Haizeak narama (garamatza)
J.A. Duoandikoetxea
Heldua zen. Haize zirimolak ekarritako satsa, errautsa eta area edonondiko argipean hildu ziren, poliki. Haize zirimolak ez zuen hotsik egiten, orube desanimatu haren gainean, itxadoten geratu zen, zintzilik. Ez errautsak, ez aztarnek, alboan zegoen gizonaren oihuak, eguneroko mus-partida jolasten ari bait zen, ezin entzun zitzaketen.
Bizitza sor daiteke, hautsaz beterik, arnasaz beterik, amodiorik gabe. Horregatik, une hartan, heldua bait zen, argiak, gorputz zuri, biluzirik nola hasi zen hazten ikus zezakeen. Zeren argiak ez bait du jaiotzerik, heriotzarik: beraren bizitza etengabekoa denez gero, lepotik buru eta aurpegi xarmanta, begiak berde, ezpainak sentsualak, ikus zitzakeen.
Argiak ez zekien nor zen pertsonaia hura, zergatik hasi zen bere hatzetaz ilea laztantzen, zergatik hasi zitzaien zangoei so egiten. Argia harroa da. Zertxobait ez badaki, ihes egiten du, abiadaz, ahanzteko gogoz. Horrexegatik egin nahi zuen alde, laket zitzaion. Baina pertsonaiaren ahalmena handia zen; horrela jarraitu zitzaion bere gorputza miatzeari, bere gorputzaren zentimetro guztiak, bere baitan sartuz.
Jokurik? Ez, ni ez naiz naizena, garena baizik.
Pertsonaiak errautsa usaintzen du, eta irribarre lineal bat argitzen zaio ezpainetan. Higitzen ari da, beldurrik gabe, etorri deneko itsasoaren usaina sendituz, barnean duen itsatso urdin eta berdearena. Edo gorria al da? Ez dakusa, senditu egiten du. Baita sorteraz dezakeen haizea ere. Agian zarama, hantxe zegoen jadanik. Agian itsasoa bere barne zegoen.
Gau hartako isiltasun sakonean higitzen ari da, ezagutu nahian, beraren nahietara, barnean duen haizearen usaina sendituz, haize arin eta zabala, sorteraz dezakeen itsasoko uretan igeri, uraren uhertasuna gero eta gehiago ezabaturik.
Baina, tupustean, une madarikatu batetan, gizona etxerantza abiatzerakoan, afaria jada prestaturik, pertsonaia mintzatzen da. Bai erran du. Begi berdeetatik ateratzen ari diren odolezko malkoek lohitu dute. Jadanik itsasoak ez du usainik, eta pertsonaiak haizearen hatsa dakusa, nonnahi sakabanaturik, jadanik badaki zarama zarama dena, jadanik badaki errauts bihurtuko dena. Jadanik badaki. Bai erran zuen.
Izeki misto bat, mesedez, hemen ez bait da ezer ikusten.
Nahiz eta bi aldiz saiatu, alperrik. Itsaso gorriak sorturiko haizeak errauts guztia eraman du, argia hiltzeko libre utzirik. Odol-ttanta batzuk orubeko grisetan errela ttipi bat marraztu dute, eta odol horrek ez du jaiotzerik izan.
Bizitza sor egin daiteke, hautsaz beterik, arnasaz beterik, amodiorik gabe, baina hautsaz beterik, arnasaz beterik, amodiorik gabe, bizitzak ezin iraun dezake, naizena ez bait naiz, garena baizik.
|