L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<ttut0500>— Ttu-ttuá-0,4 (1985-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Demetrio edo mendekuaren gozoa

 

Joserra Gartzia

 

«Oker bat ez dago zuzendurik zuzentzaileak ordaindu behar badu. Zuzendu gaberik dago, halaber, apentzaleak ez ba du irixten, kausitzen, bere burua zahar apentzale antzo nabarmeneraztera oker-egileari».

E.A. Poe, Jon Miranderen itzulpenaren arabera.

 

Erresuminez, mekanikoki makurtu zen bere aulkira, urte luzetako errutinaz tolesturiko jazkiei so, leihotzarreko kristal hautsien puxka zikinez haruzko paisajeari erreparatu gabe.

        Fabrika handiko sar eta irtenaldietan ezik —orduan bizikletaz, motorrez eta kotxezko inurritegia ematen bait zuen— apenas bizpahiru kotxek baina kamioi mordo batek zapaltzen zuten errepide tristearen bestaldean, lau pisutako etxe gris iluna eta eskubitara, baratza eta oilotegia ere ba zen zelai ez gehiegi zaindutako baten ostean, baserri tankerako beste bat, berea, ikusiko zukeen Demetriok, aulkira makurtzerakoan aurrean zuen ikusmirari jaramonik egin izan balio.

        Ez zuen ordea begiratu, harik eta laneko alkandora urdin-mahonezkoaren botoi zuri arreak hatz lodi koipetsuez askatzeko zutik eta tente paratu zen arte.

        Alkandora erantzi zuen zakarki, mogimendu mekaniko bortitzetan bere etxearen ikustatzeak izutu izan bailuen.

        Ia asteguneroko afariaren sarrera osatzen zuen baratzuri salda gertatzen ariko zen Iñaxi une hartan senarrari gertatutakoaren ez-jakitun, iharduera bestela-ezinezko hura zorionik eza jasangarriago egiten zion trebetasun baten inertziaz burutzen.

        Zer arraio esango zion?

        Jubilazioa berak eskatu zuela esango ziokeen, alkandora kuadrodun garbiaren azken botoia, goikoa, lotzerakoan —okotza gora, lepoko zainak lehertzear— hartutako erabakiari eutsi izan balio.

        Baina inoiz urdinak izandako galtzak kaleko gris garbiengatik aldatu ordurako mudatua zuen iritzia arte.

        Egia esango zion andreari. ORAIN HASIKO AL NAUK BA GEZURRETAN? Egia esango zion, koldartzat joko bazuen ere.

        Kontatuko zion nola hogei ta hamabi urtetan bere izerdiz gizendutako adiskideusteko Don Antonio putakume hark —TIRA, DEMETRIO TIRA, NOIZTIK NORA HIK NERI DON ANTONIO?— bai, DON Antonio putakume hark bere bulegora deitu eta nola adierazi zion gauzak oker zebiltzala lantegian, jakina, jendea sobera, eta biharamonean lanera joan beharrik ez zuela izango.

        HIRETZAT HOBE DUK HORRELA DEMETRIO, LASAIAGO BIZIKO HAIZ eskuin besoaz Demetrioren sorbalda ingurutuz Antoniok, Don Antoniok esan ziona ere kontatuko zion Iñaxiri egia osoa jakin zezan.

        Bere bakarrean goratik ari zen hitzegiten, eta esan zitekeen Antonio izenari aurretik ezartzen zion DON hark asetzenagotzen zuela Demetrioren mendeku egarria, ondotiko PUTASEME adjetiboak baino.

        Esango zion, baita ere, tximistak jota bezala geratu zela bera, Antoniori, Don Antoniori ezer erantzuten asmatu ezinik.

        Bai, hori ere aitortuko zion Iñaxi bere emazteari, agian baratzuri salda jan eta berehala, edo bestela arraultze frijituen ondoren... bai, kafesnearen babesean kontatuko zion emazteari gertatutako deskalabrua.

