L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,3 (1984-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Zenbait mito

 

Joanes Urkijo

 

        Literaturaren perspektiba, hein handi batean, hartzen dituen itxuren menpe dago. Literatura mitoez baliatzen da sarritan, horrela gure mundua ezagutzera ematen digularik, eta mendebal kulturan mito-iturririk ugariena Biblia dugu. Mota honetako mitoetan jatorri duten gaiak zientzi-fikzioan aurkitzen ditugu ugarien, genero honek azken berrogei urteotan izan duen gorakadari esker eta beharbada beraren tradizio laburraren ondorioz, bitartean eta gainontzeko generoen bilakapena mitoen baztertzean edo gutxienez maskaratzean amaitu den. Adibidetzat honako hauek aipa genitzake: Arthur Clarkeren Childhood's End (Haurtzaroaren amaiera) delakoan, Graziaren jeitsiera gogorarazten da; Heinleinen Stranger in a strange land (Herri arrotz batean atzerritarra) noelan, Kristoren bigarren etorrera, etabar.

        Hala ere, 1890 urtean James Frazerek Urrezko Adarra liburuan adierazi zuenez, Biblian nolabaiteko jatorria duen mitorik erabiliena literaturan, erregeren erahilketarena litzateke. Hain zuzen, erregeren sakrifizioak Amalurra lasaierazi egiten du, eta horri esker orden sozial berri bat sortu edo garai berri bat hasten da munduan. Jesukristoren pasio eta berbizkundea, mito honen bertsioetariko bat besterik ez da. Berberaren beste itxura ugari zientzi-fikzioan aurki dezakegu: esaterako Ursula Le Guinen Left hand of darkness (Ilunaren ezker eskua) noelaren pertsonaiak burusakrifizioa jaukitzen duenean gizartearen onerako. Istorio mitiko hau edozein fikzioren hondoenean datza, hala nola Biblian, bizitzaren sorrera eta manipulazioa azaltzen duen liburua, alegia.

        Zientziaren jatorrizko esannahia jakintza da. Genesisen, heriotza ongia eta gaizkiaren arbolaren fruitu moduan azaltzen da. Idatzizko agiritan azaldu aurretik ere, gizakiak ezaupidea dela medio inmortaltasuna berriro eskuratzeko ahaleginak egin izan ditu. Itun Zaharrean Elias eta Eliseoren istorioak, eta Itun Berrian Lazarorena eta batipat Jesusena, berraragipenaren inguruan ari dira, baina azken batean mito hauek judukristauar tradizioa baino askoz ere zaharragoak dira. Aintzinako kondaira hauetan, hain zuzen ere, bi mota berraragipen ditugu: Eliseorena, edo heriotzetik mortaltasunerakoa, eta Jesusena, edo heriotzetik inmortaltasunerakoa. Literaturan ez da ez bata ez bestea baztertzen: Victor Frankensteinek giza-hondakinetatik berpiztu zuen deabruak Eliseoren berraragipena gogorarazi eta sortzaileak duen aita-jainkoren erantzunkizuna kritikatzen du. Arthur Clarkeren The City and The Stars (Hiria eta izarrak) noelan, oso errekurtso moderno bat aurkitzen dugu inmortaltasunerako berbizte mota bat azaltzeko: nortasunaren zintak. Idazlearen irudimenaren arabera litekeena da gizaki baten xehetasun guztiak adieraztea, are eta burmuineko zelulak ere, eta horretaz gainera grabatu eta gizaki hori nahi denean berriro eraikitzea gorputz eta ariman. Clarkeren fikzioan hiria luzaroan bere kaixa bizi eta irauteko programaturik dagoen batasun autonomoa da, bere erretserbak sortuz eta sortzaileek utopikotzat jo zuten gizarte bat eutsiz. Heriotzarekiko beldurra galerazteko, eta batez ere populazio-kopuru iraunkor bat mantentzeko asmoz, gizarte horretan usadio berri bat sortu da nortasunaren zinten inguruan: zahartu samar sentitzen direnean, edota aspertasunak jota, biztanleek Heriotzaren Tokira jo, zintaz grabaturik geratu eta minik gabe bizitza lagatzen dute, konputailuak handik hogeita hamar mila urtetara diren legetxez berriro sortuko dituelako itxaropenaz. Zer esanik ez, berraragipen orokorraren helduerarekin harreman sexualen amaiera helduko da, eta horren ondorioz Paradisuan Adan eta Evari gertatu zitzaien arazoaren antzekoa gertatuko da noela honetan ere.

