Gazteak oro dira urre
Juan Luis Goikoetxea
LOREA
Ene alabari, lore biltzen joan zaizkio goiz-orduak. Eguzki handiak burua berotu dio. Itzalpeko argitasunean gorde da. Han, baina ez da larrosarik. Pintatu egin du bat. Ezaguna zaizue lurralde hauetakooi? Urrats bat atzera emanez, ezker-eskumatara kulunkatu du burua. EDERTO.
Tximeleta zuria hegan. Alabaren lorean pausatu da.
Noiz sortu zara, tximeleta? Berdin da. Ia lorea bezain polit asmatu zaitut.
DIRUA
Kendu zaizu, Atotztxu, besoko dolore hori?
Ez! Nora zoaz aittatxu?
Lanera. Betiko moduan.
Ez joan, aitta! musu emanik.
Lanera ez banoa, ez didate dirurik emango!
Dirua behar duzu? Neuk daukat itsulapikoan!
Asko daukazu, ala?
Ustu eta katilu bete dago.
Hori zeuretzat da, baina.
Ez, aitta, hartu; baina ez joan!!
Igandean ez duzu edukiko, horrela, txupatxus erosteko!
Berdin da. Ez dut jango, baina ez joan! Ez joan aittatxu!! Medikuak min egingo dit!!! Aitta...
NORENAK?
Zatoz, Udanetxu! Utz ama baketan! Ikus gau ederra!
Zer dago kanpoan, aitta?
Giro ederra!
Ia, erakutsi!
Han goian izarrak diz-diz. Txiki-txikitxuak!
Norenak dira aittatxu?
JOAN
Nora zoaz, Udanetxu?
Amagana.
Hamarren bat metrotara, atzera biratu ditu begi urdiñak. Irrifarreari, irrifarrez erantzun diot.
Bide erdian behaztopatuz lurra jo du. Ez da negarrotsik. Jarri da. Ezkerraz astindu behar da eskuina. Fraka gorriak apropos datozkio eskutxuetako lokatza igurzteko. Zutitu da! Hara makurtuta! Bedarretara doazkio hatzamarrak. Loretan dabilke. Bai, txibiritak, Otsailean ez da besterik. Katua hurbildu zaio. Biak eseri dira. Felinoa aratinik! Lorea lurreratu dio hatzaparrez.
Ama, lorea kendu deust!
Nork, ederra?
Katuak!
Katu nabarrori! Koiu egiten badut, koiu!
Ama badator, azak eskuan. Altxa zaitez lurretik, Udane, garoa dago eta! Kokola!
Ez etorri, ama, zugana joan gura dot!
Zelan niregana? Hemen nago!
Ez! Negarra.
BELAKOKO LONTXO
Igeltsaria da. Latxagaren bolua karetu du. Jezarrita, Florentzio.
Patxadan?
Bai, Lontxo, hemen gara! Urte zaharrak astun dituk soinean!
Zer egingo da? Ume jaio eta ume bihurtu, Floren!
Bai? Hik, Lontxo, ordea, noiz ezagutu duk bitarte hori?
IDILIOA: Idiak eta behiak handiagoetara ezin pasatuz egiten duten saioa.
|