        Etorkizuna errepasatzen hasi zen Demetrio. Baratza eta oilotegia ordurarte baino ganora handixeagoz gobernatuz gero, Iñaxi eta biontzako adina aterako zuen aise. Seme-alabak, berriz, haziak zituen Jainkoari esker, eta lanpostu seguru banaren jabe ziren hirurak ere, fabrika haundian bertan lan egiten bait zuen zaharrenak, eta bi neskak berriz, Donostian irakale.

        Sortzen ikusi zuen enpresarentzat lan egin beste biziorik gabeko gizona zen bestalde Demetrio, ehizera ere bakan joaten zena aspaldian, eta fabrikako soldata haundia ez izanagatik, diru mordoska polita pilatu ahal izan zuen hainbat urteren buruan.

        Diruak ez zuen beraz kezkatzen, are jakinik gainera aurrerantzean ere ia soldata osoa jasoko zuela, HASIERA HASIERATIK IZANDU HAIZ NEREKIN, ETA ETZAK PENTSA ORAIN ESKU-HUTSIK UTZIKO HAUTENIK, EZ HADI HORREKIN LARRITU.

        Baina ez zen larridura Demetrioren baitan orruka ernaldu zen sentimendua, aintziraren ur aspertuak olatuetan harrotuz herensugea altxatzen den antzera.

        Erresumina zen. Ordurarte sekula sentitu ez bezalako erresumin erregarri bat, Demetriori barru guztia jaten ari zitzaiona, eta berrogei ta hamazazpi urtetako langile leial haren ezpain estutuetatik, hamorru eta ezintasunezko AKORDATUKO HAIZ! bat jalgi zen trumoitsu eta zemaikor, fabrika handiko ate nagusitik azken aldiz ateratzerakoan.

        Eguna joan, eguna etorri, inoiz gauzatuko ez ziren asmoak erditu zituen Demetrioren haserreak.

        Eskopetaz akatuko zuen Don Antonio, bai bait zekien hark egunero egin ohi zuen bidearen berri. Elizondoko kantoian jarriko zitzaion zelatan, eta konturatu orduko BLASTA! tirako zion burura...

        ...Lantegiak Larragain aldetik zuen atzetik gauez sartuko zen, sekulako lapurreta eginez... lapurreta ez, txikizioa, milioitako txikizioa egingo zuen...

        Baina gaueko loezak pizten zuen plan oro, goizalbarekin itzaltzen zen ostera bere denbora guztian inori deus txarrik opa gabeko gizon harengan, eta lehen ostoak orbeltzen hasi zirenerako, denboraren haizeak eramanak zituen berarekin mendeku asmo denak.

        Haizeak sua indarberritzen ere ba daki ordea, eta Demetrioren Don Antoniorekiko gorrotoarena halaxe joan zen egunetik egunera biziagotuz: lehen orbelak agertu zirenerako, gorrotoaren garrek kiskaliak zituen Demetriok bere lau haragiak.

        Don Antonio zitalari zion gorrotoa, etengabe begibistan zuen lantegirantz lerratu zitzaion oharkabean.

        Hamaika aldiz birao egin zuenarren ez zuen lurrak lantegi madarikatua irentsi.

        Han zirauen gris eta eskerga, ordu jakinetan marru eginez, HEMEN NAUKAK esanez bezala, sar-irtenaldiorotako tutuaz desafioka.

        Okaztagarri zitzaion. Ezin zuen fabrikaren presentzia gehiago jasan, eta goiz batez HI ALA NI bota zion irrifar maltzurrez oihuka, errepideaz bestaldean lozorro sakonean zetzan pabelloi zarra esnatzeko moduan. ORAIN IKUSIKO DUZUE!

        Don Antoniorekin gertaturiko guztia afalondoan kontatzeko erabakia hartu zuenetik hartzen zuen lehen erabakia orduan hartu zuen Demetriok. Gainontzeko asmoak bezala asmo hutsean usteltzen utziko ez zuen erabaki sendoa.

