L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,3 (1984-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Etxa-gordelekuko jazoera

 

Gaizka Zabarte

 

Leihotik begira nengoen. Alboko etxearen teilatua nekusan, zerua zeharkatzen zuten bazkal ondoko hodeiak bezain ezaguna zitzaidan teilatu zapar hura alegia. Egun hura askotan bizia, iragana, nuela eraman, zuen, halabaina soberan nekien hala ez zela. Inguraturik ninduten lau paretetan, mutikotan sakristian bezalaxe, irudi zirriborrotsu bat agertzen zen. Beti gogoratu izan ditut sakristiako axuleiu ilun haiek, zeinen gardentasun miresgarrian behatzen bait nuen neure burua. Erabat harriturik nengoen. Altxatu eta ispilura hurbildu nintzen, zalantzak bait neuzkan ea neu ala beste norbait nintzatekeen. Alajaina batzutan ez dudala ene burua koprenitzen..., ze demontre dihardut ispiluari galdera ergelak jaurtikitzen? Edurnezuriren ipuia birroroituz farre egin nuen, lasaitzeko egiten diren eta gehiago larritzeko baino balio ez duten horietako farre lehor bat bain zuzen.

        Begiak ispilu zaharrean itsatsiak nituen. Burua alde batera eta bestera higitu nuen ezpainekin irrifarre bat edo egiten ahalegintzen nintzen bitartean. Ispiluak itzuli zidan irrinegarrak zeharo urduri utzi ninduen. Agian ez dut ene aurpegia behar den heinean ezagutzen, pentsatu nuen. Sorbaldak kizkurtuz jarlekura bueltatu nintzen. Umetan, jarleku hura Lurraren erdigunearekin zuzenki komunikatua zegoelakotan nengoen, egia esan, desilusio handia jasan nuen hala ez zela jakinarazi zidatenean. Ez dakit, zehatz mehatz, zenbat denbora neramakeen, eserita, beherantz begira, baina zihur nago luze samar zela, bai. Zapata punten behaketa inozoak aspertu ninduenean, ez dakit nola, berriro ormei begiratzera ausartu nintzen. Lehenbizi nire begi dardartsuak, betulen dantza eroa kontrolatu ezinean, eskuin aldeko pareterantz altxatu ziren, poliki poliki, han zer ikusiko ore zuten bildur zirelarik. Axuleiu zurietan mutiko koxkor bat zegoen, ni bezala ezarrita. Aintzinako jertse bat zeraman alkondara zahar baten gainetik, zeina jertsearen behekaldetik irteten baitzen, ia ia prakamotzak estaliz. Mutiko mehe eta buruhandi hark begi ilun zabalak, itzelezkoak, ene gain zituen; ez zen ezertarako mugitzen, baina ongi nekien bizirik zegoela, hori adierazten bait zuten begi haiek.

        Ze arraio gertatzen zait? Beno... lasai, lasai. Ea, zertara etorri naiz ni hona? Gurasoen etxean nago, hauek bisitatzera etorri bait naiz. Bai, urte asko dira etxetik irten nintzela eta gauza asko iragan dira ordutik, baina hemen dena aurkitu dut utzi nuen erara. Esan zezakeen orma haien barnean denborak aspaldi utzi zuela bere iragatea. Orduan, zergatik pentsamendu nahaskor hauek? Azken batean, etxe honetan pasatu nituen urteak nire adineko edozein pertsonak bere haurtzaro eta nerabezaroan igarotakoak bezalakoak dira. Nire burua garai haietarantz abiatu zen, sentsazio arraro batek oinperatzen ninduelarik, zeina ezatsegina izan ez arren zerbait malenkoniatsua zekarkidan, ez dakit, agian, zahartzaroaren sintomak zitezkeen, haatik ordura arte ezezagunak zitzaizkidanak zirenez kezkatsu naukaten. Seguraski ene sustraiekin aurkitzearen ondorioa zitekeen larritasun hura.

        Berriro leihotik begiratu nuen, ez dakit ihes egin nahian ala arnasa hartzeko, dena dela, kristalen beste aldean lehenengo, betiko, teilatu zaharra ikusi nuen, non katu zuri bat bait zebilen harantz eta honantz, noizbehinka zeharka begiratzen ninduen katu zuri irreal hark. Bazkal ondoko hodeiak geldi zeuden, beren amaigabeko bidaian atsedenaldi bat hartzea erabaki balute bezala. Denbora gera zitekeen beldurrez edo, eskultura begien aurrean ipini nuen. Baina non utzi ore dut nik erlojua? Katuari so egin nion, baina ez zidan ordurik esan, agian ez zuen jakinen, agian ez zuen horren premiarik. Bah, seguraski hor bazterren batean egongo da ordulari madarikatu hori, ezin daiteke eskuturretik edonola desagertu. Gogoz kontra nire aitaren ahalmen misteriosoak bururatu zitzaizkidan, beharbada itsasoan ikasi zituen sorginkerien bitartez desagertueraziko zuen ene erlojua. Dena den, hipotesi honek ere ez du sendotasun gehiegirik, seguraski aitaren fakultade haiek bere azala bezain lehortuak izanen baitira.

