Musika-eskola
John Updike
euskaratzailea: I. Zubiria
Nire izena Alfred Schweigen da, eta denboran existitzen naiz. Bart apez gazte bati oblea Eukaristikoarekiko bere Elizaren jarreran aldakuntza batez mintzatzen entzun nion. Belaunaldietan zehar, moja eta apezek, baina mojek bereziki (gazteak esan zuen), hau katolikoei zera erakutsi diete, oblea ahoan eduki behar dela eta urtzen utzi, eta hura hortzez ukitzea (eta hau ez zen dotrina inoiz, baizik eta instrukzio-ñabardura) notabait blasfemikoa litzatekeela. Orain, ideia berri eta ausarten loratzearen artean, zeinekin Elizak, tundra-desizozte bat bezala, itxaron gabeko eguzkiari erantzuten baitzion, Jon Aita Saindua zenarekin alegia, gogoeta hau sortu da, ezen Kristok ez zuela esan har eta ur ezazue hau zeuen ahoetan, baizik eta har eta jan. Hitza jan da, eta hitza disolbatzea, elikadura fisikoaren metafora transsubstantziatua diluitzea da. Teologiazko erdikara hau modu materialean sinpletasun eder batez mamitzen da: Meza hornitzen duten okindegiak irakatsiak izan dira mihiarekiko ore trasluzidoen zientzia desikasteko, eta oblea lodiago eta sendoago bat prestatzeko egiatan hostia hain substantziala, irentsia izateko mastekatua izan behar dena.
Gaur goizean, egunkarian nire ezagun bat asasinatua izan dela irakurri dut. Bost haurren aita, beraiekin afal mahaian eserita zegoen, Thanksgiving-en astebetez gero. Bala bakar bat leihotik sartu zen, eta bere lokia gurutzatu zuen. Berarekiko nire ezagumendua arina zen. Bera bilakatu da, ezagutu dudan asasinatze-biktima bakarra, eta horrelako betebehar batetarako edonork zeharo desegoki dirudi, nahiz eta, azken batez, bizitze bakoitzak nahitaezkotasun geologiko batekin bere gertaerak daramatzan. Ez da posible, gaur, hura bizirik imaginatzea. Konputadore-expertua zen, gorputz-zabal bat, zeinaren jakituria, niretzat gai hain arkano zirenei zegokionez, erreserba-kualitate oparia baitzeukan, eta beraren nire eritzian, iceberg baten duintasuna ematen baitzion, masa ezkutuan hain bareki flotatzen. Elkarrekin topo egin genuen (birritan bakarrik uste dut) elkarren lagun baten etxean, nire auzoko den beraren ikaskide profesionala. Ezagumendu-eremuak, oso urrunak dituzten jendeak bezala, gizon guztiak ez-ikasiak diren gaiez elkarrekin mintzatu ginen politikaz, haurrez, eta beharbada, erlijioz. Dena dela, eta zientzilarien eta Erdi-Mendebalekoen artean kasua maiz den bezala, erlijioaren beharrizanik ez zeukalakoaren inpresioa dut, eta berarengan, zentru zientifikoen ingurune batetan, diskusio-talderen ingurune batetan, kanpo-ihardunaldietan, eta gobernatze alaietan prosperatzen ari den giza espezie berri baten espezimen tipiko bat ikusi nuen. Energia sexuala putetxetan soilik irazten zuten desagerturiko zaldun haiek bezala, gizon hauek beraien trebetasuna lanera mugatzen dute, eta, lanori, era batetara edo bestetara Gobernurako izanik, sekretua ohi da. Irabazi nahikoekin, familia handiekin, Volkswagen autobusekin, hi-fi fonografoekin, etxe-bizitza Victoriarra erdi-birmoldatuekin, eta emazte tormentatu eta ironikoekin, itxura ematen dute erantzuten dutela, edo baztertu dutela, animalia pentsatzailearen paradoxa eta, erruduntasun-gabezian, mende honetan baino datorrenean parte hartzen dutela dirudi. Berataz argitasun indibidualez gogoratzen banaiz, behin konputadore-programatzaile batez elaberri bat idazten saiatu nintzelako da, eta itaunak galdetu nizkion, berak gogara erantzunez. Are gorarago oraindik, bere laborategiak erakusteko bere burua eskaini zuen, zeuden tokirainoko ordu beteko ideia egiteko ardura hartzen nuen edozein momentutan. Elaberria ez nuen inoiz idatzi hura mamitzen saiatzeko nire bizitzeko unea oso bizkor disolbatu zen eta bidea ez nuen inoiz egin. Egiatan ez dut uste nire lagunaz behin pentsatu nuenik gure azken enkontrutik gaur goizerarte, gosaltzerakoan nire emazteak egunkaria nire aurrean jarri eta galdetu zidanean, «ez al dugu ezagutzen?». Bere aurpegi atseginak hartz baten begiak bezalako begi zabalekin, so egiten zuen lehendabiziko horritik. Asasinatua izan zela irakurri nuen.
