L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,2 (1984-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

Arrosa bat Emily-rentzat

 

William Faulkner

 

euskaratzailea:
I. Zubiria

 

        Hogei bat lerrotako William Faulkner-i buruzko aurkezpen batetan esan daitekeena bi ataletan bereiz daiteke, bata, edozein etxetako entziklopediatan esaten dena —eta hemen esango ez dena—, eta bestea, normalki esaten ez dena —eta hemen hurbilduko dena—. Lehen Munduko Gerraren ondoren Parisera egindako bidaiak estilo literarioa moldatuko dio. Bertan, Proust eta beste asko ezagutuko ditu. Estilo honen lehen ezaugarri bat, irakurlearentzako erraztasun-gabezia dela esan genezake. Zailtasun honek jendearen arteko arrakasta-eza erakarriko zion, eta urte luzetan —berean temati— bizimodu nahiko gogorra pairatuko zuen. Bigarren ezaugarri bat, bere obraren lokalismo geografikoa dateke, dena Estatu Batuetako Hegoaldeko alegiazko herri batetan kokatzen baita. Baina ez dago bat ere tipismorik. Pertsonaiak, situazioak eta planteamenduak guztiz orokorrak dira, eta gaiekin kontaktua —maiz zela dena— edozein gizarteko irakurlek egin dezake.

        Hemen ipuin bat dakargu. Ez da onena ez txarrena. Eta buruan eduki Faulkner-ek zer esan zion periodista bati, honek haren liburu bat hiru aldiz irakurri ondoren ulertu ez zuela adierazi zionean: «Lau aldiz irakur!».

 

—I—

Miss Emily Grierson hil zenean, gure hiri osoa joan zen haren hiletara: gizonak monumentu erori batentzako errespetuzko afekzio bat dela bide; emakumeak, gehienez, haren etxe barrua ikusteko kuriositateagatik, zein, otsein zahar batek salbu —lorazain eta sukaldari konbinatua—, gutxienez azken hamar urtetan inork ez baitzuen ikusi.

        Harmazoi sendoko etxe bat zen, tenore batetan zuria izandakoa, kupulez, orratzez eta balkoi bilgutuez ornatua, hirurogeitamartarreko estilo astunki airosoan, eta inoiz gure kale selektuena izandakoan eraikia. Baina garajeak eta kotoia bere hazietatik bereizteko makinek hauzo hartako izen gorenak ere inbatitu eta suntsitu zituzten; bakarrik Miss Emily-ren etxea geratu zen, bere dekadentzia pollit eta setatsua altxatuz kotoi-wagoien eta gasolina-ponpen gain —gauza itsusien arteko gauza itsusi bat—. Eta orain Miss Emily joanda zegoen izen gorenetako ordezkariak elkartzera, haik dautzan kanposantu zedro-nahasira, Jefferson-eko batailan eroritako Unioiko eta Konfederazioko soldaduen hilobi anonimo eta zerrenkatuen artean.

        Bizirik, Miss Emily tradizio bat, obligazio bat eta ardura bat izan zen; hiriarengan eginbehar heredagarri antzeko zerbait, 1894.eko egun hartatik datatua, zeinetan Sartoris Koronelak, alkatea —amantal gabe emakume beltzik kaleetan ager ezin zezakeelakoaren ediktua eman zuen berberak—, haren zergak barkatu baitzizkion, dispentsazioa aitaren heriotzatik betirako izango zelarik. Eta hori Emily-k ez zukeetako karitaterik onartuko. Sartoris Koronelak ipuin bihurri bat asmatu zuen, Miss Emily-ren aitak hiriari dirua prestatu ziola, eta hiriak, negozio bezala, berrordaintzeko bide hau nahiago zuela. Bakarrik Sartoris Koronelaren belaunaldiko eta pentsamenduko gizon batek asma zezakeen hura, eta bakarrik emakume batek sinets zezakeen.

