L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,2 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Bizitik urrun edo ezinezko gertaera

 

Jon Albizbeaskoetxea

 

Leihoa irekita, haize freskutsua sartzen zenez, bere ukondoak marko zikinean kokatu ziren; gorputzak minberazko aulki narraztu bat oinarri bezala zeukalarik. Aurpegi aspertu batek gaueko euri tantak begiratzen zituen bitartean, gure mutila urruntasunerantz bidaia egiten zegoen. Begiak gela barrura itzuli ziren, bazter guztiak ikertu nahirik, betiko bazterrak, hamaika aldiz ikusitakoak: ohe korapilatua, non izarak sugeen bolatxoa ziruditen; armairu klasikoa eta horregaitik itxura nazkagarrizkoa, benetan goralarriak ematen zizkion «zurezko kaxa» harek.

        Begiak laster doaz kaseta dagoen mahaira. Hura bai zen bere buruaren makila, gailu pozgarri hura begiratzerakoan, keinua ere bihurritzen zitzaion, lasaitasun arrora sentituz.

        Baina egun hartan sorginek eta aztiek ere ahaleginak egin zituzten, aldiune berezi hau euki zezan. Gure mutilak ezer ez balitz pasatuko bezala, bere ikuspegi monotono orokorra jarraitzen zuen, baina hark gutxien gertatzea nahi lukeena, egun hartan gertatzen zen: aldiberean kaseta hondatu zen.

        —Hobe hilda banengo! Jo, gainera «G. Raferti»ren zinta ere apurtu dok! Kaguen la!

        —Lasai, lasai; utz ezak aieneak geroko, eta begira konpontzerik dagoen ala ez. Gero, nahi baduk, esan behar duan guztia.

        —Ixilik egon hadi! Nola ez nauk kexatuko ba? Zer egingo dut orain musikarik gabe?

        Galdera honekin amaitu zuen bakarrizketa, lelokeria zeritzon eta. Bai, baina egia zen, ondo zekien musikagatik zeukan menpetasuna, eta azkenean sorgarri eta batez ere, beste mundu batzuetara ihes egiteko bide atsegingarritzat onartuta zuela.

        Ahalik eta arinen irteera bilatu lioke, azken gertaera osteko estutasun hari.

        —Azken gertakizunek eta hertsitasun sensazioak, itsumen askatzaileak sorterazten dizkidate... bai hori da —esaten zuen bere barruko.

        —Jo! Hasi gara berriro kurtsileriak esaten, Freuden bezala —auto-kritikatu zen, esaldi irrigarriari joanez.

        Benetan ez zegoen Freud bere adiskideen artean. Sartre hura bai zela idazlea eta pentsalaria. Sartreren liburuak eskuetan hartzen zituenean, ez zegoen ezer haietatik aditasuna kendu liokenik.

        Kalean gizon heldu bi, ondo «kargaturik», (bere leihotik, aurrean zegoen tabernan sarritan begiratzen zuen) abesti hotsaka zebiltzaten, baina ez zuen ulertzen ezer zeren «karga» handia zeramaten, edo ez zekiten abesten; kasu honetan, noski, ez zegoen dudarik...

        Erlojurantz bueltatzen du begirada:

        —Vaya! Geratu dok berriz aparatu zahar hau. Baaa, eutsi du zeren dirua «ni flowers», ia guztia amaitu zait eta gurasoei ez eskatzeagatik dirua emango nuke —esaten du irrifarrretxo batez, hitzen jokoaz ohartuz.

        Beste egun bat amaitzen zihoan. Ala hasten?. Bai, bai hasten; Joserentzat gaua zen egun baten zatirik hoberena. Gauez, egunez erdi hilda zegoen burua sutan jartzen zen, motelduta zegoena sutan, imaginazioaren aginduz izugarrizko ametsak eukitzen zituen, inork ez luke esango buru berdina zela bizitasun hura ikusirik.

        Goizean berriro itota esnatuko zen, baina oraindik goizerarte batek daki zer pasatuko zen.

        Ohera sartuz batera, eta begiak itxi baino ez lasaipenak bere gorputz guztia hildokatzen zuen. Loak inguratu zuen... milaka argi, kolore eta leku zeharkatzen dira... bat argiago ikusten eta nabaritzen doa...