        Biziaren luzapena inmortaltasuna erdiesteko beste bide bat da, eta literaturan bi eratara agertzen da nagusiki: alde batetik, pertsonaia etorkizunean ager dadin erabiltzen diren errekurtsoak; Washington Irvingek Rip Van Winkle izeneko liburuan azaltzen digun lotaldi magikoa, edo Samuel Bellamyk Looking Backward (Atzera begira) izenekoan gas kontserbatzailea. Beste erabilena Poeren The facts in the case of M. Valdemar narrazioan argi eta garbi daukagu. Narratzaileak hilzorian zegoen gizon bat hipnotizatu duela adierazten du. Gorputza ez da usteldu, nahiz eta gogor jarri, eta galdera guztiei erantzuten die doinurik gabeko ahots batez. Azkenean narratzaileak, nazkaturik, Valdemaren erreguei jaramon egin eta iratzarri egiten du. Gorputza bere begi txundituen aurrean ustelduko da. Amaiera honek, behin gehiago, gizona bere jatorrizko mugak inguratua erakusten digu; hain zuzen, gizakiaren jainkotasunari buruzko ikuspuntu naturalago bat, ez hain izpirituala.

        Poeren errekurtsoa oso erabilia suertatu da banpiro-filmeetan, zeinetan banpiroaren itzelezko adina hiltzeko unean usteltze bizkorra dela medio adierazten bait da. Errekurtso berbera agertzen da Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua izeneko liburuan, hala nola H.P. Lovecraften Cool Air (Aire Hotza) delakoan. Orain horrenbeste urte ez dela, telebistan hain arrakasta handia izan zuen «Los invasores» saileko estraturtarrak ere desintegratu egiten ziren hiltzeko unean. Usteltasun fisikoa, duda gaberik, ustelkeria moralaren irudi. Biziaren luzapenaren errekurtsoak, bapateko usteltzean amaitzen delarik, geurea dugun zientziaren aurka adierazi nahi du gizonak ezagutzen duena baino orden zabalago bat onartu behar lukeela.

        Inmortaltasunaren inguruko mitoen artean, berraragipenaz eta biziaren luzapenaz gainera, badugu ere biziaren sorrera, materia hilaz baliatzen dena. Bizitza zer den azaltzea zail samarra bada ere, gure kontzepzioen arabera (ez gara orain hasiko kontzepzio horien zuzentasunaz eztabaidatzen) badakigu bederen lurra ez dela bizi, bitartean eta gizakiok bai. Nahiz eta 1953 urtetik aurrera posible izan den materia inertetik biziduna sortzea (urte horretan Stanley Miller zientzigizonak atmosfera sortu zuen tutu batean, eta tximistak eragin nahian elektrindarra erantsi zionean, aminoazidoak lortu zituen ustekabean), fikziozko literaturan lehengaia oso gutxitan izaten da erabat inertea. Theodore Sturgeonen Microcosmic Gog (Jainko Mikrokosmikoa) noelan pertsonaiak leinu zeharo berria sortzen du eta azkenean indar-arlo bat eraiki beraien munduaren inguruan; hau da, sortzailea azken batean aita jainkoa da, eta paradisu galdura gidatzen ditu here ardiak.