        Akordio horrek deserosotasun txiki zenbait sortu zuen hurrengo belaunaldia, bere ideia modernoagoekin, alkate eta zinegotzi bihurtu zenean. Urtearen lehendabiziko egunean zergen berria bidali zioten postaz. Otsaila heldu zen, eta ez zegoen erantzunik. Eskutitz formal bat bidali zioten, berari eroso zitzaionean sheriff-aren bulegotik joatea eskatuz. Aste bat beranduago alkateak berak idatzi zion bisita bat edo bere kotxea eskainiz, eta erantzunez zera jaso zuen, itxura arkaikoko paper batetan ohar bat, tinda kolorgetuan eta kaligrafia jarrai eta mehe batetan, ez zela gehiago etxetik ateratzen gaztigatuz. Zergen berria ere estalki barruan zetorren, irazkin gabe.

        Zinegotzien Batzordearen biltzarre berezi batetara deitu zuten. Ordezkaritza bat andrea konplimentatzera joan zen, eta atea jo zuten, zortzi edo hamar urte lehenago portzelana-pinturazko eskolak emateari utzi zionik beste bisitarik zehartu ez zuen atea. Beltz zaharrak sartuak izan ziren gela ilun batetara, zeinetik eskailera bat itzal handiagotara igoten baitzen. Hauts eta erabilmendu eza usaintzen zen —usain hertsi eta hezea—. Beltzak mintzagelara zuzendu zituen. Larruz gaineztaturiko haltzari astunez jantzirik zegoen. Beltzak leiho batetako pertsianak ireki zituenean, larrua arrakalatuta zegoela ikus zezaketen; eta eseri zirenean, hauts ahul bat nagikiro altxatu zen beren izterren inguruan, fits astiroekin eguzki-izpi bakarrean biraka. Tximinia aurrean, pintatze-asto urreztatu eta deserlantzatu batetan Miss Emily-ren aitaren lapitz erretratu bat zegoen.

        Altxatu egin ziren hura sartu zenean —emakume txiki, lodi bat, beltzez jantzia, bere gerriraino urrezko katea mehe bat jeisten zitzaiolarik, eta bere gerrikoan desagertuz; urre deserlantzarako buruko bolizko konka batetan makurturik—. Haren eskeletoa txikia eta zimela zen; beharbada horregatik beste edozein batengan txapartasuna izan zitekeena berarengan loditasuna zen. Putzitua ematen zuen, ur geldietan denbora luzetan murgilduko gorpu bat bezala, eta era berean marguldua. Begiek, aurpegiaren tximur koipetsuen artean galduak, ikatz zati txiki pare bat ematen zuten, ore-konkor batetan sakatuak, aurpegi batetatik bestetara higitzen zirenean, bisitariek bare mandatua ematen zuten artean.

        Andreak esertzerik ez zien eskatu. Atean zutik mantendu zen, eta poliki entzun zuen mintzalaria geldiune batetan trebukatu zen arte. Orduan, urrezko katearen muturreko erloju ikustezinaren tiki taka entzun zezaketen.

        Andrearen ahotsa lehor eta hotza zen. Jefferson-en ez dut zergak pagatzerik. Sartoris Koronelak azaldu zidan. Beharbada, zuetariko batek hiriaren artxiboetara irits daiteke eta horrekin ase zinatekete.

        Baina egin dugu. Gu gara hiriko autoritateak. Miss Emily. Ez zenuen sheriff-arengandik berri bat jaso, hark sinatua?

        Paper bat jaso nuen, bai, esan zuen Miss Emilyk, beharbada berak bere burua sheriff-tzat hartzen du... Nik ez dut zergarik Jefferson-en.

        Baina, begira, liburuetan ez dago ezer hori erakusteko. Joan behar...

        Sartoris Koronela ikus. Nik ez dut zergarik Jefferson-en.

        Baina, Miss Emily...

        Sartoris Koronela ikus. (Sartoris Koronela ia hamar urte hilda zetzala). Nik ez dut zergarik Jefferson-en. Tobe!. Beltza agertu zen. Jaun hauei irtenbidea erakuts.

