L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,4 (1985-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Zaharrerazteko makina

 

Jon Ander Bengoetxea

 

I

Aretoa argia, erosoa eta hedatsua da. Ezker eskuinetan, lauki gaitzak hormetan, besaulki bigunak, mahai txiker apalak aldamenean dituztela; sabaian, dindilaria dirdiraz. Leiho handietako kristal urdintsuetatik, eta gortina astunen artetik, eguzki ahulduaren izpiak ixuri eta barneratzen dira. Kanpotik ere marmar zirriborratu bat dator —ate handiaren osteko bulegoaren zirrizarra eta zeregina, girogailuaren burrunbada, urrutiko hiri handitiko bizitza lanpetua—.

        Hegal batetan, ia itzalpean, gizon ttipi zahar bat; bere aurrean maleta apain beltz bat. Mugagabea bailitzan, aretoaren zabalari —edo itxarote zintzilikatuari— so egiten dio.

        Halako batetan, atazain bat atalas ezin ikusi batetatik agertu, behe gaineko oihal samurretik hurreratu eta aho motel batez,

        — Emesatup jauna, sartu, arren —esan dio.

        Gure gizontxoak maletari oratu eta saltotxuka, urduri, ondoko batzargelara jo du.

        Bilkura egiten ari deneko gela luze samarra da, bertan dagoen mahai beltza baino luzeagotsua. Alboko aretoaren aldean denak soildua dirudi: hormetan mapa eta grafiko triste batzu, eta leiho eskerga bakarti bat. Mahai inguruetan, jezarrita eta etorri berriaren zai eta adi, hamabi bat gizon nagusi, batzu uniformez, gehienak jantzi gris eta gorbatadun, guztiak ben benak, buru soilak, bizardunak eta betaurrekodunak ere bai, heuren aurrean txosten eta paper pilo batzu dituztelarik.

        Mahaiburua denak —gizon mardo eta zuzen, ilea zurizka eta urri— hutsik dagoen aulki bat opetsi dio eskua luzatuaz eta hitz llaburrez:

        — Jarri gure ondora, Emesatup jauna —eta beste mahaikideei begira— gure zerbitzuen azken txostenek adierazten digutenez, aztergai dugun problema latzari ebazpide bat eman diezaiokegulakoan gaituzue; eta hona aurkez diezazuen, gureganaino etorri zaigu.

        Denen begiek Emesatup jaunaren arpegia arakatu dute; lehen ikusi ezina, oraingoan hobe dagerkigu: estua, luze samarra, sudur zorrotza, ile grisa...

        — Jaun honek asmatu eta eraiki duen aparailuari eraginaz, irtenbidea urratzeko moduan gaude. Sarbide on bat berari eskeiniaz, eta harira erakartzeko, labur ditzagun, ba, lehen aipaturiko txosten horiengandiko ondorio larri eta nabarmenak.

        «Hitz gutxitan honako problemaburuak ditugu:

        «Lanik eza atzeko urteotan haziagotu zaigu, eta egia esanaz, gaurko gizartea zatibitan dakusagu, benetako gizaklaseak bailiran; langileria eta langaberia.

        «Ekonomiak erazagutzen dizkigun etorkizunezko aldagaiak, ez bide zaizkigu bat ere bultzagarriak izango, lan eremuan ekintza berreragingarriez hornitzeko. Honetan ba, geldiune gotor batetan aurkitzen ditugu gure buruak.

        «Jaurlaritza honek, gizapolitika zabaldu eta trinko bat eraman du: subsidioen bidez arriskugarriak izan zitezkeen abagadune batzu sorosi egin ditugu. Adineko langabeekiko, batez ere, gure jomuga zeharo bete dugu, eta bakealdi hausgaitzak dirau.

        «Bestelako egoera ikusten dugu, ordea, gazteriari datxekionean. 21 urte arteko Irakaskintza Behartuaren Lege Nagusia eta Gazteriarentzako Astia Zaintzeko Agindutegia kaleratu arren, ez Arduralaritzak ez Hertzaingoak ezin izan dute, auzune eta eskualde batzutan, hiritar gizabideak galdatzen duen baretasuna lortu eta iraunarazi. Gazteriaren matxinada abiatu da.