        Goiz hartan bertan, oilotegiko arraultzeak bildu eta oilo hil bat erretiratu bezain azkar enkargatu zituen bere kalkuluen arabera beharko zituen materialeak. Arreta handiz atera zituen kontuak, ez bait zuen birritan herrira jatsi nahi.

        Agindu bezala, EGUERDI ALDERA deskargatu zuen Luxio Zubeldia almazenista lagunak hirugarren kamioikada adreilu, porlan eta harritxintxar. ZER KRISTO EGIN BEHAR DUK HONEKIN, DEMETRIO?

        Iluntzen hasi zuenerako ezarria zuen Demetrio lantegiko ikuspegia kenduko zion harresiaren oinarria.

        Iñaxik ez zion hasieran jaramonik egiten, BARATZA ETA OILOTEGIA BEHAR BEZALA ZAINTZEN DITUEN BITARTE, NAHI DUENA EGIN DEZALA. Baina gero ere, gainontzeko lan guztiak baztertu eta egun osoa hesigintzan ematen hasi zenean, ez zion ezer esan nahi izan. AURKI BURUTUKO DIN, ETA EZ DIN MEREZI bere kolkorako eginez.

        Egunak luzatuala haziz joan zen harresia, porlanez eta adreiluz elikaturiko zakurkume mimatua irudi, eta fabrikatik bidali zutela urtea beteko zuen egunaren bezperan amaitutzat eman zuen Demetriok bere obra.

        Baratzeko lau izkinetatik begiratu zuen: lantegiaren arrastorik ez. Sukaldera jo zuen gero: handik ere ez. Azkenik, logelako leihoa zeremoniatsuki zabaldu, eta bere kalkuluen zuzenaz poztu zen: harresi gotorraren gainetik hodei bakan batzu. Besterik ezer ez.

        Senarra uste baino burutik arinduago zegoela petsatu zuen Iñaxik afalostean kafesnearen lurrunean zehar biharamonean bazkari extra gertatzeko agindua entzun zuenean. UMEAK ERE GONBIDATUKO DITUGU. FESTA HANDI BAT OSPATUKO DUGU.

        Baina ez zuen bazkari apartekorik gertatu beharrik izan. Biharamonean ondoezik esnatu bait zen Demetrio. ZERA BAT, ZULO BAT BEZALA, TXORABIOA... EZ DAKIT, PORRU EGINDA NAGO.

        Jateko gogorik gabe, arima erratu bat zirudien Demetriok ezertarako gauza ez zela. Logelatik sukaldera eta sukaldetik oherako bidea ozta-ozta egiten zuen. Tarteka, gero eta maizago, harresirantz zuzentzen zuen begirada, eta fabrikaren aztarnarik ez zela ageri konprobatu bakoitzean, irrifar inozo bat hedatzen zitzaion arpegian, neguko gau hotzetan ohearen epela sentitzean egin ohi den irrifar inozo berbera.

        Aste bat igaro zen, eta goiz batez, ohetik altxatzeko kemenik gabe esnatu zen Demetrio. ZULO HONEK JAN EGINGO NAU, IÑAXI.

        GRIPEA BESTERIK EZ DA HORI esaten zuen arren, larritzen hasia zen artean Iñaxi, eta Don Migel, herriko mediku zaharrarengana jo zuen, BADAEZPADARE.

        ZER ZULO ETA ZULONDO. HAGO LASAI MOTEL, IKUSTEN DUDANEZ OSO-OSORIK HAGO ETA esanaz aldegin zuen gelatik, eta Iñaxiri HARA, DONOSTIAN EZAGUTZEN DUT BA MEDIKU BAT...

        Eta horrela etorri zen Donostiako mediku ospetsua, Iruñeako OPUSen agian zedozer asmatuko ziotela esan eta diru puska galanta kentzeaz aparte deus gutxi egin zuena.