 

—II—

Beraz, zeharo gainditu zituen, hala nola hogeitamar urte lehenago usainari buruz haien aitak gainditu zituen bezala. Hura gertatu zen bere aitaren heriotzaren bi urte geroago, eta bere senargaiak —guk uste genuen esposatuko zuena— abandonatu zuenik denbora labur bat beranduago. Aitaren heriotzaren ondoren, andrea oso gutxi ateratzen zen; bere senargaiak alde egin zuenik, jendeak zailki ikusten zuen. Andreen arteko gutxi batzuk bisitatzera joateko ausardia zuten, baina ez ziren errezibituak izan, eta lekuaren inguruan zegoen biziseinale bakarra gizon beltza zen —gazte orduan—, merkaturako otzara natekin sartzen eta ateratzen.

        Gizon batek —edozein— sukaldea ongi goberna ahal balu bezala esaten zuten andreek: beraz, ez ziren harritu usaina garatu zenean. Mundu handi eta ugariaren, eta Grierson-tar garai eta ahalguztidunen arteko beste lotura bat zen.

        Hauzoko bat, emakume bat, alkateari, larogei urteko Judge Stevens-i, kexatu zitzaion.

        Baina zer nahi duzu nik egitea horretaz, emakume?, esan zuen.

        Hara, usaina geratzeko gaztigua bidali, emakumeak esan zuen. Ez dago lege bat?

        Ez dela beharrezko izango seguru nago esan zuen Judge Stevens-ek. Seguraski suge edo arratoi bat izango da, andrearen beltz horrek patioan akabatua. Berari mintzatuko natzaio horretaz.

        Biharamonean beste bi kexa gehiago jaso zituen, bata gizon batengandik erosta desberdinarekin. Zerbait egin behar dugu, Judge. Ni munduan azkena izango nintzateke Miss Emily nekarazten, baina zerbait egin behar dugu. Gau hartan Zinegotzien Batzordea bildu zen —hiru bizar urdinduak eta gizon gazteago bat, igoten ari zen belaunaldiaren kidea.

        Nahiko erraza da esan zuen azken horrek. Bidali gaztigu bat tokia garbitu egin erazteko. Denbora bat eman, eta ez badu egiten...

        Kaka zaharra!, esan zuen Judge Stevens-ek. Andre bat bere aurpegira usain txarra duela akusatuko dugu?.

        Beraz, hurrengo gauean, gauerdi ondoren, lau gizonek Miss Emily-ren soropila isilean gurutzatu zuten, eta etxera, lapurrak bezala hurbildu ziren, adreilueriaren oinarria eta sotoaren irekidurak usnatuz, haietariko batek eskuarekin, sorbaldatik esegitako kasu batetatik ereintzaren higidura erregularra egiten zuen artean. Sotoaren atea apurtu eta ireki zuten eta karea barreiatu, han eta inguruko estalgune guztiak. Soropila berriz gurutzatzen ari zirenean, ilunean zegoen leiho bat argitu zen eta Miss Emily agertu zen, argia bere atzean, eta bere tortso zuzena higidura gabe, idolo bat bezala. Poliki poliki soropilan zehar narraz egin zuten, kalea lerrokatzen zuten akazien itzaletara iritsiz. Aste bat edo bi geroago kiratsa desagertu zen.

        Hura gertatu zen jendea beragatik urrikaltzen hasi zenean. Gure hiriko jendeak, gogoratuz nola Wyatt andere zaharra, bere amona-izeba, azkenean guztiz erotuta hil zen, sinesten zuen ezen, egiatan zirenetarako, Grierson-tarrek beraien buruak pixkat altuago mantentzen zutela. Gizon gazteetatik Miss Emily-rentzat bat ere ez zen nahiko ona. Denbora luzetan irudi bizi bat ikusten genuen, Miss Emily, zuriz jantzitako irudi lirain bat, atzeko partean, bere aita, zilueta zabala aurreko partean, bizkarra alabari eta zaldi-zigor bat oratuz, biak aurreko atearen atariak markatuak. Horrela, hogeitamarretata heldu zenean, eta oraindik ezkongabe, gu zehazki ez geunden poztuta, baizik mendekatuak; familiako zorotasunarekin ere, ez zituzkeen bere senargai-abagaduneak errefusatuko, inoiz errealki egiaztatuak izan baziren.