        Pareta haiek nire bizitzaren aro garrantzitsu baten lekukoak dira, mutikotan nire gordeleku domestikoa gela hartan kokatzen bait zen. Harrizko gela hotz hartan soilik bizi nezakeen libreki ene barrukotasun nerabea. Etxearen zoko hura izan zen nire lehenbiziko isurketaren eskenatoki isila, sopikuna, egun glorios, epel eta leun batean. Hamairu urte neuzkala jasan nituen lepaminak, eta gaixotasun hori gozatzen nengoela, asperraldia nolabait hiltzeko edo, lagun artean ongi ikasi eta ihardutako lan atsegin hari ekin nion. Matrailek kasualitatez iraun zuten lehertu gabe. Juantxo datorkit burura, hau baitzen gure laguntaldeko burua, besteok baino pixka bat nagusiagoa eta garatuagoa, edertotxo irakatsi zigun, bai, ezkilari doinua ateratzen. Gaurrregun birtutetsutzat daukat ene burua. Ezin ahantzi, halaber, zigarro klandestinoarekin han ematen nituen tarte atseginak, leihoa zabalik haizeak corpus delicti zen ke hura urrun eraman zezan.

        Honetan nengoela, ate hotsa eta nire arrebaren ahotsa. Noiz arte, motel? Lasai neska, lasai. Hori esanaz berehala joan zitzaidan burua lehenengo pentsamenduetara, haiek alde batera uzteko egin nituen ahaleginak alferrikakoak izan zirelarik. Hamalau urte haino gehiago ez nuen izanen lehen aldiz neska bat biluzik ikusi nuenean, okupatzen gaituen etxeko zoko hartan hain zuzen. Hara eraman ninduen arrazoia berehalaxe ahaztu nuen atea ireki eta nire arreba eskuoihal batez bere hamabost urtetako gorputza sikatzen ikusi nuenean. Oinak beheari iltzatuak geratu zitzaizkidan nire begiek Arrateren sorbaldak, bularrak, bernak, sabela... nobel bati datxekion leuntasun artegaz ferekatzen zuten bitartean. Ez al duzu inoiz neska bat larrugorritan ikusi? Ikastetxeko komunetan gordetzen genituen aldizkari atzerritarrak bururatu zitzaidanarren, ez nintzen erantzun bat emateko gai, ez, ez nintzen behar diren hotsak artikulatzeko gauza. Gainera, ene arreba ez zen deus urduritu, hala zirudien behintzat. Nik neuk beti miretsi izan dut. Adinez nagusiagoa denari dagokion irrifarretxo bat marraztu zuen. Biok egin genuen farre, ahoa zabaldu gabe, eta farrezka esan zidan arrebak atea hersteko, barrutik. Eskuoihal hura eta hagan eskekirik zeuden amaren arrioko bi maindire izan genituen gure gorputzen lehen maitasun ariketen ohantzea. Gaur ere ez nion uko eginen, halabaina derrigorrez nire koinatua gogoratu behar. Oraino ez dut ulertzen nola ezkon zitekeen Arrate halako gizon gogaikarriarekin. Diotenez, bere gaztaroan Joxe erabat aurrerakoia izan omen zen, garaiko progre bat alegia. Oraindik atsegina zaio tertuliaren batean bere gaztaroko istorio iraultzaileak kontatzea, batez ere Ingeniari Eskolan zebileneko bilera klandestino haiek. Eta pare bat kopa gehiago hartuz gero, bere hamasei urtetako krisi erlijiosoa nola gainditu zuen azaltzen dizu.

        Berriro ere ate hotsa. Dirudienez Arratek aspaldidanik dihardu atea jotzen, txilioka ari bait da. Altxatzerakoan zerbait arraroa, azalezinezkoa, sentitu dut, agian laket zaidan zer edo zer, mendian gora zoazela motxila kentzerakoan sentitzen duzun askatasun hori..., gorputzak pisua galdu balu bezala. Ingurua ere handiagoa iruditu zait... ez dakit. Atea irekitzeaz batera Arratek oihu histerikoa bat jaurtiki du. Edo dit.

Bilbon, 1955.eko maiatzaren 30ean.

Juan Pedro Sagasta Iturbide.

 

Erramon maitea.

        Gutun honekin batera zure aitaren iskribu bat bidaltzen dizut. Oso zaila egiten zait, loba maitea, zure aitaren hitz horiek azaltzea, hala ere, heriotza nahiko hurbil somatzen dudanez, jakin behar zenituzkeen gauza batzu kontatzera noakizu. Ez dakit, egia esan, zerk bultzatzen nauen honetara... Beharbada, zure aitaren iskribuaren bukaeran eskenan agertzeak azken puntua neuk jarri behar niokela eskutitz horri iruditzen zaidalako izan daiteke. Ez pentsa, izan ditut bai zalantzak, gutuna hotza bait da gisa honetako azalpen gordinei ekiteko.

