Argi izpi horia
Tabira
Ez zen lehenengo aldiz izango telefonearen txirrinak jotzen zuela berak entzun zuenean; lehenago ere tinbrazoen oihartzunak behin eta berriz errepikatu omen zuen liburuz hornitutako gela txiki baina atsegin hartan. Dena dela, Ronald-en lotarako gogo sakonak txirrinaren estridentziak baino gehiago ahal zuen eta esnatu zenerako gutxienez seigarrenez entzuten zela. Ez zen berehala egoeraz konturatu. Begiak ireki, bekokia tximurtu eta bere mingain astuna ezpain lehor ertzetatik pasatu zuenerako beste bizpahiru aldiz jo zuen txirrinak. Errealitateaz jabetu zenean, amets extraino batetan zegoela iruditu zitzaion.
«Nor izan liteke?» Erlojua begiratuz: «Arratsaldeko seirak».
Eskua luzatu eta aparatu gainean jarri zuenean berriz txirrinaren hots garrasia entzun zuen. Txitximurka batek eraso balu bezala, presto erretiratu zuen eskua eta bekainen artean iluntasun gogor bat ageri zitzaion. Berriro ere bere aurpegiak espresio ilun bat hartu zuen eta adi jarri zenerako telefonoa begira, honek berriro apurtu zuen orduarte loak emandako monotonia bakarra.
Bai, esan... Nor da?... Bai?.. Nor da?!
Kaixo Ronald beste aldetik mintzatzen ari zen ahotsa, eztitsu eta epela ematen zuen. Ahots maitekorra eta gardena, inolako kutsu extraino gabeko ahotsa. Maitasuna bezain epela, maitasunaren jolas ondoren esandako hitzak bezain goxoa.
Bai? Nor... nor da? Ronald-en ahotsak ikara kutsua zeukan. Ez zen soseguz sentitzen eta bere aho kordek zeharo salatu zuten.
Ixitune gordin baten ondoren berriz heldu zitzaizkion hitzen murmurio goxoa.
Ni naiz. Ez al zara nitaz gogoratzen? Eva naiz. Azken hitz hauek leunago ahozkatu zituen eta Ronald-i dardara hotz bat jaitsi zitzaion buruko ile puntetatik behatzetaraino, beste berdintsu bat gorantz zihoakion bitartean, eta zilborrean gurutzatu zirenean Eva izena nabaritu zuen bere gainean hesteetaraino sartzen, zezen-burdin marka baten gisan.
«Eva» errepikatu zuen mekanikoki «Eva». Ez zekien ondo nondik hasi eta zer esan une latz hartatik irtetzeko. Posiblea al zen? Bainan... ez, ametsetan zegoen, ez zen inola posiblea, ez zen bat ere erreala. «Eva».
Bai Ronald... Ba dakit urte pila igaro dela baina denbora ez da oztopoa izan zu ahazteko. Alderantziz beharhada... askotan uste izan dut ikusten zintudala kaleetatik presaka, haizeak bultzatulako ekaitz hodeiak bezala; eta behin baino gehiagotan zure oskien oinatzak jarraitzeko gogo kontenezinak sartu izan zaizkit, baina zu ote zinan? Ez, ez zen posible; nire imajinazioaren fantasma bat baino ez zinan eta kale kantoian desagertzen zinenean, berriz ekiten nion ametsari. Nire bi begiek zu ikusten zintuzten baina bihotzaren taupada larriek ez zuten behar hainako indarrez zure izenaren oihartzuna errepikatzen. Eta nire zalantzek bueltaerazi ninduten.
Bere kontaldiari amaiera eman zionean, ixilune bat sortu zen bien arteko elkarrizketa hartan. Hitzek, telefonoen arteko harietan galdu zirela zirudien. Ez ziran alde batetik bestera iristen. Bidean ote zeuden? Ala oraindik eztarrietatik irten gabe? Ala ez zeukaten zer esanik agian? Azkenez hasperen luze eta sakon batez batez ohartu zen. Eva: Ronald-en erraietatik sortutako hasperen latza. Eta airea hitzez bihurtu zen bere belarrian. Begiak hertsi zituen Ronald-en ahotsa entzuterakoan. Bai, bera zen, bere doinuaren hatsa susmatu zuen.
