Joanes Urkijo
koskortuko dira oraindik itxaropena eta balkoiko geranioa
diotsat nik ere etxerako zidor aldaezinean jarraitzen didan itzalari
buruaz dagiot adei herabetia okertzeko sonbreilurik ez izanik
hosto zimelotan irla urrunak dakarzkidan brisara munduegileari
eta parajeak mugidagabe dirau zuregandik ihes egitean
semaforo gorrian gelditurik euriari jaurtiki diot galdera
ea zertarako balio duen gaueko hiruretan zuregatik masturbatzeak
ba ote den beharbada esperman itotzea zerbezan baino gozoagoa
baina zure begirada oh darling algodoizko fereka izan zen bart
(Good-bay my love zioen Marlowek eta hemen ere badezaket
zigarroa ezpainetatik kenduz bazter honetan hozki errepika)
hainbat panpin anfetaminatu zilarrezko teilatuetan blai
kalerik zuzenen hau Minosko laberinto elektrikoa
getting the hell out of it neonezko keak papurtuta
Bilbo Bilbo sutan dagoen berba mingotsa
erlojuak dioenean ero hori ez dago pianorik zure eskuentzat
euria mara-mara erortzen 3 x 4 allegro moderatto eta
Eros gordean euritakorik gabeko ibiltari bakartiei begira
Zenbat amets bazter honetan josi eta betirako galdu ziren
azken batean ez bait ziren metalezko muraila bat baizik
zerumuga ixten duena irribarre izoztu guztion gainetik
denboraren fosil xuriak uhainaren apar iheskorra
Bilbo Bilbo maskaratua gure begien kolorekoa
aukarrez populaturiko deuseza uralitazko zerua
parke hezea non zementuzko pan arbolak papurtu egin bait diren
eta bitartean hego haizeak etorkizunezko gazteluak dakartza
hilzori amaigabe honen izerdiak betirako isuri daitezen
Isiltasunaren izenak idatziko ez diren baso hustuetan ere
malko pare bat eskupeko utzi genuen behin baino gehiagotan
gure kateak ez zitezen gauaren gortinen aurka erajota ur
Zenbat lapitz ere hautsi ez ote genuen geure hatz karrokatuekin
mahai honen gainean amargura txikizko istorioak margotzean
iraganaren amets eroen gainean zaldian legez noraezean
Izotz ere bihurtu ziren gure esperantzarik gozoenak
gaupasa etsipengarri eta amaigabearen joko zahar honetan
Zertarako beraz erromako zubi berri baten esperoan geratu
nondik eskekiko ote aintzinako horrenbeste espektro itxuragabe
zergatik gogoan eduki mailukizko soroak bezalatsuko utopiak
denboraren eztenak oroipenen zauria zoldu digularik
|