        Baina honelako salbuespenak izan ezik, arau orokorraren arabera, bizi berria aldez aurretik esistitzen den zerbaiten gainean sortzen da. Wellsen Moreau doktorraren irla noelan, gizakiaren animaliatasuna agerian uzteaz gainera, bizitzaren arazoetan sartzea gaitzetsi ere egiten da: mikrobio mota berri bat sortzen denean, beti ekartzen ditu biktimak; leherketa atomiko batek eragindako mutanteak —munstroak— gaiztoak izan ohi dira.

        Fikziozko literaturak bizitza artifiziala dela-eta aurkezten duen ikuspuntua arras atzerakoia izaten da: gizakia jainkoaren eginkizuna akatsik gabe betetzeko gauza ez bada, orduan erruduntzat joko da. Zenbat eta hurbilago izan bizitza artifizial hori jainkoaren lanetik, zenbat eta radikalago eta berriago izan bizitza berri hori, hainbat eta urrutiago izango da moraltasunetik, eta ondorioz gogorrago suertatuko da errua. Bizitza artifiziala biziaren luzapena besterik ez bada —Poeren kasuan, esate baterako— ondorioak kondenatu baino gogorarazi egiten dio sortzaileari bere erru potentziala, errua egon beti egoten bait da. Sagarra jan zuenez geroztik, heriotzaren berri jakinik, gizakia erruduna sentitu da beti bizitzagatik burrukatu den gudu ezinbestekoa dela-eta; edo halaxe irakatsi digu behintzat mitologiak. Literatura bizitza artifizialaren errekurtsoaz baliatzen denean, agerian uzten du gure ondoretasun mitikoa, heriotzaren aurkako burruka erruz tindatzen duena.

        Zenbait idazlek Bibliaz kanpoko mitotara jotzen dute, Grezia Klasiko eta Indiakoetara, alegia. Hauen artean ugarien agertzen dena, beharbada, Hiperborea izeneko lurrarena liteke: Hiperborea Ipar Haizetik haragoko lur epel eta eguzkitsua da, agian Ipar Polo ingurukoa, hango biztanleak errugabe eta zeharo zoriontsuak diren herria, Samuel Butleren Erewhon edo Clara Aston Smithen Hyperboea lanak adibide direla.

        Mitoen erabilpenak, azkenik, sinbolo berriak erakarri ditu, eta era berean hauen alderantzizkoak ere: Frankensteinen munstroa, giza-teknologiatik sortua eta menperatu ezinezkoa, parekagarria da zientzi-fikzioak asmatu dituen errobot perfektu batzurekin. Dr. Jekyll eta mister Hyde gaitzaren indarren adierazpen dira, bitartean eta Supermanek ongiaren indarrak askatzen dituen. Orwellen 1984k azaltzen duen munduan esklabutzarantz doa ezinbestean, baina George R. Stewart askoz ere ezezagunagoaren Earth abides (Lurrak budirau) delakoaren hondamen ondoko mundua basakeriarantz endakatuz doa teknologia galduaren ondorioz. Orijinalago samarra suerta daiteke Lindsayren Voyage to Arcturus, non mitologia kristau eta nordikoak nahasten bait dira, bakar batek ezin duela eman munduaren perspektiba fidagarri bat edo adierazi nahian.

        Fikziozko literaturarik gehiena gure kulturaren mitoez elikatzen bada ere, idazle gutxi batzu mitologia berri bat sortzeari ekin diote: Fran Herbertek Dune zikloa, H.P. Locecraftek Cthulhuren mitoak, etabartxo luze samar bat, ezagunenak aipatzeko. Mito guztien erabilpenak eta sorrerak gogora dakarkigute fikziozko literatura beste guztiaren gainetik, giza-fikzioa dela, eta honexek bultzatzen du gure munduaz eta geure buruaz daukagun kontzepzioaren oinarri diren sinboloak aztertzera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.