L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Txistu y Tamboliñ aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Txistu y Tamboliñ... y Euskadi el país menos movido: el que no está parado está detenido (1986-azaroa) —<txis0436>




 

 

Umea eta erresinula

 

Kapez Kap

 

Behinola ba omen zegoen lurraren amaieran bidetxidor bat non bazterrean pago eihar bat baitzuen. Eta haraxeraino joaniko umeak hauxe galdetu ei zion pagoaren abar batetan zegoen erresinulari:

        — Aizu, txori pollit horrek, ba al dakizu zergatik dagoen zuhaitz hori eiharturik?

        — Bai, ume —erantzun honek— Oso oso aitzina gazte maitemindu batek bere maitteari itxaroten zegoela, penaren penaz eta denboraren poderioz erroak egin eta pago bihurtu zen, baina hain zen sakona eta latza bere arrenkura non zuk dakusazun zuhaitz bihur eta eihar honen taiua hartu bait zuen. Horregatik dago hilda, umetxo; areago esango dizut oraindik: Zuhaitz eihar bat ikus dezazunean, jakizu bere barnean oinazez eta tristuraz akitutako arima bat duela. Eta horregatik nago hemen, pagoaren mina eta dolua neure kantuz arintzearren.

        Umea pentsakor gelditu zen une batez, eta hauxe galdetu ei zion erresinulari:

        — Aizu, baina ba al dakizu zergatik ez den oraino etorri hain maitte zuen hori?

        — Ai, ume, ezinezkoa zaiolako! Ikusten al duzu bidetxidor honen amaiera? Ez? Ba, hauxe da lurraren amaieran dagoen bidea, eta bidetxidor honi abiatzen zaiona ezin itzuliko da egundo ere ez.

        Bai, ume, han heriotzea bait duzu nagusi...

        Umeak ez bide zuen erresinularen erantzuna ulertu eta hirugarren galdera bati ekin zion:

        — Eta zuk, txoritxo, hegan dakizunez gero, joan al zintezke haraino berriz itzultzeko?

        — Ez ume, handik hona ez da inor etorri, ezta etorriko ere. Horregatik ez dakigu han zer den, ezpabere ez legoke mundu osoan honen moduko zuhaitz eiharrik... Asko dira, bai, heriotzearen sekretua argitu nahian bide honi abiatu zaizkionak, bai ez da inor itzuli —erantzun zion erresinulak goibeltsu.

        Orduan umeak bueltatu eta etxerako bidea hartu zuen, negarrez, egunen batetan bera ere zuhaitz eihar bihurtuko zela pentsatuaz.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.