        Baina has nadin bada, ahal dudanik eta hobekien, nire nebaren eta zure aitaren iskribua bukatzera. Udaberriko arratsalde hartan, hamar urte inguru elkar ikusi gabe egon ondoren, gure familiak solasean ziharduen, bazkaldu ondoren noski. Ez dakit zuk zenbat urte zenukeen garai hartan, oinez doi samar aritzen zinela baino ez dut gogoratzen. Beno, arratsalde hartan zure aitak gutxienez pare bat ordu zeraman etxeko komunean. Lehenengotan ez genion kasu gehiegirik egin, zeren, nahiz eta ohitu ez, bazkari eta bazkal oste familiar hartan whisky ugari edan zuenez gero, nik uste nuenez behintzat, oka egiten edo lotan egon zitekeen. Baina denbora aurrerantz zihoan, beraz arduratzen hasi ginen. Lehenengoz atea jo nuenean laster zetorrela erantzun zidan. Haatik, ez zen ageri. Finean, sekulako oihuak jaurtiki ondoren atea ireki zuen... Sinets iezadazu loba maitea orain esanen dizudana. Ez dut gehiegi gogoratzen mementu hura, zure aita ikusi eta berehala konortea galdu bait nuen.

        Ohartzen naiz, bai, nire idazteko, adierazteko era alegia, agian ez dela egoera honek eskatzen duen bezalakoa. Ez da ene asmoa Erramon, historia honi berez duena baino zentzu tragikoagoa ematea. Ba al dakizu zure aitak bere bizitza tragedia klabean eginiko komediatzat zeukala? Hala zioen behintzat, eta okupatzen gaituen eguneko egoera tamalgarria gertatu baino askoz lehenagotik gainera. Umore oneko gizona, bai gero; aitaren, beno zure aitonaren, heriotza har dezakezu adibide zuzentzat. Berri hau eman nionean telefonoaren beste aldean isiltasun luze bat egin zen. Halako batean finis coronat opus esanaz eseki egin zuen.

        Ba dakizu zure aita beste maite zaitudala, bere begiak daramatzazulako edo ezin dudalako ahantzi nola ipintzen zenuen aurpegia umetan txokolatadaren bat izaten zenutenean edo... Oso pertsona gutxi maite izan ditut zure aita beste, baina hori beste asunto bat da. Jarrai dezadan ba, ea ahal denik eta laburren amaitzen dudan, dagoeneko mamira noiz joango ote naizen zain egongo bait zara. Atea ireki zenean parean neukana zure aita zen, zalantzarik gabe, baina ume bihurtua, hamalau urtetako mutiko bat alegia. Adimen garatu bat zuen mutiko argal, buruhandi eta ederra, aurpegiz gainera hamabi bat urte baino ez zuen emanen. Xehetasunetan sartu gabe, egoera hari nolako irteera eman genion kontatuko dizut.

        Sekretuaren jakile bakarrak zure aitona eta neu izan ginen, ez baigenien familiako besteei «gorpua» ikusten utzi. Orain jakinean zaude zure aitak ez zuela bere burua hil. Etxekoentzat hori asmatu genuen «gorpua» ez erakusteagatik, eta dakizun bezala, kanpokoentzat infartu batek garbitu zuen. Sendagilea zen aitonaren adiskide bati esker, jadanik hilik dagoena noski, Juan Pedro Sagasta Iturbide jartzen zuen nitxoan Gorputegiko ezezagun bat sartu genuen. Ulertzen al duzu orain zergatik zure amak, ahal duen guztietan eta gehiago, hileta hartan negarrik ez nuela egin gogoratzen digun? Egia esateko, eta ez ezazu hau txartzat hartu, hileta haietan, ene barnean, barre egin nuen. Hura bai izugarrizko komedia!

        Ahal zenik bezain laster, zure aitonaren itsas bidaietako adiskide baten bitartez, zure aita eta biok Idaho aldera joan ginen hegazkinez. Eta han gelditu zen seme-alaba gabeko familia baten semeorde gisa. Jakina, guraso berri haiek, mementu egokian, seme berriaren historia ezagutu zuten eta, nahiz eta lehenengotan indar gehiegirik gabe sinetsi, laster frogatu ahal izan zuten egia zela, urteak iraganez zure aita ez baitzen deus ere zahartzen.

        Harrez gero ez dut gehiago ikusi eta bere azken albistea urte bete dela hartu nuen. 1955.eko maiatzaren 30ean bezalaxe segitzen omen zuen. Halabaina ez ezazu pentsa aitaren bila joaterik, ez duzu aurkituko eta. Hala ta guztiz ere, berarekin emanen bazenu ez litzaioke ezertxo ere gustatuko asuntoa.

        Ene bizitzan zehar sekula ere ez zait hainbeste kostatu gutun hau idaztea, Erramon. Beraz, barka iezadazu gaizki iruditu bazaizu historia hau orain arte isilean gordeta edukitzea. Edo ezagutaraztea. Dena dela, egon zihur esan dizudan guzia egia dela, eta egia osoa.

        Besterik gabe, har ezazu zure izebaren musu beroena.

Parisen, 1983.eko ekainak 20.

Arrate.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.