        Kale luzea, nahiko estua; oraindik antsigarrak utzi duen mantua edo gaineazala ez da desagertu lauxetatik. Arnasak, momentuz dena lainatzen zuen. Katu beltza astiro astiro, hotza mespresatuz, kalea okertzen zen lekurantz abiatzen zen, noizean behin burua atzera itzuliz, bere begi handi eta distiratsuekin, berehala, edozein mugimendu nabarituz.

        Eguzkiaren lehenengo izpiak, poliki poliki, teilatu gainetik kaleko ezkerreko etxeen hormak berotzen hasi ziren, oraindik karrika errespetatuz. Berehala, goizeko bakardadean, urrutiko txakur ahausi batek bazter guztiak betetzen ditu, gero etorri den bezain iheskorki joanez, haize bolada bat balitz bezala. Berriz goizeroko ixiltasuna soilik entzuten da. Udaberriko goiz arrunta zirudien; eta hori oso zaila zela, gauzak normal egotea, haiek herria hartu zutenetik. Egun hark susmo txarrak zekartzan hasieratik.

        Goizeko bakardadea apurtzen da; kale barrenetik zarata erritmiko batzuk zetozen (herritarrek ondo zekiten zer zen).

        Askok zeukan zarata hori iratzargailu bezala, beti ordu berean, beti egoera berezi hura ikusteraziz.

        Badatoz kaletik, lauxadura danborra dirudi eta botak jotzeko zotzak. Hots arranditsu eta beldurgarriak karrika guztiz aldatzen du, orain ez dirudi berdina.

        Gizon zurrunak, inpertsonalizatuak eta salgoia emandakoak dira.

        —Ez zen hobe izango okertuak esatea?

        —Beno bai posiblea da. Baina nola dira posibleak honelako okertasunak, eta honelakoak bezala egunerokoak? Hain gauza gutxi gara ala hain «handiak» aldaketa horrek egiteko gaitasuna badaukagu? Gizon bat nola, zergatik, noiz hel daiteke egoera hauetara? Okertzeetatik atera behar ditugu ikasiak? Baina ez, ez dakigu atzerantz begiratzen.

        —Bah! Ixil hadi moralista madarikatuori. Utz nazak ametsaren munduan, baina azkar, ezin dut minutu bat ere galdu eta.

        Aurpegi bizi gabe haiek, kaskuak ematen zuen itzalaren azpian izkutatzen ziren, nortasungabetasun haundiagoa emanik...

        Jantzi beltz-urdinskak erdibiturik zeuden: eguzkiak argitzen zuena eta itzalean edo iluntasunean zegoena. Bota beltzak gora eta beherakada erritmikoetan dirdiratzen zuten. Lepotik zintzilika tresna hiltzailea edo «salbatzailea», orain esaten den bezala, bera ere dantzan, saltoka. Eta lepotik ezkerreko eskurantz beheratuz, besoko gorria, gurutze antzeko batekin biribil zuriaren barruan, zoritxarrez hain ezagutua den «esbastika».

        Pilotoiaren aurrean soingaineko bereziarekin, gizontxo argal eta hieratikoa zihoan. Bere presentzia ondo nabaritzen zen; besteen zaraten gainetik, bere ibilkerarenak, kalea apurtu nahirik, entzuten ziren.

        Poliki poliki soldaduek kalean zehar jarraitzen dute, leihoetako gortinen ostean daudenen begirada erneekin. Gorantza doan beste bidea hartzeko ordena esaten hartzen denerako, berehala haien aurrean, gizon bi agertzen dira eskuetan metrailetak daramatzatela. Sarjentuak ezin du esaldia amaitu; hitzen ordez hamaika trumoi gisako zaratok dena beldurtzen dute eta; gorputz triskatuak, bihurri eta dardarrez, lurrera erortzen diren bitartean.

        Gizon biren ihestarekin batera, momentuz hutsitu diren leihoak, berriz aurpegiz betetzen dira, batzuk harritasun keinuarekin, besteek poztasun ezkutuarekin.

        Harmetatik irten duen keiak gorantz igotzen du zutabe biribilkorra formatuz; eleizaren ezkiladorrean, haizearekin nahastuz arte; hango uso eta beste txoriak hegaldi erratu baten urruntzen direnean, iratzarri zaratatsu eta izutu haren ostean; bere hegoen eta irrintzien hotzen apurka desagertzea, soilik utzirik.

        Lauxaduren arteko zuloetatik odol errekastoak ostentzen dira, kalea ixiltasun dunbotsu batek menperatuz.