        Bere aita hil zenean, gertatu zen etxea izan zela hark utzitako ondasun bakarra; eta alde batetik, jendea pozik zegoen. Azkenean Miss Emily urrikal zezaketen. Bakarrik utzita, eta txiro, humanizatuago bilakatuko zen.

        Orain berak ere txakur txiki bat gehiago edo gutxiagoarekin emozio eta etsipen zaharrak ezagutuko zituzkeen.

        Aitaren heriotzaren biharamonean, andre guztiak bere etxera joateko prestatu ziren, eta doluminak eta laguntza eskaintzera, gure artean ohitura den bezala. Miss Emily-k atean topatu zituen, beti bezala jantzita eta aurpegian inolako arrenkuraren aztarnarik gabe. Esan zien bere aita ez zegoela hilik. Hura hiru egunetan zehar egin zuen, ministrariak bere etxera joatean, eta doktoreek gorpuaz disponitzeko konbentzitzera saiatzen. Legera eta indarrera joteko ia prest egon zirenean, andrea erori zen eta aita bizkor ehortzi zuten.

        Ez genuen esan orduan erotuta zegoenik. Egin zuena egin behar zuela sinesten genuen. Gogoratzen genituen aitak uxatutako gazte guztiak, eta ba genekien. ezer gabe utzita, itsatsi beharko zela dena lapurtu zionari, jendeak egiten duen bezala.

 

—III—

Denbora luzetan gaixo zegoen. Berriz ikusi genuenean, ilea motz ebakia zen, neska baten itxura emanik, elizetako leiho koloreztatuetan dauden aingeru horien antz urrun batekin —tragiko eta narearen moetakoa—.

        Hiriak eman berri zeuzkan espaloiak zolatzeko kontratuak, eta aitaren heriotzaren ondorengo udan lanean hasi ziren. Eraikuntzako konpainia beltzekin, mandoekin eta makineriarekin etorri zen, eta Homer Barron izeneko arduradun batekin. Yankee bat —gizon handi, beltzaran, prest bat, ahots sakon batekin eta begiak aurpegia baino arinagoekin—. Mutil gazteek taldeka jarraituko zioten, beltzen kontra madarikatzen entzuteko, eta beltzak, pikotxak altzatzerakoan eta jeisterakoan, kantatzen aditzeko. Nahiko arin hirian denak ezagutu zituen. Hiri-plazako inguruan edozein tokitan barre pila bat entzuten zenuen guztietan, Homer Barron taldearen erdian egongo zen. Aurrerago, hura eta Miss Emily hasi ginen ikusten igande arratsaldetan, gurpil horidun kalesan eta libre-itegiko zaldi baioen bikote berdinxkarekin.

        Hasieran Miss Emily-k interes bat edukitzearekin poztu ginen, zeren andre guztiek esaten zuten: Noski, Grierson batek Ipartar batez ez luke serioski pentsatuko, eguneroko langile bat. Baina ba zeuden beste batzu, jende zaharrago, zeintzuk zera esaten baitzuten, doluak ere ez luke bultzatuko egiazko andre bat noblesse oblige ahantzera —hura noblesse oblige deitu gabe—. Zera esaten zuten bakarrik, Emily koitadua. Bere leinukoak etorri beharko litzaizkioke. Ahaide batzu zituen Alabama-n, baina urteak ziren aita beraiekin liskar egin zuela, emakume zoroaren, Wyatt andre zaharraren, ondasunaren gainean, eta bi familien arteko komunikaziorik ez zegoen. Are gehiago, hiletan ez ziren ordezkatuak ere izan.

        Jende zaharrak Emily koitadua esan bezain laster, berriketak hasi ziren. Egiatan horrela dela suposatzen duzu? esaten zioten elkarri. Noski baietz. Zer beste izan... Hau bere eskuen atzean, leihosareen atzean seta eta satinezko hotsa gortinak hertserakoan igande arratsaldeko eguzkitik, zaldi bikote berdinxkaren klop-klop-klop fin eta bizkorrarekin: Emily koitadua.