Bart eta gaur goiz arteko konekzioa ez dut ulertzen, baten bat dagoela dirudien arren. Gaurko arratsaldean hura lekutzen saiatzen ari naiz, musika-eskola batetan nagoen artean, nire alabak bere piano-eskola noiz bukatuko duen arte itxaroten. Bi gertaeretan elikamenduaren elementu amankomun bat somatzen dut, irrupzio arrotz batez jate itxuraldatu batena; eta higidura paralelo bat dago hegaldi makulagabeki zuzen eta dotorea, fenomeno ez-material batetatik (xehetasun exegetiko bat, gorroto maniako bat) fenomeno material batetara (oblea sendoa, bala bat lokian). Asasinatzeari buruz, biktimaren nire ezagumendutik segur sentitzen dut ezen bere ofentsa hobengabe zela, zerbait zeinetaz berak ez baitzuen ez erruduntasunik ez lotsarik sentituko. Imaginatzen saiatzen naizenean, bakarrik zenbakiak eta letra grekoak ikusten ditut, eta nire distantziak ondoriatzen dut ezen hilketa aurregabeko baten lekuko izan naizela pasio zientifiko hutsezko hilketa bat. Eta hau dago gehitzeko: apez gazteak hamabi haritako gitarra jotzen du, zigarro mentolatuak erretzen ditu, eta sozialki ezbeldurtuta ematen du. Protestanteren eta ez-sinesleren zirkuitu batetan eserita nire konputadore-laguna zena bezala, etorkizuneko gizon bat.
Baina musika-eskola deskribatzea zilegi bekit. Hemen egotea gustatzen zait. Eliza Baptista handi baten sotoan dago. Urrezko kolekta-platerak dautza nire ondoko mahai gainean. Adoteszentziako lehendabiziko gorrialdietan dauden neskak, orein-kotoreko txilibista-kutxak eta musika-karpeta margulduak eramaten, oinak narraz, nire albotik doaz: beraien ezerosotasuna maitagarri da, bainulari batek itsasoa probatzerakoan duen jarrera bezalakoa. Mutilak eta amak etortzen eta joaten dira. Alboko guztietatik soinuak pianoak, oboeak, klarineretarenak beste mundu batetako lilurapenak bezala heltzen dira, beste mundu bat, zeinetan aingeruak dorpeki haztaka ari diren, geratu eta berriz hasi. Entzuten, musika ikastea, zeren antzeko denetaz gogoratu naiz, zein ezinkiro zail eta konplexu ematen duen lehendabiziko eri jartzeak, hizkuntza bakarraren lehendabiziko deszifraketak, zeinek nota bakoitza posizio eta iraupeneko esannahi bikoitzez zamatzen baitu, hizkuntza bat eta latina bezain buperati, Hebraiera bezain lakoniko, begirako Pertsiera edo Txinera bezain harrigarri.