        «Gure Giza Ikasketaren Sailak atondutako txosten honek dioskunez, banako ahalbide batzuei ekin diezaiekegu, oraindik; baina aurretik ba dakigu, denak erabat ustel irten dakizkigukela.

        «Adibidez, gudazko auzi batek, behin behinekoz gazteria gudagintzarako bideetara eroango balu ere, gaurko nazioarteko oreka apurkorra arriskutara eramango luke. Beste holako eraginbide batzuk ere —hots, drogazaletasunaren hedapena laketzea edo eta babestea, kirolen edo bideoen zabalkundea, edo hesbesterapena— itzuli ezinezko bilakaerara bultzatuko gintuzkete, eta gainera, oraintxeko ekonomiazko ibilkuntza makala larriagotuko lukete.

        «Beraz, oraingoan, nora ezean gabiltza. Eta honek, aspaldion erasaten dugun kinka gorri gorri honetan, zirt edo zart egiterainokoan ezarri gaitu, ezinbestekoa baitugu.

        «Gesi batetan bukatuko dizuet erakustaldi hau: Emesatup jaunak, atzerrian egiaztatu eta gauzatu diren saioak aztertu ondoren, erabateko irtenbidea ekar diezaguke. Mesedez, jauna, egiguzu hitz.

        Emesatup jaunak, oindino aretoan bailegon, geldo eta inora inori begira gabe entzun bide dio hitzontziari; hizketa amaitu eta gerokoan, oraino egon da zirkin egiteke, beste guztiak isil misilka. Behingoan baina, gakotu eta maleta zabalduaz, ahots irardausibako eta etenkorraz —atzerritartasun baldarrari itzuri barik— hola hasi zaie:

        — Bai. jaunok: hementxe daukozue behar duzuen ebazpena...

        Eta txarto marraztutako irribarre batez azkenduaz,

        — ...zaharrerazteko makina.

 

II

Kale bat, gazte batzu. Ikastegi baldres baten etxepean, behe gainean jezarrita dauden neska mutil batzuengana doa mutil argaltsu bat, arin. Bizarrik Babe, ile laburra, alkondara zabalik darama, eta prakak bilduak ditu belaun ondoraino; taldekoak ere, holakotsu daude jantzita.

        Eguzkia galdatan. Noizean behin haizeak hautsa nahaskitzen du, baina hozkirritu ez. Argi zapartatuan, naturak harrausika ari da, hiri zakartuaren gainetik.

        Alboko kaleek triste eta zikin dirudite, etxeak hits, saltokiak itxita, leihoak erdoildurik, zarama eta zaborra edonun.

        — Zer dakark, Alex?

        — Berri onak oparo, lagunok: eskualdeko ikastegi guztiek langeldiketa erabaki dute, eta ba dabil batzarre orokor baten deia. Niri, manifestapen baketsu baten aldeko proposamena egiteko esan didate, eta ulerterreza duzuenez, holako iradokizuna bete betean onartu dut. Zer deritxon, Marga?

        — Higan ustantza osoa diat.

        — Gurenean, Alex, liskarren bat edo eduki dugu, baina ez da gauza handia izan: irakasleria, onean nahiz txarrean, kanporatu dugu, eta hertzaingoa alderatu bazaigu ere, zelatan lotu da, esku hartzeke.

        Honen ondoko autuei jaramonik egin barik, Alex eta Marga besarkatu eta ertz batetan jezarri dira. Besteek, baina, biziro dihardute.

        — Honetan gogor astinduko diagu, txo.

        — Baietz ba, gogor gogorki.

        — Et, et, hitz eder eta egite lander.

        — Ixil adi, txaplatua!

 

III

Batzartegi haundian, jezarlekuak lerro lerro, Emesatup jaunak, oholtza gaineko mahai luzearen ostetik, bere hitzalditxo teknikoari amaiera ematen ari zaio. Zigar kea galduz doa behetik gora, eta andra gizon multzoaren begiak josi josi dauzka bere gainean Emesatup jaunak; beronen atzeko horman grafiko eta irudi batzu. Aretoaren alde batean dauden leiho ederretatik ez da hots bat ere barruratzen.

