Bide grisaz bestaldetik
Laura Mintegi
Nazka gustua ahoan, kontrolezinezko nazka, okada, ahosapaiari erantsirik, txua aho barruan, likina, sendar sentitzen dudala.
Nitaz jabetu den nazkak, goraka, igoka, sabeletik urdailera, urdailetik samara, handik ahora, gustu mingotsa, higuingarria sortzen didalarik. Batzuek konstzientzia deitzen dutena galdezka, urduri, egonezinaz ari zaidalako. Nire bizitzaz galdezka, nire ekintzez, arakakor.
Nitaz dudan kontzeptua, besteen ispiluan errefleja ezin dudanean, objetibitateari bilaka ari natzaio, bere faro-argiaren bila. Eta irtenbide falta ikaragarriaren aurrean, isiltasuna.
Zalantzak estaltzen ditut, hatsa perfumatzen, arraildurak gezurraz betetzen, oinarririk gabeko nire mundu faltsua eraikitzen dut.
Norbaitzuren bizitzak gezurrezko zutabeetan sostengatzen direlako. Eta nirea ere, asmaezinezko gezur sinesgarrietan apoiatzen da, gezurrei erdi-egiak erantsiz.
Nire mezuak ulertzen ez duenak, ez dio bere buruari inoiz, inolaz, ezertaz, galderarik zuzendu. Nire mezua, iluntasunen artean, edo lanbro tartetik, edota putzu beltz sakonetatik, argi izpirik, esperantza zirrikiturik bilatu nahi duenaren kezkaz mintzatzen delako.
Eta bideak ixten dira, besteek esandako esaldietatik, entzun nahi (edo uste) ditudan esanahiak soilik, hartzen ditudalako. Eta besteengan sortu nahi ditudan kontzeptuak, imajinak, eskuetatik zaizkit joaten, ihesi zoroan, gezurrezko sokek ez bait dute ezer lotzen, gezurrezko armek ez bait dute zauririk sortzen.
Eta besteengandik jaso nahi ditudan esaldi lasaigarriak, helburuen baieztapena emango lidaketenak, ez dira neure belarrietara ailegatzen, inoiz ahozkatu ez direlako, inoiz inork pentsatu ez dituelako, buruan sortu, gezurrezko fikzio batetan asmatu.
Eta ni, nekatzen naiz. Nekatu egiten naiz faro argiaren bila bizitza ematen, eta aurtengo daukadan ilusio kopuru gehiena, horretan erretzen.
Nekatzen naiz nire zalantza, itsaso beltza, mugaezina delako, kostaldea, lurralde prometitua, nora ailegatu behar dudan, ez delako nire begi aurrean agertzen.
Eta bakarrizketa luze ezkor eta beltz honetan ari zen Ana Isabel. Gauza gutxik zuen zentzua, berarentzat eta momentuan, eskertxarreko mundu honetan. Beharbada SOS urjente eta garbirik botatzeko, ez zen gai izan. Agian, ez zuen nahi inork lagun zezan.
Bakarrizketa luze eta tristea, lau orma ilunen artean, egurrezko ate bateko burdinezko giltzarrapo guztiak bi bueltaz hertsirik.
Ondoko gelasketan Ana Isabel deitu zuten.
Ana. Ana, ongi hago? Zer daukan? Erantzun! Ana, gaur bisita eguna dun. Ana alai hadi, gaur etorriko zain!
Eta gaur ere ez zaio etorri.
Patioan ez dago beste guztiekin batera. Zerurantz begiratzen du, eta eguzkiarekin topo egiten duenean, begiak ixten ditu, irribarrea zabaldu eta, geldi, giharrik mugitu gabe, izar handiari so geratzen zaio, zerutik zehar haren mugimenduei jarraituz, eguzkiloreek dagiten moduan, bera ere landarea bailitzen.
Arratsaldean, beste presoek familiarentzako gutunak idazten dituztenean, edo arropa garbitzen, josten, edo agian, zerbait irakurtzen dutenean, bera, Ana, bere bakarrizketa luzeetan galtzen da, inguru guztia desagerteraziz.
Gaur ere ez zait etorri. Gaur, berriro, inoiz helduko ez zenaren zain paratu naiz, ordubetez, ezertarako ez. Hitzez egindako promesak haizeak daramatza. Datorren astean ere ez da etorriko, ezta hurrengoan ere.
Ana, kafea egin dinagu, probatu nahi dun? Etorri gurekin, hemen berotxoago zegon.
Ai, gure Ana laguna. Bere pekatua bizitzari baietza ematea, zuriz jantzitako emaztegaiak baietz esatean duen urduritasun berberaz. Baina gizarteak ez ditu batzuen baietzak onartzen. Ezetza eskatzen die. Trajikoa ez balitz, barregarria litzateke.
