Musika triste bat bezala
Bernardo Kapanaga
Amama zaharrak, kulunkaulkian zabunkatuz, etengabe ekiten zion bere hitz-jarioari pasadizo zaharrak gogoratuaz, atean gaua landa-mendietara ixilka amiltzen zen bitartean. "Ba Mendiolatik, Atxartetik Intxaldera izaten ziren, Jaungoikoak daki zer denboretan, ja ia ilunduta baten bat joan zela etxerantza, Intxaldera, eta bidearen erditik zihoala behi bat agertu zitzaion, eta berak gizonak hartu zuen makila eta jo zuen bi bider, pla! pla!; itxurie jo ezkero hiru bider han deabrukeriaren bat izango zen, eta jo zuenean bi, behiak esan zion: "Jo hirugarrena, jo barrido...!" "Eztot gure", gizonak. Eta orduan zarata haundi bat atera zuen behiak, altxatu zen gorantza eta trokara, alboan zegoen errekara sartu zen, eta gizona, bere burua salbatuta ikusirik, etxerantza abiatu zen. Ba zekien gizon hark zer egin behi hura ikustean, egiaz behia ez zelako, anima galdu bat baino, eta esankeraren arauera, hirugarren makilakada jo izan balu, berarekin eramango zuen gizonori ifernura, zartadakoak pareak baziren libre gelditzen zen moduan inpareak izan ezkero animarekin joan behar izaten zuen eta."
Zoluan kurkuluxetan ziharduen mutikoa amamari begira geratu zen. Aita hila zuen nonbait, duela hiru urte gerlara joan eta oraindik haren berri ez zekien eta. Ama ere gau baten desagertu zen, urkan zihoala. Biharamunean, eguerdi aldera, etxetik berrehun bat metrotara dagoen patin baten barruan aurkitu zuten haren gorpua, lupetza artean. Harrezkero amamarekin bizi zen etxe zahar hartan, atsoaren konduez liluraturik.
Leihoaren kristal lohietatik zeru gaurdina ikus zitekeen, izarrek ñirñir zegitela. Sutegiko argitasun eskasak amamaren aurpegia itxuraldatu egiten zuen, mutikoarengan beldurra sortuz. "Amarra, noiz etorriko da aitatxo?" "Laster, Oiertxu, gerla amaitutakoan". Baina ez zen egia, gerla duela bi urte bukatua zen. "Baina amama, noiz amaituko da gerla hori?, galdetu zion orduan mutikoak artega. "Ai ume, gerlak ez dira inoiz amaitzen, gizona bizi deno gerla izango da". Mutikoa negarrez hasi zen eta amamak altzoan hartu zuen, "tira, ez negarrik egin, aitatxo egunean baten hor agertuko da zirautsan, sarrerako atea seinaltuz eta orduan ama ere biztuko da." Mutikoak, ezer ulertzen ez zuela, negarrari eman zion. "Ea, zulako mutil ausartek ez dute negarrik egiten, Oiertxu", ziotsan amamak, bihotz har zezan.
Mutikoa egur ebakitzen hasi zen trangela gainean, zezpalak suetean jausten zirela. Gero sutara bota zituen egur zati batzu, gainerakoak bazter batetan paratuz. "Oiertxu, begira aittitte zelan dagoen, aspaldion ahulago ikusten dut eta". Mutikoa zolutik altxatu eta eskatzetik irten zen, agurearen gelara joanez. Pixkat geroxeago amarraren ondoan zegoen berriz, begiak handi-handi eginda. "Amama, aittette lo dago". "Bai, bai orain beti ematen du egun guztia lotan, eguerdian utzi diodan jatekoa ezetz jan?". "Ez amama, hantxe dago mahai gainean, ekarriko dut?". "Ez, utzi egizu, ia itzartzen denean ezer jaten duen".
Mutikoa kurkuluxei lotu zitzaien, amama, hasperen eginez, gazte denboretako oroitzapenetan murgiltzen zen bitartean. Senarra ezagutu zueneko eguna gogoratu zuen, orduko gauza guztiak argi-argi ikusten zituen, begien aurrean izango balitu bezala. "Nik nahi izango banu, senarra besoetan hartu eta oroitzapen horietan sar ninteke, berriro gaztetasunera bihurtuz", pentsatu zuen. Baina ezinezkoa zen, bere senarra hilda zegoelako, astebete zeraman ohe gainean hilik, hark sinestu nahi ez arren. "Nork ehortziko du, Oiertxuk ezin du, gazteegia da, ni aldiz indarge nago, honezkero ez dut ezertarako balio, kulunkaulki honetan heriotza itxarotea besterik ez zait gelditzen". Ustel kiratsa gero eta nabariagoa zen egunik egun, etxe osoari zeriola ematen zuen, etxekoek ezer nabaritzen ez zuten arren, ohituta baitzeuden usain gaizto hari.
Atean, gauak erakarrita bezala, ifar lausoak ibar osoa laztantzen zuen. Amamak tupustean kulunkatzeari utzi zion. "Ifar lausoa agertzen denean, aintzinako basajaun eta lamiak etortzen ei dira, eta jendea ez da etxerik irtetzera ausartzen. Dinotenez, gauez etxerantza zihoan emakume bat ezustean hartu zuen ifar lausoak, eta beldurraren beldurrez arineketan hasi zen, baina etxera heldu orduko zerbaitek oratu ei zion atzetik, etxetik bertatik entzun baitzituzten haren garrasi lazgarriak, inor laguntzera joan ez zitzaion arren. Bazekiten ostera inoiz ere ez zutela ikusiko, eta halaxe izan zen, nahiz ifar lausoa zetorren gauetan emakumearen deihadarrak entzuten ei zituzten, laguntza eske edo."