        Hantxe, gizarte baten zutabehagak: eta finantzaetxeetako jaunak, hamaika entrepresatako ugazabak eta beste hamaikatxoetan idazkariak eta batzordekideak, beren jantzi zorrotzez, besoak bular gainean; alderdi politikoetako liderrak, ezpainetan betiko irribarre izoztuak, sakelak promes marroez beterik, biltzar ttipietako xagutxoak; hertzaingo eta gudugintza buruzagiak, katxutx handiez estalitako buru ikolak, bihotzak txanponez eta xingolez jagonik; giza borroketan langileria sindikatoratu duten langileburuak, lantegietatik bulegoratuak, eta ugazabak bezian zorrotzez eta grisez jantzirik. Inortxok ere ez du huts egin, datorren bizitzarako mundu honetatik zubia iraunkor bat eraiki gura duten elizgizonek ere ez. Denak elkarturik, heuren bizikera iraunarazteko asmoan, munduan beste askotan legez.

        — Ez dut uste beste zehaztasunik beharko duzuenik, jaunok. Tratamendu honen bitartez, Urliaren soinaren zelula guztiek arinagotu eta laburragotu egiten dituzte beren bizierak eta bizikuntzak, eta ordu batzuren ondoren, zeharo zaharkituta aurkituko dugu.

        «Denok dakigunez, gazteria langabe bihurriak problemak hanpatu egiten dituztela; baina hotsemaileak zaharreraziak, eta urteek pentsamoldea berez aldatzen baitute, zalagardaren burua moztuko dugu.

        «Nola erdietsi hori, zuon eskuetan datza. Zigor Zuzenbidea ez da horretaraino iritsi, gaurkoz, baina zuon Jaurlaritzaren legejakitunen jarduna izango da, aurrerantzean beharko duzuen Zigor Arauketa bideratzea. Eta mundu osoaren aitzindariak izango zarete, Zientziabide honetan.

        Hitz hauek esan eta gero, isilaldi teinkatu bat isuri da; sinistu ezineko zeinu batek entzulegoaren betarteak ximurtu ditu. Bereala, eta aho bat mintzatzerakoan baino lehen, jaurlaritzaburuak bereganatu du hizbidea.

        — Herri honen Jaurlaritzak abegi on egiten dio eginkizun honi, eta noski, zuzenbide arloko jakitun talde batek zuzenezko jantzi batetarako zirrimarra bat prestatzen digu, later ere laster Legebiltzarrera bidali eta bertan legegai hau aztertu eta gaur egun jasaten ari garen giza krisisaldi honen heinean legetza dezaten.

        «Denon ahotan dago espetxeak mukurruraino daudela, gazteria gaurko lanik ezak lege hausteraino daramalako. Bilakabide hau mugatzeko eta murrizteko, erabili ditugun saio guztiek porrot egin digute.

        — Langabetasunak gazteria legea hausteraino bultzatzen du, eta gazteria talde batzu, gizarte kontrakoa deino, moztu eta zanpatu beharrean gaude. Arazo honetan, Emesatup jaunak aurkeztu digun zigorgailua benetan baliabidea izan dakiguke. Eta agintaritza honek prestatzen ari den legegaiak dioskunez, aurrerantzean, espetxean urte batzu igaro beharrean, urte horiek iraungi egingo ditu makina honek, inoiz izan ez bailirian; adin bero batetatik, adin bare batetara, gazte bihurri izatetik, heldu zentzuduna izateraino: hau dugu helburua.

        Eurrez ugaritu ditu hitz jarioak, aratz eraiki du hizketa. Argudio bakoitzak Emesatup jaunari irribarre ttipi bat eragin dio.

        Eta argudio bakoitzak ere, entzule batengan galdera bat iratotzen du. Hiztunak bukatu duenean, entzuleriak beste hitz mitzen zai geratu da, baina, besterik iguriki gabe.

        — Eta galderarik ez baitago, eskuetan duzuen txostenak aski erakintza eskeintzen dizuenez gero, hontxe berton amaitzen dugu gaurko batzarrea.

 

IV

— Agintaritzak aurrean ezarri digun deman, zuhur jokatu beharrean gaude. Lant diezaguketen esparrua, azken Legeek zorrotz mugatu digute: edozein protesta, edonolako ekinaldia, lege horientzako eten bat bihur dakiguke. Holako eretian, zalantzarik gabe, gizarte honen jauntxoek itxaroten duten zioa hartuko dute, gazteria hau heurei komeni zaizkien bazterretara igortzeko: espetxeak nahiz gaztezaindegiak diren ikastegiak, hots, goitiko kontrola eta eragozpena nagusitzat dituen bizikera bat. Honengatik, ostera ere, manifestapen orokor bat proposatzen dizuegu: indarkeriarik ez.

