Erdoizta
Tabira
Iparraldetik hegora
kantauri itxasoko haizeagatik
bultzatutako hodeiak zihoazen
gauaren hilobira.
Espazio beltz osoak
lainoz estalirik, gauaren sarrera
haizearen magnetofoiaz salatzen
ta hiltzen nire gogoak.
Ardi paketsuetan labantzen ziran
euri tantaka sendoak
batzuk sastakai bezala
nahiz loreen hiltzaileak izan
Ipar-haize hilkorraren monotonia
oihartzunaren ahausia
iruditu zitzaidan
ta belar-ostoek zuten bizia.
Sasi-une ilun hartan
izadi osoa maite nezakeela
neronen bihotzak uste izan zuen
nahiz ta bera izan penetan.
Denbora gelditu balitz
ta izar ixkutuen arteko argia
eguzkiarena bezala baletor...
O! Zertarako hainbat hitz!
Barranko sakonean zuhaitz lerdena
beltz eta lehor, erreta,
oineztu batek harturik,
ekaitzak dakarren bezalako pena.
Nahiz sustraiak sakon, bizitza du latza
haizeak ezin mugitu
enbor hutseko ostoak...
inguru, lur, haizean, gogoan datza.
* * *
Kalea ixil dago
gaua iluna
giroa bare
Bakardadeak ematen duen
lasaitasuna
larritasunez
bihotz barnean bihurtu zait
Ezer ez dantzut
Inor ez dakusat
Hire
esku leuna
bekar niken
tinko
samur
goxo
Heriotzez maitemindurik nabil
Hi
zugatik
Ipar ekaitzez
bihotza
hotz daukat
kaleak
ixil darrai.
* * *
Lehio lehiar larri!
Zurezko presondegi ilunean
bizitzarako sarturik.
Gau ta egun espetxeturik,
izotz eta sargori
burututzen.
Susmur eta oihu
egin gabe
askatzeko...
Begiraldiak zehartzen zaituzte
eta heriotzez zauritu;
atsekabe bako begiraldiak
haur trixteen begiraldiak
ama zabarren,
senar nekatuen,
zahar aspertuen
begiraldiak;
eta noiz behin
enamoratu bikote baten
begiraldiak.
Gaua helduz, eta
ilargiaren argi zurbilak
laztandu nahi zaituenean
zureen artean izkutatzen zaituzte
eta biharamun berdin baterarte
hetsitua izango zara.
Lehio lehiar larri!
* * *
Hauts zuria bide zabalean
hauts latza ta beroa
beltz eta gorri, ori eta urdin
ijitoaren orga doa.
Asto ziztrin bat gurditik tiraka,
gizon bakana eraentzen
lasto-txapel bat buru gainean
aurpegi lohia ezkutatzen.
Ezin dei jakin bere urteak
berdin berrogei, ala ehun
ikatz bezalako bekain behean
bi begi, handi ta leun.
Azal-hilako esku beltzetan
igertzen da bere lana:
dagoen lan latza, ahal den tokian
ta ez du beti jana.
Jarririk doa, lurra begira
burusi mehea belaunetan
burutik behera izerdi tangadak
erre belarra ezpainetan.
Inork ez daki nondik datorren
ta bai lurrera doala;
bizi guztian, hemendik hara
gizartearen zitala.
* * *
Bart,
ametsetan nenbilen
zure gorputz liraina
estutua
nire besoetan neukala.
Zer gutxi falta izan da
zoriontsuak izan gendizan
Zureganako daukadan garrak
momentoz zoratzen nau
eta
zure ondotik alde egitea
etsaiek
nireganako
daukaten zigorra bezalakoa da.
Buruko ileak...
itxasoko zilarrezko aparrak
baino
diz-diz gehiago kezkate eguzkiarengan
eta arratsalde gorrizko haizearekin
dabiltza
batela bezala,
itxaso zabalean
keizuarren lorrez.
* * *
Herri zapaldu baten semea
gizarte ustelduaren landara
usai gabeko larrosa zara
guretzat dena izanen kaltea.
Zure begietan dakusat ikara
aurpegi ilunean bakardadea
iduri zara heriotz zalea
gu izango... herriko zazkara.
|