        Andreak burua garai nahiko zeraman —nahiz eta guk eroria zela sinesten genuen—. Ematen zuen inoiz baino gehiago azken Grierson bezala bere duintasunaren berrezagutza eskatzen zuela: bere inpermeabilitatea berrafirmatzeko bulgaritate ikupen hura nahi zuela. Hala nola arratoi-pozoia, artsenikoa, erosi zuenean bezala. Hura gertatu zen Emily koitadua esaten zirenetik urte bete geroago, eta bere bi lehengusinak bisitan zeuden artean.

        Pozoi apur bat nahi dut esan zion drogariari. Hogeitamar urtetik gora zen orduan, oraindik fina, nahiz eta arruntki baino argalago, begi harro beltzekin aurpegian, zeinaren haragia lokietan zehar eta betsulo inguruetan tentsioan baitzegoen, faro-zaintzaile baten aurpegiak eduki duen itxura imaginatzen duzun bezala. Pozoi apur bat nahi dut, esan zuen.

        Bai, Miss Emily. Zein moetako?Arratoi eta antzekotarako? Gomenda...

        Daukazun hoberena nahi dut. Moetak ez dit arduratzen.

        Drograriak zenbait aipatu zituen. Hauek elefante bateraino edozer garbituko lukete. Baina zuk nahi duzuna...

        Artseniko, esan zuen Mis Emily-k. Hori nahiko on bat da?.

        Artseniko... da? Bai, andrea. Baina zuk nahi duzuna...

        Artseniko nahi dut.

        Drogariak andreari so egin zion. Andreak hura begiratu zuen, zuzen, aurpegia bandera tiratu bat bezala. Bai, noski esan zuen drogariak. Hori bada zuk nahi duzuna. Baina legeak zertarako erabiltzera zoazen esatea eskatzen dizu.

        Miss Emily-k hura begiratu zuen, bere burua atzerantz okertua, drogaria begiz begi ikusteko, honek begirada erretiratu zuen arte, eta, alde eginik, artsenikoa hartu eta paketatu zuen. Banaketen mutiko beltzak eraman zion paketea; drogaria ez zen berriro itzuli. Etxean paketea ireki zuenean, kaxan zera idatzita zegoen, burezur eta hezurren azpian: «Arratoientzat».

 

—IV—

Beraz, biharamonean guk denok zera esaten genuen, bere hurua hilgo du; eta guk, hori gauzarik hoberena izan zitekeela esaten genuen. Bera Homer Barron-ekin ikusia izaten hasi zenean, guk zera esaten genuen, berarekin ezkonduko da. Gero, hau esan genuen, konbentzituko du oraindik, zeren Homer berak onartu zuenez —berak gizonak atsegin zituen, eta jakina zen Elks Klubean gizon gazteagoekin edaten zuela—, bera ez baitzen gizon ezkongai bat. Geroago, guk zera esaten genuen, Emily koitadua, leihosareen osteetan, igande arratsaldeetan kalesa distiratsuan pasatzen ziren artean, Miss Emily bere buru altuarekin eta Homer Barron, kapela alboratua eta hortzetan zigarro bat, bridak eta zaldi-zigorra eskularru hori batetan.

        Orduan andreetatik batzu hasi ziren esaten hura hiriarentzat zorigaizto bat zela eta gazteentzako eredu txarra. Gizonek ez zuten nahastu nahi, baina azkenean, andreek ministrari Baptista —Miss Emily-ren jendea Episkopala zen— hura bisitatzera bortxatu zuten. Ez zuen sekula zabalduko elkarrizketan zer gertatu zen, baina errefusatu egin zuen berriz joatea. Hurrengo igandean kaleetan zehar ikusi izan ziren berriz, eta biharamonean ministrariaren emazteak Alabama-ko Miss Emily-ren ahaidei idatzi zien.

        Beraz, berriro ziren bere leinukoak bere teilatu pean, eta gu gertakizunak behartzera eseri ginen. Hasieran ez zen ezer gertatzen. Gero, ezkontzeko zirela denok seguru ginen. Miss Emily bitxigilearengana joan zela jakin genuen eta zilarrezko bizarra mozteko tresna-multzo bat agindu zuela. H.B. letrekin pieza bakoitzean. Bi egun beranduago, gizonezko jantzien ekipo oso bat erosi zuela jakin genuen, gau-ator bat barne, eta guk esan genuen, «ezkonduta daude». Egiatan pozik geunden. Pozik geunden zeren bi lehengusinak Miss Emily inoiz izan zen baino Grierson-tarrago baitziren.