Orduan... egia da. Eva. Nire ametsetako neska lirain polit hura: adats beilegi eta begi orlegiduna. Baina, nola lortu nauzu hainbeste urte igaro baitira? Zerk bultzatu zaitu ni deitzera? Eta gainera...
Begira, Ronald Evak hartu zuen oraingoan iniziatiba zergatik ez gara nonbait gelditzen eta lasaiki mintzatzen gara? Gera gaitezen Ronald eta... beno, beharbada beluegi egin zaigu bioi.
Berriro ere ikara hotz eta garratz batek mugitu zituen gizonaren hezurrak eta bere aurpegian keinu arraro baten sortuera nabaritu zen. Ezin zion baietzik eman, ez, orain ez. Ez litzateke komenigarria izanen. Ez zuen jakin behar, baina... nola arraio zekien Eva hark bere telefonoa eta zergatik bururatu zitzaion deitzea? Agian, hobe ez jakitea, hobe ez galdetzea, hobe telefonoa eskegi eta siestarekin jarraitu, hobe... bainan ahal izango zuen? Ez.
Ronald berriro Evaren ahotsa ikusi behar zaitut, hitz egin behar dugu. Momento batetan nago zurekin. Ez estutu, ez larritu, zu ikustea baino ez dut nahi, gero etorri naizen bidetik itzuliko naiz. Hau izango da gure azkenengo arratsa. Evaren ahotsa gardena eta eztitsua zen. Segundu batzu barru nago zurekin... maitia... Ronald nirea.
Eva ez esan horrelakorik. Ixil zaitez, ez zaitut ikusi nahi. Ixil zaitez! Ronald deskontrolatzen hasia zegoen Entzun nauzu? Orain aurikularra utziko dut telefono gainean. Agur Eva.
Zalantzaz ahozkatu zituen azken hitz hauek.
Ez Ronald, bost segundu barru hor izango nauzu. Ez dizut esan, maitia Ronald berriro ikaratu zen bainan bertan nago, zure etxeko pasilloaren bestaldean; zure gelan dagoen supletoriotik deitzen zaitut. Berehala nago zurekin; orain aurikularra eskegiko dut, nire sonbreroa jantzi, esku poltsa hartu eta gelako atea ireki ondoren pasilloa zeharkatuz, zure egongelako atea zabaldu eta bertan izango nauzu zurekin. Oraintxe arte, Ronald maitia.
Ronald-ek ezin zuen entzundakoa sinetsi. Ez zuen sinistu nahi, baina ezer baino lehen, bestaldeko aurikularraren hotsa igarri zuen bere belarrietan, eta ondoren telefonoaren soinu monotonoa tu, tu, tu, tu, lapida baten hots sikua iruditu zitzaion tu, tu, tu eta bitartean bihotzaren taupadak zerizkion gorputzaren poro guztietatik. Telefonoa eta bihotzaren taupadak: soinu ederrak hileta batetan entzuteko, bere amets lotsagarrien hileletan.
Pauso sendo eta firmeak entzun zituen pasilloan zehar; gero eta hurbilago, gero eta garbiago. Bere bila zetozen egia zen, ez zen amets bat izan. Egia gorria, egia zen...
Pausoak ate parean gelditu ziran. Bere bihotzaren taupadak ate jokarekin nahastu ziren. Izerdi tangada hotz bat nabari zuen bekokitik behera ezker aldeko betazala busti nahian. Begiak hertsi zituen eta eskuak, garfioak bailiren, besaulkiaren larru marroian sartu ziran. Ezin zuen arnasarik hartu, airea falta baitzitzaion. Berriro sentitu zituen kolpeak atean eta berehala zabaltzen hasi zen. Pasillotik argi izpi bat sartu zen gelara.
Parkatu baina nola bedorrek ez zidan jaramonik egiten atea zabaltzera ausartu naiz. Irten behar dut erosketak egitera eta sukaldeko mahai gainean utzi diot sotana berria plantxaturik eta garbi. Bedorrek besterik ez badu agintzen...
Serorak buelta erdi eman zuenean, eta bere sorbalda atzetik atea itxi, argi izpi hori gabe gelditu zen gela.
|