Samuel A. See-ren parabola
edo zein linealak izan daitezkeen zenbaiten biziak
Hieronnimvs
Ez duzu ezer erran beharrik, zaude lasai, ba dakit, ba dakit enaizela pertsona egokiena Samuel Alexander See-ren istorioa azaltzeko zuen aurrean. Aitzakiak suturik zintzotasunaren labean, beste irtenbiderik ez neukala jakitea gomeni zaizu; benetan, maiz pentsa izan dut beste edozeinek hartuko lukeela hain mementu ernegagarrietan gero neronek hartu nuen bidea. Honela, zure baitan gizakorretik zerbait badatza, Samuelentzako kalterik desio ez nuela konturatuko zara, egi egitako zorion amaezina baizik.
Lizundua dugu Artizarra, eta joanak neurtu ezin diren urteak. Denborak parkeetako hosto eroriek kixkurtu eta usteldu ditu iada. Halabeharrez herriro lotuko natzaio orduko gordelari, konda beharrekoak kondatzeko nahigabea besterik ezagutzen ez duten erraiok pakea ezagut dezaten behin betikotz.
Eskaera bakarra eginen nizuke egunerokoan biztanle zaran horrek; azkenean, lerro hauek agortu orduko sakabanatuko dituzun gogoetak, otoi Samuel A. See-ren oroimenez izan daitezela, beraren, bion onerako.
Duela hogetamar urte jazo zen dena. Samuelen lankide izandako emakume gizenkote gizenetik zeukana maitagarritik zeukan koittaduak batek erran zidanez gerora. Londres hartan eman zioten lurra, ziutateko lur jorietatik at, inguruetako faktoriak gasoil bidoi zahartuak pilatzen dituzten leku berean. Ez omen zuten, omen, abaderik eraman, eta dirudienez, hiru gizon eta tximu baten arpegi goibelak izan ziren une triste bezain bakun horren lekuko bakarrak.
Samuel, gure Samuel, Norfolk-eko lurraldean jaioa zen, zerua urratzen duten tximinia herdoiduetatik urrin, eskualde osoan arras ezaguna zen zirku baten bihotzean.
Aguro ikasi zituen hondar, hauts eta soka teinkatuz inguraturik beste nanuen joku arriskutsuak. Eta asteak urteetan galduz joan ziren isilean, tristeziaren irudiak ukitzeke kasik. Zoriontsu hazi zitzaigun Samuel egoera honetan. Patuaren zorabioak zer diren jakinik ordea, ez dut uste zure arpegian kezka edo ikara arrastorik nabarmenduko dudanik zera erraiten badizut, izugarrizko sute batetan joan zitzaizkiola ordurate gehien maite izan zituenak.
Hamalau urte besterik ez zuen bere amaren lagun batek jaso zuenean hauster gorien artetik. Lurraren infernuetatik ateratako gizon honek Kaspar zuen izena, uda loratzean herriz herri sarri ibiltzen diren zirkulari horietakoa zen. Erromako Zubiaren izpiz eginak ziruditen sei karreten jaun eta jabea.
Egia erran, ez zitzaion lar kostatu ordurarteko lan desberdinari ekitea beste kolore bateko olanapean. Lehendik zekizkien ariketak lantzen eta ezezagunak zituenak ikasten pasa zuen negua. Langile trebea izanik laster bihurtu zen Kasparren serbitzari zina.
Bada behin batean, eta konturatzeke ia, xaguzaharrak udaberriaren etorreran lez, Londreseko ateetan aurkitu ziren xulo izkutuenetatik sorturiko lehen tximeleta imajinarioekin batera. Orduan ikusi zituen lehendabizikoz leihoan bestaldeko pertsona luzexka eta gogaitu haiek. Begiak, lausoturik, ziutate gainean errukigabe altxatzen ziren dorre eta jauregi handiosoetako hormaten labantzen zitzaizkion, ibaiko ur ilunetan murgildu aurretik.
Karabana kale mugagabeak zeharkatzerakoan, korrika bizian hurbildu eta karreta multikoloreen bueltan moltsotzen ziren umekoskorrak, leihatiletako errejetatik zintzilikatuz, orru eta marruz kalatxoriak uxatzen zituzten bitartean.