        Dena berdin dago, harrapaladan, kamioi bat etorri arte. Gainetik, bat batean eta irristakorki geratu ondoren, azkar saltatzen dute hildakoen kideek; batzuk miatzen hasiz eta besteek zaintzen, arrastoak bilatzen dirauten bitartean. Kabinatik beheratuz, astiro astiro baina pausu estuekin, heltzen da nagusia dirudiena. Guzti hau ikustatzen du; eskuak atzean dauzkala, eta haiek hartuta duten ustak joz, azken batean bere orpoetan zentratuz energiaz bueltatzeko, eskuineko begiko monokolua erortzen utzirik, soldadu bat deitzen du azalpena eman diezaion. Soldaduak zerbait irazkindu ondoren, topaketa prestatzeko manuak ematen ditu.

        Hor doaz, laister, etxerik etxe, dena arakatzen eta galderak egiten, nahi duten informazioa lortu arte.

        Hortik edo hemendik, jabetzen dute zein etxetan sartu den erasotzaileren bat, eta harantz abiatzen dira arretaz, militarrek hainbeste aipatzen duten «sorpresa faktorea»gatik. Jarrera egokiak hartu ondoren, atea behera botaz, gela guztiak aztertzen dituzte, azkenez lo gelan, bilatzen dutena aurkitu arte.

        Harrigarria lidurike egin zuten iskanbila entzunda, baina ohean norbait zegoen eta lotan, bai lotan. Ez zaio aurpegia ikusten, bai iluntasunagaitik, bai burusien artean bilduta dago eta. Zakarki esnatzen dute eta argi gehiago dagoen lekura daramate, guzti hau bultzaka ere bai, leihoko argitasunera heldu arte, bere, orain harridurazko bisaia, ikusi nahirik.

        —Baina zer da hau! Hori ni naiz! Ze amets arrarotan nago ba? Zerbait esan nahi izango ote du honek?

        —Ixil hadi! Ez haiz egon egun guztian zuren amets madarikatuak noiz heldu itxaroten? Ba... hor daukak.

        —Bai, bai egia da. Hau ez doa beste egunotan bezala, baina ezberdina da eta horregatik interesgarriagoa. Ez nuen ebaki behar; ea jarraia duen...

        Benetan arraroa zen bai, baina erdi lokarturiko pasagune haren ostean, ongi programaturik bazegoen bezala, berriz historiaren harian sartu zen, honela antzerkietan bezala bigarren ekitaldiari hasiera emanik, orain ametsen oihala zabalduz.

        Herriko gartzelara eta leotz ilunetarikora eraman eta sartu dute gure Jose. Gela oso txikia, leihogabea, ez dago oherik ez antzeko gauzarik, soilik eta hau ere heze, lasto pixkatxo bat. Atzera eta aurrera gelan zehar ibili eta berak ez duela ezer egin errepikatu, oihukatu ondoren, baztertxo batetan makurtzen da burua belaun artean kokaturik. Nola esango lieke bera ez dagoela han edo behintzat, ez zegoela egon behar. Bera lekuko «berezia» soilik zela, ez zen erraza, inork ez zion sinestuko. Eta zergatik esan behar, nahi zuenean irtengo zen amets mundu hartatik; edozein momentutan gauza arraro hau amaiera hel dadin aukera dauka.

        Ixilaldi honetan heldu zaio belarrietara, makina bat aldiz entzundako «Cat Stevens»en abesti ospetsu bat. Ez daki nondik datorren baina hautemateko ere, ez du ahalegin askorik egiten, entzun eta berehala burutik hainbat eta hainbat gogoeta uztartzen bait dira, bizi errealean gertatutako jazoerak.

        Eta hantxe bertan, leotz amestuan, gogoratzen hasten da lehendabizi alferrikaldutako pila asteburu, tabernarik taberna ibilkaltzea ez izan arren, ikuspuntu orokorrak bestera jotzen zuen. Beti asteburu hontatik ez da pasatuko esan arren, bat, bi, hiru eta gehiago pasatu ziren. Benetan ez zuen merezi ordu erdi ongi irauntzeko, sei atzera eta aurrera, estutasunean eta ahulerian egoteak; hori zen bere pentsaera behintzat. Bizitzatik eta bizitzari gehiago atera eta eskatzen zion.