        Txaloak eta txistuak jotzen dute Alexen hitzaldiaren amaieran. Hitzots zoli bat hasi da; ikasgela handian, tabakoaren ke hutsak lainotu du ikusmena, eta edan egiten da leku itxiaren sargoria. Buruak, artega, zabu zabuka dabiltza gizataldearen gainetik.

        Zutundu den beste hizlaria islatu egiten da hormako oholbeltzetan. Isilik egoteko behin baino gehiagotan eskatu behar du, bere hitzak entzunarazteko.

        — Alex lagunarekin ez nator bat. Agintariek, betidanik, bere legeak hautsi egin ohi dituzte. Hainbat aldiz aldarrikaturiko giza eskubideak, ez ote dituzte apurtu Irakaskintza Behartua eta Astia Zaintzeko legeek? Horrela ez ote digute sormena irendu?

        Eta jarraitzeari itxi barik, txaloak, txistuak eta abarrotsa berrasten dira.

 

V

Jaurlaritzaburuaren basetxean. Ez guztiz urrun, muino berdeak zeru urdinari egiten diote haginka. Haize epeletan, hodei lurruntsu batzu eguzkiarengana doaz korrika, eta bere aurrean, geroxeago, zatitu egiten dira, ihesiari ematen jakin barik. Kirkirrek jo ta ke, kantuka.

        — Ez dago oztopo handirik Legebiltzarrean, gure lege egitamuak aurrera eramateko. Konponketa batzu egin beharko ditugu aurkalarigoarekin, beronek landu dituzten beste legegaien trukez: benetan sinisten dut gure Zigorraldi legea egia bihurtuko dugula!

        Eta ministrari nagusia eta Emesatup jauna, patxadaz eta garbairik gabe, lorategiaren edertasunean dabiltza egurasten.

 

VI

Ikasgelako ate handi aldean, Alexen taldea atsedenaldian dago. Barruko keak ingurua kutsatu bailuen, lainopean ezkutatu da. Hala ere, hertzaingoaren ibilgailu batzuk hango alderuntz disdiratu dute.

        — Han daude, berriro.

        — Alex, hire eritziak iraungiten dituk haien ondoan.

        — Azkenaldiz, burruka besterik ez dago.

        — Indarkeria? Indartasuna ez ote?

        — Ea, alde eztabaidak, Ikastegietako ikasle guztien manifestapen guztien egin beharko diagu.

        — Itxi nazazue, kezkaz gozatzeko norbaiten bila noakizue eta.

        Eta Alex eta Marga, elkarrekin, zelai berdean jezarri dira, mundu traketsari eta zeru goibelari uko egin guraz.

 

VII

— Egitamua burutzeko zorian daukagu; zeuk iruditu dituzun tresnak laster kaleratzeko gerturik baitaude. Era berean, behar diren teknikariak saiatzen ari dira. Bestaldetik, Legebiltzarreak honi dagokion lege berria onartu eta eratu duenez gero, hurrengo zalagardako aitzindariei atxiki eta makinaperatuko ditugu.

        Emesatup jaunak ez du erantzunik egin, baina ohi den legez, irribarre egin dio, irribarre margul bat.

        — Auzitegiak «egokitu» egin ditugu. Zigorraldizko Lege Berriaren heinean, preminezkoa den araberaz balia daitezen. Beharrezko jokaera galdatu diogu epaikarigoari eta horrengan uste osoa daukagu.

        Eta hau esanik, Emesatup jaunaren irribarreak ministraburuari ere irribarre eragin dio; honezkero, apainkiro jantzikiro mahai gainetik txanpanari heldu, eta biontzako edalontzi biak bete ditu. Bitartean, night clubeko sasi gauaroan, argiak keinuka eta abestu eztitsu batek laztandu egiten dituzte.

 

VIII

Manifestapena kale biluzian gora doa, indar mehe luzatu bat arratsalde bare luzatuan. Makal jotzen ditu haizeak, makiletan zintzilikaturiko ikurrin pankartak. Goian, oskarbi amaigabea jan nahi dute eraikuntza garaiek.

