Nor gehiagoka
Airam Nauj
I
Gure herriko hiriburuan barna, Goienen hain zuzen ere, gizakume bat doa bakar bakarrik kaleko mutur batetik besteraino. Txapela buru gainean, brusa zabala, gerriko beltza, mahonezko galtzak, galtzerdi txuriak eta abarka berri berriak tatarrez. Azala beltzarana, agian ilunegia. Fotografia zaleak sarritan gura izaten duten bezalako kontrastea sortzen bere begi, hatzazal eta hortzak. Tabernetariko baten atarian jezarrita dauden mutil gazte bi adi-adi gizakume horri begira.
II
Begiratu! Nora ote doa hori holan jantzita? Non gaudela uste du ba? Seguruen espien bat izango da: Espia sovietarra, espiak gehienetan sovietarrak izaten dira eta.
Barregura sortu besterik ez du egiten. Akaso uste al du bere presentziaz ez dela inor konturatuko? Azal zikin horri darion hatsak, berak, nabarmentzen du zer den.
Typical trajeaz etorri zaigu ba! Enterauen bat!
Mundua irentsi beharrean datorkigu bai, gixajo madarikatua. Afrikako oihanetatik ei datorren expedizioaren aitzindaria hi! Hori duk hori ponperia. Zer izango ote da injenuoa izatea.
Utz iezaiok bakean bere grilladerarekin.
III
Negroak, kaleko gorabehera guztiak jakin nahiean, begi txuri xamarrak alde baterantz eta besterantz zuzentzen ditu ahalik eta zehaztasun gehien buruz gogoratzen saiatuz. Bazterrak arakatu ondoren bere helburua betetzera hasi behar eta, lagunez josita dagoen taberna bakarrera sartu da, erne eta adi, zuzen zuzen barrarantz joz. Erasoa bailitzan TVri begira dagoen jentemoduak aldemenerantz apartatzen du begirada; izkutatzen ahalegintzen bereak eta bi egiten dituen tipoaren maltxur itxuraz kezkati eta arduri jartzen hasiak dira. Orduntxe bertan ohartu da bestea une hartan agian paradisutik ez dagoela hain urrun eta sekulakoak hartu orduko alde egin du badaezpada.
IV
"Pikutara joan zaik estratagema, majadero galantori! Ze demontre egiten duk hemen holan jantzita, e? Norbait errukitzeko daramak soinean jantzi pitxi hori ala? Dena erraza izango zelakoan kaka zaharra! Leku estratejikoraino ailegatu haiz funtsezkoa zirudien trajeaz eta ala, orain senti ezak hire sahietsean halabeharrezko ondorioa! Majaderuori! Nondik norako ereduei egiten diek hik jaramona? Traje potosorri bat egongo duk mundu hontan hemen erremediorik barik frakasua erakarriko duena eta hik bera hartu behar! Hirea gaixoa duk! Proiektuak arrakasta izan balu hi eta hire lagunendako izanen litzateke merkatua oso osorik. Eta orain, ja! Hanka sartze galanta, merkatua oso osorik. Eta orain, ja! Hanka sartze galanta, besterik ez. Ospa. Agudo, zaila izan arren hemendik alde egitea."
V
Tarte hontan Kristoren fantasmada bat falta zait, ezen azken finean ipui honen gaia eguneroko monotoniaren suntsitzearen falta baino ez baita.
VI
Nik neuk amaiera hau proposatu nuke:
"Bainan MEKAUENDIOS, horrelakorik ez da suertatzen gure herrian ezta... ezta... Asko jota, lantzean behin paissa batek paiseatzen du kaletik zehar bere erloju, kalkulagailu, ezkutuko globito, irratigailu eta guzti. BETIKOA! azken finean..."
|