        Beste oroipen indartsu batek keinu alaia eramaten du bere aurpegira. Neskatila dotore eta liraina da, benetan Ainhoa xarmagarria zen. Ile beltz, txiki eta laburrak, aurpegi argia, sudur fina, noiz behinka bere aho txikian agertzen zitzaion irrifarre adoragarria. Eta sama... ez zuen Josek inoiz horrelako sama sentsualik ikutu, ez ikusi. Bular eta gerri, hitz batez esanda, dena; dena zen sentsuala, erakargarria, eta hau, sexuala izatea baino gehiago gustatzen zitzaion. Denbora askotik ezagutzen zuen Ainhoa, herriko orain zelako bospasei urteko jaietan berarekin dantzatu zuenetik, baina gutxi hitzartu zuen neskatxoarekin, egoera berezi bat heldu zen arte. Ordurarte helezina zirudien neska, eskuragarri zegoen. Erlazioaren aurkako oztopoak: bien herabetasuna eta neskaren izaera zaila eta aldakorra.

        Hala holako gauzak atzean utzi nahi zituen eta ziur zegoela, pentsatzen zuen, Ainhoari gehiago eskatuz, Ainhoak oraindik, bere barruko izugarrizko mundua, gordeta eta askatzerako zeukan eta. Askatze hortan zeuden bere itxaropen guztiak.

        Itxarotean nahiko zen Joserentzat, «potxolo» hitza hotz eta ezpain haietatik irristatzea, berari eskainita. Izatez nahiko leloa bazen, orain guztiz leloluta zegoen gure Jose.

        Lagunen gogoeta haundirik ez datorkio, zeren talde handian ibili arren ezin zitekeen esan haien arteko harremanak estuak zirenik, ia dena gaineazalezkoa. Bi edo hirukin izan ezik, beste guztiak ez ziren heltzen Josek laguna izateko, markatuta zeuzkan balioetara, aldiune konkretu eta ez bazen. Gogoratzen du bere rollo eta barreen adiskide maitea Koldo, eta bai ere azken egun eta hiletan adiskidetasun erlazioak sakondu zituenarekin. Han ere Jose deitzen zen, hobe esanda Joseba (ezizenaz edo abizenaz deitzea mespresatzailea dirudik). Joseba eta biek dena kontatzen zioten elkarri gehien bat sentimentala, beste inori ez lerrazkion gauzak Josebari esaten zizkion.

        Beste lagunak, bururatzen zitzaizkion bezain laster desagertzen ziren, irudikeriak baziren bezala...

        Leotzaren atean dagoen soldaduaren oihuek, ikaratuta, ametsaren irrealitatera itzultzen dute. Barrura sartzen da eta eskutik indarrez oraturik, Joseren kontrakotasunik gabe, korridoreen zehar, erdi tatarrez, general antzeko bat dagoen gelara eramaten dute.

        Kanpoan goizaldea esnatzen ari den arren, gela hotz hartako betiroko gauak ez dio uzten argiari sartzen. Berriz ere bila datoz, orain ez bat, baizik eta sei edo zazpi soldadu.

        —Baina orain ez goaz leku berdinera, honek ez dira lehen pasatu ditugun korridoreak. Nora naramate?

        Baila batetara ematen dute ate handi eta zahar baten sabalketaren txirrin hotsak, eta eguzkiaren lehen izpiek bere belarri eta begiek birkargatzen dituzte, orma baten kontra jarri aurretik.

        —Hor dator generala. Zera esaten dio soldaduen nagusiari horrelako aurpegi zimarkutsua? Eta orain zer esaten dit, fusilatu behar nautela? Benetan barregarria da hau.

        Josek, hori entzun ondoren, ez daki zer esan, eta sorbaldak altxatuz axolagabeko keinua egin zuen.

        —Ordua da ametsari bukaera emateko —pentsatu zuen—. Baina zergatik itzuli behar errealitatearen mundu monotono eta gaitzesgarrira?

        Denbora labur baten ostean berriro danbadak entzuten dira jaingoikoak ahaztutako herri hartan...

        Pertsianen arteko zirrikituetatik eguzki zatiek paretan dagoen «David Bowie»ren posterra hainbat zatitan banatzen dute. Ohe alboan dagoen mahaian zenbait orri, liburu, zirrimarra, azal eta argazki pilatzen dira; eta ohe gainean gorputz ibilga eta odoleztatu bat. Nor ote da?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.