        Aurre atzetik zeharo hutsik dago kalea: hutsune honek, pittinka, iruntsi egiten du lagun taldea. Norbaitek orriska batzu egotzi ditu espaloi laguntze aldera, eta bertan lotu dira, sakabanaturik, tristasun labur baten irudi handi bat erakutsiaz.

        Galdera larri batek eztarriak estutzen ditu: nola utzi digute, nola ez zaizkigu agertu hertzainak? Non ote dira? Batzuk elkarri, esaldi motz batzu esaten dizkiete, giro hustasuna bete guraz, zabalagotzen ari den ikara ostendu nahirik...

        — Beldur dira!

        — Oporralditan daude!

        — Azkenaldion ez bide dabiltza guztiz jakitun!

        — Baietz ba!

        Eta holakotsuak.

        Alexanderren taldekoek, baina, bestelako autua dihardute.

        — Marro egin nahi digute, usaina asmatzen dut.

        — Horretan naukok, txo!

        Kalearen erdirako, gizataldea otzan doa, begiak behera, buruak makur, mintzoak isilik, bihotzak hotzik. Koldarraren nabarmena! Izua edonorengan, ikusten ez dutenaren erpean.

        ......!?

        ......!!??

        ......!!!???

        — Hor datozkigu!!

        Sortu egin dira bat batean. Edonondik; erxeeratik, atarteetatik, kale ertzetatik, aurretik, atzetik, albotik, lurpetik nahiz zerutik, infernu gori guztietatik...

        — Hor datozkigu!!

        Ehundaka, milaka, elektrik makilak eskuetan, oinez eta motorrez, ibilgailuez eta helikopteroez, antxintxiketan, harrapaladan, jendaldea erasokaz iharrosten hasi dira, multzoa erraz zatikatuaz.

        Erasoaldia, ordea, ez da edonolakoa. Ibilgailuek sareak daramatzate, eta iskimiliaren aurka jotzerakoan, hedatu eta jendea hatzeman egiten ditzute, bosnaka, zazpinaka...

        Alex eta ihesi doaz, bat eginik. Hertzainek bidea itxi diete: hango istilua! Ikurrin eta iragarkien makilak eta harriak dituzte iskilo bakarrak. Neskei ireki diete pasabidea, eta hara doaz arineketan! Oraingoan, mutilak, gogor eta bizkor! Lagun batzuek ere apurtu dute itxiera, hor dijoaz jauzika, nesken atzetik; Alex eta beste hiru, hala ere, sare batek estali eta eraitsi ditu; hankak sentitzen ditu preso Alexek, lagun biren azpian. Bultza! Ostikadak, narraz... dena alferrik, hertzainen elektrik makilak alboan ditu eta; sorbaldak erre dizkiote, eta jausi egin da, makilek josia, gorputza behe latzean, konortea iluntasunean!

 

IX

Alexek ez du gogora nahi, eta oroimena dantza dantzaka dabilkio burumuinean: komisaldegiko egun hertsiak, txoko baten bazterreratua, inoren izena ere galdetu gabe, atxilotuen liburuan beste zenbaki bat deino, ezezagun multzo pilatuan. Gartzelako egun itoak, zerua itzali duten lau horma koloregabeetako gela lohi hartan... giltzek pentsatzearen hegoak moztu dizkiote.

        Eta auzitegian bera ere; bertako legegizonek, epaikariak eta ondokoek, behin eta berriz, kalaka eta alamena ematen, hitz eta berriro hitz, galdera lanboak, huskeriak, lerdakeriak, adur bezala guztiei zeriela...

        Eta orain, orain horko makina iguingarri batek, tramankulu itsusi batek zahartzaro arteko aldia, betiko ostu nahi dio. Hor dagokigu Alex makinari erantsia, metalaren hotz sakona bere haragiaz hautsiaz, arnasa estuka, izerdi patsetan, gogoa hiltamuen.

        Garaia da; beragana hurbildu zaizkio jagole eta teknikari batzu.

        Gorago, gela zabalean, argi zurizkaz bustiak, Jaurlaritzako haniki batzu eta beren artean Emesatup jauna, gizontxo mazal eta argaltsua.

