Literatura sariketa batetarako testua
Getxo
Ez dut uste hainbatek pentsa lezakeen bezain erraz denik literatura sariketa batetarako prosazko testua osatzea. Zer konta eta nola konta, hor ardatz nagusiak. Horretarako, badaroa idazleak bere baitan edonoiz sartze ihardunean has daitekeen hazi lehergarria. Eta idazle diodanean, hau edo hura, edonor nahi nuke adierazi. Baduzu zuk ere itsaso hedatsu eta sakona barnean. Batzutan bare, oldartsu eta asekaitz ordea bestetan, bere indarrak eutsi ezinik inguruak hautsi nahian. Azala duzu betaurrean, amaierarik gabeko dirudien kolore bakarreko ura azpian.
Neska izanik ilea luzea baduzu, atzean beharko duzu lotu uretan murgiltzean oztoporik izan ez dezazun. Eta barruan, ura gazi arren, ez hertsi begirik, ez izan itsu, ikus! Ikus eta mira hadi, mira! Itsasoak badu esperantzarik, bazuen artean ere, esperantzarik, Xabierrek uste ez izan arren. Baina arren, mila mesedetako Jainkoen izenean behar dizut erregua egin: Ez iezaguzu aurrean duzunaren kontakizun filosofiko edo kabalistikorik eskaini, ezta testimoniorik ere, ez baitugu zure begiek atzeman lezaketena nahi, behar, maite. Zure burmuineko zokondorik aldenduenean isladatzen den begi niniek emanikoaren irudia dugu behar, begi niniek emaniko arrontkeriaren irudi miresgarria alegia. Hori hain zuzen, ez besterik!
Agian dituzu ikusiko bale urdinak, gora eta behera, heuren igeriketa sineskaitzetan. Laminen doinu magikoa jabetu eginen da zutaz, baldin eta euskarririk erdiesten ez baduzu. Odisea, nork berari dagozkion basamortu edo itsaso eremuetan idoro lezake, korapilotsuena... xoragarriena.
Beharbada ezagutuko duzu ere han bizi den gizaki ezkutua. Aske izan nahi eta ezin. Ez zuen Julesek ere ezagutu, hain bizi zaigu galdu, bakar. Zuk ere, igual, han gelditu beharra izanen duzu, edo gura: Han batiskafoen begi mekanikoek eskuratzen ez dituzten inguruetan... Eta hango urpeko piztiak, asekabe, nola herensugeak dontzella dohakabeak, ditu irentsiko zure indarrak, erabat ahuldu, makaldu,... arteraino. Etzazu ilusio faltsurik izan, ez baita piztitzar hori zanpatuko duen Sanso-harririk. Eta piztiak urraturiko larru hezean sortu berri diren zauri odoleztatuek zauzkate galdurik, zuzpertu beharrean, suntsitzen ari zarelarik, eraso egin ezinik, dena urritzen, murrizten,... Eta orduan konturatuko zara, orduan jakingo, gizaki horren gainean (menturaz barnean) isladatzen dakusazun itzala zu zeu zarela.
Zu zeu.
Freudianoek, gudaloste lazgarri, nahi zuten konprenitu, baina ez ziren zu, ez dira zu. Bidea bat izanagatik, bat urtzi gainetik behaka dugun argi lotsatia, ez du inork ere kausi zenezakeen, kausitu duzun agian, mundu bera aurkituko.
Eta urpeko gudua has dadinean, has daitekeenean, ez zara tronpaturik arituko, konsziente izanen zara, zuk ala piztiak, batak ala besteak, heriotza aurkitu behar... gizarajoa, txontxongilo!
Oroituko zara, agian, Calvinoren bizkonte erdibituak izan zuen bere buruarekiko erasoaldiaz. Jakina, osotasunaren hausdurak agerian jarri eta piztiarekin borrokatzea ez da amodio babesean gorde izan zaituenaren, amaren, gozagarri preziatuak dastatzea. Bakarrik zaude, ordea, hain maite izan duzun bakardadean.
Bakardadean.
Eta haren hatzaparrek gero eta ilunago diren uretan zirriborratzen duten irudi sinbolikoak, izutu egiten zaitu, lehen aldiz.
Lehen aldiz.
Agian horrela, inondik inora espero ez zenuen pasarte latzean barneraturik, beste garai haietako hainbat kontuz oroituko zara. Intuizio ezkutu batek esanen dizu oraingoa ez dela berria, ez dela lehena, lehen ere bazirela. Eta amaren, amaren babesean ere ez zela lo goxorik; han ere gatazka, gaur oraindik iraun dirauen gatazka.
Baniotsun lehenago (hala uste dut) ez dela erraz aske izatea, eta are gutxiago aske izateaz mintzatzea. Edozein surrealismo edo sikologismoaren izenean osaturiko kontaketa erren zaizu gertatuko, ez duzu hor makulurik aurkituko. Eta...
Gatazkak iraun dirau.
Heriotza. Agian horixe duzu kontakizun edo testuari amaiera emateko egokiena. Horixe bederen irakurleak espero duena, espero lezakeena. Joan zintezke sinbolisten ildotik, zure heriotza piztiarena ere izan liteke, bat eta bestek gizaki bakarra birrosatuz, inoiz berpiztuko ez den gizaki bakarra. Inguruko, hurbileko eta urruneko gizakiek izanen dute hor izpilu, eta katarsiak lekarkigukeen oreka bidea.
Baina arras ongi dakizu gorputz biak hestekaturik osatu den antzerki bortitza ez dela hain sinpleki nasaituko.
Ez duzu jadanik idatziko, ez zaitugu izkiriatzaile izanen. Zu zeu zara, zu zeu lehen aldiz ezagutu duzun bakardadean. Bortxatzen zaitu eta bortxatzera behartzen nagusitu den borroka latz mingarriak.
Eta heriotza izan zitekeen arren Gidariaren ondotik zihoazen haien mana gozo-gazia bezain askatzaile, oraingoz ere, aurrerantzean eta beti, gatazkak iraun dirau. Beharko, izu guztien artean.
Baliteke izatea amaiezin.
Amaiezin.
|