Berandu zen Samuel, funtzioa amaitu eta gero, karretak zeuden lekura heldu zenean. Eskailerak igotzerakoan atzean norbait zeukala somatu zuen, baina kazkarrari bira erdi bat ematerako, karretaren hondora bultzatua izan zen. Gorri gordinez margoturiko kaxa hutsekin estrapuzu egin zuela erran zidan litera parean seko erori baino lehen. Kanpotik, ateari danbatekoa eta serrailari buelta bi emanez itxi zuten atea. Hasera batetan, Repho eta Perccioren drola bat zelakoan ez zion jaramonik egin, bainan denbora iragan eta atearen bestaldean ezer ez entzutean ohartu zen entzerraturik zegoela.
Ordurako balkoian nengoen. Primeran nekusa zirku osoa ibai gaineko tala hartatik. Nekez eusten zioten pertika luzeek armiarma itxura harturik ertzetik ertzera zabaltzen zen tandari; harutzago, itzalaren erresuma izan zitekeen xokoan, animalien kaiolak zeuden, eta ibai hegian, harresiaren ele forma berdinean, artisten gurdiak.
Ilbeheraren izpiek bisaia busti didate. Gaua da, beti gau izan da niretat, orduan ere, eta gezurretan ariko nintzateke orain erraiten badizuet ba nekiela ze egoeratan aurkitzen zen Samuel. Ez, ez nuen aztarranik ere, egia da. Axola al dio apika? Dena den, beste edozein baino lehen jabetu izate horrek ematen bait zidan gero hain beharrezkoa izanen nuen eskubidea, lehenaren eskubidea.
Ez zuen urrengo egunean pistako hareak Samuelen oin ttipien salturik ezagutu. Eguzki dirdirak dastatzeke eta Kasparren beldur ziren adiskideek eskein ziezaioketen berotasunik gabe pasa zitzaizkion udako atzean asteak, arratsaren heriotzari zegozkionak. Ziutate osoan istorioa ahoz aho zabaldu zenerako. Zirku inguruan anitz jende biltzen joan zen. Gorakada eskerga ezagutu zuen Kasparren espektakuluak, hedatu ziren zurrumurruak, eta Kaspar Samuelen aita zela erraiten zuenik ez zen falta.
Bien bitartean, zurrunbilo eroaren lehen muturreko lekuko izaten jarraitu nuen, galdurik bait neukan beste edozertarako xedea. Garbi askorik entzun nezazkeen gauero, zertarako errango dizut gezurra, ohi bezala bakarrik afaldu orduko balkoira irtetzen nuenean, Samuelen oles eta aien luzeak.
Gau batean, etxera iritsi berria nintzelarik, kanta baten ele galduak ehizatu ahal izan nituen hegoaize astun haren magalean. Eta zer gertatzen zen ulertu nuen. Izarrak abaildurik zeuden karrikara jaitsi nintzenerako. Ez zegoen inor ere. Aguro hartu nion arrastoa whisky merkearen lurrunari. Ilunpeak eskuzabal eskeintzen zidan zataia eskuartean hartuz aideratu nuen karretako serraila. Kanta, ordurarte etengabe ba ziharduen ere, bapatean mututu zen. Kandela baten argi beilegiz ihurzirik aurkitu nuen txokorrean eserita Samuelen begiak gatibu zeuzkan gorputz ttipia.
Eskua bota nion bizkarrera, eta ibai egaletik paseia gintezen gonbidatu. Metro batzu eginak geneuzkanean ibilbide heze hartan, bestela baitakoan so egin nion, eta lotsa ematen badit ere orain aitortzeak, higuina eta errukia besterik ez nuen senditu Samuel era horretan ikustean.
Gau berean, ordu parte bat geroxeago, otsoen zein piraten ilargia bitan zatitzen duen zubian, bobby batek topa zuen soka baten muturrean kulunkaka Samuelen gorpua.
Hemen baretzen dira behin betiko Samuel A. See zenaren biziaren olatu ozenak; harrazkero, gauero afalostean balkoian egoteko ohiturari eutsi arren, erabat desberdina da Samuel falta zaidanetik. Orain, niretzat bederen, mutuak diraute gau eta egun etxe atarian zabaltzen diren zirku ezezagun ororen zaratotsak.
Samuel nola hil zen galdezka etorriko zarela uste dut. Berdin dio, nitaz fido bazara, bi hitz luzatuko dizkizut soil soilik; aski izango duzu jakitez gau hartan, Samuel, gure Samuel, xanoen, inozoen zorionean erabat murgildurik ito zela, espaloi kuadrikulatuetan txintxerrinean jolasten duten haurren gisa.
|