaldatik behera, gerrian ezpata eta urrezko makila eskuan. Muino gorri batetan zutik zegoen Enperadorea bere aholkulari eta guda kapitainek ingurutatuta.

        Haranean, lautada zabal antzu bat zen haranean, harresiaren oinetan, esklabuak. Harana eta muinoaren artean ixiltasuna eta Enperadorearen elite gerlariak, zaldunak eta erabat armaz horniturik.

        Esklabu-zaintzaren agintea bere gain leporatzen zuen mandataria Enperadorearengana hurreratu eta gisa honetan mintzo egin zion:

        — Oi, gure Enperadore hori; oi, gure Txina zabalaren jainko eta jabe zaren hori; oi, gure jaun ahalguztidun hori, zure aintzinean apalki belauniko zera dinotzut: Denbora luzea dela lasai ez gabiltzana, jarrera harrigarri bezain susmagarria nabaritzen bait dugu esklabuengandik. Modu erabat alaian dihardute lanean, kantetan eta irribarrez beti. Dagoeneko ez gure armen ez gure latigoen dira beldur. Sarritan gure mutur muturretan isekari ekiten diote eta burlosoki begiratzen gaituzte. Besteak beste, lanean jo eta ke diharduten ezkero gure kontrako ezer prestatzen ote direnaren beldur gaituzu.

        Enperadoreak, eskua altxatuz, ixilerazi zion mandatariari:

        — Nahikoa entzun dut eta onartezin deritzot dinostazunari. Sufritzeko daude hemen esklabuak, harresiko harrietan kateaturik hiltzeko, txinatar inperioaren aurka egin dituzten irainak eta beren lepo dauzkaten zorrak odolez ordaintzeko! Eta ezin dezake sofritzen ari denak pozik bizi. Hau iseka hutsa baino ez da...

        Orduantxe, esklabuen artetik Uraletako artzaina irten eta honelaxe mintzo zen ordurarte mutu izana:

        — Griloz eta katez gaituzue lotu, gosez eta hotzez gaituzue hil, arrataska gabiltza zuen latigopean, egunero jipoitzen gaituzue. Geure barne sakonenetan libro garela jakin beharrean zaudete baina, ezin ditzakezuela gure gogoak lotu, geure bihotzak lotzeko katerik ez dagoela ezta geure ezpirituak hiltzeko ezpatarik ere. Zuek, aitzitik, barrutik zaudete loturik geure oinetan daramatzagun kate hauek barrutik lotzen bait zaituztete. Ezin izango duzue inoiz ere zoriontsu bizi. Geu bai, ordea, geure barne muinetan, geure bihotzetan libre garelako. Horrexegalik zuek zigor gaitzakezue eta guk barre egin.

        — Aski. aski! Denok lanera! Burutik zaudete!

        Ez zen, baina, inor ere mugitu.

        — Lanera, lanera!

        Eta ez zen inor ere mugitu.

        Enperadoreak keinu azkar bat egin zuen eskuaz. Gerlariek eskudoak jaso zituzten, astindu egin zituzten lanzak eskuetan eta galapa bizian esklabutzarengana jo zuten.

        Ehundaka hil ziren esklabuak lehendabiziko erasoaldi hartan. Formazioa berrosatu zuten gerlariek bigarren erasoaldirako prest. Esklabuek estaltzen zuten lautadan kanta bat aditzen hasi zen, herabeti hasieran, gero eta ozenago. Xirula baten doinu malenkoniatsu eta alaiak Enperadore-gerlarien belarribarneak astindu egin zituen. Zuzen zuzen begiratzen zuten esklabuek gerlarien begietara.

        Urrikigabeko gerlariek, elite gerlari anker bihotzgabeek duda mudatan ikusi zituzten lehenengo aldiz heuren buruak. Ezbai batek korritu zituen txinatar soldaduen formazio konpaktoak eta Enperadorearen eskolta, txinatar inperioaren heroeek, atzera egin zuten astiro astiro.

        Lan tresnak eskuan harturik esklabuak jeiki egin ziren. Oihu eta irrintzika murraila aldera jo eta bertan behera suntsitu egin zuten.

        Enperadoreak, bere dointasun eta ohorea galduta (eta era berean bere boterea), bere kontseilari eta guda kapitainen begiradek ziotenari kasu eginez, ezpata atera eta buruari hara-kiri-a egin zion.

 

Txinako Murraila eraikitzen hasi zen egunean tenplu eta edifizio ofizialetako atalondoetan ikus zitezkeen lotolore sorta ederrak bertan zimeldu egin ziren etsipengarri.

        Murrailaren hondakinen artean lotolore sorta ederrak sortu ziren. Jai eta bozkario eguna izan zen esklabu ororentzat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.