Gaumina zen. Mutikoa zolutik altxatu eta leihoari hurbildu zitzaion, atera begiratzekotan. "Amama, ez da ezer ikusten". "Halaxe izango da hildakoan ere, ordutik aurrera ez dugu ezer ikusiko, putzu baltz batetan sartuta bezala egongo gara, betiko galdurik". "Amama, ni ere hilgo naiz?" Mundu honetako guztiak daude hiltzera zigortuak, behin mundura jaiota Balbea gure zain dago, eta lehenago edo beranduago, guztiak joko gaitu." Mutikoa, hitzok entzutean, ikaratu egin zen guztiz, suetara itzuliz, suaren babesa behar izango balu bezala. Amamak kulunkatzeari berrastearekin batera, ingurunea ahaztuz bere gogoetan murgildu zen. "Nire senarrak maiz berba egiten zidan heriotzaz. Pentsa egizu, ziraustan, bizirik diraugun artean zenbat gauza egiten eta zenbat jende ezagutzen dugun, pentsa egizu munduan leku bat behintzat badugula, txit apala eta kaskarra bada ere, baina pentsua baita ere egunen batetan betiko dasagertuko garela, betiko, hauts bihurtuta sekulako, eta orduan munduan bete genuen lekua hutsik geldituko da, jendea hiltzen doan ginoan munduan leku hutsez, hutsunez betetzen joango da. Hiltzen naizenean, zer?, galdetu diot sarritan neure buruari, baina erantzuna gorria da, hiltzen naizenean ezereza besterik ez baitut izango, ezereza bukaezina."
Mutikoa sagar bat jaten ari zen, ahoan ondo maluskatu eta iruntziz gero. Eskatzaren zikintasunaz ohartu zen, pareten kantoiak amagaraunez beterik zeuden. Sagarraren muskila sutara bota ezkero kurkuluxetan hasi zen atzera. "Oiertxu, ipini adreilu bat sutan berotu dadin, aittitte hotz izango da eta." Mutikoa agindua zertzen zebilela amama bere mamurketek harrapatu zuten berriro. "Lo geundela, sarri logaizkatzen zen nire senar gaixoa, amesgaiztoren batek jota edo. Orduantxe berba egiten zidan heriotzaz gehien, logaitzaren eragilea haixe bide zen eta. Heriotzari beldur zitzaion koittadua, izerditan logaizkatzen zen, blai eginda, eta askotan lokartu ezinik egoten zen gau osoan. Hartuko balu orain amesgaiztoren batek, lehen bezala, lozorrotik irten dadin, baina ez, ezina da, heriotzak ez du amesgaiztorik, ametsik gabeko amets amaigabea da heriotza..."
Eskatzeko atearen hotsak gogoetatik atera zuen. "Eroan diozu adreilua aittitteri?" "Bai, puntuan, oinazpietan utzi diot, ondino lo dago eta". Atean hontzuri baten ufakoa entzuten zen. "Dinotenez amamak, berriz bakarrizketara itzuliz mozoloek baselizetara gradetatik sartu eta aldarearen aurrean goitik eskegita egoten diren lanparetako orioa edaten dute." Hitzak fruitu umoak lantxik zerizkion amamari, musika triste bat bezala. Tristezia, bakardadea, etsipena, malenkonia, han zuten kokaleku sentimendu zahar eta akitu guzti horiek, aspaldian erroak egin baitzituzten amama zaharraren bihotzean.
Ustel sunda aregotuz zihoan, etxe osoa zitaltzen ari zela zirudien, luze barik amildu behar zela, barruko kiratsaren poderioz batetik eta ateko ifar lausoarenenaz bestetik. Itsumustuan, amama dardaraz hasi zen. "Ixil, aittitte altxatu egin da." Mutikoa isilik ostuka logelarantza abiatu zen, eta handik oihu egin zion. "Amama, aittitte hilda moduan dago!" "Guzurra da, aittitte ez dago hilda, nik ohetik nola altxatzen zen entzun dut eta, begira egizu ondo, gela edo korridoreren batetan egongo da ames-ibiltari" "Ez amama, hementxe dago, ohean etzunda, eta badirudi hilda dagoela" "Esan dizut ezetz, oraintxe ere entxuten ditut haren urratsak" "Ez amama, neureak izango dira" "Ez ba, zaude geldi, ez duzu urratsik entzuten? "Ez amama", mutikoak erdi negarrez. "Ba nik bai, argi eta garbi, eskilaretatik gora doaz" "Baina amama, ezinezkoa da, aittitte nire alboan dago, ohean sartuta" "Ohean dagoena ez da aittitte, zure irudimenak sortutako beste zerbait baino!" Mutikoak ez zekien zer egin eta hantxe gelditu zen, zai, gogait egin arte. Gero eskatzera bihurtu zen, baina hara heltzean dena ifar lausoz beterik zegoen, sarrerako atea zabalik eta atalarrian mundu honetakoak ez ziruditen izaki bi. Mutikoak zerarren amama bilatzen saiatu zen begiradaz, baina alferrik zen, ez zen ezer ikusten, bakarrik izaki arraro erakargarri bi haiek, konturatu orduko haien eskuei ebatu eta beren mundura zeramaten ifar lausotik agertutako betidaniko gurasoak, inoiz existitu gabeko amama zaharrak aintzina ez denean ama biztuarekin batera aitaren itzulia iragarri zuena baieztatu eskuetan oraindik lokatzen mazkiluak zituen ama eta gerla ezezagunetan ibilia zen aitarekin zihoan mundu honetakoa ez den heriotza bako mundu zaharrago batetara.
|