Anak berriro sentitzen du nazka. Nazka sabeletik goraka, etengabeki, egunez eta gauez, erne eta ametsetan dagoenean, bere gorputz osoa betez, azalzuloak lohituz.
Ana lababo ondoan dago, berriro. Eskuak garbitzen ditu, ukondoetaraino, xaboiz, bits ugariz.
Dutxetako atea itxirik dauka. Goizeko bederatzietatik hurrengo eguneko zazpirak arte, hertsirik. Gelako lababoan, xaboia eskutik besora, beso atzetik, atzamarren artean, garbitzen du gorputza, xaboitan ito arren, lohiturik sentitzen duen gorputz gorakari gaztea.
Juizio egunetan, saio luzeak amaitzen zirenean, gelara eraman zezatela eskatzen zuen. Gelan, gelaskan, xaboia eta ur epela gastatzen zituen, iturriko ura hoztu egiten zitzaion arte.
Justitzia Tribunalean gauzen, mahaien, aulkien, estradoen zikintasunaz ohartzen zen. Heurak ekarri zituzten arte. Han, beraren aurrean, arropa garbiaz eta ileak ondo orrazturik. Han, biak, poliziez inguraturik, esposaturik, bera lez, preso. Bere krimenaren lekuko bakarrak. Beraren kontra testifikatuko zutenak. Bai, han zeuden, begiak lurrean hinkaturik, bista altxatzeko beldurrez. Eta ni, bista altxatzeko indar ezaz.
Egunez eta gauez laguntzen nauen nazka sortu zidatenak. Hirugarren hori falta da. Hirugarren borreroa, nire bizitza, nire etorkizuna apurtu, moztu, ito, desagerterazi egin zidana, nire esku artean bizia galdu zuen gizasemea.
Ana, begira ezan zer hartu dinagun... etxeko paketea! Ana, galtzerdi lodiak behar ditun? Hire neurriko parea zegon! Etor hadi, etor neskatto. Ez hadi bakarrik egon!
Bakarrik egon nahi dut, ni neure buruaz bakarrik, beste inor ikusi gabe, bi horiek ikusi barik. Jueza, jendea, familia, ez ditut ikusi nahi.
Señorita, vístase rápido. Tiene que declarar dentro de diez minutos.
No quiero ver a nadie. Quiero estar sola.
Cree que voy a aguantar sus caprichos? La Sala y el juez están esperando, o sea, que vístase inmediatamente o la vestiré yo misma.
Jantzi, arropa garbia, lohituriko gorputza estaliz, juezaren eta tribunalaren aurrean azalezko garbitasuna ageriz, nire defentsarako argudioak, akaso.
Publikoaren artean aurpegi ezagunak dakuskit. Familia, abokatuaren bulegokoak, zenbait talde feministaren buruak, inoiz nire lagun deituak, kontsideratuak izan direnak... Gehienak triste, aurpegi etsiaz, gutxienak kuriositatez, fiskalaren hitzak xurgatu egiten dituztenak, morbosoki, geroago tertulian heuren buruak goratzeko kontatuko dutena pentsatzen ari direlarik.
«Fiskalak, orduan, krimenaren arma, soka batetik paper txiki bat zintzilikaturik zeukala, epaikoei erakutsi zien, eta salatuaren erruaz oso azalpen luzea egin zuen. Honek ez zuen emoziorik adierazi. Gero, bi bortxatzaileak ekarri zituzten dakizue, lekuko bakarrak. Orduan, orduantxe, ikusi behar izan zenuten salan zegoen giroa! Aizto batez ebaki zitekeen... Hurengo egunerako utzi zuten kasuaren jarraipena. Inork ez du garbi ikusten zer gertatuko den... baina hori bai, neskatoak pena ematen zuen. Edozeinek, ezertaz ez zela ohartzen esanen zukeen...»
Bai, hor daude, bista altxatzera ausartzen ez direla. Momentu hau nire amesgaitzetan agertzen zenean, gorrotoak bultzaturik, heuren gain, saltoka, irainez, eraso egingo niela, errabiaz, pentsatzen nuen. Orain, orain ez dakit zer pentsatu, ez dut ezer buruan, hutsik sentitzen ditut gorputza eta burua. Orain, zenbaiten, norbaiten tresnak bailiren dakuskit. Globalitate oso baten tresna latz hutsak, nirekiko borrero bihurturik, ni horien biktima.
Ana, nola joan zain juizioa? Gaur amaitu da? Ba den epaia? Esaigun neskato, zer den? Zazpi urte! Ez hadi ardura. Errekurtsoa aterako dinagu! Lasai neskato, ez ezan negarrik egin!
