Maitasunez eta etsipenez
Laura Mintegi
Bizitzaz galdetu zenidan
eta ez nizun erantzuten jakin
Amodioaz galdetu zenidan
eta musuaz erantzun nizun
Heriotzaz galdetu zenidan
eta gure herriaren historia gogoerazi nizun
Adiskidetasunaz galdetu zenidan
eta begiak malkoz bete zitzaizkidan
Zoriontasunaz galdetu zenidan
eta aurpegia ezezagupenaren keinuaz tintantu zen
Bakardadeaz galdetu zenidan
bakardadeaz galdetu zenidan
eta, bizitzaren ispiluak nire irudia itzuli zidan.
Urrunegi
nire gauerdiko malko gaziaz
busti zaitezen
Gau oro deseiatzen zaitut
gauero agertzen zara nire ametsetan
gabero sentitu nahi dut
zure gorputzaren beroa,
zure laztanak
Eta maindiren hotzak itzartzen nau
eta eguzkiak ez dit hotzik baino ematen,
zurekiko faltaz oharterazten nauen unean
Hezurren dardara eroa ezin gerarazi
eta zakurra lotan
eta argiak pizturik
eta arratsaldeko zortzirak
eta musika irratian
eta idazluma korrika
eta orria lohiturik
eta ni hemen
eta zu nonbaiten
eta bakardadea nirekin
eta bakardadea zurekin
eta zakurra lotan, lotan...
eta argiak pizturik, pizturik...
eta...
Ba dakizu, hemen nagoela,
inolako esperantzarik gabe,
zure zain ilusio batetan,
hitzik ez didazula zuzenduko jakinez.
Ba dakizu, hemen naukazula,
mutu, halabeharrez,
hitzik ez didazula bidaliko,
ez ahoz, ez telefonoz, ez idatziz,
mihigain gabekoa nauzula,
beldurrez.
Ba dakizu hemen hilgo naizela,
zuregandik behar dudan haizea
hartu ezinik,
eguneroko bizitzan tantaka hiltzen,
errealitateari begiak itxiz,
etsipenez.
Badakizu, laztana,
maite zaitudala.
Inpernu gorriak ere
amaitu egiten dira.
|