Azken agurra
Iñaki Bernaola
Ikusi nahi al duzue?
Galdera bera egiteko ohituta dagoenaren modu mekanikoaz mintzatu zitzaigun lurperatzailea, hilobia behin zabaldu ondoren eta zerraldoa betirako sartzeko prest zegoenean.
Egia esan, ez dut uste osaba Joxemari inori sinpatikoa izan zitzaionik, baina lehengusu Ikerrekin bere semea izandakoa, antipatia baino gehiago, gorrotoa zela baieztatuko nuke.
Besteengandik nahiko aparte, hilobitik bost metrotara edo, bere pentsamenduetan murgildurik mantentzen zen, gomazko bota beltzez eta estola morez jantzita zegoen apaizak azken errespontsoa botatzen zuen bitartean.
Beharbada ez dago inor familia osoan lehengusu Iker, eta are guttiago haren aitarekiko gorrotoaren arrazoiak ondo ulertzen dituenik. Halaber Ikerrek berak esan ohi zuenez, non aztertzen dira gaingirokiago arazo familiarrak, eta non da txikiagoa pertsonen arteko errespetua familia berberaren baitan baino?
Baina zoritxarrez, zaharregi egin dira iadanik izebak Andere eta Joanita beraiei errespetoaz mintzatzeko, eta areago bizitza osoan zehar inor errespetatu ez dutelarik. Horregatik ez zuten birritan pentsatu behar izan lurperatzaileei zerraldoko goiko estalkia zabal dezaten eskatzeko.
Zeozer arraro ikusi behar izan zuten, aho zabalik eta ilea tente-tente gelditu baitziren. Neu ere hurbildu, eta hortxe zegoen, beirazko leihatilaren bestaldean, begiak plater moduan irekita, hortzak erakutsiz, eta ahoa pixkanaka-pixkanaka zabaltzen hasi zitzaion oihu egin nahi izango bailuen. Ehortzaileak, lehenengo ikara pasatu ondoren, neuri hurbildu zitzaizkidan, agian familiako autoritate handieneko pertsona nintzelakoan.
Gizon hau bizirik dago!
Ireki zerraldoa! Erantzun nien berehala.
Astiro, beso eta hankak ehun kilo bakoitza pisatuko balitzaizkio bezala, zerraldotik altxa eta lehengusu Ikerrengana abiatu zen, mugimendu traketsez, dardarka eta aurpegian gorrotozko keinua gero ta nabargarriago erakutsiz. Izebak, konortea galdu zorian, elkarri eusten zioten. Beste guztiok, izerdi hotzetan blai eginda, txarrena espero arren ezer galerazteko indarrik gabe aurkitzen ginen. Lehengusua Iker, berriz, gertatzen zenaz konturatu orduko, inolako urduritasunik erakutsi gabe, muskulu guztiak tentsioan, eta energia osoa bere izugarrizko begiradan kontzentratuz aurpegiz-aurpegi egin zion so aitari, eta elkarrengandiko distantzia egoki iruditu zitzaionean, gogor bota zion abots ozenez:
Metete en el ataud, hijo de puta, que aquí ya no pintas nada!
Berehala desagertu zitzaion gorputza zutik mantentzen zuen indarra. Eta lehen gorrotoa zegoen aurpegian negar ixila nabaritu genuen. Paperontzira botatako orri zimurtua bezala, bere baitaren gainean tolesten hasi eta ozta-ozta izan zuen denbora buelta erdia eman, lau pausu ibili eta zerraldo ondoan erortzeko, udazkeneko hostoek egiten duten eran.
Ez dut uste lurperatzaileek bost minutu baino gehiagorik tardatu zutenik zerraldoan sartu eta hilobian hersteko. Gero, bakoitza bere aldetik joan zen, ixiltasun osoan.
Bi urte pasa dira hori gertatu zenetik eta oraindik ez dut hortaz inorekin hitz egin. Besteek, inolako dudarik gabe, gauza bera egin dute.
|