L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ttu-ttuá aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Ttu-ttuá-0,4 (1985-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

Hogei mila lekoatako urazpiko bidaia

 

Joanes Urkijo

 

        Julio Verne (1818-1905) ezinbestean aipagarria dugu zientzi-fikzioaren hastapenak aztertzeko orduan. Egia esan, beraren lanak baditu soberako ezaugarriak genero horren barruan kokatuak izateko; baina zoritxarrez, irakurketa serioegi baten ondorioz kualitate faltsuak ematen zaizkio sarritan idazlanari, beraz, Verneren kasuan ere, aurrena kontzeptu batzu alde batera utzi behar genituzke, idazle honek ondorengo zientzi-fikzioan sortu zuen benetako eragina behar legez ulertzeko.

        Normalean, zientzi-fikzioaren aldekoek honako bi argudiook agertzen dituzte: alde batetik, zientzi-fikzioa gaur egungo zientziaren aurrerapenen arabera idazten dela; bestetik, eta era berean, zientzi-fikzioak izugarrizko arrakasta izan duela zientzia modernoen bilakapena eta aurkikuntzak aurresatean. Zientzi-fikzioa zientzien aurrerapenen arabera idazten dela egiatzat hartzen badugu ere, makinaria asko noeletan deskribatu bait ziren benetan asmatuak izan baino askoz ere lehenago (lanparak, esatebaterako, Nautilus urpekuntzia argitu zutenak, Edisonek patentea atera baino bederatzi urte lehenago), egokiago litzateke beharbada zientzien aurrerapen horietaz baliatzen dela esatea. Lurrretik Hilargira noelan, adibidez, Vernek hirurehun metrotara lur azpian dagoen zulo batetik jaurtikierazten du bere astrountzia, Floridan esistitzen ez den Stone Hill izeneko toki batean. Vernek ederto zekien Floridako edozein tokitan halako zulo sakon bat urez beteko litzatekeela derriorrez; hainbeste zehazkizun zientifikoren azpian, idazleak yankitar agudeziaren satira bat ezkutatu zuen. Ipar Poloaren erosketa noelan, zientzizale mordotxo bat konspiraziotan ari da Lurraren ardatza aldaraztearren lehergaiak direla medio, polo inguruko izotza urtu eta bertako mineral aberastasun neurrigabeak agerian uzteko asmoz. Vernek, liburu honetan ere, alde batera lagatu zuen ia dudarik gabe zekien honako hau: halako esperimentu batek polo inguruko izotzak urtu ezezik, kostalde guztietako hiriak hondatuko lituzkeela. Eta hura bazterrean uzteko arrazoia ez zen, oraingo honetan, satira ezkutu edo antzekorik, planteamendu teoriko bat azaltzea baizik (lurraren ardatza aldatzearena), horrek ekar zitzakeen ondorioak kontuan izan gaberik. Azken batean, Verneren lanetatik beti atera daiteke ondorio nagusi gisa, zientzi-fikzioak, hein handi batean, oparotasun sasizientifiko nabaria duela, itxuraz zientifikotzat jo daitezkeen gertaeretan.

        Hogei mila lekoatako urazpiko bidaia lanaren merezimendu nagusia, Nemo kapitainaren Nautilusek urpekuntziaren asmakizuna aurresatea dela esan izan da. Elektrindarra, oxigenoaren produkzio kimikoa, aukaz egindako zigarroak eta antzeko xehetasun bitxiak gutxietsi gabe, gogora dezagun «urpekontzi» berba David Bushnell izenekoak asmatu zuela, 1775 urtean bere Turtle prototipoarekin lehen saiakera arraskatatsuak egin zituelarik; Robert Fultonek, 1807 urtean, lurrun-urpekuntzi bat aurkeztu zuen Sena ibaian (Nautilus izena zeraman honek ere), eta Iparramerikako Konfederazioak Unionen Housatonic fragata hondoratzea lortu zuen 1864 urtean, Huntley urpekuntzia zela medio, nahiz eta marinelak itota amaitu etxeratu aurretik. Dudarik gabe, Vernek bazekien guztionen berri, baina hala ere noelako Nautilus ez da aurreko hiru adibideenak bezain untzi primitiboa, itsas hondoetan abiadura osoz zeharkatzen duen makina boteretsu bat baizik, eta hori asmatzeko, idazlea bere ahalmen eta errekurtso guztiak ezarri beharrean aurkitu zen.

        Aronnax profesorea itsas «gauza» ezezagun eta arriskutsu baten bila abiatu da. Gauza honen abiadura eta indarra harrigarriak dira zeharo, eta Aronnaxek, posibilidade guztiak aztertuz, artifiziala ote den baztertu du lehenengoa, eta azkenik, besterik ezean, pizti erraldoiren bat bat izan behar duela erabaki du. Hau, nolabait, tranpa txiki bat da: gaur egungo irakurleak berehalaxe pentsatuko luke Aronnaxen argudioak urpekuntziaren aurresapena direla. Baina egia esan literatur kontextu bat sortu besterik ez du egin, hain zuzen garai hartako zientziaren aurka zihoan kontextu bat, eta handik aurrera kontextu hori sinesgarri bihurtzeari ekin zion noela osoan. Mary Shelleyk zientzi-fikzioa sortu zuenean zientziarekiko ezbaikortasun handia erakutsi bazuen ere, Verne popularizatu eta beraren aldeko zale sutsua bezala agertzen zaigu.

