Deabruaren eta atso gaiztoaren istorioa
J.S.
Gizon on eta bizimodu ospetsu eta ohitura oheretsuko batek emaztetzat hartu zuen andere bat, zeinarekin bakean eta amodioan bizi izan zen urte askotan, eta ez zen bion artean sekula istilurik sortu; eta heuren hauzokoak ere harriturik zeuden bion artean nagusi zen bake eta amodioagatik. Baina deabrua, zeinak zuhurtzia ugari eta konda ezin beste ezagutzen bait du, obra on guzien etsaia da, eta senar emazteen artean horrenbesteko elkartasuna ikusirik, samindurik zegoen nehurriz gain, eta, gau eta egunez ereiten zuen hiraka asko, eta bere indar guziez saiatzen zen bata bestearekiko amodioa, batasuna eta akordioa suntsitzen eta lizuntzen. Baina ez zuen luzaroan, ez bere maneraz ez manera arrotzez, ez zuen amodio hori etsaigo bihurtu ahal izan eta, esperantza oro galdurik, atso bizartsu bati azaldu zizkion bere asmoak, zerbaitetan lagun zezan.
Atsoak esan zion: "Hori erreza da enetzat, eta denbora laburrean egin nezake; eta merke egingo dizut, nahi baduzu; imajinatu ezin halako hiraka eta endreguak sartuko ditut bien artean, eta guti barru senar emazteen arteko etsaigoa orain artean eduki duten amodio guzia baino handiagoa izango da". Deabruak ihardetsi zuen: "Zer nahi duzu lan horren ordainez ematea?". Atsoak erantzun zion: "Lan guti da eta, oinetako pare bat baino ez dut eskatzen". Eta deabruak esan zuen: "Ez oinetako pare bat bakarrik, behar dituzun oinetako guziak erregalatuko dizkizut".
Eta, orduan, andere onaren etxera abiatu zen atso bizartsua; eta harekin gauza askori buruz solasean ihardun ondoren esan zion: "Benetan, izugarrizko tristuran eta arrenguran iragan dut gaua". Eta, andere ondratuak hainbesteko saminen arrazoia zein zen galdetzean, atsoak erantzun zuen: "Esango dizudanetik hitz bat ere ez egiozu esan zure senarrari, eta ez zaitez haren aurrean hits edo lotsaz azaldu. Onar ezazu alai. Bada, ene arrenguraren arrazoia hau zen: zure senarrak badu neska lagun bat, zeinaren izena bere ohore eta ospea gordetzeko isilduko bait dut, eta egunero egiten dio bisita, guziz sekretuan. Eta nik ez nizukeen hau sekula esango, ez bait dut zu asaldatu eta mindu nahi, ez banu hil nahi zaituelako susmorik. Baina, ene aholkua nahi baduzu, neuk adieraziko dizut zure senarrak zeuk besterik inor maitatzeko bidea eta manera".
Andere onak, gorputzez eta espirituz asaldaturik, hitz hauek esan zituen: "Orain artean ez dut ene senarraren baitan ezer gaiztorik edo bere desondratzeko eroririk aurkitu; baina zure konfidentziak egiazkoak badira, lagun nazazu ene saminean, eta agindu nahi didazuna egingo dut". Orduan, atsoak esan zuen: "Zure senarrak ile bat du eztarrian, eta ile hori bera lo dagoan artean abaki ahal badiozu, seguru ez duela geroztik beste andererik, zu baizik, maitatuko".
Eta andere onak bere aholkua segitzeko promesa eman ziolarik, eskerrak emanda aldendu zen harengandik. Gero, senarra bere negozioetan lanean ari zeneko lekura joan zen atso bizartsua eta, beste gauza askoren artean, hitz hauek esan zizkion: "Gizona, ondo sortu eta ondo hazia! Gupida eta errukia senditzen ditut zugatik, familia on eta ondratukoa den zure emazteak, zeina zeure burua bezainbeste maite duzula bait dakit, ez bakarrik du zutaz lekora beste gizon bat maite, baizik eta harekin libreki ezkontzeko asmoarekin hil egin nahi bait zaitu; eta badakit baitaere zure andereak laban batez ebakiko dizula eztarria, halan deliberatu bait dute. Eta menturaz sinesten ez badidazu, egin itzazu egunez aldi labur batzu lo itxuran eta zeuk frogatuko duzu nik diodana egia den, eta erne egoten bazara zeuk nahi eran hartu ahal izango duzu gero bengantza".
Senarrak, asmoaren izugarriaz bildurturik, esan zuen: "Benetan, ez dut orain artean zilegi ez denik ezer ene andereagandik igarri, eta ez dit inork gauza hain izugarririk sekula adierazi; baina esaten didazuna egia baldin bada, eskerrak eman behar dizkizut eta arretaz erabiliko dut zure aholkua".
Eta halan, senarra etxera itzuli zen, bazkaldu zuen eta gero ohean etzan zen, lokartzen zeneko itxurak eginez; bere burua atsoaren aholkuen arauera imini eta lo sakonean zegoela simulatu zuen. Andere ona, lo zegoela ustez, hurbildu egin zitzaion labanarekin eztarriko ilea mozteko; baina senarrak, eztarria ebaki nahi ziola ustez, labana kendu zion bortxaz eta, laban berberaz hil egin zuen bere emaztea, lehendabizi, eta bere burua hil zuen gero.
Atso bizartsuak bere engainu eta zuhurtziez krimen hau burutu zuelarik, esan zion deabruari: "Emaizkidazuz eskainitako oinetakoak. Ez ahal ditut merezi?" . Eta deabruak erantzun zion: "Askozaz gehiago ere. Baina gaiztotasunean, engainuan eta doilorkerian gu guziok baino gehiago eta soberazkoa zarenez, ez dago arrazoirik nigana gehiago hurbil zaitezen, eta ez egidazu ukitu, ez zure eskurik enegana luza".
Eta hitz hauk esanik, deabruak, zeinak atsoarekiko eta honen engainu eta gaiztotasunarekiko bildur izugarria hartu bait zuen, saski batetan imini zituen oinetakoak eta saskia egur luze baten puntan loturik luzatu zion, hitz hauk esanaz: "Oi, atso gaizto eta doilorra! har ezazu tratuaren ordaina eta aldendu zaitez gugandik, zenbat eta zugandik hurrinago hainbeste atsedenezago egongo bait gara" .
(Erdi Haroaren udazken aldeko ipuina. Bere autorea nahiho ezezaguna da, italianoren bat nonbait)
|