        Beraz, ez ginen harritu Homer Barron —kaleak bukaturik zeuden jadanik denbora bat— joan zenean. Zerbait kontrariaturik geunden, uste publiko bat ez zelako, baina guk uste genuen Miss Emily-ren etorrera prestatzera joan zela edo bere lehengusinengandik askatzeko abagadune bat emateko (denbora hartarako kabala bat formaturik zegoen eta denok Miss Emily-ren aliatuak ginen lehengusinak baztertzen laguntzeko). Segurki, aste bete beranduago haiek alde egin zuten. Eta guk itxaroten genuen bezala, hiru egun barru Homer Barron berriro hirian agertu zen. Hauzoko batek ikusi zuen nola Beltzak sartzen uzten zuen ezkaratzeko atetik arratsalde bateko iluntzean.

        Eta hura izan zen Homer Barron azkenengoz ikusi genuena. Eta denbora batetan Miss Emily ere. Beltza joaten eta etortzen zen merkaturako otzararekin, baina aurreko atea hertsirik mantendu zen. Noizbait ikus genezakeen une batez leiho batetan, hala nola karea barreiatu zuten gau hartan gizonek ikusi zutenean bezala, baina ia sei hilabetetan ez zen kalean agertu. Gero jakin genuen hura itxaroteko modukoa zela; hala nola bere aitaren kualitatea, zeinek nere emakume bizitza horrenbeste aldiz frustratu baitzuena, hiltzeko lar eraginkor eta lar koleratsu balitz bezala.

        Miss Emily hurren ikusi genuenean, lodituta zegoen, eta ilea urdintzen hasia zuen. Ondorengo urte gutxietan urdinago eta urdinago bilakatu zitzaion, piperhauts-gatz antzeko burdin gris batetara iritsi arte, eta orduan bilakaera geratu zen. Bere heriotzaren egunerarte burdin gris indartsu kolore hartako zen, gizon aktibo baten ilea bezalakoa.

        Denbora hartatik aurrera aurreko atea hertsirik mantendu zen, sei edo zazpi urtetako tarte bat salbu, berrogei urte inguruko izango zenean, portzelana-pinturazko eskolak ematen zituen artean. Beheko pisuko gela batetan studio bat prestatu zuen, nora Sartoris Koronelaren denborakideen alabak eta ilobak bidaliak baitziren, eskaintzetarako hogeitabost zentabotako moneta batekin igandetan elizatara bidaliak ziren espiritu berdinarekin. Bitartean, bere zergak parkatuak izan ziren.

        Orduan belaunaldi berria hiriko bizkarrezurra eta espiritua bilakatu zen, eta pintura-ikasleak hasi ziren eta alde egin zuten eta beren haurrak ez zizkioten bidaltzen bere kolorezko kaxekin, pintzel aspergarriekin eta emakumeentzako aldizkarietatik irudi ebakiekin. Aurreko atea azkenaren ondoren hertsi zen, eta betirako hertsirik mantendu zen. Hiriak posta-banaketa dohaina lortu zuenean, Miss Emily izan zen bakarra bere ategainean metalezko zenbakiak itsasten errefusatu zuena, eta posta-kutxa bat jartzea. Ez ziekeen entzungo.

        Egunero, hilero, urtero ikusten genuen Beltza grisago eta konkorrago merkatuko otzararekin sartzen eta ateratzen. Abenduero zerga-berri bat bidaltzen genion, zein Posta-etxeak, aste bat beranduago, itzultzen baitzuen, erreklamatu gabe. Noiz behin ikusiko genukeen beheko pisuko leihoren batetan —argi zegoen etxeko goiko pisua hertsi egin zuela—, hala nola nitxo batetako idolo baten tortso zizelatu bezala, gu begiratzen edo ez begiratzen, zer inoiz ez genukeen esango. Horrela pasatu zen belunaldiz belaunaldi —estimatu, ihesezin, inpermeable, trankil eta bihurria—.