        Inon sendatzekotan han sendatuko ziotela, eta Iruñera eraman zuen Iñaxik senarra, baina han ere ez zioten Demetrioren gaitzari igarri eta lehen bezalatsu itzuli zen atzera berriz etxera, sakela dezente arindurik, eta alboan, medikuen dantza hasi zenetik hitzik ateratzeke zirauen senar gero eta makalagoa.

        Egun gutxi barru, Iruñeako diagnostiko ofiziala zekarren eskutitza aurkitu zuen Iñaxik buzoian. DEPRESION AGUDA. Sikiatriko baten helbidea, eta pastilla mordo bat.

        Senarrari agindutako pastilla guztiak irentseraziko zizkion nola-hala. Baina, sikiatrikora eraman? EZTA... Gainera non zainduko zioten ba etxean baino hobeto? Ez. Berak zainduko zuen senarra eta sendatuko, sikiatrarentzat eroak utziz. Egunaren hogei ta lau orduak eskeiniko zizkion Demetriori. Haren zerbitzari eta mirabe izango zen aurrerantzean.

        Baina Iñaxiren ahalegin guztiak alferrikakoak gertatzen ziren, eta lehenengo hitza bezala gainontzeko ahalmen guztiak galdu zituen Demetriok pixkanaka.

        Bere eginbeharrei eustekoa galdu zuen aurrena, eta seme-alabak kozkortu zirenean betirako bukatuak uste zituen lan klaseak berriro egin beharrean aurkitu zen Iñaxi gaixoa.

        Ohe zabalaren erdian, arrasto txiki bat besterik ez zen haren gorputza, besoak estalkien gainetik luzaturik, gero eta nabarmenago ziren begiak zabal-zabalik zituela, burua bi burkoren biguinean murgildurik...

        Mogitzeko ahalmena guztiz galdu zuen azkenik, eta aurpegi xahutu hark basamortuaren planoa zirudien: adierazpen ezaren ezaz begien oasietan bakarrik aurki zitekeen behiala Demetrio izandako ehun kilo inguruko gizonpuska bizitu garraren izpi minimo bat.

        Senarra hilik aurkituko zuen uste osoan hurbiltzen zen Iñaxi goizero haren ohe ertzera, goizero ohe zabalegiaren buruan begi beti irekiei zerien dirdir gero eta ahulagoarekin topo egiteko.

        Halaxe gertatu zen azaroaren lehen egun hartan ere, senarra aldatzearen eguneroko erritoarekin hastera zihoanean miraria obratu zen goiz hartan.

        Gorputz ia gorpu haren alboan zetzan eskuin beso mehea alderik alde zeharkatu ondoren, dardar ikarati batek dantzatu zuen Demetrioren esku zimurtua.

        Aspaldi galdutako itxaropena berritu zen kolpetik Iñaxiren baitan. Senarrarengana makurtu, eta erreguka hasi zitzaion belauniko. JAINKOARREN DEMETRIO, ENTZUTEN AL DIDAZU MAITE HORREK... ESAIDAZU ZER DUZUN, ESAN ZER EGIN LITEKEEN... JAINKOARREN DEMETRIO... MAITEA... JAINKOARREN...

        Ohetik hamar bat zentimetrotara altxatu zen Demetrioren eskuin besoa. Hatz erakuslea poliki luzatuz, itxirik zegoen leihoa seinalatu zuen.

        ...HESIA... HESIA entzun zion orduan Iñaxik. Aspaldian entzuten ez zuen ahots hark asaldaturik, gertatzen ari zena sinistu ezinik geratu zen, totel-totel eginda. A BAI, ESAN, ESAN MAITEA, ZER, ZER NAHI DUZU, ZER GERTATZEN DA HESIAREKIN?