Zein misterios agertzen den espazio paratelotako kaligrafia hura, klabe zurrunbildutako, rotura gainidatzitako, decrescendo azpidatzitako, puntu eta diesa bemoletakoa! Zein handi agertzen den ikusmenaren lehendabiziko urrats geri-gerien eta perkusioaren lehendabiziko totelduren arteko tartea! Ikusmena, herabe, perkusio bilakatzen da, erkusioa musika bilakatzen da, musika hunkipen bitakatzen, hunkipena... ikusmen bilakatzen da. Gutariko gutxik daukagu ausardia zirkulu hau bere bukaeraraino jarraitzeko. Urtetan ikasten niharduen, eta inoiz ez nuen ikasi, eta bart, apezaren hatzamarrak gitarraren idunean zehar fidatuki dantzan ikusten, inbidios eta sinesgogor nengoen. Nire alaba pianorekin hasberri da. Hauek dira bere lehendabiziko ikaskaiak, zortzi urte ditu, antsiati eta itxaropentsu da. Isilkiro esertzen da nire alboan eskolak ematen diren hirirainoko bederatzi mitiak egiten ditugun artean, isilkiro esertzen da nire alboan, iluntasunean, etxerako bidea egiten dugun artean. Berarengan arraro, ez du gozoki edo Coke baten saria eskatzen, eskola bera janari bat izan balitz bezala. Bakarrik zera ohartarazten du apal mintzatuz, gainditu duen gutiziazko islada batez dendetako leihoak jadanik Gabonetarako apainduak daudela. Hura itxarotea gustatzen zait, hura etxera itzultzea gustatzen zait, iluntasunean misterioan zehar afariaren segurtasunerantz. Eramate eta ekartze hau nik egiten dut zeren gaur nire emazteak bere psikiatra bisitatzen baitu. Psikiatra bisitatzen du berarekiko ezfidela naizelako. Ez dut konekzioa ikusten, baina bat dagoela ba dirudi.
Inoiz idatzi ez nuen elaberrian, heroia konputadore-programatzailea izatea nahi nuen, zeren hura baitzen nik pentsa nezakeen ogibide poetiko eta erromantikoena, adulterioz hil beharko baitzen. Hil esan nahi dut, posible zela jakiteagatik, posibilitateak zanpatuko zuen. Gizona ideiatu nuen, bizitze profesionala gauaren sanctumean zihoalarik (egunean zehar konputadoreak erabilgabe egoteko lar baliotsuak izanik industriarako, gauean, esan zidaten, olgatzeko eta maitatuak izateko aske direnean), hizkuntzak asmatzen, zeinen bidez problemak makinei elika baitakizkieke, eta sortzen dira, perkusio binomialaren pean, egiaren musika bezala gizona lar fin ideiatu nuen, transluzente eta kezkati gure haro latz honetan bizitzeko. Izan beharko zuen, metafora biologikoa bada, aborto eboluzionari bat, dinosaurioen oinen petan zapalduriko ugaztun-mutazioa; eta metafora matematikoa bada, fundamental hipotetiko bat, azken zenbaki errealetik digitu bat areago. Liburuaren izenburua «NI» izateko zen. Lehendabiziko esaldia honela zetorren: Oihartzun gure buruen gainetik pasatzen zen artean, Maggy Johns-en alboa jantzi loratuaren zehar ferekatzen zuen. Oihartzun izar artifzial bat da, lehendabizikoa, mirari bat; soropil jai batetako bikoteek hari begira dauden artean, hauek biok elkarren ferekatzen dute. Maggy-k gizonaren esku askea hartzen du, bere ezpainetara altxatzen du, epeltzen bere gainean arnasten du, musukatzen ditu haren hatz koskoak. Gizonaren gorputz geldiak, beraren gainean Lurraren biraketa astiro eta neurrigabea harrapatzen zuela zirudien, eta izar zuri, txiki irmoak, espazioan jarriberria, poliki egoten zuen bere bidea argi-puntu zaharragoen artean, zeintzuk, konparazioz, zarpailak eta ahulak ematen baitzuten. Mirakulu teknologikoaren zeru beldurgarrizkoaren azpiko momentu isil honetatik, gaia, maldan behera, maitasun, erru eta apurdura nerbioso batetara, gutxi gorabehera geratuko zen nahasmendu fisiologikoekin (azterketa apur bat egin behar nuen honetaz), heroia hilgo luketenak, harbelean akats bat ezabatzen den bezain trankilkiro. Pertsonaiak heroia, bere emaztea, bere maitea, eta bere doktorea izango ziren. Bukaeran bere emaztea doktorea esposatuko zuen, eta Maggy Johns-ek bere bidea jarraituko zuen konparatiboki ahul den.. gera nazazue.