Malko lehorrak, gaziak, urgabekoak, nire gorputz iharraren iturria agorturik. Zazpi urte minutu batzugatik. Zazpi urte bizitza oso bat salbatzearren. Bizitza salbatu eta bizitzeko gogoa galdu. Aldaketan zer irabazi eta zer dut galdu.
Ez da gorrotoa, edo hira, ezta mesprezua ere. Ezaxola zabarkeriaren aurkako burruka sentitzen dut, nere buruaren etsai bihurtu naiz.
Itsaso haserre baten olatu zakarrak, buru barnean, arrazonamenduaren ormen kontra, golpeka, eraso egiten didate, bortizki. Ez naute aske sentitzen uzten. Enoratu nahi dudan errealitate ilun beltza jaurtikitzen didate, aurpegira, begi aurrera, erremedio gabeki.
Jainko nirea! Zergatik, zergatik neu? Zergatik hura niri?
Ana barruan dagoen bitartean ez dugu etsiko. Ez dugu utziko bere gaztetasuna lau orma artean usteltzen. Errekurtsoa, medikuen deklarazioa, psikiatren ikerketen fruitua... nahi duzuena, baina atera, atera orain. Gure betiko Ana nahi dugu, ez gartzelak sorturiko andre samindua, mingostua.
Zuen betiko Ana otsaileko arratsalde hartan hil zen. Ez da inoiz pertsona bera izango, ez duzue ezagutu zenutena berriro hartuko. Baina atera genezake, bai, epe labur batetan. Gure esperantza, momentu honetan, psikiatren deklarazioa da. Heurek auto-defentsarako instintu basatiak, eta beraz, moral bako naturak eraginda, erasoari indarraz erantzun ziola baieztatzen badigute, eta pertsona bakarra hiruren kontra aritzea gutxigarritzat emango balitz, fiantza ordaindurik, laster aterako genuke. Nahiz eta jueza kontran izan, epai-mahaikoetatik ehuneko hirurogeita hamabosta alde daukagula uste dut. Itxaropentsu izan zaitezte. Laster izango duzue Ana etxean.
Laster ez. Orain, oraintxe nahi dugu gurekin.
Ez nindutela bortxatu nahi. Jolastu nahi zutela. Denbora pasa izan nintzela heurentzat. Nik aurrerabidea eman niela. Gustatzen zitzaidala eta orduan, jolasaren barrean, aurrera egin zutela. Gainera, pittin bat edanda zeuden, ez mozkortuta, baina konstzientzia handirik ez zutela. Abokatuek honela esateko esango zieten, gutxigarritzat erabil zezaten.
Neska batekin larrua jotzea ez dela hain grabea. Ea nork ez duen inoiz egin. Neskak erresistentzia jartzen badu, ez duela esan nahi, halabeharrez, nahi ez duenik. Batzuei gehiago gustatzen zaiela modu horretan. Nola jakin, benetan, jokorik edo besterik den?
Hazia topatu zitzaiola gorputz osotik, bitsa. Nola ez? Joku erotikoetan halako gauzarik ez dago debekaturik, ezta? Zein legetan esaten da debekatuta dagoenik? Norberaren ohitura sexualak ez ote dira errespetagarriak?
Lagunaren gorputza ahoz behera, neska biluziaren gainean odol-husturik, ikusi zutenean, orduan konturatu zirela. Ez zuten espero. Ez zekiten zergatik, nola, gertatu ahal izan zen. Gero, alde batean zuen zauri handia ikusi zioten. Erraiak ateratzen zitzaizkiola.
Baina ezer ez zutela entzun, jokoaren intziriak kendurik, biokin ere egin zituen oihu lazgarriak. Nola suposatu?
Jueza, onespen keinuz. Artasuna erakusten zuen. Bortxatzaileen kondaketa gustoz hartzen ari zen, atseginez.
Ana, begiak beherantz, beste leku batetan bailegoen, lanbroz beteriko eszenatoki aparte batetan.
Berak ere gogoratzen zuen otsaileko egun hura. Gauez berandu, etxera zihoalarik, atarian agertu zitzaizkion. Lehen pisuko estudiante gaztea ikusi zuen, atea ondoan. Bai, gazte hura, beti berandu arte musika atope zeukan mutil iluna.
Ateratzen zuen zarata zela, edo berarekin ibiltzen ziren gazte ganberroak zirela, auzokoek askotan egin zioten protesta. Berak eta bere lagunek atariko fusibleak hartzen zituzten, igongailua bi pisuren artean trabatzen, irudi lizunak ormetan margotzen... Administratzaileak sarritan eman zien abisua. Alperrik.
