L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,3 (1984-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Omar Nabarro

 

Goiznabarreko aire hormatuan

kaioen maniobra orkestalak

argiari egiten diosalak

izare zuriz estali portuan.

 

Aintzinako belabe ezkutatuan

hartzan idatzita notak kresalak

dantza nagian higitzen hegalak

airoski doaz karranka kantuan.

 

Heurekin, marinelen berba leuna

eta uhinen haserre oihartzuna;

denak bat, ustebako sinfonian.

 

Eta inoiz nabega bako errutak

marraztuz erortzen elur malutak

haize ezpainetan datzan armonian.

 

 

 

Zein piztiarrain ankerrek

irentsi ote ditu

itsasbehera biziko muinean

hareatzen etzanda

kalo gazte zuriz inguratuta,

dagerren

panpina hautsiaren kristalezko begiak;

kaiook elkarri dagioten

galdera mutua

udako arrats beilegi perfektoan.

 

 

 

Arraunak hegal;

itxasoa zeru;

izarretan

abiatu zaigu

arrantzale bakarra.

 

 

 

Berandu zen mutiltxikientzat (*)

edateari ekin genionean.

Gauak hedatua zuen bere oihal iluna

eta, oroimenetan,

uhatu azken islada

zerumugaz harunzko ametsa zen.

Rona errazki barruratzen

eztarrian gora maiteminekiko kantuak askatuz.

Besarkatu genituen gorputzetan

geure gutizien alabak somatuta,

maitasun joko galazoetan

espantuz bete genuen gau mina.

Ilun zegoela oraindik

itxastxori saldo asaldatuak

arinki hegaldatu ziren, noraezean,

gure atsegin karraxietatik urrun,

zoratuta edo.

Arrain hegalari gordinak

jan genituen, basatiki,

masta nagusian

eguzki herabe batek

urre hondarrak jaurti orduko.

 

Mutiltxikiek kubiertan sakabanatuta

—erdi biluzirik, lo ordi batek hartuta

aurkitu gintuztenean

goiz zen marinelontzat.

 

(*) mutiltxiki: grumete

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.