Gaztigua
Pedro Gomez Valderrama
euskaratzailea: Antton Azkargorta
...Erdi Aroan, Europa osoan zehar, leinu nobleko gizon batek, gorputz-gaztigua merezi zuen deliktu bat jaukitzen zuenean, ohizkoa zen, gaztigua bere itzalari aplikatzea. Baina kontatzen da, Frantziako hegoaldean, baroi feudal batek, bere manupeko herritxo batetako bizilagunen kontrako krimen eskerga bat jauki zuela, herritxoko dontzeilak oro preso eginez, eta ondoren, Gurutzadetatik etorri berriak ziren baroiaren ozte ankerrei entregatu zizkielarik.
Herriko jendeak, laidoa mendekatu eta errudunak gaztigatzea erabaki zuen, eta enbuskada batez baroia eta bere hiru tenienteak harrapatu eta epaitu egin zituzten. Baroiak, hiruren izenean, esan zuen beren jatorri nobleagatik, gorputz-gaztiguak beren pertsona fisikoei baino, beren itzalei aplikatu beharko lekiekeeneko pribilegioaz babesturik zeudela.
Herri kontseiluak onartu egin zuen, eta hura horrela egin zedin erabaki. Eta horregatik erabaki zuen ere egin zen bezalaxe burumoztea herriko plazan izan zedila, eguerdiko orduan.
(«La nave de los locos» liburutik)
|