        Eta horrela hil zen. Gaixotu egin zen hautsez eta itzalez betetako etxean, bakarrik txotxaturiko Beltza batekin bera zaintzeko. Guk ez genuen jakin gaixorik zegoenik ere: Beltzarengandik informafioa lortzen saiatzeari denbora luze utzi geniola. Inori ez zion hitz egiten, ez eta andreari ere, seguraski, zeren eta ahotsa latz eta uhertua bilakatua baitzen, desusarioz bezala.

        Beheko pisuko gelaren batetan hil zen, intxaurrezko ohe astun batetan, gortinaduna, bere buru urdina burko batetan sostengatua, adinaz eta eguzki-argiaren faltan horitu eta lizundua.

 

—V—

Beltzak, andreen arteko lehenak atean agurtu eta sartzen utzi zituen, beraien ahots baxu eta sibilanteekin, eta beraien soaldi arin eta kuriosoekin, eta gero desagertu zen. Etxearen zehar zuzenki abiatu zen, eta atzetik atera, eta ez zen berriz ikusia.

        Bi lehengusinak berehala agertu ziren. Hiletan bigarren egunerako atondu zituzten, hiria Miss Emily lore erosien multzo baten pean ikustera etorririk, aitaren lapitz-erretratuaren aurpegia sakonki ausnartzen atautearen gainean, eta andreak, sibilantean eta ikaragarriak; eta gizon oso zaharrak —batzu bere Konfederazioko uniforme eskubilatuekin— portxean eta soropilan Miss Emily-z mintzatzen beraien denborakide izan balitz bezala, berarekin dantzatu zutela sinetsiz eta gorteiatu, eta, beharbada denbora eta bere progresio matematikoa elkar nahasiz, zaharrek egiten duten bezala, zeintzuentzat iragan guztia ez baita bide gutxikorra, baizik eta zelai handi bat, inolako negurik ia inoiz ikutzen duena gainetik, eta noiz behin urte-hamarkada hurrenaren botila-idunak han eta hemen zatikatua.

        Jadanik ba genekien eskilaren goiko eskualdean gela bat zegoela, zein inork ez baitzuen ikusi berrogei urtetan, eta bortxatua izan behar zena. Atea ireki orduko Miss Emily onestki lur pean egon arte itxaron zuten.

        Atea apurtzeko eta botatzeko gogorgoak gela hauts hedakor batez betetzen zuela ematen zuen. Hilobietako antzeko hil-oihal mehe eta min bat gela guztiaren zehar zetzala ematen zuen, eztei batetarako bezala jantzia eta atondua: kolore zurigorri zurbildutako erreselako gortinen gainean, zurigorri itzalezko argien gainean, jantzi-mahaiaren gainean, kristalezko zerrenda delikatuarekin, hain deserlantzatuko zilarra ezen monograma ilundua baitzegoen. Hauen artean, idunekoa eta gorbata bat zeuden, kendu berri balira bezala, eta altxatuz, gainazalean hilgora zurbil bat uzten zuten hautsetan. Aulki batetan trajea zegoen, arretaz tolestua; bere azpian bi zapata mutuak eta erantzitako galtzerdiak.

        Gizona bera ohean zetzan.

        Denbora luze batean han mantendu ginen zutik, keinu sakon eta haragigabea begiratuz. Gorpua tenore batetan besarkada baten jarreran zetzala ematen zuen, baina orain maitasuna baino gehiago irauten duen eta are maitasunaren imentzioa gainditzen duen loaldi luzeak adarrak jarri zizkion. Gizonaren geratzen zena, gau-atorraren zirtzilen azpian usteldua, zetzanaren ohetik bereizezina bilakatua zen; eta beraren gainean eta ondoko burkoan, hauts paziente eta abagadunaren itxarole baten geruza uniforme bat zetzan.

        Orduan bigarren burkoan buru baten seinale bat nabari genuen. Gutariko batek bertatik zerbait altxatu zuen, eta aurrerantz makurtuz, sudurziloelan hauts mehe eta ikustezin hura, lehor eta garratz, ile burdin grisezko galpar luze bat ikusi genuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.