Pirene ostatuko koplak
Itxaro Borda
Pirene ostatuko koplak
eskaintzen ahalko nizuen
idatzi poemarik
ederrena
zurito baso
batetara
erori zait
eta
baso hustean
bierrarekin
nere poemarik ederrena
edan dut
edan...
Beldur naiz
Beldur naiz
bihar
goizean
ez dutala
gehiago
idazten ahalko,
beldur naiz
debaldetan
maitatzearen
bortxaren bortxaz
bihar
ez dutala
gehiago maitatzen ahalko,
beldur naiz
gauaren hildoetan
sobera ibiltzearen erruz
bihar
ez dutala
gehiago eguna jastatzen ahalko,
beldur naiz
hutsaren gainean
dantzatzearekin
bihar
bakarrik
hilgo naizela!
ETBen Garaikoetxearen begiak
ETBen txoria txori
hegoak ebaki bagenizkio
Garaikoetxea rastafariari
oraindik gurea izango zen,
GARAIKOETXEA NOS
FALTAN TUS DOS
OJOS DE CONEJOS
PARA DORMIRNOS
Maitatuko nauzu eh!
maitatuko nauzu eh!
mendeetan zehar
neure haragian
hildoak zilatzen
dituzten
mila golde nabarrak
ahantz ditzatan,
maitatuko nauzir eh!
aspalditikan euri malinen gisan
begietarik erortzen zaizkidan
malko zikinak
behin betikoz
lehor ditezen,
maitatuko nauzu eh!
neguko itsaso kexatuaren ertzean
edo
Iparla gailurrean saien auzoan
ibiliko gara
bizitzaren pizu madarikatua
sorbaldan sendi ez dezadan,
maitatuko nauzu eh!
larruak larruari ematen dion
bero samurrean
elkarren ondoan lo egingo dugu,
nahi duzuna eskainiko dizut
eta ez dizut ezergehiago eskatuko,
maitatuko nauzu eh!
elkarren ondoan lo egingo dugu...
Rahavi Shankar irratian
Rahavi Shankar irratian
goizeko bietan
gaur ere ostatua hertsi da
eta nagusiak
"bihar arte!" erranez
kale hotzera botatu gailu...
zigarro rubiarik ez,
lagunik ez ohea berotzeko,
dirudik ez gehiago,
libertatea baizik
bakartasunean izozteko,
es que ezta posible
hain miserablea
hain herresta
ez banintz
negar egingo nuke!
Barka!
Barka zaigun
gure ausartzia,
barka zaigun
gure inozentzia,
barka zaigun
gure ezazolkeria:
pixkat edanak gintunan
baina ez gaitun hitaz trufatu,
barka...
Jende batzuei
barkamendu eskatu behar zaie
erderaz s'il vous plait
bestela
mutur egoten baitzaizkizue..
Maitea
hunkitzen bazitut
maitea
nere ametsa
puskatuko da,
eta
karrika ezkin bustian
oi euria!
ai elurra!
maitea
bakarrik egongo naiz
hunki nahian hautsi nuen
ametsaren
zati minberak
miresten
hesten!
Lurpean
lurpean
bizirik
sartuko
naute,
hi aldiz
zilo hegian
begira geldituko
haiz.
eta
noizbait
bihar
behar bada
lurpean
bizirik
sartuko
haute
hi ere.
orduan biak
karkazailka
irriz ariko
gaituk...
Suaren balada
zuk zuhurki su
ematen duzu
sutan
zutan
hutsa
erretzeko.
zuk uzkurki so
egiten duzu oh!
gutan
sutan
hutsa
miresteko.
zuk egun batez
bixta galduko duzu,
zuk egun batez
eskuak galduko dituzu
eta zure su zuhurrean
uzkurrean
erraustuko zara
konturatuko zara
orduan
zuk
bizitza debaldetan
gastatu duzula
su
la la la la
(Xiberuko ahaide zahar batian)
Despedida
Poema bat da
(baietz)
ostatuetan
edaten diren
ardo gorri
nafarrak
(euskadi da)
pagatu behar direla,
kontsolatzen ez gaituen
pena bat gehiago...
|