        — Hangoa gazte bihurren beste hotsemailea da.

        Eta Emesatup jaunaren irribarreak besteei irribarre eragiten die.

 

X

Zirimiriaren ostean atertu egin da. Kale zikinek garbiago daudeneko lilura ematen dute; lantzean behin, lur heze baten lurrinaren usain iragankorra. Hiria, epeltasun bizikor baten murgildu bide da, erne nahi bat asma daiteke.

        Ikastegi korrokoilduaren hormaren kontran, neska mutilek, begi egarberez, urruneko mendi gainetarantz korrika doazen hodei euritsuei begiratzen diete. Aldamenean dauden hertzaingoaren ibilgailu bustiek, ostera, arrain ustelaren antza erakusten dute.

        Gizon argal adindu bat taldeari hurbiltzen ari zaio. Hurrean, begira lotu da; zer edo zer ezagun batek, guztien begiek erakarri ditu bere gainera, eta denen begiradek elkar jo dute.

        — Alex! —egin du hots Margak.

        Lotsa triste batek gerarazi du talde osoa, baina Marga Alexganatu da bizkor. Aurrez aurre biok, zai gelditu dira.

        — Zaharra naun...

        Eta Alexen gorputz gelgea mukurtu da, behera so eginaz.

        — Baina bihotzak gazteak dizkiagu... —erantzun dio Margak, maitasunez.

        Eta besoa gerrian, beragaz eraman du, iradu gabe.

        Talde ondotik igarotzean, mutil batek ahospean:

        — Alex, lagun! Hik egina gogoan hartu diagu —esan dio...

        ...eta arkondarapena daraman iskiloa erakutsiaz.

 

XI

Bulegoko atea zabalik dago, eta hamaika zereginetako hamaika hotsen naste borrasteak belarriak mindu egiten ditu. Bulegolari lanpetuak, joan etortzen dira, ari ari, oharrak eta deiak, irargiak eta agiriak, eraman ekarriaz. Girogailuek bero astuna ezin dute epeldu. Mahaian, besaulkietan, dossierrek eta paperek estaltzen dituzte.

        Jaurlaritzaburua, mahukutsik, kezkati dabil aginduak eta itaunak ematen.

        — Non dago Emesatup? Ez al dute aurkitu?

        — Abiatu al da Hertzaingoaren II batailoia?

        — Egin dei hiriko alkateari!

        — Osasunketa Sailaren txostena! Ekar iezadazue ontxe!

        — Hertzaingoburua? Ez duzue Emesatup topatu? Baina, zertan ari? Astakilo hori!

        — ...

        — Jauna, Paristiko dei bat! Emesatup jauna duzu han!

        — Ee? Hona, ontxe!

        — ...

        — Emesatup jauna!

        — Bai, ene lagun maite hori. Ez, ez. Adizu: bai, oker bat eduki dugu makina erabiltzean. Ez dakit zihur zertan. Beharbada zure herriko giro hori, udaberrian, berotsuegi edo... Amerikan hozkirriago izaten da eta. Bai, bai, ulertzen dizut zure ardura. Makinak sortarazi zuen indarra, larregi bera, espetxe ondoetan dauden eskualdeetako biztanle guztiak zaharrerazi ditu, hertzainak eta guzti. Zuok ere bai? Jakina, lehen saioetan makina alboan zinetenez gero... ba, neu ez naiz bape zahartu, txertatua nabilkizu edo... Zure herriko esperientziak oso baliotsuak izango zaizkit, hurrengo ahaleginetan; ea, agur ba, Ameriketarako nire hegazkina laster abiatzeko baitaukat. Neure eskerrik onenak bidaltzen dizkizut...

        — Aizu! Aizu!!!

        — ...

        Konturatu gabe, urrutizkina eseki du, eta besaulkian jausi da.

        Zeharo zaharturik dago; aurpegia zurbil eta horiska, ile urri urria, zuri zuri, ahoa aginbako, argala, makurtua... Prakak eta alkondara handiegiak ditu, dingilizka daramatza. Agure txotxolo baten antza ematen du.

        Beste telefonoak jo du, baina Jaurlaritzaren Lehendakaria ez da igitu, bere pentsaera urrun baitago.

        ...Emesatup jauna, orain ere, irribarrez dabilela igarri du...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.