Inork ez zekien nondik ateratzen zuten dirua, baina estudianteak izanik, nola eduki motor handi horiek, garagardo kaxak, hainbat diska, eta beti tabako gorria?
Ana herandu heldu zen egun hartan, estudiantea eta beste bi mutilak atarian zeuden, bere zain baileuden. Bidea hertsi ondoren, zenbait esaldi lizun esan ondoren, heuren etxeraino bultzatu ondoren, atea itxi zioten, barruko aldetik.
Mozkorturik zeuden.
Baketan utz zezatela eskatzen, errugutzen zien, ahots ahulez, entzunezinezkoa zen ahots hari batez. Han gertatu zena ez du gogoratu nahi, apenas gogoratzen du, buruak gogoratzeari uko egin bait dio.
Lanbro tartean dakuski artaziak eta bere eskumako eskua artazien kirtenean. Eskua, bere gorputza eta beraren gainean zegoena odoleztaturik, izarak odoleztaturik, begi aurreko guztia gorri.
Gero, patruila, komisaldegia, medikuen azterketa, polizien begirada salatzaileak, jendearen konprentsio gabeko begirada gogor-ikaratuak, gurasoen negarra, lagunen harridura, mutilaren ihesa... Bere mutila ez da jadanik agertu, ezin izan du presioa jasan.
Gaur ere ez zait etorriko. Ez nau ikusi nahi. Ez du ezer jakin gura nitaz.
Ana, hotz haiz? Zer egiten dun leiho ondoan, eguzkitan, gorantz begira? Udaberriko izpi guztiak hartu behar ditun, ala? Utz ezan zerbait besteentzat!
Barka, ez ninan hori esan nahi. Ez, Anatxu, jarrai ezan. Ez dun ardura.
Goruntz begira, osorik ikus ezin dezakedan zeru urdin batetarantz, lurretik ihes egin nahiean, txikitan egiten zuen bezala. Amak ez ninduen inoiz aurkitzen. Goiko terrazako ganbaran, txoriek udaberrian egiten zituzten kabien artean, haritzezko gapirioetan; piper morroiak zintzilikaturik zeuden lekuan, ezkutatzen nintzen, pentsatzeke, atseginez.
Zerbaitek kezkatzen ninduenean, piperrek beren baitan lekutxo bero bat egiten zidaten, nire heltzearen zain, laster heurenganatuko nintzela bait zekiten. Hantxe, zerutik hurbilago, beheko arazoak ahanzten zitzaizkidan, nire oinen mailera ere ez bait ziren problemak ailegatzen. Gero, beheratzen nintzenean, problemak jadanik ez zeuden, ihes eginda joanak ziren.
Nebak, haserretzen zenean, ez zuen nik nuen erreakzioa. Ahotsa altxatzen zuen nonbait, gauzak apurtu, amaren kontra egiten zuen, indarrez, irainez. Gero, minutu batzu beranduago, berriro zegoen pozik, amaren ondoan, musu eske.
Berak hartzen zituen kolpe guztiak; eta laztan gehienak ere bai. Zergatik zen hain xinplea, konplikaziorik gabekoa, eta ni hain desberdina?
Ni ez nintzen inoiz guztiz haserretzen, baina gutxi-gutxitan sentitzen nintzen total pozik, alai. Noiz zoriontsu? Piperren artean, ganbaran, txoriek lastoz, egurrez eta ilusioz kabia zegiten leku garaian, zerutik ahalik eta hurbilen, lurretik ahalik eta urrunen.
Ganbarara joan nahi dut, nire txikitako etxeko ganbarara. Txori kabien ondora, piperrek heuren baitan egiten didaten txoko berora.
Ana zutitu da, leihotik alde eginik, begiak gelaskaren iluntasunera ohitu behar ditu. Laster hartzen die gauzei perfila. Gomazko zapatak jantzi ditu, eta negurako jertse lodia, artilezkoa. Atea zabaldu du, eta pasilo luzeetatik aurrerantz doa. Eskiletara behera jeitsi eta beste pasilo bat, aurrekoa baino luzeagoa, aurrekoa baino ilunagoa.
Erdian, noiz behinka, dauden errejadun ateak zabaldu eta zeharkatu ditu. Eskumatara jota, beste pasilo luzea zabaltzen da beraren aurrean. Dzatadako urrats laburrez, pasilo guztiak ibili ditu, eta zerura zabalik dagoen patiora atera da. Patioz beste aldera, berrogeita hamar metrotara, beste ate bat, handia, egurrezkoa, burdinezko estaliez, giltzarrapo handiaz.
Gelditu barik, patioa zeharkatu, eta indarrez, atea zabaldu du. Honen ondoren, karretera grisa, inpertsonala, estua, luzea, ganbararaino eramango duen karretera iluna.
|