Nire psikiatra galdetzen da ea zergatik behar dudan neure burua humilatzea. Suposatzen dut konfesioaren ohitura dela. Nire gaztaroan, baserri-eliza batetara joaten nintzen, eta han bi hilabeterik behin, denak konfesatzen ginen; zelai tapiz-gabearen gainean belaunikatzen ginen, eta zerbitzua zeukaten liburuak aulkietako eserlekuetan sostengatzen genituen zerbitzu serios, luze bat zen, honela hasiz, Jainkoarengan maitatuak! Egiazko bihotz batez hurbil gaitezen eta gure bekatuak Jainkoari gure Aitari konfesa diezaizkiogun... Nolabaiteko laguntza musikala zegoen, gorputz germaniko lodi eta ezlirainek, belaunikatze-atzeranzkoaren posiziora egokitzerako, igurtzen eta marmaratzen, egiten zuten zaratan. Ahots goraz irakurtzen genuen, baina guk geure buruok aztertzerakoan ez dugu gugan bekatuez eta heriotzez besterik aurkituko, zeinetatik inola ere ezin baitugu geure burua askatu. Konfesioa bukatuta, zutunduko ginen eta eramanak izango ginen aulkiz aulki, aldareko barandara, non ministrari gazteak, gizon ile ilun bat, esku oso txiki eta hitzekin, elikatuko gintuzkeen, zera marmaratuz, har, jan; hau Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen egiazko gorputza da, gure bekatuagatik heriotzera eramana. Aldareko baranda egur berniztatuzkoa zen, eta hiru aldetatik hedatzen zen, eta zutik (harrigarriro, hemen ez ginen belaunikatzen) batek ikus zitzakeen, batek ez zeukan ikustea baino, bere komunio kideen aurpegiak. Komunitate heldu eta xume bat ohi ginen, lotsatia gure igande-arropetan, eta oblea ahoan mantentzen nuen artean, ikusten nituen aurpegiak teinkaturik zeuden, beren ezpain hertsien gainean, begiek, misterio honetatiko sakontasunetik erreskatatuak izateko suplikariozko so urtsu bat zeukaten. Eta argi ematen dit, nire txua jario eragiten duen memoria hain bizi honetako erdiespenetan, beharrezko zela, mastekatzea ez bazen, oblea gutxienez hortzez ukitzea, besarkatzea eta ahaleginez itxura ematea.
Freskatuak alde egin genuen. Eskerrak ematen dizkiagu Hiri, Jaun Ahalguztidun, ezen Hik, erregalia osasungarri honetaz, freskatu egiten baikaituk. Elizak eskola honek bezala usaintzen zuen, marmara estrainioz eta argiburu berriztuez distiratuz. Ez naiz ez musikarekiko argi ez erlijios. Momentu bakoitza bizitzen dut, nire hatzamarrak non jarri pentsatu behar dut, eta sakatu, akorde bat entzuteko konfidantzarikb gabe. Nire lagunak ni bezalakoak dira. Gu denok erromesak gara, zalantzaka dibortziorantz. Batzuk ez dute elkarren konfesioa baizik lortzen, adikzio bat bilakatzen delarik, eta ahiturik bukatzen dute. Besteek martxan jartzen dira, zezio gogor eta kolpe fisikoetara; eta kilikadura sexualera jausten dira. Gutxi batzuk psikiatrei egiten diete. Oso gutxi batzuk abokatuenganaino bezain urrun heltzen dira. Atzo arratsaldean, nire lagunen zirkuluan apeza eserita zegoela, emakume bat atea jo gabe sartu zen, abokatuengandik zetorren, eta sufrikarioz bere begi eta ileak ireki eta zabal barreiatuak, haize handi batetatik baletor bezala. Gure beltz jantzitako gonbidatua ikusi nuen, zurtu zen, lotsatu beharbada, eta bi urrats atzerantz egin zituen. Baina gero, isiltasunean, bere jarrera berrirabazi zuen, eta gure artean eseri zen. Eta ohar grazios honetan, atzeranzko bi urratsak eta berriz aurreranzko mugimenduan, koda bat beharrezko dela dirudi.
Mundua gure ostari da; mastekatua behar da izan. Hemen pozik nago, eskola honetan. Nire alaba bere ikaskaitik ateratzen da. Bere aurpegia bete eta lasaia da, freskatua, itxaronpentsua; bere irriparre lasoak, behe-ezpaina kosk eginez, bihotza zulatzen die eta bere oinetara hiltzen naiz (hiltzen nagoela pentsatzen dut).
|