        Nautilusek Aronnax doan untzia hondoratu du, eta hiru naufrago jaso: profesorea bera, beronen morroia eta Ned Land izeneko harpoilaria. Aurrerantzeko kapituluek ez digute erakusten elkarrekiko lotura garbirik, batzutan xehetasun zientifikotan murgiltzen delarik (eskotilan zehar ikus daitekeen arrainaren azalpena, harpoi elektrikoarena...), besteak abentura harrigarriak azaltzeko aprobetxatuz (esate baterako Itsaso Gorritik Mediterraniarrera doan ibai ezkutuarena, urazpiko sumendi baten barrurako bidaiarena, txipiroi erraldoien aurkako burrukarena, etab.). Ez du baztertzen, hala ere, giza-grinen azterketa, Nemo kapitain misantropoaren bidez («ez da kontinente berririk munduak behar duena, gizon herriak baizik»), ez ahazteko Ned Land harpoilariak duen ihes egiteko asmo nekagaitza, baina guztiau sakabanaturik gelditzen da zientzi-zehaztasunezko multzo alaitsu eta oparo batean.

        Aronnaxen kondairan, alaitasun honek zientzien gorespen etengabe batera, eta sarritan ere, aspertzera garamatza. Zorionez, Verneren umore fina eta ironia han-hemenka azaltzen dira berriro, noelaren hondamendia galeraziz. Esate baterako, Aronnaxek eta Ned Landek duten elkarrizketa batean, lehenak nahiko argudioak eman ditu Nautilus animalia dela frogatzeko, eta ondoren harpoilariari esaten dio:

        — (..) neurrigabeko indarraren beharra izango du hain sakonean bizi eta hango presioa jasateko.

        — Bai —esan zuen Nedek begiekin klisk egiten.

        — Bai, eta datu batzu emango dizkizut hori frogatzeko.

        — Bah, datuak —erantzun zuen Nedek—, numeroei edozer gauza esanerazten zaie.

        — Negozioetan beharbada bai, Ned, baina matematiketan ez, (..)

        Ondoren profesoreak ematen dizkion zenbakiak, neurriak eta xehetasunak, jasangaitzak lirateke zeharo, negozioen aurkako zirikadak eta Neden sinesgogortasuna dibertigarriak ez balira. Gainera ere, orrialde bete t'erditan luzatzen den kalamatika horren azpian, «animalia» hura benetan urpekuntzia delako susmoa erdikusten uzten digu Vernek. Hala nabaritzen da ikasgaia amaitzeko unean, profesorea beraren aurkako salira honetan:

        — Beraz, ikusten duzu zein hezur eta gorputz indartsuak eduki behar lituzkeen presio hura gainditzeko.

        — Altzairuzko plantxa zortzi hazbete lodiz egina izan behar luke —erantzun zuen Nedek— fragata akorazatuak bezala.

        Eta halaxe egina zegoen Nautilus.

        Zientzigizonari egiten dion txantxa honen arren, zientziarako Vernek duen zaletasuna ia-ia obsesibotzat jo daiteke. Estiloaren aldetik punturik gorena beharbada umorearen erabilpena bada ere, ezin ahaztuko ditugu bi milioi dolar balio dituen perla digantea, Nemo urre bila joaten den untzi hondoratuen harana, koralaren urazpiko hilerria, edo Atlantida zenari egindako bisitaldia. Nemo bera ere gogoangarria dugu, bere malenkonia, munduko iraultzaileei ematen dien laguntza, edo itsas-ekologiaren alde egiten dituen predikuengatik, baina hala ere istorio guzti hauek lotzen dituen gaia ez da batere kontuan hartzekoa.

        Beste aldetik ere, Nautilusetik ihes egiten dutenean, profesorea gonortea galdurik dago; hain zuzen, Vernek ezin zukeen imajinatu nola ote zen posible hain gizon arrunt batek Nemo paregabeari ihes egitea, eta bidenabar bien arteko azken burruka dramatiko bat galerazi zuen. Ondorioz, esan gabe uztea erabaki zuen, E.A. Poek The Narrative of Arthur Gordom Pym (Arthur Gordom Pymen narrazioa, 1838) noelan egin zuen bezalaxe, istorioa besterik gabe amaitzea, alegia.

        Hogei mila lekoatako urazpiko bidaia Julio Verneren libururik arraskatatsuena izan zen. Bitartean eta Mary Shelleyk zientziarekiko zalantzagarritasun handia erakutsi zuen, Vernek interesgarria eta erakargarria izan litekeela frogatu zuen. Mary Shelleyren kezka eta ardura guztia kolonial garai hartako marginatuaren arazoa bazen ere, Vernek Nemo kapitaina sortu zuen, zientzigizon marginatua, zapalduen laguntzailea. Verneren aurreko zientzi-fikzioa genero heldugabea zen, ezbai eta gorabehera askotan murgildua; beraren ondoren bide artistiko eta oso irakurria bilakatu zen, garai zientifikoaren baikortasuna adierazteko gauza zelarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.