Lotaldi goxoa eginik, hemen gatoz, poema narru bat argitaratu ondoren hitzaldiak ematen hasi ez garen bakarrenetarikoak. Gaztaroan lagun urko genituen aldizkari gehienak betirako lo geratu direla badirudi ere, gu behintzat jagi gara, baina "berriro" plazaratu garela baino hobe "beste behin" argitaratzea lortu dugula esatea.
Irakurleak berehala antzemango dio egin dugun aurrerapausu literarioari: adjetiboen jarioan, joskera zaindu eta jatorrean eta pertsonaien perfil psikologiko orraztuetan batipat (trama sendo eta korapilatsuagoak gauzatu ditugu, epanadiplosiak ere bai, hainbat metonimiren atzetik).
Edonola ere, hitz ematen dizuegu ez dugula inoiz literaturari buruzko ez-ta-bai-detan parterik hartuko, ze hizkuntza bera asko mugatzea deritzogu ez edo bai, bietarik bat, hautatu beharrari. Errealitatea askoz aberatsagoa da eta gainera aintzina konturatu ginen, gehiengoaren sensibilitatea eta zama kulturala ikusirik, arre-ta-iso hitzei askoz hobeto erantzuten zaiela.
"Gure" giro kulturalak aitona hilkizuna dirudi. Sendiko familia guztiak heredentziako zatirik ederrena erauzi nahian dabiltzalarik, gehienetan bezala, itxura denez, aitona sekula bisitatu ez zaindu ez dutenek dituzte legeak eta irabaztekoak eskutan; leloak legez aitonari kakak garbitzen luzaroan ibili direnek berriz eskutsik gelditzeko (eta ondorioz amorru-ontzi bihurtzeko) itxura galanta dute. Guk, aitonaren ilobarekin penaltiz ezkondurikook ez dugu lotsa handirik gure partea bihurrikeriaz eta kopeta tximurtu barik hartzeko: zergatik ez gara harroak izango, edozer argitaratzeko askok duten lotsagabekeria ikusirik? Iragana ezezkorrena da, geroa baiezkorrena, eta oraina aprobetxategiena.
Gu jokoz kanpo gaude. Ero-aroan beharbada.
|