        Isiltasun trinko batek betetzen zuen gela. Erantzunik ez zuela izango etsi zuenean, isiltasunak eta negargurak itotzear, leihoa parez pare zabaldu zuen. Inoiz baino handiago iruditu zitzaion harresitik begiak kendu ezinik geratu zen une batez, ohetik zetorren orroak bere baitaratu zuen arte.

        ...BOTA... BOTA... entzun zion esaten orain oso-osorik dardar batetan jarria zen Demetriori, indar hondar guztiak horretan joan balitzaizkio bezala, bapatean, lehengo gelditasun osora erori zen bere senarrari.

        Ez zuen Iñaxik denborarik alferrik galdu, eta esan daitekeen baino lehenago, telefonoz hitzegiten ari zen.

        Ordu erdi barru han zen Martin, aitak eraikitako harresia eraisteko gertu. Seme zaharrenak lanari ekiten zion bitartean, senarraren ondora itzuli zen Iñaxi. Haren esku hezurtsua bere epeletan hartu zuen kuidado handiz. Ez zuen ordea bizi arrastorik aurkitu, eta aurreko eszena guztia debilidadeak eragindako ametsen bat besterik ez zela izan pentsatu zuen instant batez.

        Bere burua kontsolatzeko hizketan hasi zitzaion Demetriori. IKUSTE AL DUZU DEMETRIO? MARTIN DA BAI, NOR BESTELA? BERAK BOTAKO DU HARRESI ZAHAR HORI, MAITE, SEGITUAN GAINERA, IKUSIKO DUZU MAITE...

        Iñaxiren ardura eta antsiei erreparatzeke, parez pare zabalduriko bi begiek leihoan zehar galtzen zen begirada tinko hartan jarraitzen zuten setatsu.

        Isildu zen noizpait Iñaxi, harresiari erasoka ari zitzaion Martini so, harengan bait zuen orain senarra berreskuratzeko azken esperantza.

        Gogotik ari zen Martin deusezte lanean, eta aurki ikusi zuen Iñaxik lantegiko pabelloi handiaren teilatua harresiaren gainetik agertzen. Une hartan, esku artean zuen bost zainetako hezur landare hartan zerbait mogitu zela iruditu zitzaion.

        Eguerdian mokadu bat jateko ordu erdiko atsedena hartu zuenean, puska polita kendua zion Martinek harresiari. Iluntzean erretiratu zenean berriz, goikaldeko erdia falta zuela ageri zen harresia, eta haruntzago, zimendurik gabe, airean sostengaturik bezala ikusten zen fabrikako pabelloi handia.

        Iñaxi ez zen gau hartan senarraren albotik kendu. Ohearen ertzean eserita pasa zuen gaua, Demetrioren eskua eskuartean, leihoan zehar iluntasunari begira, mirariaren zai.

        Goizargiarekin batera ekin zion Martinek berriro lanari, harresia botatzea hil ala biziko borroka bailitzaion.

        Puska txiki zenbaitekin batera handiago batzu amildu ziren lurrera lantegia piskanaka osatuz, puzle erraldoi baten antzera.

        Arratsaldeko tutua entzun zenarekin batera bota zuen Martinek pabelloiaren kantoiko azpikaldea estaltzen zuen adreilu eta porlanazko blokea.

        Hogei ta hamar urtetan Demetriorena izandako gelako leihotzarra ikusi zuen orduan Iñaxik, bere kristal zikin hautsiekin. Senarraren eskutik bereetara pasatu zen tximistaren pareko zirrara batek astindu zuen goitik beheraino.

        Demetriorengana zuzendu zituen begiak. Leihorantz begira jarraitzen zuen. Irrifar gozo zabal batetaraino hedatu zituen ezpain more ihartuak eta txintik ateratzeke, zorion betearen itxura osoan azken arnasa eman zuen.

 

Ipuin hau irabazle suertatu da
aurtengo Donostia Hiria ipuin lehiaketan

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.