L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ...y Manolo hazte la cena solo (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nazions Listus

 

Josu

 

Eurite alu honek itto egin ez nazan, txalupa bat erosi beharko dut egunen baten, bide guztiak ubide bihurtzeko zorian daude eta. Gaur Arabio azpitik pasatzen den estarta hartu dut eskolara lehenago heltzearren. Lupetzaz beterik zegoen, eta egia esan, ez ditut botak oso disdiratsu. Euliak urez beteriko edolontzian irten ezinik dabiltzan antzera ibili naiz.

        Klasean sartu naizenean ene maisuak kalekatu gosetien antzera begiratu nau, egiteko zioak falta ez zaizkiola aditzera emanez, ez naizelako garaiz heldu. Jende oro buruz behera dago azterketa egiten, mutu, bizitza jokatuko balu bezala bertan.

        Galderen papera hartu eta, ostiela..!: "komenta itzazu mende hontako nazionalismoak ekarri dituen aurrerakuntzak", iadanik ahaztu zaidan galdera bakarra, tokatu behar ere.

        Ene informazio genetiko bikoitzak eman didan adimen mixerable hau madarikatzen dut. Behin eta berriz esaten diot ene kalabazari arranoak ez duela inoiz eulirik harrapatuko, ezta nik ere, deus ondo egingo, nire kabuz.

        Dena den, ezin naitekeenez laguntza miresgarri baten esperoan egon, Pedrotxori alkondaratik tiratu diot, nire jakintza urriaz gupitu dadin. Ahal izan duenean bueltatu eta, "nazions listus" esan dit. Nik ez dut ulertu zer esan nahi zuen, baina une batez deliberatzen egon ondoren, zerbait idazten hastea alatu dut, ene narrua salbatzeko mediorik onena zelakoan, eta jakile dokto baten gisa hasi naiz.

 

        «Plinio zaharrak zioenez nazionalismoaren esanahia nazions listus da. Hau, jakintsuz osoturik zegoen ifar aldeko erreinu bat zen, non jaiotako ume leloekin esperimentoak egiten zituzten hiltzen ziren arte.

        Halantxik, nire aitonak ere, arto txaparrak urkuldutakoan alerik lodikoteenak gordetzen zituen ereiteko, eta kaskarrenak animaliak elikatzeko.

        Wilian Shakespeare ere eritsi berdinekoa zen, ondorengo zitan ikus dezagun: "—maisu, arrainak nola bizi dira uretan..?

        —gizona lurrean bizi den bezala, arrain handiak ez dira bizi ur potxongoetan, eta gainera txikienak jaten dituzte..."»

 

        Idazteaz, nire gogoetak defenditzeaz gogaitu eta orriak entregatzera joan naizenean irrino sadiko bat eskeini dit maisuak. Behar bada txokolatezko arraintxoak erregalatuko dizkit, bere filosofiarekin akort nagoelako. Edo-ta agian, bere gustokoa ez bada, berak dioen bezala, nire adimen mixerablearen antza daukan inor munduratu ez dadin, potroak birrinduko dizkit.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.